Arantxa UGARTETXEA ARRIETA
Argazkiak: Arantxa UGARTETXEA ARRIETA
Traducción al español
Oraingo honetan Txileko Santiagon egindako egonaldian, gauza bitxi eta paregabea gertatu zait. Herri honetan ibiltzen naizen bakoitzean, sentsibilitate zabal eta hein berean mugatuan ibiltzen naiz, baina ez-norabidean inoiz ez. Aspalditik ditut atxikimenduak eta ez nolanahikoak!
“Clarita de Larminat” La Granjako komunan nengoela, Euskadiko delegaziora joan behar nuela bururatu zitzaidan, nireak edo nire herrikoak direnak ezagutzera. Banuen zuzenbidea eta ordezkariaren izena ere. Telefonoz deitu nuen eta abegikortasunez nire bisita onartua izan zen, eguna eta ordua jarri genuen, eta harantz abiatu nintzen, nire inguruko irakasle lagun batekin. Delegazioa kokatuta dagoen Etorbideak Apoquindo du izena eta hantxe 3669. zenbakian aurkitzen da bulegoa (802). Jon Erdozia donostiarrak, ordezkariak hain zuzen, atsegin handiz hartu gintuen euskara ederrean, duen idazkaria Irantzu aurkeztuz, hau ere euskaldun peto petoa izanik. Horrela kontatzean gauza arrunta dirudi, baina sentitutako etxekotasuna, gure euskararen geografiak duen indarra eta samurtasuna, beste mapa geografiko baten barruan, nola esplikatu?
Ba... esplikatzea tokatu zitzaidan Txileko Unibertsitatean eta baita Unibertsitate Katolikoan ere. Kurtsoa hasita zegoen eta bisatua dela eta ez dela, aukeratutako irakaslea iritsi gabe zegoen eta niri tokatu zitzaidan hutsune hau betetzea, errespetu handiz eskatutako mesede hau, gogoz bete nuen. Irantzu eta ni elkartu ginen klasea antolatzeko eta ez zitzaigun batere zaila gertatu. Baina egiazko egoera zein zen, unibertsitatera heldu nintzenean konturatu nintzen, beti gertatzen den bezala!
Aurrean nuen ikasle taldearen (50 gutxi gorabehera) irakurketa azkarra egiten saiatu nintzen, nire une hartako euskararen geografiaren lurraren irakurketa intuitiboa, hain zuzen. Ez nituen ezagutzen, ez ziren euskaldun edo Euskal Herriko seme-alabak, ezta txiletarrak ere denak. Talde anitza, ederra, ikusmiratsua. Denak niri begira, gure hizkuntza eta kulturaren jakin minaz ukituak. Ikuskizun harrigarri baten aurrean nengoela sentitu nuen, eta abiapuntu bakarra, nik dudan euskarak zamatzen dituen istorio isilak agertzea, erabaki nuen. Nigan euskarak margotutako mapa geografikoaz aritu nintzen denbora guztian. Nire euskal geografíako pasaia, kultura ezberdinetako ikuspegiaz osatuta bai dago!
Euskara zergatik eta zertarako? Horrelakoetan, kanpotik ikusita bakarrik, ulertezina den egoeraren zergatia hobeto sumatzen da, gizakiok dugun ikusmira eta jakin minaren egarria agortezina direla eta gure eskuetan dagoela, dugun edertasuna era egokian aurkezteko ardura. Agintariek eta botereak erabakitzen duten bitartean zein den hizkuntza kulturala edo ez, zenbat iraungo duten hizkuntza hauek eta besteak..., gu bagabiltza munduan zehar, eta mundua-mundua denez, eta gu bezalakoaz osatutako mundua denez, ezin dio uko egin gordetzen duen altxor honi euskaldun errealak garen bitartean. Hau edonork ulertzen du. Ezagueraren ezinbesteko zati bat gara, eta hau jakinduriaz jantzitako emozioaz agertzea, pedagogiari dagokion lan delikatua da. Euskararen geografia, era edo itxura desberdinetako eskulturaz osatutako mapa koloretsua da.
Zer gertatu ote zen unibertsitateko gelan arratsalde hartan, ikasleek agertzen zuten jarrera eta begietan zegoen. Inguratu zitzaizkidan, eskertu zidaten... besarkatu ginen... eta... berriro ere gure euskararen zoramena sentitu nuen. Unibertsitate Katolikoan egoera gutxi gorabehera errepikatu zen, oraingo honetan 30 ikasle kopuruaren artean. Talde honetan agertzen ziren abizen euskaldun gehiago, baina ez zekiten nondik norako ibilbide euskaldunean kokatuta zeuden, baina han zeuden!
Pedagogiari lotuta berriz, eta Clarita zentroan nengoelarik, zentro berak Hezkuntza Ministerioarekin dituen harremanak direla medio, hitz egin zuen, helduen alfabetatze sailean, “Chile Califica” izena duen departamentuarekin hain zuzen, Paulo Freireri buruzko jardunaldi bat antolatzeko aukeraz, ministerio beraren eskaera zuzenari erantzun nahian. Eta hau ere gertatu zen. Badago jende bat ministerioan, hezkuntzari buruzko sentsibilitate soziala agertzen duena, eta hauekin batera, alfabetatze munduko irakasle eta ikasleekin, Freireren pedagogia inguruan, jardunaldi oso aberatsa lortu genuen. Baina hau ez zen izan bitxiena, naiz eta oso garrantzizkoa izan, nola ez!
Hezkuntza saila honetako agintariek (zortzi bat izango ziren), afari bat antolatuta zeukaten, gurekin (beste zortzi) gertatutakoa ospatzeko. Eta mahai inguruan sortutako elkarrizketa samurra eta gizakoia, ahantzi ezina izan zen. Bi taldeen arteko hurbilpenaren une berezia eta baikorrak beste ondorioak ere ekarriko dituela iruditzen zait... Burokrazia egin beharretik aparte, ministerioko pertsona hauek, benetan hunkigarriak eta jakindurian giza zentzuaz jantzirik daude. Gu, berriz, bizi garen “komunan” gizakoiak izatera behartuta gaude, eremu horretako partaide jatorrak izan nahi badugu hezkuntzaren ildoan.
Badira pedagogiari lotutako zenbait pertsonai Ego Ameriketan, egun, izen gutxi dutenak edo gutxi aipatzen direnak gure hezkuntza munduan: José Martí, Simón Rodriguez (Simon Bolibarren maisua), Gabriela Mistral, Humberto Maturana, Jodorowsky, Paulo Freire... Lur haietako seme-alabak dira. Dagozkien lurretako irakurketa argia egiten jakin dutenak. Mugaz kanpo errekonozituak duintasun handiz, naiz eta ez zuzenki pedagogoak izan. Eta nik, mahai inguruko elkarrizketa hartan, hauek denak berpizteko benetako gogoa sumatu nuen. Zergatik ez lurralde horietako sentsibilitate pedagogikoaz, gehiago ez hitz egin, eta gehiago beraien joera eta intelektualak izateko eran murgildu? Hau gutxi edo ezer gutxi egiten dugun bitartean, lur honetako jakinduriaren murrizpen lanetan gabiltza, globalizazioaz hitz egiten dugun bitartean.
Gure euskara eta gurekin zamatzen ditugun ikuspegi eta izateko erak, haragitu beharrean gaude lur abegikor eta emankor haietan, beraien ikuspegietatik noski!
(...) Ez dago herririk ezagueraren pasiotik kanpo baieztatuko denik, benturarik gabe, emozioz beterik dagokion ber asmakuntza aldarrikapenean etengabe ibiliz, eta era sortzailean arriskatu gabe.
Ez dago herririk, bere kultura lehenetsi gabe baieztapena lortuko duenik, bere teknologia eta bere irakaskuntza. (...)(FREIRE, Paulo, Profesora Sim Tía Não cartas a quien ousa ensinar. São Paulo. Editora Olho d’Água, 1997. p. 53.)
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |