Hizkuntz aniztasunaren biziraupenerako gomendioakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Itziar IDIAZABAL
Belen URANGA
Esti IZAGIRRE
Andoni BARREÑA
Estibalitz AMORRORTU
Ane ORTEGA

Sarrera
Ofizialtasuna eta administrazioa
Irakaskuntza
Idazketa
Komunikabideak
Migrazioak eta aldaketa sozio-ekonomikoak
Estatuz kanpoko erakundeen parte hartzea
Botere publikoen ardurak

 

Sarrera

A

  Argazkia: Daniel Bayona
Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com)
rtikulu honetan Munduko Hizkuntzei buruzko txosteneko (Martí eta al. 2005) hainbat ondorio eta gomendio eskaintzen ditugu. Txostenaren helburua munduko hizkuntzei buruzko ezagutza handitzea eta hizkuntz aniztasuna babesteko zenbait jarduera ildo ematea izan da batez ere. Txostenean zehar, hainbat aukera proposatu ditugu hizkuntzen erabilera bultzatzeko funtsezko eremuetan egin beharreko esku-hartzeei buruz, eta artikulu honetan horien laburpena egingo dugu. Halaber, administrazio publikoei eta gobernuz kanpoko erakundeei buruzko zenbait hausnarketa agertuko dira, hizkuntz aniztasuna babesteko prozesuan eragin handia duten eragileak baitira.

Oinarrizko printzipio nagusi batzuk:

· Hizkuntzen homogeneizatzeak gizateria osoari eragiten dio, ez hizkuntza galtzen duten pertsonei edo komunitateei soilik.

· Hizkuntz aniztasuna zaintzea guztion ardura da. Beraz, hizkuntza eta hiztun guztiak errespetatu behar dira.

· Galtzeko arriskuan dauden hizkuntzak berreskuratzea eta suspertzea komunitateen bizitzaren arlo guztiak biltzen dituen prozesua da, ondokoak edo ondokoak ez diren komunitateekin dituzten harremanak barne.

· Hizkuntzen hierarkizazioa gainditu behar da, komunitateentzat funtsezkoak diren eremuetan batez ere.

· Nabarmendu egin behar da norberaren hizkuntzak eta kulturak pertsonen autoestimurako eta identitatea finkatzeko duten balioa.

· Gizartearen ondare izendatu beharko lirateke hizkuntza guztiak. (AURKIBIDEA)

Ofizialtasuna eta administrazioa

Hizkuntza ofizialek, komunikazio harremanetako eremu guztietan erabiltzen ohi direnez, bizitasun handia izaten dute oro har; horregatik, komunitateek beretzat eskatzen dute hizkuntzaren ofizialtasuna, edo-eta horrek dakartzan ondorio praktikoak izatea.

Ofizialtasuna aitortzeak prestigioa ematen dio hizkuntzari, eta hizkuntzarekiko aldeko jarrerak sorrarazten ditu hiztunengan. Gainera ofizialtasunak hizkuntzaren berreskurapenerako eta sustapenerako baliabide egokiak jartzea errazten du.

Hizkuntzaren ofizialtasun mailaren eta administrazioan hizkuntza horrek duen erabileraren arteko harremana zuzena da, baina ofizialtasunak ez du bermatzen hizkuntza administrazioan erabiltzea, ez ahozko eta ez idatzizko formetan. Horregatik, hizkuntz komunitateek zerbitzu eta harreman administratiboetan beren hizkuntzak ere erabili nahi dituzte.

Argazkia: Daniel Bayona
Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com)

Gomendioak

· Konstituzioan edo ordenamendu juridiko gorenean, lurraldeko hizkuntza guztiei estatu mailako koofizialtasuna aitortzea esplizituki, edo behintzat hizkuntza bakoitzari bere lurraldean ofizialtasuna aitortzea (autonomiakoa, probintziakoa, federaziokoa, kantoikoa, hirikoa, etab.).

· Herritarrek administrazioarekiko harremanetan hizkuntza autoktonoak erabiltzeko duten eskubidea bermatu beharko lukete botere administratiboak eta zerbitzu publikoek, hala estatukoek nola eskualde eta toki administraziokoek.

· Hizkuntz komunitateetako kideek zerbitzu administratiboei ahozko eta idatzizko eskakizunak beren hizkuntzan egiteko aukera izatea eta erantzunak ere hizkuntza horretan jasotzea bermatu beharko luke botere administratiboak. (AURKIBIDEA)

Irakaskuntza

Irakaskuntza funtsezko jarduera-eremua da, eta hizkuntza berreskuratu nahi duten komunitateek etengabe aldarrikatzen dute eremu horretan hizkuntza erabili beharra. Eskola, ezagutzak eta balioak zabaltzeko tresna izateaz gain, bide egokia da hizkuntz jarrera negatiboak zuzentzeko eta hizkuntzari dagokion balioa emateko. Aztertu ditugun kasu askotan aipatzen den moduan, eskoletan erabiltzeak izen ona dakarkie hizkuntzei, eta ez erabiltzeak, aldiz, belaunaldien arteko transmisioa eteteko joera areagotzen du.

Komunitateek parte hartu behar dute eskola curriculuma eta irakatsi beharreko ezagutzak eta balioak finkatzen, nahiz eta eskolan erabiltzea ezin den izan neurri bakarra hizkuntzak berreskuratzeko.

Lehenik eta behin, premiazkoa eta nahitaezkoa da eskoletan ama hizkuntza naturaltasunez erabiltzea ez galaraztea. Irakaskuntza arlorako egiten diren jarduerak komunitateko bizitzaren beste alderdiekin koordinatu behar dira. Komunitatearen ondare kulturala transmititzean egin behar da lotura-lan hori, eta, gainera, hainbat mailatan. Alde batetik, hizkuntzaren erabilera irakaskuntzaren lehen etapara mugatzen bada, goiko mailetan ez badago, ondorio kaltegarriak izango dira: beren hizkuntzan ikasi duten ikasleentzat desabantaila izateaz gain, hizkuntza horrek goi mailako eremuetarako balio ez duelako ustea indartuko da. Bestetik, eskola curriculumeko irakasgai guztietara zabaldu behar da hizkuntza; alegia, historia, matematika, literatura edo beste edozein irakasgairen ikasketa komunitateko hizkuntzarekin lotu behar da. Komunitateen parte hartze horrek ikasketa planak testuinguru bakoitzera egokitzen direla bermatu behar du.

Argazkia: Daniel Bayona
Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com)

Hizkuntzak irakasteko eta zabaltzeko lehentasunezko esparrua eskola bada ere, eremu horretan lan egitea ez da nahikoa, eta eskolan egiten den lana esparru zabalagoan kokatu behar da: hizkuntza eskolatik kanpo erabiltzea lagunduko duten beste eremu eta jarduera batzuen esparruan.

Gomendioak

· Hezkuntza sistemek hizkuntzen erabilera bermatu behar dute pertsonen eta komunitateen oinarrizko eskubidea baita.

· Hezkuntza sistemek prestigioa eta duintasuna eman behar diete hizkuntzei, bai hizkuntza erabiliz, bai hizkuntza guztien aldeko jarrera positiboak bultzatuz.

· Hezkuntza sistemek bereziki babestu behar dituzte ordura arte sistema horietan baztertuta egon diren hizkuntzak.

· Hezkuntza sistemek hizkuntz komunitateekin bat etorriz egin behar dute lan, komunitate horien asmoak, iritziak eta sentsibilitateak errespetatuz.

· Hezkuntza sistemek laguntza eman behar diete baliabide urriak dituzten komunitateei, bai pertsonak hezteko, bai baliabide materialak prestatzeko.

· Hezkuntza sistemek pertsona elebidunak edo eleanitzak prestatu behar dituzte, bai eremu urriko hizkuntzak dituzten komunitateetakoak, bai oso zabalduta dauden hizkuntzen hiztunak. (AURKIBIDEA)

Idazketa

Idazketak balio sinbolikoa du, eta horrek eragin handia du hizkuntzen prestigioan. Bada hizkuntzei buruzko aurreiritzi bat, oso zabaldua: hizkuntzak nolabaiteko idazketaren bat garatu dutenak baino ez direla pentsatzea. Aurreiritzi horrek, zalantzarik gabe, eragin handia du hiztunek eta beste komunitateek (auzokoak izan ala ez) hizkuntzei buruz duten jarreran.

Ahozkoa/idatzia dikotomia saihesteko bide bat, –hau da, goi mailako balioak idatziari soilik lotzea saihesteko–, ahozko erabilerei balioa ematea da, bai ahozko literaturari, bai eta errituen eta bestelako ahozko tradiziozko jardueretan ere. Gainera, ikus-entzunezko eta informatikako teknologia berriek, komunikabideek eta hezkuntza eredu berritzaileenek prestigio eremuak ireki dizkiete ahozko erabilerei.

Argazkia: Tony Roberts
Argazkia: Tony Roberts (bob@infinitydoctors.com)

Gomendioak

· Edozein hizkuntzaren funtsezko erabilera ahozkoa dela ez ahaztea gomendatzen da, eta oroitzea transmisioaren eta erabilera ohikoa izatearen baitan dagoela hizkuntzek irautea.

· Idazketak, oro har, prestigioa ematen die hizkuntzei, eta hizkuntzen transmisiorako eta hizkuntzak biziberritzeko aukerak handitzen ditu.

· Komunitateak aberastasun gisa hartzen badu soilik da egokia idazketa; ez, ordea, mehatxu edo frustrazio gisa hartzen badu.

· Idazketak hizkuntz komunitateen idatzizko eta ahozko tradizioa eta kultur ondarea jaso behar ditu.

· Botere publikoek hizkuntza guztiak idatziz ere erabil daitezen bultzatu behar dute; batez ere, hizkuntza gutxituak eta arrisku egoera larrian daudenak.

· Botere publikoek bitarteko teknologiko egokiak eta baliabide ekonomikoak eman behar dizkiete komunitateei, hizkuntzak idatziz erabiltzea errazteko eta ahalbidetzeko.

· Zientzialariek hizkuntz komunitateekin koordinatu behar dute beren lana, azken horiek idazketa eredu bat sortzeko edo daudenak estandarizatzeko laguntza behar dutenean. (AURKIBIDEA)

Komunikabideak

Hizkuntz aniztasuna zaintzeko komunikabideek duten egitekoan bi alderdi nagusi hartu behar dira kontuan gutxienez: hizkuntzak bertan izatea eta erabiltzea, eta komunikabideek beraiek transmititzen dituzten balioak.

Gomendioak

· Hizkuntz komunitate bakoitzak irrati bidezko kate bat izan beharko luke gutxienez. Komunitateak oso txikiak direnean, besterik ez bada ere, erraztasunak eman beharko lirateke, dauden komunikabideetan horien hizkuntza erabil dadin.

· Prentsa idatzia garatzea ere garrantzi handikoa da, eta botere publikoek aldizkako komunikabide idatzi bat bermatu beharko lukete, gutxienez. Komunitateetan bertan sortutako komunikabideak babestu behar dira: bertako kideei informazioa eta olgetarako gaiak beren ikuspegiaz zabaltzeko aukera ematen dieten komunikabideak.

· Hizkuntzak komunikazioko eta informazioko teknologia berrietan erabiltzea sustatu behar da, Interneten batez ere.

· Komunikabide handiek prest egon beharko lukete beste hizkuntza batzuk baliatzeko eta zenbait hizkuntza aldi berean erabiltzeko. Era horretan, hizkuntz aniztasuna errespetatu, sustatu eta balioetsi egingo lukete.

