Euskal zinemaren uzta 2007anEscuchar artículo - Artikulua entzun

Juan Miguel GUTIÉRREZ
Traducción al español

Urteak aurrera doaz, eta zine-aretoak ikusleen beherakada nozitzen ari dira, eta beherakada progresiboa da gainera. Aretoen errentagarritasuna arriskuan dagoenez, zinearena berarena, negozio den aldetik, ere bai horrenbestez. Ez du esan nahi honek Euskal Herrian pelikulak ikusten ez direnik, ikusteko era aldatu dela baizik. Orain teknologia berriak erabiltzen dira horretarako: etxean ikusten da, edo telebista bidez, edo eskuko telefonoetan, edo bideo-zintak alokatuz edo pirateatuz Eta ez naiz saretik pelikulak ilegalki jaisteak dituen alderdi etikoei buruzko iritzia ematen hasiko. Kontua da, esan bezala, hornitzen ditugula etxeko pantailak, eta beraz, esan daiteke ikusteko modua etxekotzen ari dela, pribatu bihurtzen ia publiko baino areago. Bizi garen garaiaren seinale da hori guztia, eta ikusleen beherakada geroz eta nabarmenagoa izango da.

Joera hori da gurean eta munduan, baina hala ere gure arteko ikusleak izan du aurten, urte erabat borobila izan ez bada ere, zerekin gozatua, izan direlako eskaintza gutxi batzuk interesgarriak. Kategoriaka sailkatuko ditut pelikulak, aztertze aldera.

Dokumentalek eman dute aurtengo uztarik onena. Guztiak interesgarriak, gai aldetik oso desberdinak izan arren. Ikuspuntuari eta estiloari begiratuta ere, era askotarikoak dira.

Aitor Arregik eta José María Goenagak “Lucio” egin dute. Pertsonai harrigarri honen, Lucio Urtubia igeltsero anarkistaren bizimodua eta bizitzeko egin behar izan zituen “mirariak” -hitz egokiagorik ezin aukera daiteke-, kontatzen dizkigute. Asmamen handiko gizon honen ausardiak First City Bank indartsua porrot egiteko zorian jarri zuen. Horretarako hainbat ekintza iraultzaile burutu zituen, eta bere iritzi politikoei irmo eusteak ere lagundu zion horretan. Pelikula dokumentala da, baina fikziotik ere badu. Dena den protagonistaren nortasun indartsua da pantailaz nagusitzen dena.

Querida Bamako
Querida Bamako.

Omer Okek eta Txarli Llorentek “Querida Bamako” egin dute. Sahara azpiko etorkinak, horixe du gaia. Basamortuan barrena, mafiei eta oinaze amaigabeari aurre eginez, afrikar talde bat ageri zaigu. Benetako istorioak berreraiki egiten dituzte, eta benetako elkarrizketetan uztartzen, oso istorio ezagunak kontatzeko. Pelikula ez da handi nahiez egindakoa, ez, eta nahiz eta gauza jakinak azaldu kitzikagarria da, eta islatzen duen egoera gizartean salatzeko modukoa.

“Angor” egin du Juan Miguel Gutiérrezek. Dokumental hau ez da ohiko zine-aretoera helduko, kultur etxeetara edo zine-klubetara bai. Heriotza gertu ikusten duen gizaki batek barne-bidaia egiten du, eta hiltzeko duen aukera hori, errotik norbanakoari dagokiona, erkatu egiten da munduko hainbat kulturatan heriotza ikusteko erarekin. Dokumental honek ikusleari ezezagunak zaizkion hainbat sentipen sortzen dizkio, eta seguru aski pelikula ikustean bakoitzak dituen heriotzari buruzko bizipen barnekoiak azaleratuko dira. Arraroa da filma, ez du epeltasunerako biderik ematen.

“Tras un largo silencio” da Sabin Egileorrek egin duen filma, landua oso. Aranzadi Zientzia Elkartean egina da ondare historikoa berreskuratu nahi horretan. Horretarako ikertu beharra izan da ea non zeuden Espainiako gerra zibileko ezkutuko hilerriak, eta ondoren, lurpetik atera gorpuak. Gorpurik gehientsuenak errepublikanoenak dira, errepresaliaz hildako soldadu eta jende arruntarenak. Lan eta dokumental hunkigarria.

“El año de todos los demonios” dokumentalean Ángel Amigok 1978. urte negargarri hartan gertatutakoak aztertzen ditu. Euskal politikagintzak gertaera larriak nozitu zituen, agian nabarmenena oraindik erabat argitzeke dagoen Pertur buruzagai abertzalearen heriotza. Ikerketa interesagrrai egin du Amigok, eztabaidak ere izan dira, gaia bera kitzikagarria da, nahiz eta dokumentala bera teknika aldetik nahiko apala izan.

Tras un largo silencio
Tras un largo silencio.

Orain artekoa uzta ona izan da, baina izan da bestelakorik ere, hala moduzko fikziozko lanak. Ez dut uste hemendik urte batzuetara inor askorik gogoratuko denik pelikula hauetaz.

Kontraesana dirudi, baina Julio Medem estimagarriaren “Caótica Ana”z gogoratuko da jendea, baina ausarta izan delako zuzendaria, ez pelikula bera oso ona delako. Gogoan eduki nahi izan du Medemek Ana arreba, eta omen egin dio. Bat-batean, garaia baino lehen joan zitzaion auto-istripu baten ondorioz, gaztetxo, sortzaile hasberri. Mundu barnekoi bat azaltzen digu zuzendariak, baina nahasi eta iluna. Axaleko korronte exoterikoak eta berraragiztatzea, erredentzioa eta feminismoa bezalako kontzeptuak, guztiak anabasan azaltzen dira, eta beraz, lan erabat kaotikoa sortu du. Irrigarri geratzen da maiz. Dena den, esan dezadan Medem oso estimatzen dudala zuzendari gisara, eta gurean, oso gutxi daudela horren nortasun handiko zine-zuzendariak, hain ausartak.

“Eutsi” egin du Alberto J. Gorritibereak, pelikula komertziala erabat, TV-Movie erakoa da zine-pelikula baino areago. Anjel Alkain eta Asier Hormaza antzezle komikoen tiradizoa probestu nahi izan du, baina aktoreak barren hutsak dirudite, ez dago inolako anbiziorik, eta arazoa ez da komedia bat dela, “Aupa Etxebeste” era halaxe da, eta hara zer aldea! Ekoizpena da negargarria, eta ez duela inondik ere jakin pertsonaiei etekina ateratzen, eta salaketa egiten. Bi lagun txoriburu eta txirrinduzale gizartean geroz eta latzagoa den arazo bati aurre egiten saiatzen dira, enpresen ez-lekutzeari.

“La influencia” Pedro Aguilerak egina da. Reygadas eta Amat mexikarren pelikulen antza du, hauekin lan egindakoa baita hura, Mexikon. Latza pelikula, ozpina duena. Ilusiorik gabeko emakume bat, eta inguruan bi seme ezinean, ama apurka, atzera bueltarik gabe galbidera, ezerezera, heriotzara nola doan ikusten dute. Minimalista da pelikula, askotan ez da ezer gertatzen, eta horregatik ia eramangaitz egiten zaio filma ikusleari. Gainera tamalez diseinu-usaina nabari zaio. Gaur egun hori esaten da, usain hori dutela ia apaindurarik gabeko filmek.

La influencia
La influencia.

“Cosmos” egin du Diego Fandos nafarrak, eta “Dos rivales casi iguales” Miguel Ángel Calvo Buttinik, pelikula arraroak biak, nahikoa kostunbristak, eta osagai surrealistez zipriztinduak narrazioa osatzerakoan. Horri esker, sinesgarritasunik apenas duten istoriok, eta aktoreei euren lana interpretatzen ere ez die uzten surrealismo horrek.

“La carta esférica” da Imanol Uriberen azken lana, eta ez nau asebete. Hotz utzi nau Pérez Reverteren liburuan oinarritu du, baina abentura-istorioak ez nau erakarri, eta Carmelo Gómez eta Aitana Sánchez Gijón aktoreak beste batzuetan elkar ondo eramaten dute, baina oraingoan ez.

Nacho Vigalondo oso ona da laburmetraiak egiten, baina lehen luzemetraia honekin ez du asmatu. “Cronocrímenes”en argumentua interesgarria da, baina aktoreak ezin eskasagoak dira. Espainian eta jatorrizko bertsioa ikusi dugu, eta eskasia horretaz errazago konturatu da ikusle amerikarra baino. USAn sari mordoa jaso du lanak.

Bukatzeko, “Kimuak” ekimena ezin aipatzeke laga. Urterik urte hori ari da izaten gure zinegintzarako berririk garrantzizkoena. Laburmetraia-bilduma hau hasi zela 10 urte bete dira. Txema Muñozek koordinatzen du ekimena, eta harrigarria bada ere, urtetik urtera osasuntsuago dago. Harrobia, gazteak indarrean datoz, kimu berriak ez daude lo, aurki bilakatuko dira baso sarri.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2008 / 02 / 01-08