Umorea Gerra aurreko euskal kazetaritzanEscuchar artículo - Artikulua entzun

Javier DÍAZ NOCI
Traducción al español

Euskal kazetaritza XIX. mendean hasi zen; lehenengo aldizkariekin batera, umorea ere prentsan ageri zen. Hala eta guztiz ere, esan daiteke XX. mendeko euskal prentsan ondu zirela umore idatzi eta marraztu, prentsaren eskutik ageri zirela Euskal Herriko lehen komikiak, euskaraz.
Aurreko mendean ere, halaber, badago lehen euskal aldizkarietan, iruzkin politiko eta albisteekin batera, zenbait umore-zertzeladak. Hona hemen bat, beti ere puntuka:

Arantzazu aldetic Arabara etziran len pasatzen basaurdiac baicic, eta bide oni ezkerrac alde onetatic ere Arabac eta Guipuzcoac, bi probintzia oyec, escu alcar ematendute.

Barrundia eta Asparrenaco erri chiki ascotaco jendea bicida tratuan bide oni ezkerrac. Begira oyen tratua: Biyor edo aste bat artu, bi otzara jarrioni alde banatatic, bete ogis eta dijuas Oñatira; saldu ogiyac, erosi arrautzac edo egastiyac eta Bitoriyara. Tratu onekiñ bicida gende asco.

Tratulari oyetaco nescacho gastebat cijuan lengo batian Bitoriyara, bere echeco astoa lagun artuta eta otzarac arrautzas ondo ondo beteta. “Cer daraman otzara oyean?” galdetzendiyo batec.- “Astoa erortzenbada ecer ere ez” erantzutendu, eta badijua aurrera lau edo bost duro irabasteco asmo osoarekiñ.

Eta astoa ipursaltoca
Asitzenda eta makilla
Bere jabeac artzendu, baño
Arrautzac dira tortilla.
Geyago arrantza billa
Ez du jun nai nescatillac.
Aspertudala diyo aitari
Eta bere jundedilla.

(Gure Izarra, Paris, 1888ko urriak 30, 1. eta 2. orrialdeak)

Donostiar batzuk aipatu behar dira bestalde, hala nola Marcelino Soroa, garai hartako aldizkarietan bere luma trebatu zuena, baina batez ere Serafin Baroja, Pio Barojaren aita eta Baroja inprimatzaileen familiakoa. Euskarazko opera batzuen egilea, prentsan ere aritu zen; Bai, Jauna, bai izeneko bi aldizkari satiriko argitara eman zuen, eta bi egutegi: Santo Tomasco Feriya eta Almanaque bilingüe (erderaz eta eusqueraz) para el año de 1879. Azken honetatik hartu dugu honako poesiatxo hau:

MERCURIO

Cillar bicia eusqueraz,
azogue en buen castellano,
da metal bat, denetan,
el más importante y raro.
Ura becela izanic,
sin embargo es más pesado
beruna ta zinc baño
y que el hierro y el estaño.
Au da Mercurio bada,
un dios en tiempos pasados,
gaur metal esan dana,
que se saca del cinabrio,
ta eguzquiaren giran
el planeta más cercano...
Batzuec an ta gu emen
el Romance se ha acabado.

Badirudi nolabait garai hartako bertsolarientzako ironia bat zela: esaten denez, euskaraz baino ez zekiten bertsolarigehienek, baina, erdara izanik “kultur” hizkera, han hemenka gaztelaniazko hitzak sartzen zituzten. Baroja, hiritarra eta liberala, halako elebitasunaz hartaz burlatzen zen.

Beharbada, horixe da euskaraz egindako umorea -eta beste manifestazio batzuk- ulertzeko giltzarria: herria eta hiriaren arteko lehia. Edo, hobeto esanda, zer nolako kultura aurkezten zen euskararekin lotua: nekazari-gizarteari garrantzia ematen ziona (euskaldun-fededun binomioa), Peru Abarkatik zetorrena; eta hiritik eta hirirako garatzen ari zena. Gizarte moderno hartan garatu ziren bai kazetaritza, bai prentsan agertu ziren komikiak.

John de Zabaloren karikatura bat
Argia irakurtzen
Umorea, nekazarientzako genero bat edo hiriko burgesiarena? Lehen irudian (John de Zabaloren karikatura bat) donostiar bikote batek Argia irakurtzen du; bigarrenean, ume bat astekari bera irakurtzen dio baserrian bere senide guztiei.

Eranskinean argitaratzen ditugun adibideetan, azter daiteke kontraesan aparente horiek, eta nolako umorea nagusi zen garai hartan. Guztiak Argia aldizkaritik hartuak dira. Elizaren itzala ageri da; baina, aldi berean, umore laikoaren presentzia ere ikusten hasi zen, batez ere errekuperatzear dagoen kazetari erdi ahaztu baten eskutik: Gregorio Mujika.

Masa-gizarte hartan ere mugimendu politikoak sortu ziren. Horietako bat nazionalismoa. Sabino Aranak ere -ez Sabinok berak, baizik eta Arana hil eta gerokoa izango zen umorearen erabilera aldizkari jeltzaleetan- sortutako alderdiak ere nola edo hala erabili zuen umorea, eta komikiak. Bi bide jorratu ziren: alde batetik, beste hizkuntza eta beste kultura batzuetatik hartutako komikiak itzultzea, eta bestetik komiki original sortzea. Ikus ditzagun adibide batzuk. Lehenengoa Bilboko Euzko Deyatik hartua da, 1916koa. Aldizkari hori Euzko Gaztediaren inguruan argitaratu zen, euskaraz. Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako euskal katedran ikasitako batzuek idazten zuten.

Euzko Deya, 1916
Euzko Deya, 1916.

Ikus daitekeenez eredua ipui ilustratua zen, batik bat. Garai hartan komiki askotako pertsonaiek “globo”en bitartez hitz egiten zuten. Bazegoen beste eredu bat, kontserbadoreagoa: aleluya delakoena. Alegia, marrazi batzuk, neurri berdineko koadroen barruan, eta haien azpian testu laburtxo bat, ikusten dena azalduz. Normalean, eredu hau moralista samarra da.

Eredu berdina jarraitu zen Euskal Herriko lehen komiki-aldizkarian. Merezi du, laburki bada ere, bere historioa kontatzea. 1921ean Donostian Argia astekaria sortu zen. Egunkari-itxura zeukan, eta egunkari bihurtu nahi zuen. Arrakastatsua zen, ziur aski garai hartako euskal aldizkaririk hobea. Haren eskutik, 1927-1928. urteetan euskara hutsezko komiki baterako bidea jorratu zen. Ideia Madrilen arkitektura ikasten ari ziren ikasle euskaldun batzuena izan zen eta Abdon Alaiza euskaltzale arabarraren eskutik ondu zen ideia hura. Lortu zuten Txistu izeneko aldizkari baten ale batzuk argitaratzea. Dakigunez, ez da batere gorde. Hala ere, Argian bertan argitaratutako adibide bat ezagutzen dugu. Hona hemen:

Txistu, 1927.
Txistu, 1927.

Berriz ere, baliabide berdina erabiltzen zuten: didaskaliena, ipuin moralista bat erakusteko. Garai hartan komikiak umeentzako ziren, eta, batez ere, haurrak hezitzeko baliabide on bat. Berdin gertatu zen elizgizonen argitaratutako aldizkarietan argitaratutako komikietan. Azpimarragarrienak, Iruñeako Zeruko Argia aldizkariaren zenbaki gehienetan agertzen ziren umeentzako atalak (umeentzako aldizkari bat ateratzea ere proposatu zioten Nafarroako kaputxinoek Euskaltzaindia sortu berriari). Hona hemen adibide bat, “Martin Potzolo” izeneko pertsonaia protagonista duena.

“Martin Potzolo”. Zeruko Argia, 1919-1936
“Martin Potzolo”. Zeruko Argia, 1919-1936.

Antzeko baliabideak erabili ziren jeltzaleen aldizkarietan argitaratutako komikietan. Umeei zuzenduak, didaskaliak erabili ziren orduan ere (1930. urteetako hamarkadan), eta asmoa politikoa zen. Behintzat, bizitza modernoaren hainbat ezaugarri agertzen ziren, hala nola kirolak, kasu honetan, boxeoa eta futbola, edo abioiak, hurrengo adibidean ikus daitekeenez. 1930.eko hamarkadan Bizkaian Euzko [sic] Alderdi Jeltzaleak euskaraz argitaratutako astekarian, Euzkon, agertzen zen komiki ataletik hartua da. Ikur politikoak ere agertzen ziren, abioan, adibidez, lauburua.

“Gastetxu”, Euzko aldizkarian argitaratutako komikia.
“Gastetxu”, Euzko aldizkarian argitaratutako komikia.

Gauzak poliki-poliki aldatzen hasi ziren 1930.eko hamarkadan. Nazionalistek beste aldizkari batzuk argitaratu zituzten, gehienak elebidunak; alegia, erdara nagusi eta euskaraz orrialderen bat. Ez zen arraroa euskal atal horietakoren bat komiki bat izatea. Propagandista izan arren, behintzat “globoak” erabiltzen hasi ziren. Aldizkari berean argitaratutako komiki bat “Peru Malluki” da. Helduentzako komiki bat dugu. Arlote bat, euskaldun nekazaria, sinple eta jatorra. Estereotipo bat, alegia:

Euzko

Komikien baliabide modernoak hamarkada hartako euskarazko komiki-aldizkari batean erabiltzen ziren: Tolosako Poxpolin. EAJ-PNVk lagundutakoa, eredua Espainiako TBOrena zen:

Poxpolin Poxpolin Poxpolin
Poxpolin, Isaac López Mendizabalen komikia.

Azkenik, Gerra aurreko euskal komunikabideetako umorean zeharkako ibilbide honetan, irratian garatu zenaz hitz egingo dugu. Ezagutzeko zailena, zer esanik ez: ez da garai hartako grabazio edo gidoirik ezagutzen. Hala ere, jakin badakigu 1925ean sorturiko Donostia Irratian euskarak bazuela bere lekutxoa, eta euskal umorea ere bai. Euskarazko irratsaio gehienak Joseba Zubimendi eta Ander Artzeluzek egiten zituzten. Biak, Argia aldizkariari oso lotuak. Eta jakin badakigu noizean behin umorea aireratzen zuela beste izen ezagun batek: Pepe Artolak.

Badago, beraz, nondik hasi gai hau. Gure asmoa ez da besterik izan: arrasto batzuk aurkeztea eta gai batzuk insinuatzea.

Eranskinak:

Bi buruko gizonak

Aste ontan izan dira berriketa geienetarako izbidea, Tolosa’n gertatu dan gauza arigarriak eman du. Entzungo zenuten noski. Ementxe ipintzea on izango da, ordea, geroko ta gerogoko gizadiak ere gertakizun onen berri izan dezaten.

Tolosa’ko Elosegi’tarren txapel-olan, ARGIA gogoz irakurtzen dute. Bertako nagusiak ari ziren ba azkeneko zenbakiari begira, ta batek ala dio:

-Kontxo! Bi buru dauzkan txal bat jaio omen dek Donosti’an...Ara emen bi buruak... [Aurreko alean, otsaialren 1ekoan hain zuzen ere, bigarren orrialdean bi buruko txal baten argazkia agertzen zen, testu honekin : “Aurreko igandean Donosti’ko ‘Marikotxetegi’ baserrian jayo zala esan genuen txekorraren buru bikoitza”].

-Ia, ia... -esanaz, guziak batu ziran. Begira begira zeuden, eta alako batean...

-A, Barrabas'en bizarrak! Bi burudun txalak jaio bearrian, bi burudun gizonak jaioko balira - a zer mauka guretzat!...

-¿Zergatik bada?

-Bakoitzak bi txapel bearko lituzkealako.

-Ta alaxe dek.

Itzegiñaz itzegiñaz, mirari ori zerbait irixteko zerbait egitea erabaki zuten. Zer egingo ta zer egingo, joan ziren San Blas’en ermitara, ta belauniko jarririk, burua makurtuta, San Blas onari eskatu zioten nai zutena:

-Emendik aurrera, San Blas ona, gizon bakoitzari bi buru eman zaiozkatzu...

-Arrigarrietan arrigarriena!... San Blas’ek burua altxa zuan aurrenengo begiak mogitu zituan gero ta itzegiten asi zan urrena...

-¿Bi buru? ¿Zertarako? -esan zuan goxo-goxo San Blas’ek.

Santua itzegiten ikusteak eman zieten zotiña joan zitzaietenean, esan zioten Elosegitarrak:

-Ala bakoitzak bi txapel bearko ditu eta...

-Ta zuek txapel geigo saltzeagatik, bi buru izatetik etorriko litzaizkioken kalte izugarriak gizonaren lepora ekartzea ¿ondo al derizkiotzute?

-¿Zer kalte gero?

-¿Zer kalte? Bakoitzak bi txapel erosi bearko lituzke.

-Obe.

-Zuentzat bai; beretzat ez ordea. Gañera illero bi buruko illea moztu bearko luke, ta ille-mozketa geroz ta garestigo dago. Ta ¿bizarra kentzea? Arpegi batekoa kentzeko or aritzen gaituk amorratzen, ¿eta bikoa kentzeko lana eman nai diguzute? ¿Ta lau begi zertarako gero? ¿Birekin gero makiñabat txerrikeri ikusten dizkiagu. Ta lau belarri... Ta bi au... batean bi xigarro-punta erretzeko... Ez, ez... buru bat bakarrik ere naikoa diagu...

-Alde onak ere baditu ordea. Bi bururekin lan geigo egingo luke gizonak...

-¿Geigo? Batekin egin litekena egingo balu, obe luke... Batekin egin liteken lana egiten ez dutenak, ez dute beste bururik bear; batekin egin liteken guzia egiten dutenak, berriz, beste bat balukete lertuko lirake lanean... - Ia “Jeme” gizarajoak bi buru baleuzka!... [Jeme Gregorio Mujikak Argian erabiltzen zuen ezizena zen].

-Kontuak aterako lituzke berak...

-Bere ordez nik ditut bada, ta alperrik zabiltzate; bi buruko gizonik ez da jaioko.

-Gure biotzeko San Blas!...eskerrik asko buru-lanetik bizi geran guzion izenean.

Bi buru eman zaizkatzu txalari nai badezu. Gizonari... - ez eta ez!

(Argia, 1925ko otsailaren 8an)

Bi artikulu hauetan ikusten da Bittor Garitaonandia Garbik eta Argian idazten zutenek erabilitako metodoa: aurrena, adibide, ipui edo istorio baten bidez, erakusten zen arazoa, gero arazoaren muina argitzeko; azkenik, aipatu adibidean bezala, eskaera bat egiten zuten, edo bere ustetan irtenbiderik onena. Azken batean, Testamentu Berrian, eta sermoietan ere sarritan erabilitako sistema da. Tradizioa aspaldikoa da: Axularrek berak hala planteatzen zituen bere Geroren kapitulu asko -beste autore erdaldun askok, batez ere elizgizonek edo Elizaren Unibertsitateetan hezitakoek, bezalaxe-, lehendabiziz han hemendik jasotako adibideak eta gero mezua. Beste aldetik, susmatzen dugu Iztuetaz gain, Juan Bautista Agirreren Erakusaldiak ere ereduak ziren gipuzkeraz idazten zutenentzat.

Euskaldunak alde guzietan arkitzen dirala esan genezake. Zuen ateraldietan, ludiko edozein bazterretan zabiltzatenean, euskeraz ez dakizutela ulertuko- ta ixilpekorik ez esan, badaezpada. Gipuzkoar bateri Ingalaterran zer gertatu zitzaion ¿bai al dakizute? Ona emen. Azkeneko gudaldi edo gerratean gertatua da. Londres'en arkitzen zan gipuzkoar ori: igarobidea (pasaportea) bear zuen eta joan zan konsul-etxera beste lagun batekin (euskalduna ura ere). Konsul-etxea jendez betea zegon: lanean asko ari ziran, bañan guzien eginkizunak betetzeko, orduak bear. Gure gipuzkoarra, ingelez ere ondo jakin ez ta, atze-xamarrian uzten zuten besteak, eta egon da egon, azperturik mar-mar ingelesen kontra euskeraz itz-egiten ari zan. Gizon eder patilla aundidun bat an zebilen batetik bestera; itxuraz askotxo agintzen zuena: eta beren aurretik igaro zan batean, gipuzkoarrak esan zion bere lagunari, euskeraz:

-Tolosa aldian balitza, ingeles kankalu orren patilla luze ta...

-Gipuzkoarrak bere itza bukatu baño len, patilladun gizonak bat-batean buelta ematen du, ta berakana urreraturik, esaten die euskera garbiz:

-¿Zer?...

Bi euskaldunak estu ta larri, arpegiak elurra bezin zuriturik, zer erantzun etzekiten. Patilladunak, irri-parrez, esan zien:

-¿Euskaldunak zerate?

-Bai jauna.

-¿Nuntarrak?

-Tolosarrak.

-Ni errezildarra.

Ene! Barkatu jauna.

-¿Zergatik ez dezute lenengotik euskeraz egin?

-Euskaldunik emen egongo zenik ez genekien ta.

-Ez da ludian (munduan) bazterrik, euskalduna eldu ez danik.

Barkatu zien, pozik, baita nai zuten guzia beriala egin ere.

Beste orrenbeste toki askotan gertatu liteke, ta Londres’ko errezildar patilladunak gipuzkoar oyei esan ziena egin zazute beti: lenbizi euskeraz itz egin, aurrean daukazutena aprikatarra bada ere.

Euskaldunak bazter guztietan arkitzen dirala esan genuen aurreko astean, ta ala da. Ludiaren lan aizietatik noiznai datorzkigu ARGIA poz-pozik irakurtzen duten euskaldunen idaztiak. Lengo egun batean eldu zitzaigun Ameriketa’ko Venezuelas’tik zetorren idazti bat. Caracas’ko ikastetxe aundi baten. Iragarkuna zan.

-¿Emen ere bai al ditugu adizkideak?

-Baita ez gutxi. Idiki degu ta lenengo agertzen zaizkigu Ikastetxeko irakaslarien antzezkiak (irudiak). Beren arpegiak diotenez, euskaldun jatorrak.

-Nortzuk ote dira?.

-Antzezkien azpiko izenak irakurtzen besterik ez degu: Zumalabe, Ipiñazar, Errasti, Remondegi, Aristu, Hita (napar euskalduna), Puig (euskalduna au ere, ernaniarra), Gastaminza, Agirre, Markiaga, Oñaederra, Otaño.

-Oyetakoen bat ARGIA’n bein baño geyagotan idatzia da, ta bera arkitzen dan tokian gure euskera maitea ez da baztertua izango.

¿Zenbat euskaldun ote dira, beren erritik kanpora bizi diranak? Egoki litzake, ba, auxe jakitea. Arjentina’n, Uruguay’n, Mexiko’n, Cuba’n, California’n, Pilipineta’n eta abar, milaka dira: bañan, guztiz, euskalerritik kanpora zenbat diran ez dakigu. Ezin-jakiña ez da ba izango; ez noski. Eginkizun ori Eusko-Ikaskuntzak bere ardurapean artu bear luke. Gaur egunean, euskaldunen artean langille gogatsu ta pizkorrak ugari ditugu, eta saritxo bat eskeiniaz, beriala azterketan asiko lirake, ta bi urte baño len, ludi guzian zenbat euskaldun geran jakin ere bai. Eusko Ikaskuntzak asmo au ontzat arturik erantzungo ote digu? Pozkarri izango litzaiguke.

(Bittor Garitaonandia, Argia, 1923ko otsailak 25 eta martxoak 4)

 

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 06 / 15-22