zorionak

Xabier Retegi Aiastui (Bergara, 1937)

Lanbide Heziketa ikasi zuen Bergarako Lanbide Heziketako Zentroan. Ekonomia eta Ingeniaritzako ikasketa osagarriak egin zituen.

Peritu industrial ikasketak amaitutakoan, Arrasateko Eskola Politeknikoan hasi zen irakasle, urtebetera Zuzendari izendatu zuten eta kargu horretan iraun zuen 1962tik 1975era.

1975ean HEZIBIDEA ELKARTEAren zuzendaritza hartu zuen bere gain, eta Debagoieneko Unibertsitate-eskolen sorreran eta bailarako hezkuntza sistemaren koordinazioan esku hartu zuen.

1975ean IKERLANeko presidente izendatu zuten eta 1979an Autonomia aurreko Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jardun zuen Hezkuntza Sailean.

1979tik 1982ra Eusko Jaurlaritzako Sailburuordea izan zen.

1982tik aurrera, Lankide Aurrezki Kutxako Enpresa Saileko zuzendaria izan zen.

1983tik 1986ra Lankide Aurrezki Kutxako Enpresa Saileko zuzendaritza eta Eskola Politeknikoko Zuzendaritza Kontseiluko lehendakaritza lanak bateratu zituen.

1989an, LKS, Aholkularitza eta Ingeniaritza enpresa sortu zenean, bertako Zuzendari Nagusi izendatu zuten eta AUDILAN, SDAD. COOP.eko lehendakari ere.

1991ko apiriletik 1992ko irailera, SPRIko Zuzendari Nagusia izan zen, eta urte horretan Eusko Jaurlaritzako Industri eta Energia Sailburuorde eta SPRIko Kontseilari Eskuorde izendatu zuten.

1995ean Eusko Jaurlaritzako Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailburu izendatu zuten eta kargu hori 1998ra bitarte eduki zuen.

1999ko urtarrilean MCCra bueltatu zen, bertako Teknologia Garapen eta Kalitate Saileko Zuzendari kargua hartuz eta era berean, urte horretako maiatzean Mondragon Unibertsitateko Errektore izendatu zuten. 2002ko Urtarrilak 31rarte bi kargu horietako funtzioak garatu ditu, fetxa horretan jubilatu delarik.

2002ko abendutik Eusko Ikaskuntzaren Lehendakaria da.

2007tik Innobasque, berrikuntzaren euskal agentziaren, Gizarte Saileko lehendakaria da.

Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Xabier Retegi / Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria

Gizarte antolakuntzako egitura guztiz berdinekin bizi gara, aldaketa teknologikoarekin ezer gertatu ez balitz bezala

Euskonews astekariak bere 10. urtemuga betetzen du 2008an. Hori dela eta, beste ekintzaren artean, hilean behin eta abendura arte, elkarrizketa berezi bat argitaratuko dugu gure herriko azken urteotako historiaren pertsonai adierazgarri batekin. Astero ditugun milaka irakurleei egin diezaiekegun oparirik onena delakoan gaude.

 

 

Xabier Retegi ibilbide luzeko pertsona da. Hezkuntza eta industria arloetan garatu ditu batez ere bere dohainak, sektore pribatu eta publikoan. Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailburua izan zen Eusko Jaurlaritzan; baita Hezkuntza Sailburuordea ere. Eta Mondragon Unibertsitatearen lehen Errektorea izan genuen. Azken sei urteotan Eusko Ikaskuntzaren Lehendakaria dugu. Eskarmentu handiko pertsona da, beraz, eta bere talaia pertsonaletik ikuspegi pribilegiatua dauka euskal gizartearen nondik norakoaz.

Zeu buru zaren erakundearen 90. urteurrena ospatzen ari gara. Nola aurkeztuko zenioke Eusko Ikaskuntza hartaz ezer ez dakienari?

Nire ustez Eusko Ikaskuntzaz ezer ez dakiten pertsona gutxi izango dira, eta oro har erakunde agurgarri, ohoragarri eta ospetsu gisa ezagutzen du jendeak. Ezagutzen ez dena, funtsean, haren edukia eta funtzioak dira.

90 urteko bizitzan gorabehera asko bizi izandako erakundea dela esango nuke nik, eta “iturri zaharretatik ur berri, garden, garbia sortzen da goizero” poetak esango lukeen moduan. Eusko Ikaskuntzari, orobat, egunero dario jakintza antzea eta kultura antzea gure herrialdeko pertsona ugariren lanaren bidez, eta zertarako sortu zen eta funtzio hura betetzen jarraitzen du.

Bestalde, nik esango nuke Eusko Ikaskuntza sakonki berritzaile eta aitzindari izan dela, eta hala izaten jarraitzen du. Abiapuntuan berean Euskaltzaindia sortu zuen, gerora ibilbide luzea eta bere-berezko historia izan duena. Euskal Unibertsitate Publikoa erreibindikatu zuen, azkenean Gerra Zibilaren denboran eratu zena eta gerrak berak eten zuena. Eusko Ikaskuntzak, orobat, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren zirriborroa gauzatu zuen 1931 urtean, euskal autonomia eraikitzeko oinarri gisa baliatuko zena.

Horretaz gainera, euskarazko irakaskuntza sendo sustatu zuen, eta dagoeneko hori guztia historia bada ere, Eusko Ikaskuntzak aitzindari ikusmolde berari eusten jarraitzen du. Horren agergarri dugu orain dela gutxi eratu den Jakiunde, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia. Orain abian jartzen den erakunde horri ibilera bikaina eta hemendik 15 edo 20 urtera egoera onean gerta dadila opa diogu. Era berean, Euskomedia Fundazioa abiarazi du, euskal eduki kulturalaren eskaintza digital handiena, bai eta Asmoz Fundazioa ere, bide digitaletik etengabeko prestakuntza eskaintzen duena.

Milaka asko dira Eusko Ikaskuntzan parte hartu duten pertsonak, eta parte hartzen jarraitzen dutenak. Une honetan, 3.000 bazkide baino gehiago dituela, euskal gizartearen kultura eta ikerketa alorreko gailenak biltzen ditu Eusko Ikaskuntzak.

Halaber, nik esango nuke hasieran, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundiek sustaturiko erakundea dela, Nafarroakoa gaur egun Foru Komunitateko Gobernuak ordezkatua, eta gaur Eusko Jaurlaritzak ere bultzatua. Espainiako Gobernua ere laguntzen du, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren bidez.

Azken batean hori da Eusko Ikaskuntza: erakunde pribatu bizia, sorrerako indar bera mantentzen jarraitzen duena.

Javier Retegui

Hasiera hori 1918koa da. Xabier Retegiren ibilbidea ez da hain luzea, baina bai aberatsa edukiaz den bezainbatean. Nola definituko zenuke zure burua?

Adinean aurrera doan pertsona naiz ni, bizitzan etengabe konpromiso eta erronka berri eta desberdinei aurre egin beharreko zortea izan duena. Nire 71 urteetan, esperientzia guztiz aberasgarriak bizi izan ditut. Nire bizitzan hiru alderdi nabarmenduko nituzke: prestakuntza aldia, enpresaren mundua eta hezkuntza jarduera.

Prestakuntza aldian, egiazko hiru maisu izateko zorte handia izan nuen, aztarna sakona utzi zidatenak: Elias Azpiazu jn., lehen eskolako maisua, Miguel Altuna jn., Bergarako lanbide hezkuntza ikastetxeko irakaslea eta idazkaria eta Jose Maria Arizmendiarrieta jn., Arrasateko Eskola Politeknikoaren eta kooperatiba mugimenduaren sortzaile, ideologo eta sustatzailea. Bizitza guztian lagundu didaten printzipio eta motibazioen oinarriak landatu zituzten nire baitan; ezin ezabatuzko aztarna utzi zuten nigan.

Lan alderdiari dagokionez, industria edo enpresa munduari eskainitako bizitza izan da nirea. 17 urterekin “Unión Cerrajera” enpresan hasi nintzen lanean, mantentze elektrikoan; handik urte eta erdira ijezketako arduraduna izendatu ninduten, eta zuzendaritza karguetara igotzen hasi nintzen. Hogei urterekin zuzendaritza karguetan hastea ikasbide ikaragarria izan zen niretzat, benetako unibertsitatea. Pertsona taldeak zuzentzen eta zuzendaritza ardura osoa nire gain hartzen hasi nintzen. Handik aurrera, nire bizitza enpresa munduari loturik egon da, beti zuzendaritza eginkizunak betez. Hainbat kargu izan ditut, hala nola Industria Sailburua, LKSko Zuzendari Nagusia, Euskadiko Kutxako Enpresa Dibisioko Zuzendari Nagusia.

Hala, beraz, enpresa giroan erantzukizun asko nire gain hartu beharra egokitu zait; baina gauza bera gertatu zait hezkuntza alorrean ere: industria ingeniaritzako peritu ikasketak amaitutakoan, On Jose Maria Arizmendiarrietak deitu zidan Eskola Politeknikoko irakasle taldean parte hartzeko. Ondoko urtean Zuzendari izendatu ninduten. Horrenbestez, irakaskuntza zuzenean ez ezik, irakaskuntza eta ikastetxeetako gestioan ere erantzukizunak hartu behar izan ditut.

Hala, parte hartu nuen unibertsitate eskolen eta Debagoienako irakaskuntza kooperatiboaren sustapenean, harik eta lehen Eusko Jaurlaritzan, Pedro Miguel Etxenike Sailburu zela, Hezkuntza Sailburuorde gisa parte hartzeko deitu zidaten arte. Niretzat berebiziko esperientzia izan zen transferentziak negoziatzen hastea eta euskal hezkuntza administrazioa abian jartzea. Geroago, hezkuntza alorrean ere, bestelako ardurak izan nituen, hala nola Arrasateko Eskola Politeknikoko lehendakariarena, beste lehendakaritza batzuen artean, eta azkenik Mondragon Unibertsitateko Errektorea izan nintzen.

Nire bizitza, beraz, hezkuntza eta enpresa alorren artean ibili da, biek pareko pisua zutela, nahiz beti hezkuntza aldera gehiago jo izan dudan, alderdi horri lotuago sentitu bainaiz beti. Ikusi denez, administrazio publikoan ere karguak izan ditut, baina horiek beti lankidetza gisakoak izan dira niretzat, eta inoiz ez naiz administrazio publikoaren profesionala sentitu, beti politikarekin lankidetza puntualak izan baititut, eta gero mundu pribatura itzuli naiz.

Horregatik guztiagatik, esperientziatan aberatsa den pertsonatzat definituko nuke nire burua, adinean aurrera doana, bi mundutan bizi izan dena: hezkuntza munduan eta enpresarenean, alor publikoan ere sartu-irtenak egin dituena.

Javier Retegui

60ko urteen hasieran Arrasateko Eskola Politeknikoko zuzendaritza zure gain hartu zenuenetik Mondragon Unibertsitateko errektoretzatik igaro bitartera, 30 urteko aldia joan da, ohiz kanpokoa dena, batez ere Debagoiena bezalako ingurune geografiko eta sozial batean, non gizarte kideak pasa diren prestakuntza ia tekniko soiletik planteamendu unibertsitarioetara eta unibertsalagoetara. Hori da berrikuntza?

Bai horixe, hala da. Nik uste eboluzioa geratzen denean, ezinbestekoa da berrikuntza. Berrikuntza egitea abiatzeko egoera etengabean egotea da, askotan abiatzen jakitea da. Lau, bost edo sei urteko aldi bakoitzean orrialdez aldatzea, jadanik menderatzen ari ginen orria itzultzea, ixtea eta beste bati, orri zuri bati, ekitea. Beste gai baten abiaburu den orria. Horrek pentsamendua, burua, ikasteko era... aldatzera behartzen du, eta beste erronka batzuei aurre egin beharra dakar. Berrikuntza egitea erronka gero eta bortitzei aurre egitea da, batzuek besteekin zerikusirik ez dutenak, eta hori nire ustez aberasgarria da benetan.

Hezkuntzari dagokionez, berritzea guztiz premiazkoa da, egungo hezkuntza munduaren jarraibideak funtsean duela mende batzuetakoak berak dira nire ustez. Beraz, gogoeta estrategiko lasai eta serioan oinarrituriko hezkuntza planteamendu bat diseinatzen hastea, hezkuntza enpresen gestioaren aldetik —niri egitea egokitu zaidan bezala— berritzea da beti.

Duela egun batzuk, Pedro Miguel Etxenikek zioenez, egun dauden erakundeetan eliza katolikoa eta unibertsitatea dira seguruenik beren atzean bizitza gehien duten erakundeak. Eliza katolikoaren egoera begien aurrean daukagu. Baina, nola dago unibertsitatea? Hartan eraberritzen jarraitu beharra dago edo berritzen hasi beharra dago?

Mundua eboluzioa da, mundua aldaketa da, bizitza gauzen erabateko aldaketa etengabea da. Badira eboluzionatzeko premia duten zenbait erakunde: beren ustiapenaren mende daudenak. Bere ustiapenaren mende dagoen erakunde bat edo berritzen da, aldatzen da, edo desagertzen da. Modu horretara, gure herrialdeko erakunde handiak desagertzen ikusi dugu, hala nola Bizkaiko Labe Garaiak, edo beste hainbat industria handi, berrikuntzarik egin ez dutelako, garaiz gaurkotzeko gai izan ez direlako.

Ustiapenaren mende ez dauden organizazioen munduan, ezerk ez du berritzera eta aldatzera behartzen bizirik jarraitzeko. Horregatik etengabe iraun dezakete, eta egiturak korporazio interesen arabera gauzatzen dira. Batzuetan halako oreka bat gertatzen da interesen artean, eta askotan egoera batzuk printzipio handiak erabiliz defendatzen dira, baina ezkutatu egiten dira korporazio interes hutsak direnak. Era berean, nire ustez, unibertsitateak, beste erakunde batzuek bezalaxe, sufritu egiten du ez horrenbeste unibertsitatean dauden pertsonengatik, baizik eta guztiz zurrundurik, gelditurik dauden egiturengatik. Duela 200 urteko parametro ia-ia berberekin funtzionatzen ari gara. Zurezko ikasmahaien ordez bestelako material batez egindakoak izango ditugu, eta tintontziaren ordez ordenagailuak, baina berbera da unibertsitatearen oinarrizko egitura gaur egun ere.

Bestalde, gizartea asko aldatu da. Gure gizarteak aukera sorta ikaragarria eskaintzen zuen hezkuntza alorretik kanpo prestatu ahal izateko, sozializazio gaitasunak garatzeko baita lidergo gaitasuna, besteekiko harremanetarako gaitasuna edo ekimena ere. Gaur egun hori ia erabat desagertu da. Eliteak prestatzeko gaitua zen unibertsitate batetik, gizarte masa osoa hezten ari den unibertsitate batera pasa gara, ia-ia orduko irizpide berberak erabiltzen dituena.

Gaurko gizartearen eskakizunei buruzko gogoeta sakona egin eta unibertsitatearen edukia bera sakon aldatu beharra dago, ez baitu ezagupenak transmititu edo ikerketa kontzeptuak abiatzera ez bestera mugatu beharrik; aitzitik, ahalegindu behar dugu unibertsitatean ikasten ari den ikasleak balio eta gaitasunak gara ditzan, bere burua antolatzeko gai izan dadin eta, batez ere, egiten ari denarekin identifikaturik senti dadin. Horrek unibertsitateko egituren aldaketa sakona eskatzen du, ezinbestean heldu beharrekoa. Guztiz zaila da gure herrialdeko organismoren batek halako aldaketa bat egiten ausartzea, zeren, ziur aski, eragina izango bailuke unibertsitatearen baitan funtzionatzen ari diren korporazio askoren interesetan.

Javier Retegui

Gure gazteen prestakuntza euskal gizartearen erronka bat da?

Benetako erronka dugu hori. Hala da edozein gizarterentzat eta bereziki gure gizartearentzat, gabezia itzelak izango dituzten ikasleak prestatu ditzakegulako, gero bizitzan ikastaldi gogorra hasi beharko dutenak, unibertsitateak behar adina prestatu ez dituenez gero. Gainera, kontuan hartu beharra dago bizitzan zehar egin beharreko prestakuntzaz asko hitz egiten dela eta, hala eta guztiz, kontzeptu hori ez dela oraindik gure pentsamoldean sartu. Oraindik uste dugu prestakuntza aldiak bizitza guztirako balioko duten ezagupenak pilatu behar dituela, eta hori ezinezkoa da.

Eusko Ikaskuntzako lehendakaria izateaz gain, Innobasqueko gizarte alorreko lehendakari hautatu zintuzteten 2007an. Innobasque berrikuntza helburu duen erakundea da, eta munduan zehar Euskal Herria erreferente gisa jartzea erronka duena. Zein izango da Xabier Retegiren eginkizuna organo horretan?

Niretzat Innobasquek erronka handi bat du bere aurrean: berrikuntzan oinarritu beharreko Euskal Herriaren bigarren aldaketa handia sustatzea. Hori esateko erraza da guztiz, baina egiteko zaila. Eusko Ikaskuntzatik askotan esaten genuen gure herriak lidergoaren beharra duela, zeren hemen funtzionatzen duten erakunde atomizatuen multzoa kontuan harturik, gizartean gertatzen ari diren aldaketen aurrean, ezin baitugu gizartea aldatzen hasi nork bere irizpide eta ideiekin. Gizartean liderra izango dena behar dugu.

Horrenbestez, Innobasquen lidergoa dago, argi eta garbi. Bertan, gizarte aldaketarekin zerikusia duten gure herriko erakunde nagusiak ordezkaturik daude. Gainera, horren lan metodoak ahalbidetzen du gizarteak bere gain hartu beharreko alderdi berritzaileetara begiratzea, egunen batean gizarte osoa parte hartzaile izango delarik. Hasi gara, beraz, despotismo ilustratruaren planteamendu hura —“herriarentzat, herririk gabe”— hausten. Hemen “herriarentzat, herriarekin” delakoa planteatzen da, hemendik aurrera planteatu beharreko egiazko aldaketan herria partaide eginaraziz. Nire ustez, hori da Innobasquek bete beharreko eginkizuna.

