“Curvas peligrosas” liburua, gurari osoz egina da, nahi zuena egiteko aukera iritsi zitzaiola ikusi baitzuen Maitenak. “Sei hilabete eman nituen zer egin ez nekiela, eta, azkenean, liburu hau atera zitzaidan. Zoragarria iruditzen zait. Gehien gustatzen zaidana da. Orrialde bat ere ez dago behartuta egina. Batzuk umorezkoak dira, eta beste batzuk gogoetazkoak edo poetikoak. Luxu guztiekin idatzi nuen, inolako lotsarik gabe”, dio umoristak. Aipatzen dituen “luxuen” artean, bere alderdi kursi, erromantiko eta samurra agerian utzi izana dago, “barre eginarazteko beharrik izan gabe”. Ondotxo dakigu kontu handiz ibili beharra dagoela bihurguneekin, eta zer esanik ez errepidekoak izan beharrean emakumezkoenak direnean, gaia orduan gori-gori jartzen da-eta... Gizon eta emakumeen arteko elkarrizketak pizteko dauden bide guztien artean, bihurguneena aukeratu du Maitenak, ondo baitaki bihurgunerik arriskutsuenak ez direla gorputzekoak, adimenekoak baizik...