MUSEO DE ARMERÍA
Traducción al español
Gordetzen dituen funtsak
Arma Museoa museo monografikoa da, hau da, Europa, Asia eta Afrikako garai guztietako armak eta horiekin lotutako osagaiak bakarrik zaintzen, balioesten, aztertzen eta erakusgai jartzen ditu. Museoaren xedea herritar guztien interesari eta, bereziki, ikerlari, aditu zein bildumagileen interesari erantzutea da.
Historia:
Arabako Arte Ederren Museoa Augusti Jauregian jarri zenean, arma erakusketa txiki bat egin zen bertan; katalogoak dioenez “girotzeko egina, museo irizpideekin baino gehiago”.
Gerora, 1963ko ekainaren 21ean Gasteizko Guduaren 150. urteurrena ospatu zenean, “Portaloia” izenez ezagutzen den eraikinean erakusketa garrantzitsu bat jarri zen: arma bildumak eta dokumentuak, nola gudu harekin zerikusia zutenak, hala Independentzia Gerrarekin lotutakoak.
Data horren aurreko urteetan zehar, mezenas izan zen Felix Alfaro Fournier jaunak borroka eta defentsarako gauza desberdin ugari erosi zituen, hainbat herrialde eta garaitakoak. Horiek dira gaur egun Arabako Arma Museoa osatzen duten funts nagusiak.
Leku batean baino gehiagoan egon ondoren, gaur egun Ajurianeko Jauregiaren alboko eraikin batean dago.
Erakusketa osatzen duten gauza gehienak beti daude erakusgai, kronologiaren arabera antolatuta. Prehistoriako arma eta tresnekin hasten da eta gure garaiko uniforme eta apaindurekin amaitzen. Tartean da ekialdeko, mundu arabiarreko eta Afrika erdialdeko armei eskainitako lekua.
Arma prehistorikoen atalean Espainia, Amerika eta Afrikako aho bikoak eta gezi puntak daude. Horiekin batera daude “Metal Aroan” egindako armak.
Jatorria Arabako Lurralde Historikoan dutenez gain, Grezia eta Italiatik ekarritako gauzak ere badaude. Londreseko enkanteetan ere erosi ziren pieza batzuk. Beste funts batzuk Arabako Arkeologia Museotik ekarritakoak dira. 1963an, gainera, Tarragonan erositako beste batzuk erantsi zitzaizkien.
Beste atal batean Erdi Aroko armak eta defentsarako tresnak daude, Gasteizko “Landatxon” egindako indusketetan eskuratuak.
XV. mendera etorrita, armadura osoak (Espainia, Alemania eta Italiakoak) eta beste batzuen zati solteak ditugu, ezpatekin eta bestelako arma zuriekin batera. Armadura horiek guztiak balio handikoak dira bai esanahi historikoagatik (jatorria kontuan hartzen badugu) bai arte garrantziagatik, armagile ezagunen lanak baitira: POMPEO DELLA CHIESA, esaterako, italiarra, artista errenazentista eta historiako armadura egile onenetarikoa.
Antigoaleko
gauzen saltokietan era guztietako armadura eta armak erosten dira, batez ere
arma zuriak; horrela eskuratuak dira hurrengo mendeetako gerrarako gauzak,
dohaintza jakinen bidez lortu direnak alde batera utzita.
Goian aipatu da atal garrantzitsua dela Independentziako Gerran, eta zehazki Gasteizko Guduan, erabili ziren armen saila. Horien artean balio handiko piezak daude, batzuk Gasteizko Udal Agiritegitik ekarriak eta besteak, batez ere, Frantzian erosiak: Donibane Lohitzunen (1960), Poitiersen (1962), Parisen (1963) eta Baionan (1963).
Atal horrek ikerlariengan sortzen du interesa eta horietako batzuk espainiarrak badira ere, gehien-gehienak frantsesak eta ingelesak dira. Ez da harritzekoa: Arabako Arma Museoan armada inperialak Napoleonen Gudetan erabilitako “Saint Etienne”, “Tulle”, “Charleville” eta “Mauburg” fusilen bilduma txikia bezain interesgarria gordetzen da. Fusilak osorik dauzkan munduko bilduma bakarra da, uhal eta guzti; izan ere, uhalak ez dira osagai garrantzitsutzat jo, eta fusilak dituzten beste museoen funtsetan ez dira gorde.
Napoleon Bonaparte beraren zerbitzura zeuden guardiaren arauzko sableekin ere berdina gertatu da.
Ezin barkatuzkoa litzateke historiaren eta artearen ikuspuntutik garrantzi handiko osagaiak kontuan ez izatea, esaterako: Jose Bonaparte erregearen eta Jourdan bere landa mariskalaren zaldien oihalak eta pistola-zorroak; Aliatuen komandante buru zen Wellington Jeneralak XVIII. eta XIX. mendeetan Gasteizko, Arabako, Espainiako eta Ingalaterrako pertsonaia ospetsua izan zen Ricardo de Alavari oparitutako pistola eta te zerbitzua; Alava Jeneralak kanpainan erabilitako sablea eta gerrikoa; Sebastián Fernández de Leceta, “Dos Pelos” ezizenez, ezagunaren agindupean zegoen lehen arabar batailoiaren bandera; eta abar.
Angiolillo italiarrak Antonio Cánovas del Castillo jauna 1897ko abuztuaren 8an Santa Agedako bainuetxean (Gipuzkoa) erailtzeko erabili zuen errebolberra.
Ekialdeko,
mundu arabiarreko eta Afrika erdialdeko armarik gehienak 1963an Ingalaterran
erosiak dira, “Moore” bilduma ospetsuko osagai izanak. 1963 eta
1965ean erosi ziren, halaber, bi samurai-armadura oso. Espainiar Estatuan
osorik gordetzen diren armadura bakarrak dira.
Mundu mailan garrantzia handikoak dira Lauristango siamdar ezpata luzeak, japoniar moskete eta sableak, txinatar sableak, ekialdeko krisak... Bi hitzetan: Moore bilduma osoa da garrantzitsua.
Aro Garaikideko uniforme militar gehienak senitartekoek dohaintzan emanak dira.
Erakusketa iraunkorrak
Erakusketa: “Napoleon Gasteizen. Batailak eta soldaduak Independentziako Gerran” Napoleonen etxearen maketa, gerra horren inguruko grabatuak eta batailetan parte hartu zuten soldaduen irudiak.
Erakusketa: “Gerrak europar kartetan” XIX. eta XX. mendeetako gerren eta pertsonaien inguruko kartak.
Bisita gidatuak. Informazio praktikoa
Hezkuntza eta zabalkundea
Bisita gidatuak
Telefonoa: 945181918
E-posta: serviciomuseos@alava.net
Arma Museoa
Frai Francisco ibilbidea, 3
01007 Vitoria-Gasteiz
Ordutegia:
Asteartetik ostiralera: 10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:30
Larunbatetan: 10:00 - 14:00
Igande eta jaiegunetan: 11:00 - 14:00
Astelehenetan, jaiegunetan izan ezik: itxita.
Sarrera dohainik
Harremanetarako telefonoa: 945181925
Helbide elektronikoa: museoarmeria@alava.net
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |