Ane ALBISU
Traducción al español
L iburu honen ekarpenera hurbildu asmoz, funtsezko galdera batzuk egingo nituzke: Zertarako janzten gara? zer janzten dugu eta noiz?
Janzten garenean aukera bat egiten dugu jantzia lanerako, kirola egiteko, oporretarako, etxean egoteko…edota beste hainbat zereginetarako erabili behar badugu eta honen arabera jantzi eta janzteko moduak aldatu egiten dira. Baina badira ere janzteko eran eragiten duten beste baldintza batzuk: nortasuna, gorputza, dirua…
Gure gizartean, janzteko eran, beraz, tokiak, eguraldiak, izaerak… eta modak ere eragingo dute azken urte hauetan eta XX. gizaldian zehar, moda da, batik bat, janzteko eran gehien eragiten duena. Moda, gaur egun ez da aukera, merkatuan dagoena janztera beharturik baikaude neurri handi batean. Badira salbuespenak, baina orokorrean hala da. Guretzat, beraz, moda jantziekin loturiko hitza litzateke eta horren parean, modaz pasatakoa eta klasikoa lirateke jantzi batez esango genukeena, baina badugu ere tradiziozkoa izendapena.
Aramaioko (Araba) sendia. 1865. urtea. |
Tradiziozko jantziei eta euren erabilerari bagagozkie, hemen eta orain, gure XX-XXI. mendeetako mendebaldeko gizakiontzat, gehien bat folklore eta festari loturiko jardueretara mugaturik daudela esan behar da. Izan ere, normalean janzten dugunaren desberdina da eta adierazgarria.
Zenbait kulturetan, ordea, modatik at dagoen janzkera mota honek, tradiziozkoa alegia, bizirik iraun du urteetan zehar aldaketa nabarmenik gabe (modak ez bezala). Batzuetan jantzi osoak dira erabiltzen direnak, bestetan janzkiak edota atontzeko era desberdinak. Toki hauetan, herri nortasuna jantzietan islaturik geratzen da eta ez soilik folklore mailako edo errepresentazio mailako jardunetan.
Europako alderdi honetan, ordea, jantzi tradizionalak erabiltzen badira, esan bezala, egoera berezietarako izaten da: festa, dantza, ospakizunetan janzteko, alegia; eta, orokorrean, folkloreari loturik daude. Hori da, beraz, guretzat tradiziozko jantzi bat: urteetan zehar mantendu dena eta bailara edo herri batean dantza edota ekintza berezi baterako janzten dena.
Zenbait tokitan, honelako jantzi asko gorde dira eta ikaragarrizko aberastasuna dago. Gure lurraldean, ordea, ez dugu honelako ondarerik jaso. Baditugu bai dantzarako eta festa berezietarako jantziak. Baina ez dira ez egunerokoak ezta bizitzaren egoera desberdinei egokitutakoak.
Pertsona batek zerbait berezia egiten duenean arropa berezia aukeratzen duen moduan, herri izaera adierazi nahi denetan ere honelako zerbaiten beharra sentitzen da eta horretarako erabiltzen den jantzi horrek espresio eta sinbolo balioa hartuko du.
Adierazten ari naizen hau, egoera anitzetan (eztei, inaugurazio, kirol ekitaldi…) gertatuko da, eta ez soilik festari loturikoetan. Agian hori da, neure ustez hausnartu beharrekoa. Edozein nazioarteko ekitalditan ikus daiteke hainbat lurraldetako ordezkariek, beren herriko jantzi bereziren bat daramatela euren herri nortasunaren seinale. Beste lurraldetako askok, ordea, ez dute horrelakorik edota daukatena festa edo dantzako janzkera denez ez da, agian, egokiena zeremonia batera eramateko. Eta hor dago, hain zuzen ere gakoa.
Hemen hutsune hau nabaria da, baina geure esku dago geratu zaizkigun jantzi eta atontzeko moduak berreskuratuz, ohiturak birsortzea.
Esate baterako, toki edo egoera batzuetan janzki bakar batekin adieraz daiteke herri nortasun hori. Gehienetan buruan eramaten dena izan ohi da elementu hori, tradiziozko janzkera gorde duten kulturetan. Asko eta asko dira beren herri izaeraren adierazle modura, buruan tradiziozko kapela, turbantea edo zapia daramatenak nahiz eta gorputza, Mendebaldeko janzkera globalizatuz jantzirik eraman. Azken finean, buruan, ideietan, dago geure nortasun eta izatea eta horregatik izan ohi da janzkera tradizionalean galtzen den azkena edota mantentzen den elementu bakarretarikoa. Gure herrian ere Txapela eta neurri txikiagoan buruko zapia izan dira garai bateko tradiziozko janzkera zenetik mantendu direnak.
Argazkia: Ikerfolk |
Euskaldunok jantzi aditza “buruz janzteko” ere erabiltzen dugu. Pertsona jantzia asko dakiena ere bada. Horregatik, zenbait egoeratan buruan duguna eta garena, burua jantzita dugun modua alegia, soinean daramagunarekin islatu behar dugu eta egoeraren araberako jantziak aukeratu beharrean izango gara. Esate baterako, pospolin jantzia edota gizonezkoek dantzarako ohikoa duten jantzi zuria dantza saio baterako egokiak izanik ere, ezkontzeko edo sari bat jasotzeko, esate baterako, ez dira egokienak izango. Tradiziozkoak dira, baina ez zeregin horietarako.
Beste hausnarketa bat ere egin behar da. Jantzia garrantzitsua bada, janztea, nola jantzi alegia, ere oso garrantzitsua da eta era berean arreta berezia behar dute jantzi hori egiteko erabiltzen diren gai eta teknikak.
Azkeneko bi ideia hauek oso oinarrizkoak dira ATONDUren funtsa ulertu ahal izateko. Zein jantziz ari gara hemen?
Baserritar jantziaren sorrera
Mendebaldeko kulturetan, muga handi bat dago XX. mendearen hasieran. Garai honetan modak indar berezia hartu zuen eta esan liteke gizaldi horretako berrikuntza izan zela kontzeptu moduan. Zehazki Euskal Herrian, modaren sarrerak eta hiriaren gailentzeak, Euskal Kulturaren berpizkundeari loturik ekarri zuten gaur egun Baserritar Jantzi izenez ezagutzen dugunaren sorrera, Herri oso baten izatea ordezkatzen duen jantzi izatera heldu denarena, alegia.
Izan ere XX. mende hasieran nekazari eta arrantzaleek mantentzen zuten, neurri handi batean, geure kulturaren alderdi garrantzitsua eta hauen tradiziozko janzkera (nahiz eta janzkera hau oso antzekoa izan beste zenbait tokitan hemendik kanpo) hartu zen herri izatearen sinbolotzat. Horregatik orduko Euskal Jai eta erromerietan baserritarren eran janzten hasi ziren herri baten identitate seinale moduan. Hasiera batean jantzi horiek baserrietatik jasotzen zituzten, baina ondoren, XX. gizaldian sarturik, modaren zurrunbiloak jantzi honetan ere eragina izan zuen eta aldaketa handiak jasan zituen. Hasiera batean gizatalde baten janzkera zena, esan bezala, tradiziozko jantzi bilakatu zen.
XIX. mende amaiera eta XX.aren hasierako baserritarren janzkerak modarekin batera biziraun zuen XX. mendearen ardi aldera galdu zen arte (gaur egun aztarnak baditugu ere). Baserritar jantziak, ordea bere bilakaera izan zuen mende osoan zehar.
Argazkia: Lamia |
Lehen adierazi dut, zenbait egoeratarako geure izatea ordezkatuko zuen jantzi baten beharra zegoela eta Baserritar jantziak bete zuela paper hau urte askotan. Baina bere bilakaeran, hasiera batean zeuzkan hainbat ezaugarri galdu eta kasu askotan (industrialki eginiko jantziak, atontzeko moduaren ezaguera eza, kolore iluna…) ez ziren egoki gertatzen. 90eko hamarkadan, nolabaiteko galera honi erantzun bat eman nahian, mende hasierako nekazarien janzkera hartzen hasi zen berriro eredu gisa jantziak egiteko, hainbat ospakizunetarako erabiliak izateko. Hau da, geratu zitzaigun tradiziozko azken janzkera zenez eta Baserritar jantziaren oinarri, berriro ere iturburura itzultzea izan zen joera. Honela sortu zen Atondu ekimena.
Hala ere, joera berehala zabaldu zen eta ereduak ia galduak zeudenez zuri-beltzezko argazkietan soilik oinarritu ziren asko eta asko eta kolorea edonola jarriz eta edozein motatako oihalak eta joskerak erabiliz eginiko jantziak egiten hasi ziren eta berriro ere industrialki ekoizten. Honela sortu zen gaur egun zabaldurik dagoen jantzi mota honen “moda”. Arriskua da, kasu askotan jantzi hau mozorro gisa hartzea. Izan ere, lehen esan dudan bezala gure izatearen isla izango bada, hain zuzen ere lehen begiradan ikusten dena. Hori asko zaindu behar dela uste dugu.
ATONDUREN proposamena
Aurrean esandakoa kontuan hartuz, gure kultur izatea islatuko duen jantzia, jantziak edota janzkiak zeintzuk izan daitezkeen proposatzean, alde batetik berriro ere iturrietara jotzea eta nekazal janzkera hori osatzen zuten janzkiak birsortuz (beti ere oinarrizko informazio baten jabe izanik) jantziak egitea izan da gure joeratako bat, hain zuzen ere galdutako ondarea berreskuratu eta erabilera emanez tradizioa mantentzen delakoan gaudelako.
Bestalde XX. mendean sortu eta galtzear dauden zenbait ohitura berreskuratu behar dira. Egia da, egoera sozial, politiko eta kulturala oso hurbil dugula eta hainbat jantzi, tradiziozkotzat hartu direnak, alegia, zentzu peioratiboa edo markatua ere izan dezaketela. Gure esku dago gaur, XXI. mendean, egoera desberdinetarako egokiera ematea eta berreskura daitekeena eta eskura daukagunaren erabilera zuhurra egitea.
ATONDU proiektuak horri erantzuna eman nahi dio. Horregatik, uste dugu kontua ez dela jantzi ikusgarriak eta ikaragarri originalak egitea, baizik egoerari loturiko jantziak, duintasunez eta behar bezala atontzea, janztea, barrua jantzirik dugun moduan.
Liburuan ikus daitekeen bezala, oinarri sendo bat edukiz hasi ginen XXI. menderako jantzi hauek diseinatzen; XIX. mendekoetan oinarriturikoak eta funtsean, dotore janzteko pentsatuak. Horregatik saiatzen gara gure ereduak ez errepikatzen eta kalitatezko oihalak eta joskerak erabiltzen.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |