Felix ETXEBERRIA, Pedagogia Katedraduna. Euskal Herriko Unibertsitatea
Antza denez, eskolako hizkuntza-ereduei buruzko eztabaidan etorkizunerako 4 aukera ari da aztertzen Jaurlaritza: a) lehen bezala jarraitzea, b) A eredua indartu, c) eredu bakarra ezarri, d) euskara-gaztelania-ingelesa eredu misto berria sortu.
Hirugarren aukeraren defentsan aritutakoak asko gara, alegia, eredu bakarra, trinkoa euskaraz, tokian tokiko malgua eta egokitua, gela ezberdinetan ikasleak banatu gabe eta eskolatik integrazioa lagunduko duena.
Gure hezkuntzaren etorkizuna erabakitzeko unea iristen ari denean, hona hemen debatea bultzatzeko zenbait asmo berriak, esaterako Katalunia eta Euskal Herriaren arteko berdintasunak eta diferentziak.
Irakaskuntza ez unibertsitarioari dagokionez, Kataluniako Hizkuntza-Politika Legeak (1/1998) eta 21. artikuluan, horrela dio: “Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, katalana erabili beharko da komunikazio eta ikaskuntza-hizkuntza gisa”. Eta familiaren hizkuntzari buruz hau esaten du: “Ikasleak ez dira, haien ohiko hizkuntzaren kariaz, ikastetxe edo talde bereizietan banatuko”. Kataluniako eta Estatuko Auzitegi Nagusiek arau hau ontzat emateak berebiziko garrantzia du, nahiz eta xehetasun honekin osatu: “beti ere, gaztelania baztertu gabe”.
Instituto Nacional de Calidad y Evaluación (INCE) erakundeak egindako ikerketen arabera, ikasle katalanek gaztelaniaz lortzen duten gaitasuna estatuko batezbestekoaren antzekoa da. Euskadiren kasuan beste hainbeste gertatzen da. PISA 2003 Txostenak, bestalde, estatuko eta Euskal Herriko Erkidego Autonomoaren irakurketa gaitasuna neurtu zuen eta gure kasuan puntuazioa 497 puntukoa gertatu zen, estatuko batezbestekoaren gainetik (481), eta OCDEko herrialdeek (494) lortutako puntuazioaren antzera. Hortaz, Euskadin eta Katalunian gaztelania arriskuan dagoenik ez dirudi.
Kataluniako Estatut berriak, hezkuntzari buruz, 131. artikuluan, zera dio “Lehen zikloko hezkuntza edukiak erabakitzearen konpetentzia osoa Generalitateari dagokio”. Lehen hezkuntza, Katalunian, ia osoa katalanez egiten da, atzerriko hizkuntza salbuespen. Hizkuntza ikasgaia astean 5 ordutan ematen da, eta horietatik 2 katalanez egiten dira, beste 2 gaztelaniaz eta bosgarrena -egitura amankomunak- katalanez baita.
2006 Abenduak 7ko Errege Dekretuak, R.D. 1513/2006, lehen hezkuntzan oinarrizko irakaskintza ezartzen duena, hirugarren ordu hori -egitura amankomunak- gaztelaniaz egitea nahi luke. Hortaz, astean zehar gaztelania bi ordutik hiru ordutara igotzea da Dekretu horren asmoa.
Errege Dekretu hau Kataluniako Govern berriak “hezkuntza arloko konpetentzien inbasiotzat” hartu du, eta berehala konstituzio kontrakotasuneko helegitea martxan jarri du.
Eta gurean zer? “Konpetentzien inbasioa” dela eta, Katalunian eztabaidatzen eta errekurtsoak bultzatzen ari diren bitartean, Zapateroren Dekretu berriak gaztelania 2 ordutik 3 ordutara igo nahi duelako, gure artean oraindik ere, zein eredu komeni zaigun zalantzan gabiltza: D eredua (astean 4 ordu gaztelania), B eredua (astean 7-8 ordu gaztelania) edo A eredua (astean 20 ordu gaztelania). Errege Dekretuak Kataluniarentzat astean 3 ordu gazteleraz eskatzen du, praktikan gure euskarazko D eredua baino trinkoagoa.
Katalunia eta Euskal Herriko ikuspuntu ezberdintasun hau harrigarria da, batez ere zenbait berezitasun kontuan hartzen baditugu:
Lehenengoz, katalana eta gaztelania jatorri berdina dutenez, latina, gaztelania hitz egiten dutenentzat, katalana ikastea euskara ikastea baino errazagoa da. Hori dela eta, euskarari katalanari baino ordu gehiago ematea zentzuzkoa dirudi.
Bigarren, katalana dakiten biztanleen proportzioa % 80-90 ingurukoa da, aldiz, euskara dakitenen portzentaia % 30a besterik ez da. Ahulago dagoen hizkuntzari ordu eta laguntza gehiago ematea zentzuzkoa dirudi ere.
Ikasle etorkinen kopurua ere kontuan hartu behar da. Katalunian % 15 ingurukoa da, aldiz Euskadin % 5koa da. Ikasle etorkin gehiago izanik geletan, Kataluniak dena katalanez egiteko, Euskadik baino zailtasun gehiago izan beharko luke.
Bestalde, Katalunian ingelesaren irakaskuntza Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan hasten da, 8 urterekin. Hemen berriz, fashioarekin liluraturik, 4 urterekin hasten gara. Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko (ISEI) Jaurlaritzaren mendeko Erakundeak, 2005ean argitaratutako ikerketa batean zera zion: Bigarren Hezkuntza amaieran, 16 urterekin, ikasleen arteko % 60ak ez du euskaraz gaitasun nahikoa. Jakinda denbora hori urrezkoa izan litekeela euskara indartzeko, eta adituen ustetan hizkuntza lehen bai lehen indartu beharra dagoela, zergatik eutsi behar 4 urteko haurrekin ingelesari astean ordu bete eta erdi emateari?
Azkenik, Katalunian, agintean, President Sozialista dago (Montilla), Kordobarra jatorriz, eta Hezkuntza Kontseilu-burua sozialista da, baita ere, Ernest Maragall (President ohiaren anaia). Katalunian, President Sozialista batekin posiblea dena, gure herrian zergatik ezin da izan?
Gure artean, gauzak kontu handirekin egiteko ahotsak entzunak ditugu, ingurua kontuan hartzeko, helburuak ondo zehazteko, ikastetxearen hizkuntza proiektua ondo lantzeko, eskolak berez dena ezin duela, baliabideak eta irakasle gehiago beharrezkoak direla, metodologia ondo landu behar dela, hizkuntza ereduei buruzko erabakiak ezin direla nolanahi hartu, etab. Hori guztia egia da, baina, katalanen antzera, aspaldian jakina da. Gure eskolak hezkuntza politika ausartagoa behar du: lehenengoz, legea egokitu eta gero behar diren baliabideak eskaini, materialak eta pertsonalak, arautzen dena benetan errealitatea gauzatzea nahi badugu.
Duela 25 urte sortutako hizkuntza ereduen sistema bideratzeko aukera ezin hobea dugu, baita ere adostasun zabalean euskara eta gaztelania bermatuko duen hizkuntza eredua bultzatzeko. Etxeko hizkuntzaren arabera ikasleak banatuko ez dituen eredu bakarra eta, eskolatik hasita, integrazioa erraztuko duen eredua. Eredu bakarra, baina ikastetxearen egoeraren arabera, epean eta abiaduran malgua izango dena.
Kataluniarekin aldenduz, beste 25 urteko atzerapena pasa behar ote dugu?
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |