Tontxu CAMPOS, Hezkuntza, Unibertsitate eta ikerketa saileko Sailburua
Traducción al español
Duela hogeita bost urte, Euskadik autogobernua berreskuratu zuenean, politika egitearen eta herria eraikitzearen alde egin zuen apustu. Eta ikerkuntza eta garapen alorrean ere bai, erabat sinetsita baitzegoen merezi zuela asmo handiko I+G politika egitea, nahiz eta Espainiako Gobernuak eman ez (oraindik ez dizkio eman) eskumenak.
Enpresa ikuspuntutik, enpresa-birmoldaketak eta lehiakortasun handiagoa lortu izanak nahitaez eskatzen zuten euskal enpresen maila teknologikoa epe laburrean areagotzea. Eusko Jaurlaritzaren I+G lehen politiketan erabaki zen Alemaniako Fraunhofer Institutuen ildoari eustea, eta era horretako teknologia-egiturak eratzea. Hala bada, badira hogeita bost urte Pedro Miguel Etxenike Hezkuntza sailburuak eta Javier Garcia-Egocheaga Industria eta Energia sailburuak argitaratu zutela Teknologia Zentroak Babesteko Dekretua; garai hartan buru zuten Garaikoetxea lehendakariarekin batera, dekretua eman zuten 80ko hamarkada hasierako industria-krisiari aurre egiteko.
Zientziaren ikuspegitik, epe ertain-luze baten alde egitea erabaki zen, oinarrizko ikerkuntzarako egitura bat, giza baliabidez eta baliabide materialez osatutakoa, eratzeari bideratuta, batez ere unibertsitateari begira. Bi hamarkada izan ziren ikertzaileak prestatzeko programak egiten, ikerketa-proiektuak sustatzen eta azpiegiturak finantzatzen; horrek ahalbidetu zuen nazioartean lehiatzeko nahikoa masa kritikoa zuten bikaintasun-taldeak eratzea.
Orain prest gaude gure ekonomia eta gizarte sistemaren bigarren eraldaketa handirako. Euskadiren eraldaketa, Ezagutzan oinarritua; eta lehendabiziko lana da Zientziaren sistema proiektatzea, ardatz nagusia baita herrialdearen garapenerako.
Eusko Jaurlaritzaren Ikerketa eta Unibertsitate Sailaren zientzia-politikak, 2010 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan dagoenak, honako hiru helburu nagusi ditu:
1) Pertsonei laguntzea, ikertzaileak prestatuz, ekarriz eta bertara atxikiz;
2) ikerketarako azpiegiturak sortzea, ikerketarako zerbitzuak, zientzia ekipamendua eta Bikaintasuneko Oinarrizko Ikerketako Zentroak sortuz; eta
3) zientzia produkzioa suspertzea, ikerketa-taldeei laguntzeko deialdiak eginez, ikerketa-proiektuak finantzatuz, Unibertsitate-Enpresa ekintzak bultzatuz eta patenteak egiteko eskaerei lagunduz.
Ikerbasque sortu zen hiru helburu handi horietako lehenengoari erantzuteko, ikertzaileei laguntzeko, alegia. Ikerbasqueren zeregina da EAEn ikerkuntza indartzea, gaur egun Euskaditik kanpo diharduten ikertzaile bikainak ekarriz, beren jatorria edozein dela ere. Baina egiteko garrantzitsua izango du oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketarako zentro berrien (BERC) sorreran; oinarrizko ikerketako egitura horiek euskal unibertsitate sistemaren ikerketa taldeen ikerkuntza gaitasuna indartuko dute, eta Eusko Jaurlaritzarentzat estrategikoak diren ikerketetarako ikertzaileak ekartzeko plataforma gisa jokatuko dute. Zehaztearren, aurten bertan jarriko dira oinarriak teknika neutronikoetarako BERC bat eratzeko, eta beste bat klima aldaketaren inguruan ikertzeko.
Horrenbestez, Ikerbasque fundazioa sortu da oinarrizko ikerkuntzari behin betiko bultzada emateko eta Euskadi bihurtzeko erreferentzia, Europan, zientzia, teknika eta humanismoaren ezagutzaren garapenean.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |