XX. mendearen hasieran Zarautzen jasotako datuetatik abiatuta, Gabon garaiko festen izan dituzten aldaketak aztertzen dira artikulu honetan, batik bat Orentzagoren eta Erregeen ingurukoak. Festa horien transformazioan egon diren klase guztietako interesei erreparatu diegu (interes erlijioso, politiko, kultural, ekonomiko nahiz pertsonalei), festaren aldaketan izan duten inportantziaz konturatzeko.
1. Komunikazioaren nondik norakoak. “Festa berriak. Antzinako folklorea eta gaur egungo ekintzak” izeneko Jardunaldietan1 komunikazio bat aurkeztea eskaini zigutenean, Zarauzko folklorearen inguruan egiten ari garen ikerketa-lanean sortu zaizkigun gogoetak konpartitzea erabaki genuen proiektu horretan lanean ari garenok, Xabier Alberdik eta Xabier Etxabek. Eta, festa berri deitzen zaien horiekin lotuta festa bat baino gehiago egonagatik, Gabon garaiko festek Zarautzen izan dituzten aldaketak hainbat alderdi lantzeko aukera ematen digutela konturatu ginen, horren inguruan dokumentazio nahikoa bagenuela, eta nolabait gure ikerketaren lan-hipotesia baieztatzeko balio zigula. Modu honetara laburbildu genezake lan-hipotesi hori: “Folklorea aldakorra da berez eta folklorean gertatzen diren aldaketak nekez izaten dira naturalak, ia beti interes jakinak baitaude aldaketa horien sorburuan”. Ikerketa lan hori, “Zarauzko folklorea” izenekoa, lerro hauek idatzi ditugunean ez dago argitaratua. Zarauzko Udalak emandako beka bati esker aterako da, liburu formatuan, 2007ko udaberrian. Folklorea, beraz, interes horien arabera aztertu dugu gure ikerketa-lanean: interes erlijiosoak, politikoak, kulturalak, pertsonalak... Sarri folkloreaz jendeak duen ikuspegi zurruna eta aldaketaren kontrakoa hankaz gora jarri nahi izan dugu, Zarautzen eta haren inguruan jaso ditugun datuak erakutsiz eta interpretatuz. Festaren inguruko kontuak izan dira, batik bat, guk landu ditugunak. Komunikazio honetan Gabon garaian ospatzen diren bi festa-egun izango ditugu aztergai: Gabon eguna (abenduaren 24ko Olentzero edo Orentzago-ren inguruko ohiturak) eta Errege bezperako ospakizunak (urtarrilaren 5a). Gabonetako zikloan bi egun horiek aukeratzea ez da kasualidadea: Zarautzen tradizio handikoak dira biak eta, gero ikusiko dugun moduan, azken urteetan konpetentzia giroa ere sortu da bi egun horien artean, umeei opariak nork ekarri behar dizkien erabakitzeko garaian (Olentzerok edo Erregeek). Folklorearen ikuspegitik, oso kontuan hartzekoak iruditzen zaizkigu zarauztarrek “arazo” horren aurrean izan dituzten jokamoldeak, besteak beste Euskal Herriko toki gehienetan antzeko egoerak sortu direlako. Gabonetako festak tradizio handikoak direla esan dugu lehen, eta beharbada horregatik norbait harrituko da, festa berrietaz ari garela, Gabon garaia aukeratu izana komunikazioa eskaintzeko. Festa berri kontzeptuaren esanahi zabala hartu dugu guk kontuan, alegia oso zaharrak ez diren festak ezezik, esamolde horrek azken urteetan aldaketa handiak eta interesatuak izan dituzten festak aditzera emateko ere balio duela aintzat hartuz. Eta, hori horrela izanik, Gabon garaia adibide aparta da inondik ere. |
Argazkia: Juan Mari Zurutuza |
1. XX. mendearen hasiera
Gabonetako zikloa, kantu-eskearekin oso lotua egon den garaia da. Gauza jakina da Julio Caro Barojak “Olentzaro” adieraren jatorria “Oles-aro” (edo kantu-garaiarekin) lotu zuela, hain justu Frantziako “Noel” edo “Les Oleries” kantu-tradizioarekinI. Aita Donostiak ere aipatu zuen bere garaian “Olentzero” hitzak herriarentzat zuen esanahia:
“Sea de ello lo que fuere, con la palabra olentzero designa el pueblo las canciones de cuestación que entona desde Noche-buena hasta Reyes”.II
Zarautzen, tradizio horren hainbat aztarna dauzkagu XX. mendearen hasieraz geroztik. Folklorearen ikuspegitik interes handikoa da dudarik gabe Zarauzko Gabon eguneko kantu-tradizioa, XX. mende hasieratik gizon arlote, mozkor eta askotan beldurgarriaren itxura hartua zuen Olentzero ikazkinaren berezko tradizioa baitaukagu bertan, Euskal Herri osora nazionalizatu eta zabaldu aurreko garaietakoa alegia. Garai hartako biltzaileek Zarautzen jarri zuten Olentzeroren mendebaldeko muga; guk jakin izan dugu Zarauzko Orentzago begi-gorriaren pareko bat badela Getarian: Omentzaro buru haundi. Modu honetan deskribatu zuen Juan de Iruretagoyena-k Zarauzko Orentzago 1922an:
“Orentzago es un personaje legendario que siempre está pensando en comidas y banquetes. Cuando se ve a una persona extravagante o a un joven completamente enlodado o con pantalones rotos o ennegrecido con hollín, acostúmbrase dirigirle la siguiente frase: te pareces a Orentzago. De un hombre tonto y borrachín, suelen decir: es el mismo Orentzago personificado.”III
Kantu-tradiziora bueltatuz, Zarauzko Orentzago begi gorri abestia hainbat kanta-zatirekin osatutako bertsioa zen XX. mende hasieran, Gabonetako kantu-tradizioaren ezaugarri diren elementuekin osatua. Esate baterako, hauetxek:
Orentzago begi-gorri, nun atxitu dek arrai hori: Zubiaurreko erreketan, bart arratseko hamaiketan. |
Aurreneko zati hori, Olentzero mozkorraren (alegia begiak gorri-gorri eta “arraia” gainean daramanaren) Zarauzko bertsioa da; Donostian Zurriola esaten badute, Zarautzen Zubiaurre (Zarauzko toki-izena baita).
Bigarren zati hau, berriz, Gabon aurreko egunetako kantu-tradizioarekin dago lotua:
Eguzki dibinua gauaren gauerdiyan etorri zan mundura gizonaren trazian. Jesus, Maria; Maria, Jose. |
Kristau tradizioan esanahi handikoak dira Gabon garaiko edo “Abendu”ko (hau da, Adventum edo Kristoren etorrera prestatzeko) lau asteak, abenduaren 25ean bukatzen direnak; Elizaren liturgian oso modu berezian ospatu izan da azken astea. Bizkaian, Busturialdean hain zuzen, oraindik bada Marijesiak2 deitzen zaien kantu-tradizioa ospatzeko ohitura (Abendue ere esaten zaie). Gernikan, besteak beste, Gabon aurreko bederatzi egunetan elizan elkartzen dira gazteak, goizaldean, eta herriari buelta ematen diote kantuan. Kantu horietan Gabon garaiko liturgiako gertakari garrantzitsuenei errepasoa egiten zaie, hasi Adam eta Evatik, eta Erregeen etorrera bitartean. Kopla horietako bat, Zarauzko Orentzagoren bertsioan aurkitu dugun bera da:
Eguzki dibinala gaubaren gauberdijan etorri da mundura gisonaren jantzijan. Maria, Yose! Yose, Maria! Maria, Yose!IV |
Zarauzko Orentzago begi-gorri kantuan gaztelerazko gabon-kantetatik hartutako zatiak ere badira, nahiz eta sarri biltzaileek kanpoan utzi dituzten euskarazkoak ez izateagatik. Horra hor, gure hipotesiaren funtsa: folklorearen aldaketak, interesen araberakoak izaten direla; izan ere, folklorearen bilketa eta transmisioa egiten dutenak izaten dira, batzuetan nahita eta beste batzuetan hala nahi izan gabe, tradizioa aldatzen aurrenekoak. Ondoko testuaren aurreneko zatia, Zarautzen kantatu izan dena, Gabonetako koplen tradiziokoa da, Espainiako kantu-bildumetan A Belén llegar izenarekin ezagutzen dena. Bigarren zatia beste kanta baten partea da, hori ere ezaguna Espainiako hainbat lekutan:
Por dónde camina quisiera saber, un hombre de noche con una mujer. La mujer es tuerta el hombre no ve, vaya casamiento que vamos a ver. |
Zarautzen, kantu-eskearen tradizioa mailakatua izaten zen Gabon egunean: aurrena umeak ateratzen ziren, bazkaldu eta berehala, Orentzago-eskea egitera (Orentzago begi-gorri kantatuz eskea egitera, alegia). Beranduago, arratsaldean, koskortuagoak zirenak ateratzen ziren, naximentuekin; garaiko Gabon-kantak abesten zituzten haiek. Eskean, dirua ezezik gaztainak, pikuak eta sagarrak ere jasotzen zituzten. Iluntzean, afaldu aurretik, helduak izaten ziren kantuan aritzen zirenak.
Erregeen inguruko ospakizunek3 ere kantu-tradizioarekin izan dute loturarik Zarautzen. 1930an berreskuratu zuen kabalgata Zarauzko Parrokiako koroak (Schola Cantorum, Koro Parrokiala zarauztarren hitzetan); harrezkero, Zarauzko kabalgataren ezaugarri nagusienetakoa hiru erregeek abesten dituzten bertsoak dira (oraindik abesten dituzte). Hiru Errege horiek, gainera, Korokoak izan ohi dira: bat tenorra, bestea baritonoa eta hirugarrena bajoa.
Badirudi 1930ean kabalgata berreskuratzearen ahaleginean, bi tradizioren uztartzea dagoela: batetik, XX. mende hasieran eliza barruan egiten zen adorazioa daukagu; bestetik, XIX. mendearen bukaeran edo XX.aren hasieran Erregeek eskean ateratzeko zuten ohitura, Errege-eskea alegia. Eske horrek, Iñauteri kutsu nabarmena zuen (txaranga, mozorroak, kantuak eta jan-edana). Herriko kale-izkinetan gelditzen ziren kantuan, eta Errege bakoitzak bertso bana kantatzen zuen (orain kantatzen dituzten berberak). Tradizio hori galdua zegoen 1922an, baina Juan de Iruretagoyena-k haren aipamena egiten digu:
“Al anochecer, tres jóvenes montados a caballo, vestidos de reyes andaban en otro tiempo en cuestación, acompañados de una charanga. Los reyes cantaban en turno, una canción cada uno. La charanga tocaba el acompañamiento y entonaba los cantos”V
Dudarik gabe, eskeko giro hori aditzera ematen du Zarautzen ezagutzen den bertso batek ere; bertso horren doinua Musika Bandak jotzen du kabalgata egunean:
Hiru Errege datoz Kale Nagusitik, tripa ardoz beteta, ezin egon zutik. Meltxorrek heltzen diyo Gaxparri besotik, ez muturrez aurrera erortziagatik. |
Bertso horiek, XIX. mendearen bukaeratik ezagunak dira Donostian. Badago bertso hori Bilintxena dela esan izan duenik, baina Aita Zavalak ukatu egiten du uste horiVI; seguru dakigun gauza bakarra da Bilintxen garaian Donostian kanta hori ezagutzen zutela. Orion ere ezagutzen dute kanta hori, eta Eibarren bertso horren aldaera bat kantatzen dute:
Hiru gizon ilustre itturri bidetik, mozkor-mozkor eginda Elgeta kaletik; Aulestik heltzen dio Loperi lepotik, ez muturrez aurrera erortziagatik. |
1930etik aurrera, Koro Parrokialak bi ohitura horiek bateratuko ditu (elizan egiten zen adorazioa eta Errege-eskea alegia): adorazioa kalean egingo du (Narroseneko Jauregian) eta kantuak, Errege-eskean egiten zen antzera, kale izkinetan. Beranduago adorazioa Udaletxe aurreko plazan egiten hasi ziren, eta baita Erregeek abesten dituzten bertsoak ere.
2. 1936ko gerra eta gerra ondoreneko aurreneko urteak
1936az geroztik, euskaraz hitz egiteko debekuaren ondorenak antzeman ziren ederki. Erregeen kabalgatak, gerra osteko aurreneko urteetan, euskarazko jatorrizko bertsoak alde batera utzi behar izan zituen antzezpenarekin segituko bazuten. Hauek dira ordura arte Errege bakoitzak kantatzen zituen bertsoak:
Meltxor Errege nautela ta, mendekoak neri ekarri ohi didate urria bai lori. Erregien Errege izanik haur hori, ukatuko ez diyo Meltxorrek ez hori. |
Gaspar Intzentsua nik zuri goi-bihen Jainkoa, hasierarik gabe beti betikoa. Gaxparrek erregu belaunikatua, ukatuko ez diyo gizon onratua. |
Baltasar Gure Jaungoiko maite, zure izatea, mundu-lurraren jabe, danon Erregea. Baltasarrek miltsa mirra zuri eskeintzera; ukatuko ez diyo, agur, haur maitea. |
Bertso horien partez, gaztelerazko bertso bat eta bakarra abesten aritu ziren kabalgatan. Bertso horretan, gainera, Francoren agintearen aldeko hitzak esaten zituzten Erregeek. Diktadura garaian Erregeen kabalgata Zarautzen galarazi ez izana adierazgarria da: alde batetik, Francoren diktadurak bere aldera erabili nahi izan zituen Erregeak, haiek politizatuz; bestalde, kontuan hartu behar dugu Zarautzen karlisten tradizioa oso indartsua zela XX. mende hasieran, eta haietako askok nazionalen alde borroka egin zutenez, zenbait agintariren adiskidantza zutela gerra ondorenean. Nahiz eta hainbat eta hainbat festa galarazi ziren garai hartan, beste hainbatek (Euskal Festek, esate baterako) segida izan zuten gerra ondorenean antolatzaileen artean bazirelako agintarien interesen eta herriaren nahien arteko oreka egitea lortzen zuen jendea. Horien artean, apaizak ziren ezer antolatzeko aukera zuten bakarrenetakoak; Zarautzen, Don Fernando Unanue apaiza (Parrokiako organista eta Koro Parrokialeko zuzendaria ere bazena) buru-belarri aritu zen gerra ondoreneko Kabalgata bultzatzen (gerra garaian ez baitzen Kabalgatarik egin).
3. 1950. hamarkada
1950. hamarkadan, diktaduraren urte gogorrenak pasa ondoren, zenbait folklore adierazpen lehengora bueltatzen hasiko dira, eta beste zenbaitek diktadurak eta zentsurak utzitako zirrikituak aprobetxatuko dituzte. Giro horretan sortu zen 1950. hamarkadaren hasieran Irrintzi izeneko koadrila, gerra ondorenean Zarautzen euskal kulturaren inguruan sortu zen aurreneko taldea. Erregeen kabalgatan, berriz, gerra aurreko euskarazko bertso bana kantatzeari ekingo diote berriro Erregeek.
Miembros de Irrintzi Elkartea de Zarautz durante la celebración de Olentzero el día 24 de diciembre de 1952 ó 1953. |
Gabonetako festetan nolabaiteko internazionalizazio prozesu bat emango da garai horretan Zarautzen. Izan ere Francoren diktadura beste fase batean sartua zen, eta alemaniarrek Bigarren Mundu Gerran galdu ondoren Europaren aurrean irekitasun plantak egitea komeni zen. Gauzak horrela, aurreko hamarkadan baino toleranteagoak izango dira agintariak zenbait berrikuntzekin. Guk bi aipatuko ditugu: batetik Gabon egunean herriko plazan jartzen hasi ziren pinua, eta bestetik aurrerantzean Erregeen kartak jasotzeaz arduratuko zen Bizar Zuri izeneko pertsonaiaren sorrera.
Bi elementu horiek, folkloreak kanpoko elementuekin nola funtzionatzen duen ikusteko balio digu; izan ere, hainbat urtetan pinua herriko plazan egon ondoren, halako batean Udalak gehiago ez jartzea erabaki zuen hainbat herritarrek egindako presioa medio. Pinua ez omen zen “bertakoa”. Bitarte horretan, hainbat herritarrek Gabon eguneko azkeneko kantak pinu haren aurrean kantatzeko ohitura hartu zuen.
Erregeak baino bi egun lehenago umeen kartak jasotzeaz arduratzen zen Bizar Zuri hura ere kanpotik ekarritako asmakizuna zen: 1952an ekarri zuten Koro Parrokialekoek aurreneko aldiz, eta garai hartan zuen itxura “Papa Noel” batena zela esan genezake. Pixkanaka, ordea, folklorean bertako elementua izatea lortu du hark: jantzien kolorea gorritik berdera aldatuz, txistularien doinuekin bidea eginaz eta asto gainean etorriz zeharo zarauztar egina daukagu gure Bizar Zuri. Gaur, ez luke inork esango “Papa Noel” baten antzik batere duenik.
4. 1960-1970 hamarkadak
Bi hamarkada horietan, Euskal Herriko hainbat herritan gertatu zen antzera, Zarautzen ere “Olentzero” izeneko pertsonai berri bat tokia egiten hasi zen Gabon eguneko folklorean. Zarautzen, pixkanaka, lehenagoko Orentzago begi-gorri mozkor eta arlote hura bazterrean gelditzen hasiko da, Olentzero berriak beste ezaugarri batzuk dituelako: Olentzero berria erabat euskalduna da, eta “nazionala” (alegia Euskal Herria da bere muga). Bestalde, garai horretan Europan gero eta gehiago zabaltzen ari den laikotze-prozesuari segituz, kutsu erlijiosorik ez du izango Olentzerok. Izan ere, nahiz eta Olentzerok enbajadore lanak ere egiten dituen kantu-tradizioan Berri Ona (Jesusen jaiotza) iragarriz, Olentzero berria laikoa izango da (“pagano” hitza ere sarritan erabili izan du herriak). Olentzero ikazkinari, giro politiko beroak bultzatuta, lehen ez bezalako funtzioak ere emango zaizkio: Olentzero erreibindikatiboa da horietako bat. Presoen aldeko Olentzeroa ateratzen hasiko dira Zarauzko kaleetan.
1956an hasi zen zabaltzen Olentzero bere muga zaharrak (Bidasoaldea eta Gipuzkoako ekialdea, batik bat): urte horretan, Iruñeko San Antonio eskolako ikasleek Lesakako Olentzeroren eredua hartu eta Iruñera eraman zuten aurreneko aldiz. Pixkanaka, euskal kulturaren isileko berpizkundearekin batera eta Euskal Herri osoan zabaltzen hasiak ziren Ikastolen sarea aprobetxatuz, Olentzero berria Euskal Herri osora zabaldu zen.
Bada gerora oso inportantea izan den Olentzero berriaren beste ezaugarri bat ere: 1970. hamarkadan Olentzero opariak ekartzen hasiko da haurrei, Erregeei konpetentzia eginaz; gainera opari horiek Gabonetako jaien hasieran banatuko ditu Olentzerok eta ez bukaeran, Erregeek egiten duten bezala, modu horretan umeek oporretan opariekin jolasteko beta izan dezaten. Euskal izaera indartu nahi horretan, Erregeen alternatiba euskalduna izateko bokazioa izango du Olentzerok eta “Erregeak, españolak” esamoldea behin eta berriro entzuten hasiko da Zarauzko kaleetan. Beranduago, ez hainbeste 1960-1970 hamarkadetan, Olentzero berria gero eta gehiago infantilizatuko da; izan ere, “Papa Noel”ek eta Erregeek itxura polita dute eta ez da komeni Olentzero arlote, mozkor eta beldurgarri itxuran aurkeztea umeei.
Zarautzen, Erregeen kontrako ofentsiba hasi zen 1960. hamarkadan; Erregeen kabalgata oztopatzeko ahaleginak izan ziren eta baita haren ukitu erlijiosoa alde batera laga eta beste klase bateko desfilea antolatzekoa ere. Hala ere, kabalgataren inguruko partaidetza handitu egin zen urtetik urtera.4
Erregeei ezezik, Zarauzko Orentzago begi-gorriari ere tokatu zitzaion ofentsiba hari aurre egitea: pixkanaka, Orentzago begi-gorri kantua, eta haren inguruko ohiturak (Orentzago-eskea, esaterako) indarra galtzen joan ziren Zarauzko kaleetan tradizio berriaren mesedetan. Kantu-tradizioko bertsio nazionalak zenbat eta indar handiagoa (batik bat “Olentzero joan zaigu mendira lanera” bertsioa), Orentzago begi-gorri kantuak orduan eta ahulagoa. Transmisioaren ardura nagusia eskolek hartu izanak ere badu zeresanik horretan, umeek eskoletan ikasten zituzten kantuak errepertorio nazional baten araberakoak zirelako batik bat, eta gutxitan Zarauzko tradiziokoak.
5. 1980. hamarkadatik gaur arte
Francoren diktadura bukatu eta giro politikoa bigundu ahala, pixkanaka, aurreko hamarkadetako beroaldiak apaldu egin ziren Zarautzen; Olentzeroren eta Erregeen konpartsek bakoitzak bere bideari segi zioten. Herriko eskoletan, eta batik bat erlijiosoak ez zirenetan, Olentzeroren aldeko apustu garbia egin zen hamarkada horietan; lehen aipatutako ezaugarriak, besteak beste Olentzeroren izaera laikoa, haren nortasun “erabat” euskalduna eta hainbat urteko lanaren poderioz umeengan ohitura sortu izana, funtsezkoak izan ziren apustu horren alde egiterako garaian. Gainera, Olentzeroren inguruko produkzioa urtetik urtera ari zen hazten: eskola-kurrikulumean umeek erabiliko zituzten materialetan, Olentzero protagonista zuten ipuin eta abestiak sortzen ari ziren etengabe.
Erregeak, eta haiekin batera kutsu erlijiosoa zuten sinbolo guztiak (naximentuak esaterako) desagertzen hasi ziren erlijiosoak ez ziren eskoletatik. Gauzak horrela, Zarauzko kaleetan nahiz etxe askotan errealitate ziren sinbolo haiek (Narroseneko Belen erraldoia esaterako) gehiegi ez nabarmentzeko joera hartu zuten, modu ofizialean behintzat, eskola gehienek. Erregenetako festek (kabalgataren antolaketa, Bizar Zuriren etorrera, opari-festa...), ostera, urtetik urtera gero eta jende gehiago erakartzen zuten.
1960-1970 hamarkadetan antzematen hasi ziren joera haiek, nabarmendu baino ez ziren egin XX. mendearen bukaeran: hasteko, Zarauzko Orentzago begi-gorriaren heriotza. Euskal Herriko Olentzeroren etorrerak lehengo Orentzago zarauztarraren tokia hartu zuen, eta artean batek edo bestek Orentzagoren kantak kantatzen bazituen ere, bai Orentzagoren kanta-tradizioa eta baita Orentzago mozkor-arlote-tripazaiaren mundu sinbolikoa ere ahaztuxeak zeuden XX. mende bukaeran Zarautzen. Gabon eguneko kantu-tradizioaren eskema ere zeharo aldatu zen: orain badira goizez ateratzen hasten diren taldeak5; Orentzago-eskea ez da egiten, eta taldeen osaketan ere gauzak aldatu egin dira: orain, talde askotan, haur, gazte eta helduak elkarrekin ateratzen dira kantatzera.
Azkenaldian, bai Olentzero eta bai Erregeak elkarri traba handirik egin gabe dabiltza Zarautzen opariak banatzeko lanetan; umeak dituzten etxe gehienetan, are gehiago txikiak badira, erregaloak bi egunetan jasotzeko ohitura sortu da: abenduaren 25ean Olentzerok ekartzen ditu opariak eta urtarrilaren 6an Erregeek. Olentzeroren eta Erregeen arteko lehia horretan, umeak irabazle.
Baina ez dira izan umeak lehia horretan irabazle izan diren bakarrak: Gabon-festen inguruko kontsumoa izugarri hazi da azken urteetan, eta hori komertzioak dituztenen interesekin bat eginda dago. Nahiz eta gehiegizko kontsumo horren kontrako iritziak han-hemenka entzuten ditugun Gabon garaia datorren bakoitzean, egia da askori egiten diola mesede kontsumo horrek.
Olentzerok berak ere makina bat aldaketa ezagutu ditu azken urteetan: egokitasunaren izenean batzuetan eta negozioaren izenean beste batzuetan, Olentzero baldar eta arlote zena umeentzat erakargarri egiteko ahalegina fruituak ematen ari da; ikusi besterik ez dago ETBn azken bi urteetan erakusten ari diren Olentzeroa: garbia (jantzi txuria nagusi beltza alde batera utziaz), bizar zuriduna, beldurrik ematen ez duen Olentzeroa, Olentzero sinpatikoa, “magia” egiten duena (halakoxe makila baitu anuntzioetan) eta euskaldunen imaginarioan oso sustraituak dauden estereotipoak dauzkana (ardi larruz jantzia baitator, makila eskuan eta txapela buruan, menditik baletor bezala). Olentzero ez zaigu pipa hortzian duela agertuko, inolaz ere ez mozkorra edo begiak gorrituta, eta haren kontura barre egitea ere ez da egokia izango aurrerantzean.
XXI. mendean sartuak garela, bada egokitasunaren izenean sortu den beste aldaketa bat Olentzeroren inguruan: izango dira lau bat urte Mari Domingi etortzen dela Gabonetan Olentzerori laguntzera. Zarauzko ikastolan ongietorria egiten diete biei; Mari Domingi, Olentzeroren emaztea edo “laguna” da. Modu berean, Santuiturri izena duen plazan Mari Domingiren etorrera ospatzen da azken urteetan; Erregeentzat Bizar Zurik egiten duen lan bera egiten du Mari Domingik Olentzerorentzat: umeen kartak jaso, gero hari emateko.
Tradizio berri hau Euskal Herri osoan zabaltzearen motibo inportanteena, Ikastolen sarea da berriro ere: 1999an Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak argitaratutako Mari Domingi eta Olentzero izeneko ipuina eskola-kurrikulumean sartua dago, eta horrenbestez Ikastoletan dabiltzan ume guztiei kontatzen zaie Mari Domingi eta Olentzeroren ipuina. Ipuin horrek, “Cenicienta”ren eskema klasikoa du: Mari Domingi neska behartsu bat da, baina halako batean Olentzero izeneko gizon baten ahotsak esnatu du lotan zegoela, eta opariak banatzera etortzekoa dela esan dio. Mari Domingi herrira jaitsi da Berri Ona ematera (orain Berri Ona ematen duena Mari Domingi da eta ez Olentzero, eta Berri On hori Olentzero datorrela da eta ez Jesus jaio dela). Herrian burla egin diote, baina Olentzero gauean Mari Domingiren etxera joan, eta elkarrekin afaldu dute. Biek elkarrekin opariak banatu eta gero, berarekin bizitzera ea joan nahi duen galdetu dio Olentzerok Mari Domingiri, lotsatu antzera, eta hark baietz. Harrezkero, urtero jaisten dira biak herrira opariak banatzera (gaizki portatu denari ikatza, Olentzero ikazkina baita).
Folklorearen ikuspegitik, oso esanguratsuak dira pertsonaia berriak sortzerako garaian egiten diren aukerak; Mari Domingiren burukoa, esaterako, oso zaharra da; ez da inondik ere Olentzeroren jantzien garaikoa (XIX. mendearen bukaera edo XX.aren hasierakoa). Badirudi estetika izan dela inportanteena aukeraketa horretan.6
Azken urteetan Olentzeroren infantilizazioarekin batera beste fenomeno bat ematen ari da gero eta nabarmenago: Olentzeroren instituzionalizazioa. Garai batean ezker abertzalearen ikurretako bat izan zena, gaur instituzioek hartua dute beren sinbolo gisa. Eta, gauzak nola doazen ikusita, ez dirudi berehalakoan lagako dutenik bazterrean.
Erregeen kontuan ez dago hainbesteko aldaketarik. Erregeek “eusko label”ik ez dutenez, haien inguruko euskarazko kultur produkzioa apala izan da oso azken urteetan. Hala ere komunikabideen atzaparretatik ihes egiterik ez dute lortu, eta haiei ere tarte zabala eskaintzen zaie komunikabideetatik garaia ailegatzen denean, bai zuzenean (Erregeak datozela berri emanaz) eta bai zeharka (erregaloen kontuekin). Kontsumoaren gorakada, zer esanik ez, izugarria da.
Zarautzen, aipatzeko modukoa da kabalgataren inguruan gertatzen ari dena; hainbat herritan Erregeen inguruko ospakizunek gero eta euskal kutsu gutxiago badute, Zarautzen kontrakoa gertatzen ari da: kabalgatan, bai antolaketan eta bai ikusle moduan, jendetza ibiltzen da Zarauzko kaleetan. Urtetik urtera Erregeen konpartsa gero eta jantziagoa da. Herri txikietako kabalgaten aldean handia eta jendetsua da Zarauzkoa, eta hiri handietako desfileen aldean gertukoa eta karakteristikoa (baditu hainbat elementu oso berezi, esaterako Erregeek bertsoak kantatzea, Torre Luzean Erregeek Herodesekin egiten duten antzezpena, Jesus haurraren adorazioa eta herriko jendearen parte hartze handia). Koro Parrokialaren antolaketa lana funtsezkoa izan da kabalgataren eboluzioan eta handitzean.
Azken urteetan, gainera, kabalgatan ateratzen diren Erregeez aparte beste konpartsa batzuk ere ibiltzen dira Zarauzko kaleetan. Izango dira hamar-hamabost urte, Haur Kultur Taldeko lagun batzuk gaixo zeuden umeen etxetara joaten hasi zirela gauez. Erregez jantzitako hiru lagunek eta beste bizpahiru laguntzailek osatzen zuten taldea; aurretik familiarekin hitzordua jarri, esandako orduan etxe hartara joan, umea esnatu eta berari ematen zioten oparia. Harrezkero, talde bat baino gehiago dira lan horretan aritzen direnak. Duela pare bat urte, beste errege “apokrifo” batzuk ere hasi ziren ateratzen kalera garai bateko Errege-eskearen trazan: tabernaz taberna aurrez ikasitako bertso bana kantatu eta gero beste batzuk bat-batean, trukean tabernariaren tragoa debalde ateratzeko esanaz.
6. Ondorioak
Gabonetako festetan aldaketa esanguratsuak gertatu dira Zarautzen XX. mendean. Aldaketa horiek, interes jakinen araberakoak izan dira beti.
Interes erlijiosoek eta folklorikoek bultzatu zuten hainbat zarauztar galdua zegoen Erregeen Kabalgata berreskuratzera 1930ean: bazegoen Elizak antolatutako ekintzak indartzeko nahia, batetik, eta antzinako ohitura bat berreskuratzeko nahia bestetik. Gerra ondoreneko urteetan interes politikoak nahastu ziren Kabalgatako protagonisten interesekin, haiek Francoren diktaduraren aldeko erdarazko bertsoa kantatzera behartuz. 1960-1970 hamarkadetan, interes kulturalak eta politikoak bultzatutako Olentzero berriaren olatua etorri zen Zarautza, eta Erregeen kontrako ofentsiba hasi zen. Azken urteetan interes komertzialak dira seguru asko Gabonetako festen tradizioaren bultzatzaile nagusiak; bestalde, Olentzeroren azken urteetako antzaldaketan (piparik gabe, aurpegian ikatz arrastorik ez duela, magia eginaz eta umeei irribarrez...), interes komertzialekin batera gizarte eredu berriak bultzatutako baloreak lantzeko interesak dauzkagu, hein handi batean eskolen bidez transmititzen direnak.
1 Donostian, 2006ko urriaren 21ean.
2 “Maria eta Jose” hitzak behin eta berriro esaten direlako deitzen zaie “Marijesiak”.
3 “Erregenak” esanda aditzera ematen dira sarri festa horiek Zarautzen.
4 Eta handitzen segitu du: XXI. mendeko kabalgatetan Erregeez aparte badira laguntzaileak (Koro Parrokialeko kideak), pajeak, Musika Banda, perkusio-taldea, dantzariak, erregaloz kargatuta doazen kotxetako gidariak...
5 Inoiz edo behin bezperan ere atera izan dira eskoletako taldeak.
6 Lerro hauek idazten ari garen egunetan (2006ko abenduan) “Olentzeroren Baserria” inauguratu berri dute Mungian, instituzioetako ordezkariak bertan zirela. Ez dirudi hor ere irizpide kulturalak edo historikoak izan direnik nagusi, nahiz eta Landetxo Goikoa baserria, Euskal Herriko haur guztiek Olentzero nor den jakiteko prestatu dutela esan. Atentzioa ematen du proiektu kultural batean halako inbertsioa egin izanak (ia hiru milioi euro), nahiz eta garbi esan proiektua errentagarria izatea dela helburuetako bat. Nekezagoa da ulertzen, ordea, proiektu horretarako Bizkaiko baserririk zaharrena aukeratu izana, Olentzeroren tradizioa Bizkaian hain berria dela jakinda; Olentzeroren antzinako jatorria nabarmendu nahi bazen Bidasoaldeko baserri zaharren bat aukeratzea ez al zen hobe?
I CARO BAROJA, Julio. Sobre la religión antigua y el calendario del pueblo vasco, 3. arg., Donostia : Editorial Txertoa, 1984; 114. or.
II DONOSTIA, P. “Canciones de cuestación. Olentzero”. In: Obras completas del Padre Donostia, tomo I, 1983. Bilbao : Editorial La Gran Enciclopedia Vasca; 32. or.
III IRURETAGOYENA, Juan de. “Fiestas populares: Zarauz”. In: Anuario de la Sociedad de Eusko-Folklore, II (1922), 36. or.
IV LEKUONA, Manuel. “Gabon kantak (I)”. In: Idaz-lan guztiak, 1. Aozko literatura. Tolosa: Librería Técnica de Difusión, 1978 (446. orrialdea)
V IRURETAGOYENA, Juan de. “Fiestas populares: Zarauz”. In: Anuario de la Sociedad de Eusko-Folklore, II (1922), 38. or.
VI ZAVALA, Antonio. “Bilintx. Bertsoak eta bizitza”. In: Auspoaren Sail Nagusia. Oiartzun: Sendoa Argitaletxea (1993), 68. or.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |