BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Traducción al español
Santimamiñeko koba ez dakigu noizkoa den. 1916an gazte begiluze batzuek aurkitu zuten, eta haiei esker bizkaitarrok kobako ondare arkeologiko ugariaren berri jakin genuen.
Haitzuloa Kortezubiko Basondo auzoan dago, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan. Koba honen garrantziaz ohartzeko kontuan eduki behar da Bizkaiko Golkoko koben multzokoa dela.
Euskal kostaldean, 100 kilometro luze baino ez izan arren, historiaurreko hainbat leize daude: Bizkaian, mendebaldean, Arenaza eta Venta Laperra, Santimamiñetik 42 eta 67 km-ra hurrenez hurren; Gipuzkoan Ekain eta Altxerri, Santimamiñetik 32 eta 45 km-ra.
Santimamiñeko koba itsas maila baino 130 metro gorago dago, Ereñozar mendiaren iparraldeko hegalean, Oka ibaiaren arroa eta Gernikako itsasadarra hartzen dituen kareharrizko mendi-multzo batean.
Ereñozar mendia. |
Koba barruan estalagmita eta estalaktita asko daude: karbonatoek eta burdin oxidoak eratutako formazio hauek hain dira ugariak ezen leku batzuetan zutabe gorrixkaz eta zurixkaz osatutako basoa ematen baitute.
Kobari buruzko lehenengo azterlanak, egungoen aitzindari izan zirenak, 1918 eta 1926 bitartean egin zituzten Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek; 1925. urtean argitaratu ziren. Geroago, Apellanizek lan bat argitaratu zuen 1960. urtean eta Gorrotxategik beste bat 2000. urtean.
Santimamiñeko kobaren barruan hiru eremu bereizi ohi dira:
1. Galeria nagusiko lehen aretoa
2. Ganbaraurrea eta ganbara
3. Sakoneko eremua
Eremu bakoitzean mota bateko labar-pinturak daude: bisonteak, zaldiak, hartzak oreinak eta argi ez dauden marrazkiak.
Pintura gehienak Goi Paleolitoko Aro Magdaleniensekoak dira (K.a. 14.000-9.000). Hala ere, batzuk zaharragoak dira, K.a. 35.000-18.000 bitartekoak.
Santimamiñeko multzo arkeologikoa
Santimamiñeko koba. |
Multzo honetan historiaurreko aztarnak dituzten koba hauek daude: Santimamiñe, Sagastigorri, Aurtenetxe, Atxondo, Kobaederra. Hauek guztiak Ereñozar mendiaren hegoaldeko hegalean daude (Kortezubi). Udalerri honetan beste leize bat ere badago: Lezika.
San Mames, edo Santimamiñe, baselizaren inguruan oraintsu egindako ikerlan arkeologikoetan historiako hainbat alditako okupazioak azaleratu dira. Hondarrak erromatarren alditik (K.o. I. mendea) gaur egun artekoak dira. Hain zuzen ere, baselizaren azpian eta aldirietan hainbat aldi historikotako elementuak aurkitu dira: eraikin hondarrak eta hilobiak.
Potentzial kultural honi inguruko bazterren balio ekologiko eta paisajistiko handia gehitu behar zaio. Multzoa artadi kantauriarra babesteko aldean dago, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan (erreserba adierazpena 1983koa da).
Are gehiago, Santimamiñeko multzo arkeologikoak badu beste baliorik ere, Basondo eta Oma ibarretako aberastasun etnografikoa: baserriak, burdinolak, errotak, etab.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |