Euskal enpresaren lehiakortasuna iraunkortasunaren ikuspuntutikEscuchar artículo - Artikulua entzun

Carlos CUERDA, Ekonomialaria da, NAIDERko kidea, eta “Contrato Social por la Ciencia, la Tecnología y la Innovación” ekimenaren sustatzailea
Iñaki BARREDO, Ekonomialaria da, NAIDERko kidea, eta “Contrato Social por la Ciencia, la Tecnología y la Innovación” ekimenaren sustatzailea
Itzultzailea: Koro GARMENDIA IARTZA
Versión original en español

Euskal enpresaren lehiakortasuna: hausnarketa egitera gonbidatzen duten alderdiak

Garapen iraunkorrari buruzko dimentsio anitzeko ikuspegia (garapen ekonomikoa - ingurumenaren oreka - gizartearen hazkundea triangelua duena bereizgarri) gero eta ondorio gehiago sortzen ari da maila guztietan, eta, beraz, eragin zuzena du euskal enpresan ere. Enpresen lehiakortasunak, ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari lotuta dauden irizpideak barnebiltzen ditu gaur egun nahitaez. Hori horrela, enpresa bat “lehiakorra” izango da baldin eta bere produktu eta zerbitzuak merkatuan saltzearekin errentagarritasun iraunkorra dei dezakeguna lortzeko gauza baldin bada.

Iraunkor kalifikatzaileak adierazten duena da enpresak merkatuan saltzen duen arren -ulertzekoa denez, etekin ekonomikoa ateratzen-, minimizatu egiten duela bere ekoizpenak ingurumenean izan dezakeen eragina (aztarna ekologikoa alegia) eta, era berean, erantzukizunez garatzen duela bere jarduera, hau da, bere langileei garapen pertsonal eta profesionalik handiena bermatzen diela (barne erantzukizun soziala), eta eragin positiboa duela inguruan eta/edo maila globalagoan (kanpo erantzukizun soziala).

Argazkia: Ronnie Bergeron
Argazkia: Ronnie Bergeron (ronbergeron@kricket.net).

Azalpen honen bidez, gure herrialdeko pentsalari batzuen ezinegona piztu baizik ez dugu egin nahi; ikusarazi nahi dugu konplexuak direla aurrean dauzkagun prozesu lehiakorrak, eta plan zein estrategia politikoak askoz ere ikuspegi handizale eta integralagoetatik landu behar ditugula. Era berean, baztertu egin beharko genuke indarrean egoteari utzi dioten ereduei lotutako irizpide eta mekanismoetara jotzeko tentaldia.

LEHIAKORTASUN EKONOMIKOA. Euskal enpresak, lehenik eta behin, ekoizpen ereduaren aldaketari egin behar dio aurre, eta lehiakortasunerako paradigma berri bati (ezagutzari, alegia) ongi etorria eman. Kapital eta lan faktoreetan oinarritzen zen lehiakortasuna atzean utzi, eta ezagutzan oinarritutako ekonomiarantz goaz XXI. mendearen hasiera honetan. Bestalde, garapen teknologikoan eta berrikuntzan oinarrituriko ekoizpena izango da etorkizunean lehiakortasunaren iturri bakar eta esklusiboa.

Asko dira -eta gero eta gehiago gainera- kualifikazio eta balio erantsi txikiko ekoizpen funtzioaren galerak sortzen dituen zalantzak, erronkak eta egokitzeko beharrak. Euskal enpresak, "mundu garatu" modura ezagutzen dugun lurraldeetako gainerako eremuek bezalaxe, egiturazko aldaketa bati ekin behar dio, ez baita nahikoa erabilera berriari egokitzea, baizik eta askoz ere dimentsio, sakonera eta ondorio handiagoko jauzi bat eman behar da, gaur egungo ekoizpen ereduan behintzat aldaketa nabarmenak eragingo dituena.

INGURUMENAREN LEHIAKORTASUNA. Azken hamarkadetan zehar gizakiak aurrera eraman dituen jardueren eta neurrigabeko hazkunde ekonomikoaren ondorioz -gizartearen hutsaltasunaren eta merkatuko eragileen ankerkeriaren arteko nahasketaren eraginez-, klimaren endekapen prozesuak alerta guztiak piztu ditu gizartean. Gaur egun, gero eta indartsuagoa da ingurumena zaindu eta berreskuratzeko aldarrikapena, baita enpresen lehiakortasunaren arloan ere.

Argazkia: GBH
Argazkia: GBH.

Gizartearen “bultzada” honekin batera, eta krisi energetikoa (petrolioarekiko mendekotasunetik eratorria) iristear dagoela kontuan izanik, derrigorrezkoa da enpresetan energiaren eraginkortasunerako prozesu erradikalagoak ezartzea. Araudiak ere gero eta gogorragoak dira (Europar Batasuneko zuzentarauak, Kyotoko Protokoloa eta, urrunago joan gabe, baita ingurumenari buruzko euskal legeria ere). Euskal enpresek trebeziaz jokatu behar dute aldaketari aurrea hartzeko eta prezioan lehengaien eta tarteko input-en (lurzoruak, erosketak, garraioa, ura...) ingurumen kostuak sartzeko. Funtsean, merkatuan bizirautea da kontua, berandu baino lehen aurkituko baikara egoera horretan.

GIZARTEAREN LEHIAKORTASUNA. Hirugarren, enpresak bere gain hartu behar du gizartean duen erantzukizuna, erkidegoko kide aktiboa da-eta. Enpresa iraunkorrak, elkartasuna, partaidetza eta konpromiso korporatiboa bezalako paradigmetan ere oinarritzen dira.

Alde batetik, lanerako inguru bizigarria sortu behar du, non bokazioz berritzaile eta sortzaileak diren pertsonak profil hori eskatzen duten jardueren erantzule izango diren, eta langileak pozik eta enpresaren proiektuan konprometituta arituko diren. Enpresak, baina, giza kapitalarekin eta bere barne garapenarekin konpromiso hori izateaz gain, lotura estua mantendu behar du bere erkidegoarekin (elkarrekiko harreman eta konpromisoen bidez), eta ziurtatu behar du ez duela merkaturatzen gizartearen, ingurumenaren, politikaren edo kulturaren kalterako den produktu eta/edo zerbitzurik.

Honen guztiaren bidez, ikus dezakegu enpresa batek, bere lehiakortasuna bermatzeko, ez duela merkatuari lotutako kontzeptuetan oinarritu behar, baizik eta, alderantziz, iraunkortasuna izan behar duela ardatz. XXI. mendeko euskal enpresak modu orekatuan uztartu behar ditu dimentsio anitz dituen prozesuko paradigmak (berrikuntza eta ezagutza; ekoeraginkortasuna eta aztarna ekologikoa; elkartasuna, partaidetza eta konpromiso korporatiboa). Berriro diogu euskal enpresaren etorkizunari buruzko debateak ikuspegi integral honetatik abiatu beharra daukala.

Argazkia: Richard L Bliss
Foto: Richard L Bliss (rich@richbliss.com).

Administrazioak funtsezko papera bete du gure herrialdean ekonomia egoera txit larrian egon denean, eta, neurri batean, aurreko krisiak gainditzeko abangoardia intelektual modura jardun du. Tribuna honek eskaintzen digun aukeraz baliatuz, euskal Administrazioa -orain bertan datorren urteetarako enpresen lehiakortasunerako eta Zientzia zein Teknologiarako planak prestatzen ari dena- gonbidatu nahiko genuke ekimen honen gidaritza hartzera eta askoz ere modu ausart eta sortzaileagoan parte hartzera, ez dadin iraunkortasunaren aldeko prozesu liluragarrian atzean geratu.

Gure iritzian, enpresaren arlora mugatzen den prozesua subertsiboa izan daiteke ia, ekoizpen eredu baten ordez beste bat erabiltzean oinarritzen delako, eta lehiakortasuna modu batean ulertu beharrean beste modu batean ulertzean.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/11-25/12-02