Ispizua arkitektoaren Luis Briñas eskola publikoa: Bilboko eraikin arrazionalista ospetsuaren berreskurapen arkitektonikoa dela etaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Isusko VIVAS ZIARRUSTA
Traducción al español

1) Hitzaurrea
2) Arrazionalismoko arkitekturaren eredua Bilbon: Luis Briñas eskola publikoa
3) Eraikinaren berriztapena: XX. mendeko ikastetxea XXI. menderako berreskuratua
4) Erreferentzia bibliografikoak

 

1) Hitzaurrea

BBerreskurapen arkitektonikoaren harian, azken boladan gertatzen ari diren eraldaketa sakonen ildoan eta 2007. urteko otsailean Gasteizen ospatu ziren Micaela Portilla historiagilea zenaren omenezko In Memoriam jardunaldietan, Bilboko bilakaeran izandako bi eraikin aipatu nituen, batik bat XX. mendeko azken partean bultzaturiko berriztapen prozesuak direla eta. Bai bata eta bai bestea, zinez adierazgarriak Euskal Herriko arkitekturaren historia modernoan: alde batetik, “El Ponton” zeritzon lantegi zaharra, XVIII. mende amaierako fabrika neoklasikoa eta bestetik, Pedro Ispizua Susunaga arkitektoak 1933an eraikitako Luis Briñas eskola publikoa. Komunikazioaren aurkezpenean denbora arazoengatik lehenengo kasuan soilik jarri nuen arreta. Oraingo honetan, beraz, bigarrena nabarmendu nahi nuke zeren eta XX. mendeko lehen herenean emeki-emeki Europako abangoardietatik zetorkigun arkitektura arrazionalistaren ereduetariko bat izan zen, gaur egun oraindik hasierako funtzio berbera betetzen duen eraikina, bertan buruturiko berriztapenaren ostean.

Eraikinaren ikuspegiak berreskurapenaren ondoren
Eraikinaren ikuspegiak berreskurapenaren ondoren.

(AURKIBIDEA)

2) Arrazionalismoko arkitekturaren eredua Bilbon: Luis Briñas eskola publikoa

Luis Briñas ikastetxeak eskola izateari inoiz utzi ez bazion ere, begi bistakoa zen XX. mendeko azken hamarkadan nahiko hondatuta zegoela. Horrez gain, Estatu espainiarrean eta Europan ezaguna zen eraikinak (1) kontserbaziorako baldintzak zeuzkan ezarrita Bilboko Hiri Antolaketaren Egitamu Orokorrean (PGOU: “Plan General de Ordenación Urbana de Bilbao”), ‘B’ graduko babesarekin. Ondorioz, 1996an Eduardo Eskauriaza eta Rafael Olabarri arkitektoek aurretiaz zegoena errespetuz tratatuz eta kontu handiz buruturiko berregituraketak (2), Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak 1999an emandako sarietan aipamen berezia merezi izan zuen (3).

Sarrera printzipala eta etxaurre nagusia Basarrate enparantzan
Sarrera printzipala eta etxaurre nagusia Basarrate enparantzan.

Bere garaian, eskolaren eraikuntzarako printzipio arrazionalistak jarraitu ziren konposaketa arkitektonikoaren metodo legez. Hala ere, Europatik zebiltzan eredu arrazionalista funtzional ortodoxoak baino monumentuaren tankera ikusgarriagoa hartu zuela ezin genezake ukatu, Euskal Herrian normaltzat jotzen zen bezala (4). Aurrealderik garrantzitsuena litzateke, hain zuzen ere, monumentu izaera ikusgarriena duena, atzeko partean leiho zabal eta luzeen segidak agertzen direlarik, orduko teknologiaren lekukorik bikainenak, arrazionalismoaren arkitektura abangoardistak sano goretsiak. Diogun itxura monumentala fatxada nagusitik ongi ikusten den dorreak baimentzen dio, sarreraren gainean. Atzealdean dorrearen presentzia sinbolikoa nolabait ezkutatu egiten da, batez ere zoruko kota desberdintasunaren eraginez. Antolaketa bolumetrikoa eta funtzionala nahiko zatitua bada ere, Ispizuak ongi jokatu zuen atal anitzen artikulazio egokia lortzen, arrazionalismoak posible egiten zion lengoaiarekin. Jakin badakigu urte haietan P. Ispizuak Eraikuntza Zibilen Arkitekto Arduradun postua izan zuela eta beraz, ez da harritzekoa eraikuntza publikoetan behin baino gehiagotan parte hartu izana (gogoratzekoa da bere tendentzia estilistikoetan, arkitekto honek izan zuen “Beaux-Arts” eskolako formazio peto petoa). Beste eraikin arrazionalista batzuetan arrunt zenez, honetan ere barneko espazioak oso probetxagarriak ziren bai horizontalki eta baita komunikazio bertikalen erosotasuna bilatzerakoan. Sotoko solairuan soin hezkuntzarako gela handiak eta igeritokia bazeuzkan, baita museoa ere, Guda Zibilaren aurreko Errepublikan umeen eta gazteen heziketaz botere publikoak onesten zituen ideia aurrerakoien arabera.

Atzeko kaletik antzematen zaion perspektiba apalagoa, zeharo desberdina
Atzeko kaletik antzematen zaion perspektiba apalagoa, zeharo desberdina.

Bestalde, 1930eko hamarkada horretan eta Briñas eskola eraiki zen ingurunean harridura sortarazi zezakeen halako arkitektura arrazionalista moderno itxurosoak. Halaber, zeuden bizpahiru baserriek eta ortuek laster egin behar izan zieten leku apurka-apurka lurzoruak bereganatuz zihoazen etxebizitzei, hiria mendi magaletatik zabaldu ahala. Horrela izanik ere, biztanleria oso eskasa zen, Santutxuko Basarraten hain ezagunak izan diren “Unión Begoñesa”ko langileen etxeak ere egiteke baitzeuden oraindik.

Iluntzeko argiek areagotzen diote berez erakusten duen izaera monumentala
Iluntzeko argiek areagotzen diote berez erakusten duen izaera monumentala.

(AURKIBIDEA)

3) Eraikinaren berriztapena: XX. mendeko ikastetxea XXI. menderako berreskuratua

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren enkarguz Eduardo Eskauriatza eta Rafael Olabarri arkitektoek 1996. urtean (konkurtso murriztu baten partaide izanik) berriztapena aurrera eramaterakoan (INGESAren aholkularitzarekin eta Domingo Pellicer Daviña katedradunaren kolaborazioarekin) eraikinaren bikoizketa hobetsi zuten. Egoera kezkagarria, zituen urteengatik eta garai hartako hormigoi armatu pobreagatik zela ziurtatzen zuten teknikari eta perituek (5). Edonola ere, beste gaixotasunik ezean berreskuragarria izan zitekeen. Heziketa programaren berezitasunak eskatuta, barrualdeko espazioak berrantolatu eta gelak atondu zituzten, XXI. menderako eskola batek behar duen praktikotasuna bestelakoa dela ohartaraziz. Eraikina guztiz hustu zuten etxaurreak mantenduta. Soberan leudekeen espazioetan komunak eta antzerako zerbitzuak ezarri zituzten. Barneko berriztapenean ere hormigoiak eta beirak duen pisuak adierazten digu eraikinaren kontserbaziorako konpromisoaz une oro kontziente zirela, Bilboko Hiri Antolaketaren Egitamu Orokorrak elementu babesgarritzat zuela onartuz. Babesak kanpoaldean eta barnealdean du eragina (estruktura bera, dekorazioa edota altzariak barne), eraispen osoa edo partziala galaraziz. Erabateko suntsipena suertatzen denean, lehen zuen izaera berbera emanez berreraikitzeko eskubidea legeztatzen du. Eraikin hauetan proposatu daitezkeen obrak, teorian ‘berrikuntza kontserbatzailea’ edo ‘zaintzailearen’ arauetara egokitu behar dira derrigor (Eusko Jaurlaritzaren 189/90 dekretua). Oraingo honetan aurretiaz existitzen zen arkitektura begiramenez tratatua izan da. Distribuzio originalak, aldiz, birmoldaketak izan zituen, lehenagoko interbentzio batzuetan. Eraikin historikoetan berrikuntza arkitektonikoak planteatzen direnean lehendik zegoenari begiratuta eta ia era anonimo baten jarduteak duen balioa aintzat hartu beharko genuke ohi den baino gehiagotan. Briñas eskolan funtzio berririk ez zen aurreikusten, soil soilik ikastetxea egoerarik duinenean izateko konpontzea. Beste kasu batzutan, neurriz egiten baldin bada, zilegi izan daiteke egituren edota elementu eraikitzaileen transformazioa eta eraldakuntza, beti ere arkitektoen arteko leiak edo norberaren buruaren laudorioak arbuiatuz.

Barneko antolaketa eta argiztapen naturalak duen garrantzia, argi-itzalen joko txit adierazgarriarekin
Barneko antolaketa eta argiztapen naturalak duen garrantzia, argi-itzalen joko txit adierazgarriarekin.

Gaineratu beharko genuke XXI. mendearen hasieran Briñas eskola dagoen tokian egonda daukan arazoetariko bat lekua bera izan daitekeela, hiriko eskalekin alderatuz. Eraikin honi atzematen zaion horizontaltasunak (nahiz eta dorrearen bertikaltasunak jarraitasun horizontala zertxobait urratu) eskala apurketa ikaragarria suposatzen du aldamenean dituen etxe garaiekin konparatuz. Izan ere, XX. mendeko hirurogei eta hirurogei eta hamar garren hamarkadetako etxeek duten altuerak azkar erakusten du zein izan den Bilboko Santutxu auzo populatuaren dentsitate maila eta hazkunde urbanistiko neurrigabea, Eusko Jaurlaritzak hiri eta lurralde plangintzari dagozkion eskumenak jaso aurretik.

Gaur egun eraikina nekez txertatzen da guztiz betetako traza urbanoan, zoru eskasaren azalera itzela bereganatuz
Gaur egun eraikina nekez txertatzen da guztiz betetako traza urbanoan, zoru eskasaren azalera itzela bereganatuz.

Sintesi eran eta bukatzeko, aipaturiko adibidea agian ez litzateke egongo Bilboko monumenturik erakusgarrienen artean. Era berean, akaso ez du erakutsiko Bilboko eraikuntza eklektiko eta modernisten xarma baina, horren ordez, bigarren Errepublikaren urteetan eta Gerrate Zibilaren aurreko giro bortitzean kokatzen gaitu. Bestalde, ongi erakusten digu nola XXI. mendeko eskolak lekua duen arrazionalismoko arkitekturaren baitan.
(AURKIBIDEA)

4) Erreferentzia bibliografikoak

1. BALDELLOU, M. A.; CAPITEL, A. XX. mendeko arkitektura espainiarra (Arquitectura española del siglo XX), Madril, Espasa Calpe, 1995. urteko liburuko aipamena nabarmendu daiteke. Ikus; PALIZA MONDUATE, Maite. Eskola-arkitektura publikoa Euskadiko Autonomia Erkidegoan 1840-2005/ Arquitectura escolar pública en la Comunidad Autónoma de Euskadi 1840-2005, Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, 2005, 101-102 orr.

2. ESKAURIATZA, Eduardo; OLABARRI, Rafael. “Luis Briñas eskola publikoaren birmoldaketarako obren proiektua” (“Proyecto de obras de remodelación del colegio público Luis Briñas”), Bilbo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, 1996ko uztaila (Proiektua gauzatzeko Memoria Orokorra: argitaratu gabea).

3. AUTORE ANITZ. EHAEO Arkitektura Sariak/ Premios COAVN de Arquitectura/ Prix COAVN d’Architecture, Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Nafarroako Gobernua, 1999.

4. Irakurleak informazio ugariagoa nahi izatekotan orduko euskal arkitekturari buruz, beste batzuen artean, hondoko bibliografia begiratu dezake:

- AUTORE ANITZ. 30 urtearen hamarkadako euskal artea eta artistak/ Arte y artistas vascos de los años 30, Donostia-San Sebastián, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1986 (30 urtearen hamarkadako zenbait arkitekto eta modu berezian Briñas eskola publikoa: 82-83 orr.).

- ONDARE 23. 1875-1939 bitarteko Euskal Artearen Berrikusketa/ Revisión del Arte Vasco entre 1875-1939/ Révision de l’Art Basque entre 1875 et 1939, Donostia-San Sebastián, Eusko Ikaskuntza, 2004.

5. Zenbait informeri jaramon eginda: LABEINen ebaluazio estrukturalaren txostena (950611/06-23-MC-10-1 kodea), SAITEKen ikerketa hormigoi armatuaren degradazioari buruzkoa, LKSren deskribapen fitxak.
(AURKIBIDEA)

Eskerronak:
Eskerrik asko Briñas eskolako arduradunei eraikinaren barnean argazkiak egiteko izan dudan aukeragatik. Eskerrak baita ere, Bilboko Udalean material originalen bilaketa erraztu didaten pertsonei.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2008 / 01-25 / 02-01