Baserritar jantziaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Ane ALBISU
Traducción al español

Urtean zehar zenbait ospakizunetan, eta, aurki, herri askotan egingo diren Euskal Jaietan, baserritarrez janzteko ohitura daukagu. Ohitura hau Euskal Herri osoan zehar zabaldurik dago. Halere, janzten den horrek, esan dugunaz gain, beste izendapen batzuk ere baditu: artzai andre, amona, neska… emakumezkoei dagokienez.

Jantzi honen ezaugarriak, gutxi gora behera eta azken urteotako “berrikuntzak” (aurrerago hitz egingo da hauetaz) alde batera utziaz, antzekoak dira gure lurralde osoan. Beraz, ez gara tokian tokiko jantzi batez ari, euskaldun guztion jantzia da, eta hori izango litzateke bere ezaugarri nabarmenena.

Azken muturretik hasiagatik ez diogu jantzi honen historia egiteari uko egingo. Hain zuzen ere, eta tradiziozko izendapena eman bazaio ere- eta hala behar du gure ustean- badauka bere historia; esan genezake laburra dela, ez baititu ehun urte baino gehiago.

Aurrerago ikusiko dugun bezala, baserritarren janzkera eta baserritar jantzia ez direnez gauza bera, ezinbestekoa zaigu jantzi eta janzkera hitzei emango zaien zentzua argitzea. Kasu honetan, eta hemen azalduko dena ikerketa baten fruituaren laburpena denez, bi hauen artean egiten den bereizketan legoke Euskal jantzi edota gure Tradiziozko jantzi deitzen ditugunak behar bezala kokatzeko oinarria.

Jantzi tradizionala eta tradiziozko janzkera

Orokorrean esan daiteke, Janzkera, jantzi multzo batek osatuko lukeena izango litzatekeela. Jantzi horiek ez dute zertan berdinak izan. Halere, multzo horretan sartu ahal izateko ezaugarri bertsuak dituztela ezin dugu ukatu.

Jantzi deituko diegu, berriz, egoera berezietan janzten diren horiei (festa, ospakizun berezia…) eta hauen ezaugarri azpimarragarriena izango da, elkarren artean duten berdintasuna, uniforme gisa ere kataloga genitzakeelarik.

Oraindaino heldu zaizkigun jantziak, festa, dantza edo ospakizun berezietan erabiltzen ditugunak alegia, tradiziozkoak direla esango dugu ohiturak, errepikapenak ezarri dituelako eta, bestalde, bertako material eta janzkiekin osaturikoak direlako. Hori dela eta, elementu, kolore, neurri…zehatz batzuk dituzte. Hauen kasuan, beraz, beste ikuspuntu bat zabaltzen zaigu. Hau izango litzateke, esaterako, dantzak edota beste zenbait erritual egiteko erabilitako jantzien lekua. Ezaugarri finko batzuk mantentzen dituzte eta askotan garai bateko moda edo janzkeran sorburua izan badezakete ere, urte luzeetan zehar beren horretan mantendu dira, eta aldagaiztasuna izango litzateke, beraz, haiek duten ezaugarri eta balorerik handienetako bat.

Orain dela hilabete batzuk dantzarako jantzien bilakaerari buruzko artikulu bat idatzi nuen hemen eta bertan aditzera ematen nuen nola eta non sailka genitzakeen dantzarako jantzi hauek.

Janzkeraz, Tradiziozko janzkeraz ari bagara, berriz, esan bezala, gizatalde batek duen itxurari so egingo diogu; tradizioz urteetan zehar eraman diren janzkiez (eta modak ekarritako beste batzuez) lortzen denari, alegia. Hau osatzen duten jantziek ere ezaugarri bereziak izango dituzte eta tokian tokiko material eta janzkiak erabiliko dira, esan bezala, garaiko modak edota jadanik zaharkiturik gelditu denak ere bere presentzia izango duelarik. Orokorrean hiri modaren parean jarriko dugu berezi ahal izateko, nahiz eta askotan bien arteko muga ezartzen zaila izan. Esango nuke, mugaren ordez emeki-emeki, ortzadarraren gisan alde bateko eta besteko janzkerak nahasten direla.

Janzkera mota hau, ordea, ez da gurean mantendu. Esan genezake XX. mendearen erdialdera desagertu zitzaigula Nekazari, Arrantzale edota beste zenbait ofiziotako zenbaitek aldakuntza gutxirekin urteetan zehar eta bereizgarri izanik zeukaten janzteko modua. Galeraren muga jartzea zaila da, bai denboran baita espazioan ere, baina janzki batzuen erabilerak gaur egundaino iraun badu ere, Janzkera zibilari dagokionez ez dago jadanik, aipaturiko itxura mantentzen duen gizatalderik. Orain ere baditugu, noski , gure artean janzkerak, baina ez dira kultura eta bizimodu berezi baten ordezkari. Ekialdera edota Afrika edo Hegoamerikara joko bagenu ikusiko genuke guk orain ehun bat urte bizi genuen egoera mantentzen dela janzkerari dagokionez.

Izan ere, Mendebaldeko gizarteak XX. menderako (eta batzuon ustez lehenagotik ere) galdua zuen gaur egun beste zenbait kulturatan, oraindik ikus dezakegun janzkera berezia eta bereizgarria. Mendebaldean, Erdi Aroaz geroztik, aldakor izatearen ezaugarria zuen moda (ez, noski, gaur egun ulertzen dugun erakoa)hedatu zen. Horrek ez du esan nahi maila sozialen, lanbideen edota herrialdeen arabera aldaketarik ematen ez zenik. Baina, elkarren arteko eraginak handiak ziren eta horregatik oso zaila da zehaztea zein den toki eta kultura bat bereizten duen janzkera.

Erdi Arotik honanzko urteetan zehar gure janzkerari buruz ditugun berriak, urriak izateaz gain, ez dira oso argigarriak. Askotan, berri horiek gure Herritik pasa ziren bidaiariengandik heldu zaizkigu idatzizko nahiz marrazturiko dokumentuen bidez. Bertakoengandik heldu zaizkigunak ere badauzkagu, jakina. Hala ere, garai haietatik heldu zaizkigun grabatu eta irudiek informazio asko ematen badigute ere, ez dira argazkiak bezain fidagarriak, marrazkilariek askotan beren ikuspuntua islatzen zutela pentsa daitekeelako (eta kasu batzuetan frogatu ahal izan da). Hau dela eta, ez litzateke, beraz, batere onuragarria izango guretzat honetan soilik finkatzea. Ikerketak egin dira, baina oraindik, gure janzkera eta jantzien historian asko dago argitzeko.

Beraz, jantzi eta janzkera berezi behar ditugun moduan, tradiziozko kategoria hori zeri dagokion ere zehaztu behar dugu, gaur egungo jantzien panoraman euskal jantzi izendaturik agertzen zaizkigun horiek nolabait kokatu ahal izateko.

Baserritar jantzia eta baserritarren janzkera

Aurrean esandako guztiari jarraiki ikus dezakegu Baserritarren janzkera XX. mendearekin desagertzen hasi zela eta edadetuek mantentzen bazuten ere, hiri moda gailendu zela. Fenomeno hau ez zen soilik Euskal Herrian gertatu. Izan ere, Moda, joan den gizaldiko gertakaririk garrantzitsuenetako bat izan zen industriaren eta hedabideen finkatzearekin batera. Ordura arte gutxi batzuen esku zegoena, fabriketan egindako arropa eta aldizkarietako figurinei esker errazago lortzeko aukera izaten hasi baitzen gehiengoarentzat.

XIX. mendean gure artean fabrikak ugaltzen hasi ziren eta baserritar asko (gaur egun bezala) bertan lanean hasi ziren, baserriko lanak utzi gabe askotan. Hori zela eta, gure baserrietako gazteek (lanerako izan ezik) kaleko janzkera, hiri modari lotua, zeukaten 1940rako. Garai berean, gure Herrian mugimendu politiko eta kultural sendoa sortu zen eta baserriaren bizirautean ikusten zen gure kultura ezaugarrien salbazioa. Ideia honi jarraiki, XX. gizaldiaren hasieran zenbaitek antzematen zuen kalea ezaugarri horien galera izan zitekeela. Tradizioekin lotura neurri handi batean galdu zenez, XX. mendearen bigarren zatian ikaragarrizko galera izan genuen jantzi eta janzkera tradizionalei dagokien arlo honetan. Europako toki askotan, ordea, gordetzeko joera handia izan zen. Gainera, hemen ez bezala, kale/baserri bereizketa horren baitan ez zegoen euskaldun/erdaldun bereizketaren antzekorik. Eta hain zuzen hemen dago, gaur egun ere dirauen arazoaren gakoa. Horregatik gure ondarea murrizturik eta zeharo itxuraldaturik heldu zaigu XXI. mende honetara.

XX. gizaldiaren erdialdera, hiria eta modernizazioa erreklamatzen zen gure kulturarentzat. Izan ere, zenbait sektorek aurreko mugimenduari kontra eginez, tradiziozkoa zen guztiari muzin egin zion.

Honela, Frankismoak zapaldu eta galdu edota galtzear zegoena biltzeko lanak egin badira ere, Folklorea eta berarekin loturiko guztiari ez zitzaion behar zuen garrantzia eman eta, bestalde, XX. mendean zehar sorturiko “souvenir” tankerako estetikak egin zuen kaltea gehitzen badugu arlo honetan izan dugun sarraskia askok uste dutena baino latzagoa da. Hain da latza, ezen gure jantziari garrantzirik ez emateaz gain, kontrako jarrera ere aurkitzen baitugu maiz gure kulturgile askorengan.

Bi hitzetan adierazitako honetan kokatuko nuke, bada, gure jantzi eta janzkeren egoera azken ehun urteetan.

Hasteko esan dezagun orain ehun bat urte antolatzen ziren Euskal Jaietan, kulturaren beste zenbait arloren artean, jantziarenak ere bazuela toki berezia. Bizirik zegoen Nekazal Janzkera hori hartu zen geure tradiziozko janzkeraren eredu. Orduko gazteek, beraz, baserrietatik arropak hartuz edota kopiak eginez egun seinalatu hauetan baserritarren itxura hartzen zuten.

Izan ere, janzkera honek sinbolizatzen zituen galtzear zeuden beste zenbait balore. Hau guztiaren isla aurki dezakegu Txomin Agirreren pasarte batean:

“Naigabe aundia ematen dit neri onek; urietako euskaldunak danak ez baña askotxo, azaletik dira euskaldun (…). Urietan izurri txarra dago euskerarentzat: urietan jazkera zarrarekin batera joan zitzaizkigun oitura zarrak eta jazkera berriakin batera datozkigu erdera, (…) Baserritarren artean, abarkadunen artean daude Euskalerri barruko euskaldunik egiazkoenak” GAROA- ARANTZAZU 1956, 79orr.

Garaiko prentsan arakatzen badugu, hiritarren sentimendua islatzen duten zenbait artikulutan, baserria eta baserritarrak ageri dira gehienetan gure berezitasunen gordailu bezala. Hala ere, ezin dute estali gutxietsi egiten dituztela. Hain zuzen ere, hiritarren ikuspegitik baserritarrak irudikatu nahi direnean, nahiz eta gaur ez bezala ereduak bizirik izan karikaturizatu egiten da hauen irudia.

Beraz, baserritarren janzkera eta ez dantzarako edota beste zenbait ospakizun berezietarako erabiltzen ziren jantziak izango ditugu lehenengo Euskal Jai eta baita erromerietan ere hartuko dena, nolabait ere revival bat eginez. Oroitzapen tankerako ekintza dela argi utzi behar dugu, ez baita inola ere mozorrotzea. Ez da itxuraldatzea baizik eta denok garai batean bereizgarri geneukan moduan atontzea.

XX. mende hasierako nekazal janzkeraren zenbait eredu
XX. mende hasierako nekazal janzkeraren zenbait eredu.
XX. 1927an gazte batzuk Erromeria batean
XX. 1927an gazte batzuk Erromeria batean. Nekazarien janzkera Baserritar jantzi bilakatzear dago, baina jantziek elkarren arteko desberdintasunak mantentzen dituzte. KUTXA FOTOTEKA.

Urteek aurrera egin zuten heinean ohitura zabalduz joan zen eta baserritarren moduan janztea jadanik tradizio bilakatu zen. Honela bada, janzkera zena jantzi bilakatu zen.

1935. urtea
1935eko argazki gonetan bai uniformatze prozesua baita janzten dutenen hiritar kutsua antzeman ditzakegu. KUTXA FOTOTEKA.

Bestalde, eta jantziaren beraren ezaugarriei bagagozkie, oinarrian zeukan eredua heldu eta zaharren janzkerarena zen. Hain zuzen ere, ohitura hori finkatzen hasi zenerako gazteek, nahiz eta nekazal girokoak izan, hiri moda bereganatu zutelako. Horregatik, jantziak ilunak ziren eta gizaldiaren erdialdeko jantziei erreparatzen badiegu konturatzen gara, jadanik jantzi direnez, elkarren artean alde gutxi dagoela.

Baserritar jantziaren ezaugarri orokorrak

  1950. urtea
1950aldera eginiko argazki honetan ikus dezakegu bere sorreran zuen janzkeratik aldendu bada ere oinarrizko ezaugarriak mantentzen dituela: gonaren luzera, zapiaren erabilera emakumearen kasuan eta brusa, abarkak, txapela gizonezkoarenean. RAFA ALBISU.
EMAKUMEZKOAK

Abarka edo abarketak oinetan. Gona-gorontza eta gona-gorria azpi aldean. Gainean, gehienetan, tanto zuridun kotoizko oihal beltz edo urdin ilunez eginiko gona eta txanbra. Sorbaldan hasiera batean zapi edota mantoi dotorea zena, burukoaren tankera bereko oihal zuri-beltzezko zapi bilakatu zen. Honez gain, artilezko mantu edo “tokila” eta gero eta txikiago bilakatu zen mantal beltza (hasiera batean kotoizko satenezkoa eta ondoren rasozkoa). Buruan, esan bezala, zapia.

GIZONEZKOAK

Abarkak eta fraken azpiko muturra biltzen duten artilezko galtzerdiak oinetan. Mila-marradun frakak (argiak edo ilunak). Mila-marra, mila-koadro edota saten beltzezko brusa eta alkandora zuria eta batzuetan jipoi edo txalekoa. Txapela eta gerrikoak osatuko dute jantzia.

Ondoren etorri zena, jantziaren (batez ere emakumezkoarenaren) itxuraldatze sakona izan zen. XX. gizaldian zuntz berrien erreboluzioa gertatu zen eta, gainera, jantziak eginik dendetan saltzeko negozioek hartu zioten zeharo aurrea eskulangintzari. Hau dela eta gure baserritar jantziak fabriketan egiten ziren eta ehun sintetikoz gehienetan. Jantzien neurriek ere aldaketa handiak jasan zituzten. Hau guztia, gure tradizioen ezagutza urriari loturik 1990 aldera jantzi honek izan zuen bilakaera ikaragarria izan zen.

Gizaldiaren azken 25 urteetan eman ziren aldaketak

 
Mendearen amaiera aldera buruko zapiaren kontrako “kanpaina” izan zen. Gaurko nekazarien itxuran oinarritu eta abarka edota abarketen ordez botak erabiltzen hasi ziren. Beste kasu batzuetan kaleko jantziaren gainean txapela, lepoko zapia…baserritar jantziaren zenbait elementu erabiltzen hasi zen. ANE ALBISU.
Jantziak fabriketan ekoizteak oihalen kalitatearen aldaketa ekarri zuen (tergala eta rasoa erabiltzen hasi ziren) eta bestalde, modaren eragina jasaten hasi zen Batik bat emakumezkoaren jantziak izan zituen “berrikuntza” aipagarriak. Hona hemen aukeratu ditudan batzuk (askoz gehiago ere aipa nitzake)

EMAKUMEZKOAK

Oinetan abarken ordez botak (mendian ibiltzekoak). Gona motzak eta hedadura murritzekoak. Gona-gorriaren erabilera gero eta urriagoa. Buruko zapia ere gero eta gutxiagotan erabiltzen hasi ziren. Gauza bitxi asko ikusten hasi ziren: buruko zapia zinta moduan jarrita, artilezko mantua gerrian lotuta edota sorbaldetan jarritako mantu honen gainean lepoko zapia. Aurreko mantal txikiak (jatetxeetako zerbitzarienen modukoak)…

GIZONEZKOAK

Rasozko brusak, fraka bakeroak, mendiko botak, brusaren gainean ardi-larrua…

Bestalde eta jantziaren zentzua zein den ulertu gabe, emakumezkoak gizonez eta gizonezkoak emakumez jantzita ikusten hasi ginen.

Jantzi hau gainera, besteak ez bezala, Euskal Herri guztira eta munduan euskaldunak dauden eremuetara zabaldu zen edozein ospakizunetan erabiltzeko: Eguberri jaietan, Euskal jaietan, zenbait dantzatan, herriko festetan…eta, esan bezala, bere egoera ez zen oso ona XX. mende amaiera aldera.

Garai honetan, ordea, partaide naizen Atondu proiektua kaleratu zen. Ekimen honekin bi helburu geneuzkan. Bata baserritar jantzi hori, nolabait ere, duintzea. Bere sorreran zituen ezaugarrien mantenua bermatzea. Bestea, XIX. mendeko baserritarren janzkera nolakoa zen ikerturik geneukanez, hau oinarri harturik eredu berriak sortzea, beti ere irizpide finko batzuk jarraituz.

IKERFOLK erakundeko Atondu ekimenak ateratako postalak
IKERFOLK erakundeko Atondu ekimenak ateratako postalak.

Hitzaldien bidez eta zenbait ikastola eta kultur etxetan eginiko informatze lanean oinarriturik, abian jarri genuen ondorio desberdinak izan zituen egitasmo hau. Gure irizpide berberak zituzten beste talde batzuk ere lanean bazebiltzan ere, ezjakintasuna eta kulturaren arlo honi zor zaion begirune eza nagusi zenez, kaleraturiko jantzien kopia kaxkarrak, ezaguerarik ezak eragindako asko ikusten hasi ziren eta zenbait jostundegi, denda eta fabrikatan jantzi berri hauek ekoizteari ekin zitzaion. Hau dela eta, berriz ere jantzi honi janzkera kategoria eman nahian jantzi desberdinak egiten dira, baina jantzi hauek ez dira ez orain ehun urtekoen tankerakoak ezta XX. mendean zehar tradiziozko bilakatu zen baserritar jantziaren tankerakoak. Gehienetan egileak zuri-beltzezko argazki zaharretan oinarritzen dira soilik, beharrezkoak diren beste zenbait daturen berri izan gabe: oihalen kolorea, erabiltzen ziren ehunak, neurriak, atzealdeak (argazkietan ez dira normalean ikusten)… eta emaitzak ereduetatik ikaragarri aldentzen dira. Zoritxarrez, ikusi ahal izan dugu honek ez diola axola ez egileari ezta erosleari ere.

Aurreko paragrafoan oso laburki eman dugu jantzi honen egoeraren berri, ez dakigu luzatzea merezi duen edonork ikus baitezake zer dagoen gure festetan. Baina arazoa sakonagoa da. Oinarrizko informaziorik gabeko jantzi horiek ekoizten dituztenek ez dute kontuan hartzen jantzia, hizkuntza, dantza eta musika bezalaxe herri baten kulturaren atal garrantzitsua dela eta egiten ari den kaltea oso handia dela. Hau gertatzen da, arlo honetan, besteetan ez bezala, ezjakintasuna eta horren ondorioz axolagabekeria ikaragarria delako. Urteetan zehar garrantzirik eman ez zaionez, ikerketa sakonak ez dira kontuan hartu eta erabiltzen den irizpide bakarra jantziaren edertasunarena da.

Beraz, eta amaitzeko, esango dugu azken urte hauetan egoera asko aldatu bada eta gure festetan jantzi desberdin eta “politak” ikusten badira ere, negozioaren eta “desberdin izan nahiaren” inguruan sortu den mugimenduak, ez diola, gure iritziz, benetan gai hauetan ikertzen ari garenon zabaltze lanari, hitz batean, gure kulturari mesede handiegirik egiten.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/09/09-16