· Komunikabide handiek hizkuntzen biziberritzeari buruzko albisteak modu positiboan zabaldu beharko lituzkete. (AURKIBIDEA)

Migrazioak eta aldaketa sozio-ekonomikoak

Erakargarriak gertatzen dira, oso, beren baitan zenbait hizkuntz komunitate hartu eta elkarrekin bakean bizitzea lortu duten herriak, horrela prozesu teknologikoen eta antolamendu demokratikoaren onurak jasotzen baitituzte, eta horiek garapen sozio-ekonomiko eta ekologikoaren eredutzat hartu beharko lirateke, kultur eta hizkuntz aniztasuna zaintzeko.

Argazkia: Daniel Bayona
Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com)

Gomendioak

· Nabarmendu egin behar da pertsonek zenbait hizkuntza jakin eta erabiltzeko duten gaitasun naturala.

· Lurraldeko hizkuntza guztiei eman behar zaie prestigioa, haiek erabiliz eta kontzientzia hartzeko kanpainak eginez.

· Jatorri ezberdinekoak diren pertsonak bizi diren hiri handietan, hainbat hizkuntza erabiltzeko aukera eman behar da.

· Lurralde turistikoetan bizi diren komunitateetan, bereziki sustatu behar da jatorrizko hizkuntza eta kulturaren iraupena. (AURKIBIDEA)

Estatuz kanpoko erakundeen parte hartzea

Txostenak egiaztatzen duenez, ezaugarri eta helburu ezberdinak dituzten hainbat erakundek hartzen dute parte komunitateetan eta hizkuntzen dinamikan, eta horietako bakoitzak eragin jakin bat du komunitate horien hizkuntz normalizazioaren prozesuan. Gobernuz kanpoko erakundeak, erlijio tradizioko taldeak eta ikerketa taldeak dira, besteak beste, erakunde horietako batzuk. Zenbaitetan, erakunde horiek kolonialismo linguistikoa iraunarazten dute, baina beste batzuetan, berriz, komunitateen hizkuntzak eta kulturak biziberritu dituzten eragileak izan dira. Komunitateei protagonismoa emanez gero, oro har, erakunde horiek egiten dituzten jarduerak oso probetxugarriak izaten dira hizkuntzak berreskuratzeko, eta bi funtzio nagusi betetzen dituzte: komunitateen proiektuen pizgarri eta sostengua izatea. Alabaina, erakunde horien indar handia kaltegarria izan daiteke egiten dituzten jarduerek beste helburu batzuk badituzte; hala nola, hizkuntza erlijio jakin batera bihurtzeko irakastea, edo alfabetatzea hizkuntza nagusi bat ikasi aurreko urratsa izatea. Batzuetan helburu horiek ez dira esplizituak izaten; eta, nolanahi ere, helburu horiek komunitateak berak jarritakoak ez direnean –alegia, arrotzak zaizkionean–, oso eragin suntsitzaileak izaten dituzte komunitate horien bizitzan.

Gomendioak

· Hizkuntzen berreskuratzean eta biziberritzean parte hartzen duten estatuz kanpoko erakundeek esplizituki azaldu behar dituzte beren helburuak.

· Hizkuntzen berreskuratzean eta biziberritzean parte hartzen duten estatuz kanpoko erakundeen helburuek bat egin behar dute komunitateen helburuekin.

· Komunitateen bizitzan parte hartzen duten erakundeek beren jarduerak koordinatu behar dituzte.

· Hizkuntzen berreskuratzean eta biziberritzean parte hartzen duten estatuz kanpoko erakundeek komunitatearen bizitzaren mende jarri behar dituzte beren jarduerak, eta komunitate horien proiektuen pizgarri eta sostengu izan behar dute.

· Nazioarteko GKEek hizkuntzak eta hizkuntz aniztasuna sustatzeko ekimen zabalak bultzatu behar dituzte. (AURKIBIDEA)

Botere publikoen ardurak

Ukaezina da estatu elebakarrak salbuespena direla munduan; hori aintzat hartuta, onartu beharra dago eleaniztasuna dela berezkoa. Gizabanako eta komunitate guztiak berdintasunez tratatu behar diren neurrian, botere publikoen ardura da –haiei dagokien lurraldean, gutxienez– hitz egiten diren hizkuntza guztien babesa eta errespetua bermatzea. Estatua eleanitza dela onartuz gero, herritar guztiek baldintza beretan parte hartzea bermatu beharko lukete botere publikoek, baina hori ezinezkoa da, estatuek berek ezartzen badituzte hizkuntzen hierarkiak. Bestalde, hizkuntza asko estatuen mugez harantzago zabaltzen direla onartu behar da, eta, ondorioz, hiztunak zenbait estatutan zabalduta dituzten hizkuntzen berreskuratze edo normalizaziorako lan egiten duten erakundeak elkarren artean koordinatzea bultzatu behar da, egiten diren jarduerak eta proiektuak hizkuntzaren lurralde osorako izan daitezen.

Argazkia: Daniel Bayona
Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com)

Pertsona guztien hizkuntz eskubideak errespetatzen direla bermatzeko, komunitate guztiak berdintasunez tratatu behar dira; izan ere, berdintasunik gabeko tratuak, bidegabea izateaz gain, komunitateen arteko borrokak eragin baititzake. Alabaina, ezin dira nahasi “berdintasunezko tratua ematea” eta “egoera ezberdinei konponbide berak” ematea; eta, alde horretatik, gehiengoa osatzen duten komunitateetako kideek hizkuntz aniztasuna zaintzeko duten ardura nabarmendu behar da. Ingurumena zaintzea herritar guztien egitekoa den bezala, hizkuntz aniztasuna ere guztien laguntzaz soilik babes daiteke, eta, horretarako, nahitaezkoa da elkarrekikotasuna eta lankidetza bultzatuko duten tresnak sortzea. Bide horretan egin behar den lehen urratsa pertsona guztiak motibatzea da, eta, horretarako, hizkuntzei buruzko jarrerak aldatzeko beharrezkoa den informazioa eta prestakuntza eman behar dira. Alor horretan, botere publikoen egitekoa funtsezkoa izan daiteke, baldin eta hizkuntzen hierarkia ekiditeko tresnak ematen badituzte, hizkuntz aniztasuna zaintzeko jarduera bateratuak bultzatzen badituzte, eta tratu berdintasuna bermatzen badute komunitate guztientzat, guztiena den egiteko horretan komunitate bakoitzak bete behar duen funtzioaren arabera.

Gomendioak

· Botere publikoek hizkuntz aniztasuna zaintzeko konpromisoa hartu behar dute.

· Estatu eleanitzek hala direla onartu behar dute, eta horrekin bat datozen jarduerak egin behar dituzte.

· Botere publikoen ardura da beren lurraldeko hizkuntz komunitate guztiek berdintasunezko tratua izan dezaten bermatzea.

· Botere publikoek estatuz gaindiko hizkuntz politikak bultzatu behar dituzte; hizkuntz komunitateak herrialde mugakideetan zehar zabalduta badaude, bereziki.

· Botere publikoek normalizazio prozesuetan lagundu behar dute, baina ez dituzte horiek inposatu behar.

· Botere publikoek herritar guztiek hizkuntz aniztasunaren zaintzan parte hartzea erraztu eta sustatu behar dute. (AURKIBIDEA)

Bibliografia:

Martí, F., Ortega, P., Amorrortu, E., Barreña, A., Idiazabal, I., Juaristi, P. Junyent, C. y Uranga, B. (2005) Words and worlds. World Languages Review. Londres: Multilingual Matters.

Martí, F., Ortega, P., Amorrortu, E., Barreña, A., Idiazabal, I., Juaristi, P. Junyent, C. y Uranga, B. (2005) Hizkuntzen mundua. Munduko Hizkuntzei buruzko txostena. Euskal Herriko Unibertsitatea. (AURKIBIDEA)

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Bilatu Euskonewsen
2006/03/17-24