Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español
Euskosare web orri berria Interneten dago jadanik. Eusko Ikaskuntzak azken bi urteotan landutako egitasmoak lehen agerpen publikoa egin zuen irailaren 14an eta dagoeneko milaka bisitarik ezagutu ahal izan dute web orriaren eskaintza zabala.
Euskosare ez da inor ordezkatzeko jaio. Garbi geratu zen hori lehen unetik arduradunen baitan. Eusko Ikaskuntzaren izpirituari berari jarraiki, Euskosarek elkarkidetzan sortutako topagune bat izan behar zuen, jaioko bazen. Eta halaxe izan da. Lankidetzarako gogo zabalarekin plazaratu da eta, esan daiteke, horrela ulertu dute euren proiektu birtual propioak garatzen ari diren eta honez gero plataforma berriaren eskaintza onartu duten erakundeek. Ehundaka zenbatu daitezke euskal web orriak sarean eta horietako askok eskaintza interesgarria dute, plataforma bateratuan agertzeko. Hainbat Euskosareko partaide bihurtu dira. Eta aurrerantzean ateak beste askori irekiko dizkiolakoan dago.
Horixe zen Eusko Ikaskuntzako arduradunen asmoa, 2004an helburua gauzatzeari ekin ziotenean. Euskaldunon sarea daitekeenak, beraz, abiapuntua ezagutu du urtebete baten buruan. “Umea jaio da” zioten aurkezpenaren egunean arduradunek. Orain euskaldunoi dagokigu proiektu horren partaide izatea ala ez erabakitzea. Ume guztiok bezala, txikia da bere gorpuzkeran. Baina gorputz osoa du, edozein funtziotarako gertu. Ahaltasun zabal horretan oinarriturik, euskaldunon presentzia nabarmenagoa – indartsuagoa- egin liteke sare birtualean.
Euskosarek munduko euskaldunon eta gurekiko interesa eduki dezaketen guztion mesedean egin nahi du lan. Horretarako sortu da eta oraindik haur txikia den arren, izaki bizidun guztion antzera, hazteko bokazioarekin etorri zaigu. Euskosare lanabes bat da, Interneteko espazioan diharduten euskal internauten topalekua. Edo, bederen, lanabesa erabiltzeko interesa azaltzen duten guztiona.
Euskosare izango da euskaldunok, oro har, nahi duguna. Lanean ibili den bi urte hauetan Euskosareko arduradunek oso ustekabe handiak eduki dituzte, gutxien espero zuten tokian pertsona interesaturen bat agertzen baitzen, proiektuan parte hartzeko prest. Dagoeneko munduko hogeita bost herrialdetan aurki daitezke proiekturekin zuzen erlazionatuta dauden lagunak. Eta kopurua hazten doa, egunez egun. Lankidetza birtuala zein presentziala izan daiteke eta lagun bakoitzak markatzen du bere konpromisoaren neurria. Horretan ez dago mugarik. Eta denon indarren batuketa izango da, azkenean, emaitzaren maila adieraziko duena.
Euskosarerekin sare birtualeko euskal eragile guztiak atera daitezke irabazle, azken finean plataforma bat baita, guztion ahalegin eta esfortzua era bateratuan adierazteko. Albisteak, lan komunitateak, denetariko zerbitzuak, parte hartze aktiboa... Dena da posible Euskosaren, elkar bizitzako gutxieneko baldintzek agintzen duten neurrien barruan. Proiektuaren zuzendaritzak jakin badaki aukera guztiei erantzun egokia eman behar zaiela. Horrela bakarrik aberastuko da sarea, mugarik gabe.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |