Bilboko Arte Eder Museoaren historia laburraEscuchar artículo - Artikulua entzun

BILBOKO ARTE EDER MUSEOA
Traducción al español

Arte Eder Museoa Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren ekimenez sortu zen 1908an eta 1914an zabaldu zituen ateak. Helburu bi izan zituen Museoak hasieran: Bilbok lehengo mendearen hasieran zuen modernizazio sozial eta kulturalerako nahia asetzea eta artisten prestakuntzarako adibide historiko eredugarriak ematea. Museo berria, Manuel Losada pintoreak zuzenduta, Hiribilduko Arte eta Lanbide eskolan lekutu zen.

Orduan agerian geratu ziren ezaugarri batzuk gaur egun ere badira: esate baterako, erakunde publikoen eta gizartearen arteko lotura estua (Bilbao erreferente kultural bihurtzeko nahia guztiena zen). Erakundeek eta partikularrek lehenengo urteetan emandako dohaintza eta legatu garrantzitsuek Museoaren handitze-bidea markatu zuten.

Museoaren beste ezaugarri bat garaikidetasunerako joera da. Hasierako une haietan bertako artisten kezkak biltzen zituen. Gaurkotasunaren aldeko apustu hori errealitate bihurtu zen hamar urte geroago arte modernoari eta garaikideari buruzko museoa sortu zenean. Horrela, bada, Arte Modernoko Museoa, Aldundiaren areto batzuetan lekututa, 1924an zabaldu zen eta Aurelio Arteta pintoreak zuzendu zuen.

Eraikina

Gerra Zibila amaitu eta apur bat geroago, Museo bietako bildumak bilduko zituen eraikuntza berria egitea erabaki zen. Erakunde bakarra osatu zuten eta, urte askoan, Bilboko Arte Eder eta Arte Modernoko Museoa izan zuen izena.

Eraikuntza berria, estilo neoklasikokoa, hiriaren Zabalgune modernoan egin zen, Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoen proiektuari jarraituta. Egungo Arte Eder Museoa 1945ean inauguratu zen. Eraikuntza Monumentu Historiko-Artistiko izendatu zuten 1962an. Manuel Losada izan zen zuzendaria 1949ra arte, Crisanto de Lasterra 1973ra arte eta Javier de Bengoechea 1982ra arte.

Hala ere, lehen espazio hori ez zen nahikoa izan eta, hirurogeiko hamarkadaren hasieran, handitzeko enkargua eman zieten Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoari. Modu berritzailean egin zuten lana, Mugimendu Modernoaren ildoari jarraituz eta, zehatzago, Mies van der Rohek ezarritako bidetik. 1970ean amaitu ziren lanak, baina hamar urte geroago, Jorge de Barandiaránen eskutik, espazio eta zerbitzu berriak antolatu ziren eraikuntzako sotoetan. 1991n Eusko Jaurlaritza sartu zen Museoaren baitan, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru aldundiarekin batera.

Fundazioa

2000. urteko abenduan, Museoaren jabeak diren erakundeek, hau da, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak (eta euren izenean, Iñaki Azkunak, Josu Bergarak eta M. Carmen Garmendiak) Bilboko Arte Eder Museoa Fundazioa sortzea erabaki zuten. Fundazioaren helburua honakoa da: Bilboko Arte Eder Museoa osatzen duten elementuak sustatu eta garatzea.

Patronatua da fundazioaren gobernu-organoa eta erakunde sortzaileek osatzen dute: Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Bestetik, pertsona fisiko eta juridikoak egongo dira barruan. Izan ere, euren ekarpen esanguratsuak edo museoei buruz daukaten ezagutza zientifiko edo teknikoa direla-eta, sorrera-helburuaren lorpena ahalbidetzeko aukera handiagoa daukate.

Fundazioko beste organo garrantzitsuetako bat aholku batzorde artistikoa da. Batzordearen eginkizun nagusia da museoari laguntzea, bere funtzionamenduari eta arlo zientifikoko eta erakusketa-arloko ildoen plangintzari buruzko gai guztietan. Batzordea Javier Viar museoko zuzendari jaunak 2003.eko ekainak 9an proposatuta onartu zen eta aholkulari hauek osatzen dute:

Jorge de Barandiaránek (Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari ohiak); Kosme de Barañanok (arte-kritikariak eta komisari independentea); Alfonso Gortázarrek (pintorea eta EHUko pintura-irakasleak); José Milicua Illarramendik (Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko katedradun emerituak); Vicente Larreak (eskultoreak); Mikel Lertxundik (ikertzaileak); Marco Livingstonek (arte-kritikariak eta komisari independentea); Tomàs Llorensek (Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoko kontserbadore buru ohia); Pilar Mur-ek (Bilboko Errekalde aretoko zuzendariak); Javier Riañok (Bilbao Arte Fundazioko zuzendaria); eta Pierre Rosenbergek (Louvre museoko zuzendari ohiak).

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2008 / 05 / 02-09