GAIZKA BARANDIARAN
1916-2006


Zauden tokian zaudelarik, gabon Gaizka

Atzo asteazkenean bisitatxo bat egin nahi izan nizun Loiolan baina ez zidaten utzi. Makaltxo bide zeunden. Gaur eguerdian deitu naute albiste iluna emateko eta ordu horretan Unairen jaiotza ospatzen ari ginen Baionan. Horrelakoa da bizitza: batzuk goazen bitartean beste batzuek hartzen dute gure tokia. Gaur zuri tokatu zaizu. Bihar niri egokituko zait. Eta gurpilak ez du atsedenik hartuko bere ibilaldian.

Utzi gaituzu, zure bizitzan erabili zenuen estilo apal berdinarekin. Loiolako erbesteratze moralean eman dituzun azken hilabeteotan barnean gorde nahi izan duzun oinaze mingotsak itzali dizu bizitzarako gogoa. Arrangura isilari eutsi zenion, Konpainiako urte luzeetan egokitu zitzaizun bezalatsu. Azkenik euskal oihua amatatu zuten zure ahotik. Une latzak bizi izan zenituen eta den-dena euskal gogoaren aldarean jarri zenuen, estoikoki. Modu eredugarrian, erantsiko nuke, gu askorentzat irakasle gertatu baitzinen. Maisu goxoa, maisu bikaina.

Lerro hauek eskaini nahi dizkizut ostegun gau sargoritsu honetan, eta halabeharrak ipini ditu horiek, adiskide, herrikide, josulagunkide, aberkide eta euskalgintzan kide izan zenuen Iokin Zaitegiri beste batzuk eskaini dizkiodan egunean bertan argitaratzeko. Horregatik jo dut Iokinek zuri eskainitako “Omer´i” olerkira, “Barandiaran Xalbador S.J “Ilia´rena” euskeratu digun euskal idazle bikainari biotzez” hitzak nire egiten ditudalarik. Gaur, Gaizka, lehen apalarekin geratzen naiz. Edukiko dugu beta gainerakoetaz elkarrekin hausnartzeko:

Olerti ederraren guraso iatorra,
biotzondo andidun irakasle, agur!
Biotz begietan zaut, agure bizkorra
ereinotz-burestunez bekokia makur.

Egun handira arte!


Josemari Velez de Mendizabal

06-07-20

Euskonewsek argitaratutako artikuluak:

Gaizka Barandiaran. Omenaldia (Jatorrizko bertsioa)

Gaizka Barandiaran. Homenaje (Traducción al español)
Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA

A Gaizka de Barandiaran, con reverencia
Mikel ARANBURU URTASUN

Cerrar