Esteban ANTXUSTEGI IGARTUA
Traducción al español
H
Hermes aldizkariaren lehen zenbakiko azala. 1917ko urtarrila. |
Hermesen mezua Jesús de Sarría eta beste abertzale heterodoxoen proiektu kulturalean (Esteban de Isusi, Ramon de Belausteguigoitia, Alejandro Sota, e.a.) oinarrituta zegoen, horien helburua Euskal Herrian zeuden hainbat aurreiritzi kultural eta politikoak gainditu eta beste influentzi, korronte eta iritzi batzuetara irekitzeko asmoa izan baitzen.
Hermesen aurreneko Zuzenbide-Batzordea Ignacio de Areilzak, Jose Félix de Lequericak, Joaquín Zuazagoitiak eta Jesús de Sarríak eratu zuten, eta Aurelio Artetaren esku utzi zuten azalaren ilustrazioa. Horrek Juan de Boloniaren Merkurio marraztu zuen, Banco de Bilbao-Vizcayaren egoitza gailentzen duen irudi bera. Merkurioren edo Hermes grekoaren hegoak ideiak garraiatzeko baliabiderik egokiena zirela adierazi nahi izan zen. Horrela azaltzen digu Jesús de Sarríak Hermesen hautua: “A la acción se une el pensamiento. Y esa unión feliz, a la que, como ningún otro pueblo, llegó el ateniense, es el sendero por el que sube el carro triunfal de la grandeza. He aquí la causa de que nuestra revista invoque a ‘Hermes’: Hermes –llamado por los romanos Mercurio– que decora y protege las cúpulas de tantas bolsas y centros comerciales y los vestíbulos de los grandes gimnasios, es también mensajero alado de las ideas y patrón de la elocuencia”.
Euskal abertzaletasunaren erronka
Hermes aldizkariaren azala. |
Hermes proiektuak ere, CNV-ko Eleizalde burukideak proposatzen zituen ideia berritzaileen inguruan, abertzaletasun berri bat ordezkatu eta bultzatu nahi izango du, eta egitasmo horren eragileen kezka, hasiera-hasieratik, honako hau izango da: “la incorporación al nacionalismo vasco de las ideas democráticas revigorizadas por la Primera Guerra Mundial, a la modernización democrática de la ideología nacionalista”.1
Fusiren ustetan, aldizkari horren bultzatzaileen lana “fue en extremo intensa, y aunque es cierto que sus ideas suscitaron no poca atención dentro y fuera del nacionalismo, ninguno de ellos tenía cargos de responsabilidad estrictamente porpagandística e individual, aunque ello no disminuyó el interés que tuvo en el debate sobre y en el nacionalismo”.2
Luis de Eleizaldek, urteotan, oso lotura estua dauka Sarriarekin, eta azken honek Ideologías del Nacionalismo Vasco liburua hari eskainiko dio. Hala ere, elkarrekiko begirunea handia izan arren, Hermes egitasmoaren zenbait bultzatzaile heterodoxo ez zetozen bat, edo gutxienez zalantzak zituzten, Eleizaldek erakutsitako hainbat ekimenekin, arazo linguistikoan, berrezarpen foralean edota independentziaren aurkako jarreran, esaterako.
Jesús de Sarría. |
Ildo horri jarraituz, aldizkariaren barruan ez zitzaion abertzaletasunari aipamen berezirik eman, eta ideologia horri lekua egin zitzaionean aniztasunez egin zen, barnean ematen ziren eztabaidak plazaratuz.
Sabino Aranari eskaini zitzaizkion 51. eta 52. zenbakietan, esaterako, Aranaren Larrazabal-eko hitzaldia –“Jaungoikua eta Lagi-zarra” goiburuaren berri eman zuenekoa– eta “Euzkadi” izenaren sorrera azaltzen zuen artikulua argitaratzez gain, Arturo Campion, Luis de Eleizalde eta Sabino beraren abertzaletasunari buruzko ikuspuntu desberdinak erakusten dira.
Gainera, Hermesek erakutsi zuen ikuspuntu ideologikoa Landetarena izan zen neurri handi batean, Sabino Aranarekin kritikoena agertzen zen abertzalearena, alegia.
Hermes: punta-puntako aldizkaria
Ramón Belausteguigoitia. |
Hermesek Jesús Guridiri eta Amaya haren drama lirikoari zenbaki oso bat eskaini zion, eta beste ale bat Antonio de Trueba idazleari. Gipuzkoari ere aldizkari osoa dedikatu zitzaion, Oñatiko Eusko Ikaskuntzako Biltzarrari eta Berastegiko Nazioarteko Arte-Erakusketari bezalako gertakari kulturalei ohiz kanpoko aleak eskaini zitzaizkien modura.
Hermesek jorratu zituen gai literario eta kulturaletan Salvador de Madariagak, Symons-ek, D’Ors-ek edo Chesterton-ek ere hartu zuten parte, eta aldizkaria munduko argitalpen onenetakoen eta ospetsuen artean kontsideratua izan zen urteotan, eta itzuli egiten zen, esaterako, Oxforden eta Cambridgen.
Aldizkari guztiak ehun bat orrialde zituzten eta zenbaki guztietan “Galeria de Valores” izeneko atalean ospe handiko euskaldun bat goresten zen. Atal horretan, beste batzuen artean, Ramiro de Maeztu, Pío Baroja eta Unamuno moduko idazleak, Victor Chávarri enpresaria, Evaristo Churruca inginiaria, Zuloaga, Zubiaurre anaiak, Darío Regoyos edo Adolfo Guiard bezalako margolariak, Nemesio Mogrobejo eskultorea, Nicolas Achúcarro medikua, edo Telesforo de Aranzadi antropologoa agertu ziren.
Alejandro de la Sota Aburto. |
Hermesek ere bere poeta izan zuen, Ramón Basterra, Vatikanoko edo Bukaresteko espainiar enbaxadetan aritzen zen diplomatikoa. Aldizkariak haren lan poetiko nagusiena ezagutzera eman zuen. Geroago, 1928an buruko erietxe baten hil ondoren, haren poesia posmodernista ezagutzera eman zutenak Rafael Sánchez Mazas eta Pedro Mourlane Michelena izan ziren. Hala ere, beste jarrera poetikoek ere izan zuten lekua Hermes proiektuaren barnean, Francisco de Iturribarria apaizaren poesia erlijiosoak edota Fernando de la Quadra Salcedorenak, esaterako.
Euskal margolaritzak ere zabalkunde handia izan zuen aldizkarian eta Zuloaga, Arteta, Regoyos, Echeverria edo Zubiaurre anaien lanei oihartzun handia eman zitzaien.
Hermes egitasmoaz hitz egiterakoan ezin da ahaztu Alejandro de la Sota, ontzigilearen semerik gazteena eta Cambridgeko unibertsitatean Literaturan graduatutakoa, hura izan baitzen aldizkariaren kolaboratzaile leialenetakoa. Haren kontaketek mende hasierako bilbotar gizartea arras ongi deskribatzen dute, esaterako, bilbotar jostunak, Zubi Esekia, Igaretxeko neska-bainulariak, Aste nagusiko zezenketak, edota bilbotar jatetxeak deskribatzen dituenean, pasadizo horien inguruan sortzen zen giroa ezin hobeto islatuz.
Jesús de Sarría gogoan
Baina Hermesen buru eta arima Jesús de Sarría izan zen. Gizon txikia, begi-laburra eta urduria zela deskribatzen dute, txaleko exotikoak janzten zituena. La Habanan jaioa, euskaldun jatorrikoa. Lanbidez abokatua bazen ere, ez zuen finantza-oligarkiarekin loturarik. Algortan bizi zen, bera bezalako bi ahizpa ezkongabeekin. Ateneoko idazkariordea izateaz gain, “Lyon D’Or” eta “La Bilbaína”ko tertulietan hartzen zuen parte.
Abertzale heterodoxo horren idazkiak zirrara nazionala, hizkuntza, historia, gizabidea eta pentsamenduaren inguruan eraikitzen dira. Euskalduna izateko modu bat dagoela azpimarratzen du, “genio” hitzarekin definitzen duena, beste lekuetako gizakiengandik bereizten gaituena. Horrela, “sustantivamente vascas” bezala jotzen ditu Loiola, Unamuno, Baroja edo Maeztu bezalako pertsonaiak. Hala ere, euskararen defentsa sutsua egin bazuen ere Hermes aldizkarik ia ez zuen lanik argitaratu hizkuntza horretan.
Aldizkaria Bilbon eman ziren aldaketen ispilu suertatu zen, lehenengo mundu gerrateak eskaini zituen aukeren ondorengo. Aurrerakuntza ekonomikoarekin batera areagotu zen bizitza kulturalaren lekuko gertatu zen eta, sorkuntza literarioari eta artistikoari inoiz baino garrantzi handiagoa emanez, aldizkariaren orrialdeetan pentsamendu modernoaren korronte abangoardistei tokia egin zitzaien, punta-puntako idazle eta artistek parte hartuz.
Hermesek euskal irudikapen folklorikoa gainditu eta euskalduntasunari adierazpen hiritarragoa eskaini zion eta, aurreiritziak eta jarrera itsuak gainditzearekin batera, euskal kulturari ikuspegi zabal eta anitzagoa eman nahi izan zion. Edo Pedro Escalantek dioen moduan, esan genezake Hermes izan zela “un intento de integrar las diversas formas de entender el hecho vasco, busca lo que denomina la civilidad del País Vasco, la raíz de caracteres que permitan mostrar y afirmar la conciencia específica de los vascos, y se basa en un deseo riguroso de apoyar el reconocimiento de la cultura vasca, comprendida en una concepción más amplia y plural, de entender todas sus manifestaciones, incorporar la tradición linguística, ideológica e intelectual y debatir las concepciones de la realidad histórica y cultural del pueblo vasco sobre la que se enfrentan posiciones opuestas”.4
Hermes euforia ekonomikoarekin jaio zen, aberastasuna gailur gorenera heldu zen momentu batean, eta haren gorakada gerrateak ahalbideratu zuen bezala, horren bukaerak emango dio hasiera beheraldiari, gerratearen bukaerarekin hasi baitzen suntsitzen aldizkariak eraiki zuen mundu guztia.
Hermes aldizkariaren lehen zenbakia 1917ko urtarrilean plazaratu zen, eta azkena 1922ko ekainean. Guztira laurogeita bost ale kaleratu ziren. Ekaina horretako 27an bertan, aldizkariaren egoitzatik, Correo kalea 18ko hirugarren pisutik, Jesus de Sarriak bere burua bota eta beste egin zuen. 35 urte zituen.
1 Juan Pablo Fusi, Hermesen berrargitalpenari Hitzaurrea, XVI. orrialdea.
2 Ibidem.
3 Hermes, Revista del País Vasco, 11. zenbakia, 1917ko azaroa
4 Pedro Escalante, 1989: HERMES, Revista del País Vasco, Temas Vizcaínos bilduma, XV urtea, 177 zbk., Bizkaiko Aurrezki Kutxa.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |