Hizkuntza-eskubideak Euskal HerrianEscuchar artículo - Artikulua entzun

Paul BILBAO

2001eko ekainaren 25ean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren aurkezpena egin zuen Iruñean. Aurkezpenean, Kontseiluko Idazkari Nagusia eta Behatokiko zuzendaria ez ezik, euskalgintzako eta sindikatuetako hainbat ordezkari ere izan ziren erakunde sortu berriaren beharra berresteko. Izan ere, Behatokia sortzeko hainbat arrazoi izan ziren; besteak beste, euskararen eremu batzuetan atzerapausoak gertatzen ari ziren eta beste batzuetan ez ziren behar bezalako aurrerapausoak ematen ari. Horrela, euskaldunon hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan eta administrazio guztiek urratzen zituztela susmatzen bazen ere, ez zegoen egoera hori modu independente eta objektiboan hartzen zuen erakunderik, eta hutsune hori betetzeko Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu zuen.

Horrela, Behatokiak eginkizun mardul bezain garrantzitsua den lan-ildoari ekin zion, alegia, urterik urte herritarren hizkuntza-eskubideen egoera agertuko zuen diagnosi edo txostena aurkeztea.

Artikulu honetan 2004 urteko txostenean jasotako ondorio nagusienak bildu nahi izan ditugu.

1. Euskal Herri osoan urratzen dira hizkuntza-eskubideak

2004 urtean kudeatutako espedienteei dagokienez, euskaldunon hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan eta lurralde guztietan urratu dira.

Hala ere, azpimarratu behar dugu Behatokira helarazitako espedienteak bideratzean atera dugun beste ondorio batek herritarren jatorriaren errealitate soziolinguistikoarekin lotura handia duela. Horrela, soziolinguistikoki euskaldunak diren eremuetako herritarrek kontzientzia maila altuagoa izaten dute eta sarriagotan jotzen dute Behatokira, hau da, konpromiso eta exigentzia maila altuagoa agertzen dute hizkuntza-eskubideak urratzen zaizkienean.

2. Administrazio guztiek urratzen dituzte hizkuntza-eskubideak

Behatokiak egoeraren berri emateko erabiltzen duen irizpidea ez da ikuspegi kuantitatiboa, aitzitik, ikuspegi kualitatiboari eusten diogu eta kexen zioari edo edukiari erreparatzen diogu. Izan ere, gerta liteke herritar batek helarazitako kexa gertaera puntuala izatea eta herritar horri besterik ez eragitea, eta, beste alde batetik, izan liteke, herritar guztiei eragiten dien kexa izatea, eta beraz, eskubidearen urraketa sistematikoa sortzea.

Bestalde, administrazioei dagokienez, Behatokian detektatu dugun beste fenomeno bat kontuan hartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, hain zuzen ere, lege babesa. Herritarren pertzepzioan eragiten duen beste faktore bat da lege babesa, eta horren ondorioz, hizkuntza-eskubideak legez aitorturik ez dituzten eremuetako herritarrek gutxiagotan jotzen dute Behatokira, naturalizatu baitute hizkuntza-eskubideez gabeturik daudela.

Hori dela eta, kuantitatiboki administrazio batzuek kexa gehiago jaso izanak ez du derrigorrez esan nahi administrazio horiek hizkuntza-eskubideen urraketa larriagoak eragin dituztenik, edota hizkuntza-eskubideen ohiko urratzaileak direnik. Hala ere, beste urte batez, egitatea da 2004 urtean ere administrazio guztiek urratu dituztela hizkuntza-eskubideak.

3. Eskubide-urraketak eta lege-urraketak

Euskal hizkuntza-komunitatea administrazio desberdinetan kokatuta egonik, hainbat ordenamendu juridikoren mende dago. Horrela, tokiko legeak bizi den eremuaren arabera aitortzen dizkio hizkuntza-eskubideak herritarrari. Horrela, kasu batzuetan eskubide-urraketak gertatzen dira, baina bestetan bai eta lege-urraketak ere.

4. Espainiako Estatuko Administrazioaren jarrera

Espainiako Estatuko Administrazioak ohiko jarrerari eutsi izan dio 2004 urtean. Hartara, aipatu administrazioetako erakundeek sistematikoki urratu dituzte herritarren hizkuntza-eskubideak. Urraketa sistematiko horiek frogatzeko hainbat datu objektibo jaso izan ditu Behatokiak, esaterako, errotulu berriak gaztelania hutsean jarri izana. Horrelako kasuek aski argi uzten dute jarrera. Ohikoa da herritarrei isunen berri gaztelania hutsean ematea, legeak hizkuntzari ofizialtasuna aitortzen dion eremuetan ere bai. Ohikoa da inprimakiak gaztelania hutsean egotea, herritarrei eman beharreko mezuak gaztelania hutsean izatea, dibulgaziorako argitaratzen dituzten liburuxkak gaztelania hutsean egotea...

Espainiako Estatuko Administrazioaren joera egun indarrean dagoen ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea da. Horrela, Espainiako Konstituzioak ezartzen duen gaztelania ezagutzeko derrigortasuna herritarren eskubideen gainetik jartzen dute, eta beraz, euskalduna babesik gabe geratzen da hizkuntza-eskubidea errespetatzeko eskatzen duenean.

Justizia Administrazioari dagokionez, 2004 urtean ere herritarrei ez zaie bermatu epaiketa berezko hizkuntzan izateko eskubidea. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ez du inolako neurri berezirik hartu epaiketa herritarren eta lurraldearen berezko hizkuntzan izan dadin. Horrela, euskara baliatu nahi duen herritarrari interpretea jartzen zaio. Behatokiak behin baino gehiagotan adierazi bezala, interprete bidezko sistema salbuespen gisa onar liteke akusatuari leporatzen zaizkion delituak modu argian ulertzeko; hau da, intepretea bitarteko egokia izan daiteke akusatua atzerritarra bada eta auziperatuaren hizkuntza tokiko hizkuntzaz bestelakoa bada. Kasu horretan interpretea da herritarren eskubideak bermatzeko bide bakarra, bai defentsa eskubidea, bai eta babes judizial eraginkorrerako eskubidea ere. Ez, ordea, berezko hizkuntza baliatu nahi duen herritarrarentzat.

5. Frantziako Estatuko Administrazioaren jarrera

Frantziako Estatuko Administrazioak herritarren eskubideak sistematikoki eta legearen bidez urratzen jarraitu du 2004 urtean. 2001 urtean UNESCO erakundeak argitaratutako atlasean, eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, euskara arrisku bizian dauden hizkuntzen barruan kokatu zuen –seriously endangered language–. Hartara, administrazioek neurri bereziak hartu behar zituzten hizkuntzaren biziraupena bermatzeko. Tamalez, 2004 urtean Frantziako Gobernuak are traba gehiago jarri dizkio.

Larria da oso Frantziako Administrazioak hezkuntza-sistemari jartzen dizkion trabak. Egun, Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan, legez, debekatuta dago murgiltze sistema erabiltzea. Hori dela eta, Ikastoletan besterik ez dugu aurkitzen murgiltze-sisteman oinarritutako eredua. Gaur egun, LMHn matrikulatutako ikasleen %5,50 besterik ez dago matrikulatuta murgiltze-ereduan eta %72k ez du inolako loturarik euskararekin. Gauzak horrela, hizkuntzaren biziraupena bera arriskuan dagoela erakusten digute datuok.

Bestalde, Frantziako Administrazioaren jarrera jakobinista oso argia izan da justiziaren eremuan: Hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeak kalte fisiko larriak eragin zizkien herritarrei, polizia bortizki kaleratu baitzituen epaitegira hurbildutako pertsonak; Pauen Hegoaldeko akusatuentzako interpretea egonik ere, Iparraldeko akusatuei ez zitzaien aukerarik eman hartaz baliatzeko.

LA POSTE erakundeak ere ez du erreparorik izan enpresa bat mehatxatzeko eta euskarazko toponimoak erabiliz gero, eskutitzak igortzeari uko egingo diola esateko.

6. Nafarroako Foru Komunitatea

Nafarroako Justizia Auzitegiak berak Behatokia sortu zenetik txostenetan agertutakoa berretsi du: Euskararen Legeak ez dio hizkuntza-eskubiderik aitortzen Nafarroako herritarren gehiengoari; eta, beraz, ordenamendu juridiko horrek ahalbidetu egiten ditu legezko hizkuntza-eskubideen urraketak. Dena den, Nafarroako Gobernuak haratago jotzen jarraitu du eta lege murriztaileak ez betetzen jarraitu du 2004an. Horrela, Dekretu murritzak arautzen duena ere ez du bete.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren politika murriztailea euskararen presentzia soziala arian-arian desagerrarazten ari da: bide seinaleak gaztelania hutsean paratzen ditu...

7. Euskal Autonomia Erkidegoa

Zalantzarik gabe Eusko Jaurlaritzaren mende dauden erakundeei lotutako kexen artean larrienak osasun eremuari buruzkoak dira: zerbitzu asistentziala euskaraz ezin jasotzea, pediatrarekin euskaraz ezin aritzea, gaztelania nekez ulertzen duen pertsona edadetuari euskararik ulertzen ez duen medikua esleitzea, edota, umeari euskaraz ezin egin eta amari semearekin euskaraz aritzeko “baimena” ematea.

Bestela, hizkuntza-eskubide urraketak maila guztietan izan dira: Idatzizko erreklamazioa euskaraz zuzenduta ere, administrazioak gaztelania hutsean erantzuten jarraitzen du; erakunde batzuek euskaraz lan egiteko hartutako erabakia ezin izan dute gauzatu dokumentazioa gaztelania hutsean jasotzen dutelako; inkestetan euskaraz egiteko aukerarik ez zaie ematen herritarrei...

Asko dira egun Euskal Autonomia Erkidegoan gertatzen diren hizkuntza-eskubideen urraketak, bai eta lege urraketak ere. Hartara, eskubideen babeserako legeria betearazteko derrigortasunik ez egoteak hizkuntza-eskubideen urraketak betikotzen ditu.

8. Azterketa berezituen jarraipenetan aurrerapausorik ez

Behatokiak 2001 urtetik zenbait azterketa berezitu egin izan ditu txostenetan. Azken hiru urteotan zabaldutako kasu guztietan aurrerapauso nabarmenik ez dela eman ondorioztatu dugu; are gehiago, zenbait kasutan atzera egin da.

Itsu euskaldunen hizkuntza-eskubideak

Euskaraz mintzatzeko eskubidea Espainiako Estatuko espetxeetan

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren murrizketak

Hizkuntza-eskubideak segurtasun kidegoekiko harremanetan

Hizkuntza-eskubideak osasun arloan

9. Alboko kalte-ondorioak

Urterik urte Behatokiak egoeraren diagnosiaren berri eman izan duenean, behin eta berriro agertu izan du hizkuntza-eskubideen urraketak edota herritarrak hizkuntza-eskubidea baliatu nahi izateak alboko kalte ondorioak eragin izan dituela kasu askotan. Halaber, hizkuntza-eskubideak urratu direnean, beste zenbait eskubide ere urratu direla adierazi izan dugu. Hona hemen zenbait adibide:

10. Hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismo eraginkorrik ez

Ez dago Euskal Herri osoan hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismo eraginkorrik eta horrek hiru ondorio negatibo dakartza.

. Herritarrak eskubideez gabeturik ikusten du bere burua eta naturalizatu egiten du eskubideen urraketa. Urraketak saihesteko mekanismorik ez dagoenez, herritarraren ustea da hizkuntza-eskubideen bermea erakundearen jarreraren araberakoa izango dela, alegia, ez da ohartzen derrigorrez bermatu beharreko eskubideak direnik.

. Erakunde publiko zein pribatuek ez dute hizkuntza-eskubideak bermatzeko beharra ikusten, izan ere, ez die inolako ondoriorik eragiten eskubideak edota legeak urratzeak.

. Eskubideen bermerako mekanismo ezaren ondorioz, hizkuntzarengatiko atxikimendua gero eta lausoagoa da, bigarren mailako herritar bihurtzen baitu euskalduna. Hizkuntza-eskubidea baliatzeak esfortzu handiagoa eskatzen du eta zenbaitetan alboko kalte-ondorioak eragiten ditu. Hortaz, zerbitzua gaztelaniaz edo frantsesez hartzea erosoagoa, arinagoa eta eraginkorragoa dela ondorioztatzen du.

11. Progresibitatea: Lau urteko balantze negatiboa

Behatokiak lau urteko bilakabidea aztertu ahal izan du. Perspektiba horri esker hizkuntza-eskubideak bermatzeko orduan progresibitate errealik ez dela aplikatzen ondorioztatu ahal izan dugu.

Nafarroan, esaterako, urterik urte gero eta gehiago urratzen dira herritarren hizkuntza-eskubideak, gero eta legeria murritzagoa jartzen ari dira abian hizkuntza-eskubideen urraketak arautu ahal izateko, neurri gero eta bortitzagoak euskara bizitza sozialetik desagerrarazteko, langile elebidunei gero eta bereizkeria larriagoak eragiten zaizkie. Horrela, progresibitateaz barik; hizkuntzaren desagerpena helburu duen inboluzio-politikaz baizik.

Ipar Euskal herrian ere euskararen etorkizun ilunak ez du ekarri hizkuntza-eskubideen bermearen politika progresiborik. Gero eta oztopo gehiago jartzen ditu administrazioak, eta gero eta jarrera zorrotzagoak agertu ditu hizkuntza gutxiagotuen aurrean zuen tolerantziari dagokionez.

Euskal Autonomia Erkidegoan 2001 urtean jasotzen genuen kexa 2004 urtean errepikatu da. Hori dela eta, 2004 urteko txostenean progresibitateari edukia eman behar zaiola agertu dugu. Legeak jasotzen dituen progresibitatea edota arian-arian bezalako kontzeptuei eduki zehatza eman behar zaie, aplikazioaren balorazioa egin ahal izateko eta benetako progresibitatea gertatzen ari dela egiaztatzeko. Horrela egin ezean, kontzeptu antzua dela ondorioztatu beharko dugu.

Artikulu hau Hizkuntz Eskubideen Behatokiak prestatutako urteko txostenaren laburpena da. Txostena osorik irakurri nahi izanez gero www.behatokia.org web gunera jo.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/02/10-17