Juan Miguel GUTIÉRREZ
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
Itzali dira aurtengo zinemaldiko argiak. Zinemazale batek baino gehiagok urte osorako nahi luke bederatzi egun hauetako atsegina. Zorioneko Zinemaldi-zaleak! Gainezka jartzen dituzte aretoak egun hauetan, eta hutsik uzten, urte osoan. Sari ofizialetatik harago —zergatik mugatu behar dute horiek film baten kalitatea, sariak nagusiki subjektiboak eta askotan talde-dinamika ezin kontrolatuek baldintzatuak badira?— bakoitzak bere epaia ematen du, filma bihotzera edo gogora, edo bietara, nola heldu zaion ikusita. Lerro hauetatik joko batera gonbidatzen zaituztet: egin beza bakoitzak bere irabazle-zerrenda, berak asmatutako mailetan. Urtero errepikatzen da Zinemaldiaren goiburua: “Aurki beza norberak bere filma”, 2007ko ikus-entzunezko urteko erakusleiho handian.
Kasik 300 film proiektatu dira hiriko zinema-aretoetan. Jakina, ez ditut guztiak ikusi, baina badira 4, besteak baino gorago daudenak, eta beste lau ere, motibo askogatik bikaintzat dauzkadanak.
Christopher Zalla estatubatuarraren Padre nuestro filmak sekulako aldea ateratzen die besteei. Galtzaile batzuen erretratu gogor eta hunkigarria, Brooklyngo pobrezia ikaragarrian bizi diren mexikar etorkin batzuen istorioa. Filmak, tragedia klasiko bat balitz bezala, bi semeren etorrera eta norgehiagoka kontatzen ditu. Biek aitaren maitasuna eta babesa irabazi nahi dituzte. Aitak 20 urte darama Estatu Batuetan lanean, eta lan kaskar eta etorkizun gutxiko bat baizik ez du lortu. Haiek, ordea, gezurrezko semea eta benetako semea, etorkin klandestino moduan heldu dira, eta aitaren mesedea irabaztea da beren salbazioa. Obra ilun eta ia jasangaitza, Shakespeareren tragedia handien kutsu garbia daukana.
![]() |
Padre nuestro. |
4 hil, 3 aste eta 2 egun, Cristian Mungiu errumaniarrarena. Denbora horixe darama haurdun neska batek Errumanian, komunismoaren azken urteetako gizarte itogarri, itxurati eta zapaltzailean. Gabita eta haren adiskide Otilia abortu klandestino baten bila dabiltza. Filmak garai hartako giro hits eta astuna ageri digu. Estutasuna eta tristura ziren ezaugarri nagusi orduan Errumanian, nahiz eta askok, propaganda alderdikoiak itsututa, hura bere loturetatik askatutako gizarte bat zela uste izan aldi batez.
Zuzendariak berak ironia garratzez Urrezko garaiko kontakizunak deitzen duen sail batean dago kokatuta filma, eta gizarte baten erretraturik onena eta birrintzaileena da.
![]() |
4 hil, 3 aste eta 2 egun. |
Julian Schnabel-en Eskafandra eta tximeleta filma egiazko gertakari baten erretratu gordina da: Jean-Dominique Baudy modako Elle aldizkari frantsesaren erredaktore burua da. Egun batean, istripua jasaten du, eta, haren ondorioz, tetraplegiko gelditzen da, gorputz soraio batean preso, adimena eta oroimena soilik dabilzkiola ongi. Betazalaren bidez bakarrik komunikatzen da. Haren gaitzak izen bat du: Gatibutasun sindromea: urpekari-eskafandra batean preso dagoen pertsona bat. Halere, tximeleta hegan nola, halaxe dabil haren irudimena. Pertsona horren bilakaera kontatzen da, eta munduarekin daukan komunikazioa, dena umorea, samurtasuna eta are sexua ere erabilita. Horixe da film liluragarri honen muina. Akzioko film onena bezainbesteko suspenseaz eta arretaz ikusten da.
![]() |
Eskafandra eta tximeleta. |
David Cronemberg-en Ekialdeko promesak Eguberrietako ipuin bat da, ipuin doilor eta bortitza. Istorioa errusiar mafiosoen artean gertatzen da, Kanadan, Eguberrietan. Neskato bat errealitaterik hits eta bortitzenean heltzen da mundura. Christiane ezartzen diote izena, Mesiasi bezala. Neskatoa Herodes mafioso eta mendekati baten amorrutik babestu behar dute. María xalo bat eta ustezko aita –bizkartzain patetiko eta iluna, Jose– ditu babesle. Maríaren izeba-osaben begirada abegitsuaren pean gertatzen da dena, eta esan daiteke horiexek direla gure kontakizuneko estalpeko astoa eta behia. Obra gogorra da, eta David Cronemberg sasoi betean ageri da bertan. Viggo Mortensen, Naomi Watts eta Armin Mueller ere, beren talentuen mailan ari dira.
![]() |
Ekialdeko promesak. |
Horiexek dira artikuluaren hasieran aipatu ditudan lau bitxiak. Ez dira gutxiago hurrena aipatu behar ditudan 4ak. Dokumentalen arloan, Lucio, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga euskaldunena: Luciok muturreko anarkismoa bihurtu zuen bere nortasun-ezaugarri, eta harexen erretratua eskaintzen du dokumentalak. Wayne Wang onenaren Mila urterako asmo onak: film txikia, dena keinuz, isiltasunez eta mugimendu geldiz betea; bakardadeaz, inkomunikazioaz eta gurasoen eta seme-alaben arteko harreman zailez mintzo zaigu. Buda lotsaren lotsaz suntsituta alegatu indartsu bat da, umeen arteko jolas krudel moduan emana, talibanen Afganistaneko emakumeen zapalkuntza salatzeko: neskatoak pantaila zeharkatzen du, irandar filmetako emakumeen burugogorkeriarekin; koaderno baten bila doa, eskolan ikasteko, edo gizaki gisa errealizatzeko, emakumea gizakitzat onartzen ez duen gizarte fanatiko eta maskulino batean. John Sayles-en Honeydripper filma alaitasunez, giza berotasunez, musikaz, erritmoz, nostalgiaz eta samurtasunez beterik dago, eta jende laño eta ahaztu batzuk erretratatzen ditu. Landa munduko Amerikaren eta zuzendari honen hoberena. Estatu Batuetako zinema industria erraldoiak eskaini ohi digun produktuaren oso bestelakoa.
![]() |
Lucio. |
Beste film on batzuk: Omer Oke-ren eta Txarli Llorente-ren Querida Bamako; Sarah Gavron-en Brick lane; Ingmar Bergman berriki hilaren Saraband hunkigarria; eta beste mordo bat. Ez noa denak aipatzera, baina sekulako maila dute. Esan da aurten ez dela film txar bakar bat ere programatu. Hain muturrekoa izan gabe, esan beharra daukat aurtengo maila beste urteetakoa baino nabarmenki handiagoa izan dela, eta estatuko eta nazioarteko kritikak erabilitako “biribila” kalifikazioa merezitakoa dela.
![]() |
Querida Bamako. |
Orain, ikusitako filmen minez egotea besterik ez zaigu gelditzen, eta 2008ko Zinemaldirako falta diren hirurehun eta berrogeita hamapiku egunak lehenbailehen igaro daitezen eskatzea.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |