Iparretarrak, erakunde baten historia (I/II)Escuchar artículo - Artikulua entzun

Eneko BIDEGAIN

Ikerlan honek 1973an sortu zen Iparretarrak (IK) erakunde armatuaren historia eta testuingura sakontzea du xede. “Iparretarrak, erakunde baten historia” lanak Ipar Euskal Herriko azken hogeita hamar urteetako egoera politikoan du oinarria. Mugimendu abertzalearen bilakaerak eta aldaketak ageri dira, IKren historiaren inguruan.

1973ko abenduan egin zuen Iparretarrak erakundeak bere lehen ekintza. Ekintza hura Bankan izan zen, La Rosée zentroan. Hango nagusia zanpatu zuten, eta administrazioko paperak ebatsi. Ordu hartan pil-pilean zegoen langile gatazka bati laguntza ekarri nahi izan zion IKk.

1972ko Aberri Egunean ditu erro ikusgarrienak, IK erakundeak. Aberri Eguna Maulen iragan zen, Enbatak antolaturik. Prefetak debekatu zuen. Goizeko ekitaldi bat baizik ez zuen baimendu. Gazteek, ordea, ez zuten debekua onartu eta plazan gelditu ziren. Kalapitak gertatu ziren poliziekin. Gazteen eta Enbatako belaunaldiaren arteko desadostasunak agertu ziren. Gazteek Enbatakoei “burgesak” izatea leporatzen zieten. 68ko maiatzeko haizeak ufatzen zuen oraino, eta giro hartan hazi zen militante belaunaldi berria.

IK osatu zuten kideen hastapeneko lana ETA laguntzea izan zen. ETAko kideei muga pasatzen laguntzea, ekintzen egiten laguntzea eta abar. Hori, ETA adar militarra eta politiko militarraren artean zatitu aitzinekoa zen. IKko kideek ETAren Iparraldeko mahaian parte hartzen zuten, eta elkarren arteko harremanak onak ziren. Iparraldean borroka armatua ez zen oraino hasia.

IKko militanteek ETAren azpiegitura anitz lagundu zuten, bai muga pasatzeko, bai ekintzak egiteko, etxeak aurkitzeko. Muga pasatzea zinezko lana zen.

Hein batetik goiti, Ipar Euskal Herrian ere borroka armatua beharrezkoa zela pentsatu zuten gazte horiek. Hastapenean ETArekin adosturik sortu zuten Iparretarrak. Ipar Euskal Herrian ere nazio askapen borroka eraman behar zela pentsatu zuten. Eta horri loturik, askapen sozialerako borroka.

IKren ekintza anitz ildo sozialean kokatzen ziren. IKren izaera, mezua bera, osoki politikoa zen. Kontzientzia nazionala bezain garrantzitsua zen ezkerreko izaera. Funtsean, Ildo agerkariaren lehen zenbakian ezkerreko gaiek gai abertzaleari gaina hartu ziotela erran daiteke.

Iparretarrak erakunde marxista-leninista gisa definitu zuten batzuek. IKko guztiek ez dute horrela ikusten. Marxista-leninista izan gabe ere IKko kide izan zitekeen. Herri Taldeetan ere ezkerreko kolorea ez zen gehiegi zehaztu, garai hartan ezkerreko taldeak puska anitzetan zatituak baitziren. Mugimendu abertzaleak hori ez zuen gehiegi barnatu, zatiketa bat ekiditeko xedez.

Iparretarrak-en ekintza armatuak lekuan lekuko eta sektoreetako borroken lagungarri gisa aurkezten zituzten. 1978ko udan dokumentu erreferente bat argitaratu zuen IKk. Ildo agerkariaren bigarren zenbakiak IKk Ipar Euskal Herriko egoera eta borroka nola ikusten zituen esplikatzen du. Borroka sektore geografikoetan antolatzea eta herrian inplikatzea funtsezkoa zela zioen IKk. Baina borroka horien ondoan, bortizkeria ere beharrezkoa zela uste zuen.

Denbora aitzina joan ahala eta ekintzak gogortu ahala, batzuek IKren borroka trabatzaile gisa ikusten zuten. Borrokatzeko bi filosofia bazirela agertu zen 1984eko urtarrilean. Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) IKren ekintzen inguruko gogoeta publiko egin zuen. ELBk “masa borrokaren” aldeko hautua egina zuen. IKk masa borroka eta borroka armatua bat bestearen osagarri zirela uste bazuen ere, ELB ez zen iritzi berekoa.

IKk langabezia egoera latza aipatu zuen, eta langile anitz beren lantegietan lana mantentzeko borrokan ari direla oroitarazi. Turismoa Frantziako gobernuaren hautu ekonomiko bat zen Ipar Euskal Herriarentzat, eta beraz abertzaleen borrokaren ardatz nagusia. MIACA mintzaldi guztietan, agiri guztietan aipu zen. Abertzaleen mamua bihurtua zen. Mission interministerielle de l’aménagement de la côte aquitaine (Akitania kostaldearen antolaketarako ministro arteko misioa) egituraren hautua Ipar Euskal Herria osoki turismorako dedikatzea izan zen. 70eko hamarkadako talde abertzaleek, Donibane Lohizuneko Jazar taldeak bereziki, turismoaren gai hori anitz barnatu zuten.

Abertzaleak hautu horren aurka zeuden, ohartu baitziren industria osoki baztertua zela. Mailegu guztiak turismo proiektuetara zuzenduak ziren, eta ez industriara. Lantegiak hesten ari ziren, ezker eskuin. Ez zen ofizialegintza, arrantza, laborantza eta beste sektoreen garatzeko xederik.

Turismoaren kontrako kanpaina bizia egin zuen Iparretarrak-ek. Erakunde armatuaren borroka ildo garrantzitsuenetarikoa izan zen.

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearentzat eta IKrentzat garrantzia handia ukan zuen Xan Marguirault Ziburuko gaztearen atxiloketak. 1977an atxilotu zuten. Hura zen IKko lehen presoa. Mobilizazio handiak izan ziren haren sostenguz. IKrentzat indar iturri izan ziren. Iparraldeko herri desberdinetan jadanik abiatuak ziren talde abertzale lokalek hedadura handiagoa hartu zuten, Xan Komiteen inguruan. Talde horien sorrera funtsezkoa izan zen Herri Taldeen sorreran. Herri Taldeak, ideologikoki, arras hurbil zen IKrengandik. Garai hartako belaunaldi gaztea dinamika horretan zegoen.

IK ez zen urte haietan zegoen talde armatu bakarra. Ekintza isolatuak egin zituzten beste zenbait talde ere izan ziren. Baina, bereziki, 70eko hamarkada bukaeran Euskal Zuzentasuna (EZ) eta Hordago taldeek ekintza franko egin zuten. Zenbait urtez hiru erakunde armatu ari ziren ekintzak egiten.

Euskal Zuzentasuna zenbait ekintza egin ondoan desagertu zen, deus jakinarazi gabe. Hordago ere deus jakinarazi gabe desagertu zen, baina 1981ean bost militanteren atxiloketak eta presondegiratzeak desagertze hori lagundu zuen. Nahiz eta militanteak bazituen, atxiloketen ondorioz, testuinguru politikoaren ondorioz eta giro nahasiaren ondorioz, haien dinamika armatuak ez zuen aitzina segitu.

Abertzaleen artean zatiketa giroa handitzen ari zen 80eko hamarkadan. IKren eta ETAren arteko harremanak arras txartuak ziren, ETAk ez baitzuen onartzen Ipar Euskal Herrian borroka armaturik egon zedin. ETAren estrategia lehenik Hego Euskal Herria askatzea eta ondotik Ipar Euskal Herriaz arduratzea zen. Bitarte hartan, Ipar Euskal Herriak ETAko kideen babesleku lasaia izan behar zuen.

IKk ez zuen postura hori onartzen. Haien ustez borroka armatua egin behar zen Ipar Euskal Herrian ere. “Horregatik, eta guretzat Ipar Euskadiri doakionez, nabarmenki ateratzen da Iparraldeko abertzale mugimenduak hemengo ingurugiro, problematika eta egoerari egokitutako borroka bide autonomo bat zutik ezarri eta eraman behar duela”, idatzi zuen IKk.

Bi erakundeen arteko giroa txarra zen, bien arteko lehia bat sortu zen, biek baitzuten azpiegituraren eta militanteen beharra. Giro txar hori erakunde klandestinoetatik kanpo ere bizi izan zen, modu latzean. Talde politikoen arteko harremana ez zen ona. Abertzaleen arteko giroa ere ez.

Iparretarrak, erakunde baten historia (II/II)

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/09/08-15