Cerrar

BIDELAGUNARI AGUR

Zaila da bizitza bat testu batean laburtzea, eta are zailagoa alde ugari jorratu behar badira: lankidearen, lagunaren eta antropologoaren ingurukoak. Zirriborro bizkor bat eginez gero, ezagutzari eta euskal kulturaren transmisioari eskainitako denbora geratuko litzateke agerian. Barandiaranen ikasletzat zeukan bere burua, eta Ataun zuten biek lotura. Garrantzitsuak dira beti irakasleak, eta adi, interesaturik eta bere lanarekin guztiz txoraturik egonaraziko zuen pizgarria aurkitu zuen Apalategik Barandiaranengan. Landa lanerako zuen zaletasun neurrigabean islatu zuen eragin hori: errealitatea behatu eta zehatz-mehatz biltzen zuen, xehetasun guztiekin. Batzuetan, txantxetan aritzen ginen haren zorroztasun gehiegizkoren inguruan, baina irribarre egin eta bere bideari jarraitzen zion hark. Are gehiago, mehatxu egiten zigun egun batean guztia argitaratuko zuela eta guztiok han agertuko ginela esanez. Sona handikoa zen haren bulegoa; urtetan egindako lan nekaezinaren fruitua biltzen zuen apaletako milaka eta milaka folioetan, eskuko ordenagailua erabiltzen hasi zen arte.

Ahozkotasunaren historia biltzeko zuen interesa ere azpimarratu behar da; tesina ere horri buruz egin zuen Bartzelonako Anthropos argitaletxeak argitaratu zuen gero. Tesia Julio Caro Barojaren zuzendaritzapean egin zuen, eta Caro Barojak EHUk Zorroagan zuen Filosofia Fakultateko Katedra utzi zuen egunean bertan defendatu. Arratibelen eta Lekuonaren eragina aitortzen zuen ahozkotasunaren historiari buruz zuen interes horretan. EHUn Gizarte Antropologia abian jarri genuenon artean dago Apalategi eta, zehazki, Zorroagako Fakultatea. Hiru urteko lanaren ondoren, Anthropos argitaletxeak 1985ean argitaratutako Mujer vasca. Imagen y realidad realizada lana egin zuen taldeko kide ere izan zen.

Pertsona jantzia zen, arte eta musika zalea. Antropologia euskaraz irakatsi nahi zuenez, antropologia euskaraz irakatsi zuen lehen irakaslea izan zen; lehendabizi, Filosofia, Pedagogia eta Psikologiako lizentziaturetako ikasgaia zenean hori, eta gero Gizarte eta Kultur Antropologiako Lizentziatura sortu zenean. Hala, hainbat ikasgai irakatsi zituen bai lizentziaturan, bai eta doktoregoan ere. Horregatik, erreferentea da karreran euskarazko taldea egotea arrunta jotzen duen ikaslearentzat; ahalegin handia egin behar izan zen hasieran halere, eta Apalategi izan zen sustatzailea. Zorroagako irakasle eta ikasleok gogoan ditugu biltzarretako haren parte-hartzeak eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko aldarrikapenak. Haren lana ahaztuta ez, baina azpimarratuta geratu da.

Ezagupenak zabaltzearen ingurukoa zen haren beste interesetako bat; horren ondorio dira hainbat aldizkaritan argitaratutako artikuluak. Etnografiari buruzko Antropologiaren euskal bilduma ere azpimarratu behar da, Kriselu argitaletxeak ateratakoa. 30 aletik gora ditu, eta Aton Erkoreka, Jokin Apalategi, Juan Garmendia Larrañaga, J. Arain eta J.arruabarrenaren lanak biltzen ditu, besteak beste.

Eusko Ikaskuntzako kide ere izan zen, Etnografia Sailaren bitartez, bai eta Gipuzkoako presidenteorde ere.

Pertsona jantzia eta gustu onekoa zen; biziki maite zituen artea eta musika, eta argazkigintza ere zaletasun zuen, horren balio artistikoagatik eta horrek une berezi bat, bilera bat, paisaia bat, talde baten elkarrizketa eta abar zehatz-mehatz jasotzeko eskaintzen zuen aukeragatik. Oroitzapen goxoa utzi digu, anekdota, jakintza, hipotesi ausart eta une bereziz betetakoa.

TERESA DEL VALLE (Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako Lehendakariordea)
(Berria: 2006ko otsailaren 9a)