Nire eginkizunari edo Eusko Ikaskuntzarenari dagokionez, nire ustez, gure erakundea gizarte zibila probatzen saiatu da azken urteotan, baina seguru asko eskas zuen Innobasquek une honetan duen lidergoa. Nire iritziz, konbinatu egin daitezke Innobasqueren ahaleginak eta Eusko Ikaskuntzarenak, halako eran non, batzuek azpitik eta beste batzuek goitik bultzatzen dutela, prozedura berritzaile bat gauzatu ahal izango dugun. Funtsean, bide berritzaile hau irizpide eta orientazioak finkatzean datza, halako eran non gizarte bektoreak irizpide berritzaileetara bideratuz joango diren. Nire ustez Innobasquek era bikainean lor dezake hori, eta oso itxaropentsu nago, ematen ari diren lehen pausoak frogatzen ari direlako jendea lan egiteko gogoz dagoela eta, gainera, sakonera horretako aldaketari aurre egiteko ahalmen nahikoa dagoela.

Gizarte berrikuntzaren inguruan bizi garen anabasa guzti honetan, ideia garbia izan nahiko nuke horren esanahiaz.

Neuk ere jakin nahiko nuke! Nire ustez, berrikuntzaren barrenean alderdi batzuk dira: lehenik eta behin, berrikuntzaren kontzeptuan eboluzio bat dago. Lehenago esaten zen ikerketa zela berrikuntza, hala zientifikoa nola teknologikoa. Hartara, berrikuntza ikerketaren bidez etorriko zen. Hori izan zen lehen kontzeptua, eta gero eboluzionatuz joan da.

Gero, pentsatu zen berrikuntza ez zuela ikerketak bakarrik egiten, baina bai merkatuak ere. Orduan berrikuntzak azaltzen hasi ziren marketing, antolakuntza eta bestelako planteamenduetan. Berrikuntza jadanik batura bat zen: ikerketa, teknologia, merkatuaren eta antolakuntza moldeen aldaketa, etab. Eta berrikuntza kontzeptua zabaldu egin zen.

Javier Retegui

Gaur egun, berrikuntzaren beste kontzeptu bat sartzen ari da, benetan iraultzailea dena: pertsonak dira berrikuntzaren iturria, berritu egiten dutenak. Pertsonaren jarrera bat da berrikuntza, garatuz doazen elementuak etengabe eztabaidan jartzen dituena. Horrenbestez, gizarte berrikuntzaren kontzeptuan sinesten dut nik, pertsonengan zentratua dena, pertsonak hartzen baitira berrikuntzaren iturri eta jatorritzat, alor guztietan eta organizazio mota guztietan. Berritu egiten da enpresan, erlijioan, sindikatuetan, jokoan, sukaldean, alderdi guztietan. Oraindik abian den gizarte berrikuntzaren kontzeptu hau gizartearen benetako aldaketa eragile bilakatu beharra dago.

Egia esan, ez dakit nola definituko nukeen berrikuntza, baina esandako hiru aldietako hirugarrenera iristen ari gara, pertsona berrikuntzaren iturri eta jatorritzat duena, eta etorkizuneko berrikuntzaren oinarrizko osagaitzat duen horretara.

90eko urteen hasieran, gure herriak bizi zuen industria egoeran, zer zuen buruan Industria Sailburuak, berritzea edo berrikuntza egitea?

Berrikuntza hura ikuspegi berritzailetik egin zen, zalantzarik gabe. Niri industriaren administrazioan sartzea egokitu zitzaidan: lehenbizi SPRIko Zuzendari Nagusia izan nintzen, gero Jon Azua Lehendakariorde eta Industria Sailburuaren taldekoa izatera pasa nintzen Industria Sailburuorde gisa. Gero, 1995etik 1999ra, Saileko arduradun nagusiaren postua hartzea egokitu zitzaidan.

1992tik 1999ra bitarteko aldian, zuzenki administrazioan lan egin nuenean alegia, enpresa lur jotzen ari zeneko egoeran geunden. Espainia Europar Batasunean sartu zen aldia igaroa genuen, 1992an amaitu baitzen hura, eta era paraleloan Europar Batasuneko mugak desagertu egin ziren. Hori guztia dela eta, bat-batean paseak ginen europar merkatu askera, europar konkurrentzia guztia estatu barnean sartua genuela. Orduan, berrikuntzarik egin gabe zeuden enpresa zaharkituak desagertuz joan ziren. Bizkaiko Labe Garaiak, ontziolak eta herriaren oinarrizko beste zenbait enpresa desagertzen ikusi genuen.

Langabezia gora zihoan, ia %26ko langabezia tasa hartu genuen. Hilez hil hazten zen, eta antolakuntzarik eza erabatekoa zen herrian. Deus egiterik ez zegoela pentsatzen zen. Nolanahi ere, enpresa batzuentzat konkurrentzia etorri zen bitartean, beste batzuentzat Europa aukera bat izan zen. Une hartan etorkizun industrialaren oinarriak jartzen hasi ziren, Euskadiko lehiakortasunari buruzko azterketaren bidez eta ‘cluster’ deiturikoak –elkarren artean erlazionaturiko enpresa familiak– eratuz. Eta etorkizuneko estrategia bat diseinatuz joan zen, herriaren eszeptizismoa erabatekoa zela, ez baitzuen industriak egingo zuen ezertan sinesten.

Krisiari zuzen aurre egitea izan zen ondoko fasea. “Enpresek maldan behera joan behar badute, ez ditzagun luzaro hilzorian eduki, putzu beltz batera joateko besterik balio ez duten laguntzak eskatzen”. Enpresak ixten laguntzen zuen programa bat abiarazi genuen, ixtearen ondorioak leunduz, langabe gelditzen zirenei zuzenduriko laguntzen bidez. ‘3R’ programa izan zen hori. Bestalde, beste bulkada bat izan zezaketen enpresak, aurreranzko jauzia egiteko adina baliabideez hornitzen ziren, egitasmo handinahi baten barnean. Hori izan zen egindako bigarren planteamendu garrantzitsua: industriak birmoldatzea, eta industria ehun zaharkitua garbitzen hastea.

Hirugarren urratsa sustapena izan zen; era horretara, enpresaburuek administrazioaren laguntzaz, enpresa proiektuak sor zitzaketen. Garai bikaina izan zen hura. Erakunde eta proiektu berrien sorrera garaia, era berriko enpresa proiektuen bidez enpresa ehuna berrituz joan zeneko garaia.

Enpresa kudeaketaren hobekuntza garrantzi handiko beste alderdi bat izan zen. Horrekin batera, enpresa familiar eta zaharkituaren ikusmoldea zuten enpresa kapitain zaharrek kargua utzi, eta enpresak kudeaketaren planteamendu zientifiko bat izatera pasa ziren, ordu arte zegoena baino askoz ere aurreratuagoa. Planteamendu berri horrek merkatuen nazioartekotze ikuspegi berria zekarren, guztiz garrantzitsua zena.

Lau faktore horiek lagundu egin zuten industria berrikuntza eta susperraldia izango zenaren oinarriak jartzen, eta horien ondorioz garai bateko %26 hartatik ia marjinala den gaur egungo langabezia tasara pasa gara. Euskadin garai hartan zeuden 660.000 lanpostuetatik, gaur egun milioi bat inguru pertsona landunetara pasa gara. Jauzi izugarria egin dugu industria berreskuratu den 15 urteetan.

Javier Retegui

Horrek esan nahi du asmatu egin zela erabaki horiekin...

Ez dakit asmatu zen, zeren, mota horretako erabakiak hartzen direnean, batzuetan asmatu eta bestetan huts egiten baita. Erabakiak muturreko egoeretan hartu behar direnean, arrisku handikoak gertatzen dira. Kasu honetan batzuk ongi joan ziren eta beste batzuk ez hainbeste, baina nire ustez jarduera multzoaren batura erdia egokia gertatu zen. Beste kontu bat da erabakiak ezin hobeak edo onenak izan ote ziren. Hori inoiz ez da jakiten. Bizitzan ere, batek erabakiak hartzen ditu baina ez daki erabaki dituenak onenak ote diren. Eta ez dago atzera martxarik. Ezin daiteke birboninatu eta berriro hasi. Nire ustez erabakiak arrazoizkoak izan ziren, eta hor daude emaitzak horren frogagarri.

Berrikuntzara itzuliz. Ez duzu uste berrikuntza teknologikoa, aplikazio hutsaren ikuspuntu sozialetik, gizarte desoreka areagotzen ari dela?

Litekeena da. Nik buruan jira eta bira eman diot kontu horri, eta, aurrenik, nik uste bilakaera teknologikoa beti gizadiaren zerbitzura egon dela, hasiera-hasieratik. Gurpila edo suharrizko lehen tresnak asmatzeak gizadiaren egoera eta ongizatea hobetzeko balio izan zuen.

Une honetan, zientziak eta teknologiak izugarrizko aurrerabidea egin dute. Giza irudimena tresnaren atzetik geratu da beti. Teknologiaren neurri berean eboluzionatzen joateko, irudimen ahalmena baino askoz indartsuagoa izan da tresna. Hala, gutxi batzuek zientzia eta teknologia beren onurari eta interesei begira erabil ditzaten arriskua dakar horrek, mundua eta globalizazioa jarduera eremu gisa baliatuz beren lehia espekulatiboak edo nagusi izateko gogoa gauzatzearren, eta ez horrenbeste gizadia hobetzearren. Horrek izugarri areagotu ditu desorekak.

Gaur egun gero eta aberastasun gehiago eta gero eta pobrezia gehiago dago, eta elkarrekin bizi dira muturreko aberastasuna eta muturreko pobrezia, gutxi batzuek espekulazio asmoz erabilitako teknologia eta zientziaren nagusitasuna dela medio. Hala eta guztiz ere, ez dut uste haizeari hesiak jartzerik dagoenik, hau da, teknologia eta zientzia ezin daitezke gelditu. Hau geldiezina da eta bere erritmoa jarraitu behar du, zeren eta une honetan zientifiko eta teknologo pila bat ari da alor honetan ikertzen, halako eran non gaur ikerketa zientifiko-teknologikoaren alorra ekonomia sektore bihurtu den. Euskal Herrian behintzat, lehen sektorea izan zena baino garrantzitsuagoa da ekonomia sektore hori. Lehen sektoreak, bere historia eta guzti, gaur egun ikerketa eta zientziaren sektoreak baino garrantzi apalagoa du Euskal Herrian.

Hala, beraz, fenomeno hau geldiezina da. Gizarte zientziak garatu eta mundua oraingoak ez diren parametroekin antolatzea da egin beharrekoa. Gizarte zientziak zurrundurik eta geldirik geratu dira, eta gizarte zientzietan ez da aurreratu garapen zientifiko-teknologikoaren neurrian.

Gizarte antolakuntzako egitura guztiz berdinekin bizi gara, aldaketa teknologiko horrekin ezer gertatu ez balitz bezala. Teknologikoaren alorrean gauza gehiagotarako zabaldu ditugu mugak: ekonomia menderatzeko, kapitalak herri batetik bestera mugitzen dira ia-ia kontrolik gabe. Aitzitik, beste alderdi batzuk, hala nola desberdintasunei dagokiena, horiek gero eta handiagoak dira beti.

Industria iraultzaren garaiarekin konparatu ohi dut hau. Orduan mekanizazioak aldaketak ekarri zituen enpresen antolaketan, eta horiekin batera: miseriazko soldatak, lanaldi izugarriak, landa guneak uztea, haurren lana enpresetan, kapitalak langileak esplotatzea... Zirkunstantziak ikaragarri mingarriak izan ziren. Gizartea aberastuz zihoan baina egoera guztiz kaotikoak sortzen ziren, harik eta doktrina sozialak, hala nola sozialismoa, eta indar sindikalak agertu ziren arte, horiek egoera orekatuz joan baitira. Doktrina sozial berri horiek elkartasun instituzionalizatua erabat zabaldu egin dute, nola edo hala. Eta ez hori bakarrik. Gero, herriak antolatuz joan dira lan baldintzen gutxieneko babesa izateko, eta ongizate estatua ere sortu da, guztiok hezkuntzarako, osasunerako, gutxieneko soldata duinerako... eskubidea izan dezaten. Hori guztia instituzionalizatuz joan da mugimendu sozialen eta politika sozialen bidez.

Gaur egun parametro hori ezin daiteke maila nazionalean gauzatu. Maila globalean planteatu beharra dago. Orduko estatu edo enpresa mailako desberdintasunak, gaur nazioarteko mailan ari dira sortzen, eta ondorioz nazioarteko antolaketa baliokidea behar da, halako eran non gizadi guztiarentzat bizirik irauteko gutxienekoa bermatua izan beharko den. Horrek, bere aldetik, zerga eta antolaketa planteamendu berriak eskatzen ditu, gaur egun ditugunez bestelakoak. Formula asko dago eta jende askok lan egin du gai hauetan. Alor honetan ere formula alternatibo oso argiak eskaintzen lan egin dute, baina nik esango nuke horrelakoak ez direla oraindik onartu. Une honetan, teknologia eta ekonomia eremuaren nagusitasuna dela eta, gertatzen ari diren desorekak orekatzeko gai izango litzatekeen gizarte mugimendu sendorik ez dago.

Javier Retegui

Agian haizeari eutsi diezaioketen mugimendu horiek direla eta, horietaz kontzientziaturik dago gure gizartea? Gure teknologizazio grina itxuragabearen jakitun ote gara?

Nik ez dut uste teknologiarako grina itxuragaberik dagoenik, aitzitik, gizarte antolakuntzarako azpigrina dago. Nik ez nioke galga emango teknologiari. Teknologia lanabes bat da. Lanabesa indartsua bada, askoz ere ongizate handiagoa lortzen dugu. Kontua da ongizate hori ezin dela neurtu —norbere grinaz, norbere espekulazioaz eta norbere aberasteaz— batzuen besteen gaineko nagusitasun-ongizatearen arabera edo batzuek munduaren gainean duten jabetzaren arabera, baizik eta gizadiaren zerbitzuan egon beharra duela.

Urgentziazkoa da kontuzko gizarte mugimenduak sortuz joatea, desoreka egoera mota horiei erantzutearren. Horrenbestez, nik ez nioke galgarik emango zientziari, baina motorra jarriko nieke gizarte mugimenduei. Azelerazioa jarriko nieke gizarte zientziei, gizarte antolakuntzari eta justizia sozial askoz handiagoaren eskakizunari.

Teknologian bakarrik inbertitzen duen gizartea, arraun bakarrez bultzatzen den txaluparekin konparatu duzu noizbait...

Kasu horretan teknologiak bere buruaren inguruan biratzeko arriskua izango luke, konpontzen ari den arazoak baino askoz ere gehiago sortzen dituela. Txalupa batek aurrera egin dezan bere bi muturrak sintonian aurrera joatea behar du, bestela zirkuluan funtzionatzen hasten da eta ez goaz inora. Arriskutsua da inora ez aurreratzea, gizarte desorekak handiagotu egingo baitira. Onezko damuz ez badugu egiten, beldur damuz egin beharko dugu, sortuko diren arazoak izugarriak izango baitira. Jadanik ikusten ari dira horietako batzuk, hala nola migrazio mugimenduei dagozkienak.

Migrazio mugimendu batek esan nahi du pertsona kopuru eskerga lekualdatzen dela, jatorrizko herrietako prestatuenak seguruenik, eta beste herrialde batzuetara joaten direla, benetako gizarte getoak sortuz eta harrera herrialdeen egiturak sakonki aldatuz. Bitartean, kontinente osoak husten ari dira miseriak beharturik. Behartasun gorriko herri horietan, nola edo hala, kanpoan dauden seme-alabek bidaltzen dituzten dirutik bizi dira, beste bizibiderik ez dutelako. Eta hori jasanezina da. Ezin daiteke etorkizuneko gizarte bat moldatu halako egoera desorekatuekin.

Hala, beraz, edo urgentziazko irtenbide bat ematen zaio antolakuntza globalaren kontzeptu berri bati, edo mundu honek ez du etorkizunik.

Teknologiaren erabilera txarraren kasu tipiko bat da hori.

Guztiz. Eta hala da gutxi batzuen zerbitzuan jarri delako. Energia nuklearra, ekar ditzakeen ingurumen arazoez bestalde, gerra helburuetarako edo helburu zientifiko-ekonomikoetarako erabili da. Hau da, onura izugarria sortzen duen zerbait, kalte ikaragarria sor dezake bestetan. Hala, beraz, garrantzitsua da tresnak nola erabiltzen diren.

Teknologia ezin daiteke erabili gutxi batzuek mundua beren mendean izan dezaten, eta gaur egun zenbait familiak eta multinazionalek menderatzen dute mundua. Burtsako espekulazioak ikusi besterik ez da. Sinestezina da egun batetik bestera balio globalak portzentaje handi horietan aldatzea, diru kopuru gaitzak mugitzen direla. Baina espekulazioa funtzionatzen ari da, eta esku gutxi batzuetan dago. Esku horiek espekulazio uholde guzti hori eragiteko gai dira, beren epe motzeko interesek hartaraturik.

Javier Retegui

Zer egin dezakegu uholde horretan ez itotzeko?

Asko egin daitekeela uste dut. Baina mundua oso handia da eta gu oso txikiak gara. Egin ezin daitekeena zera da, “egin dezatela gobernuek” esatea; aitzitik, gizarte kontzientzia sakona izan behar dugu. Gizarte kontzientzia hori izanez gero, horrek behartu egingo ditu indar politikoak arazoari lehentasuna ematera, horiek botoez elikatzen baitira.

Euskal Herria txikia da, eta pisu gutxikoa munduan. Hala ere, abantaila bat du: hain zuzen ere tamaina txikikoa izatea, ia familiarra oraindik, bertan gai horiek sakontasunez tratatu ahal direla, eta gure artean ulertu eta bestelako funtzionamendu jarraibideak markatu ahal ditugula.

Euskal Herria garrantzitsua izaten hasi da, ekonomia garapenaren aldetik ez ezik, gizarte garapenaren aldetik ere. Nire ustez, Euskal Herria gizarte garapenaren eredu izan daiteke eta izan behar du. Baina horrek bi gauza eskatzen ditu: lehenik, itxurazko elkartasunetik eta kontzientziatik elkartasun askoz ere konprometituagora igarotzea. Euskal Herrian gizarte kontzientzia bat dagoelako, baina kontzeptuari dagokiona; alabaina, gai horietako batek gure bizimodua eta gure poltsikoa ukitzen dituenean bestela funtzionatzen dugu, eta zerga garrantzitsuak planteatzen hasi dira Euskal Herriaren barneko elkartasunari ez ezik, kanpoko elkartasunari ere erantzun ahal izateko. Kasu horretan ez nuke esango hain solidarioak garenik.

Nola edo hala aurkitu behar dugu etiketako elkartasunetik kontzientzia askoz konprometituago batera jauzi egiteko modua, gure sakelak ukituko dituen eta gure bizitza eredua aldatuko duen kontzientzia batera, alegia.

Atzekoz aurrera eta aurrekoz atzera hitz egiten da gizarte balioen galeraz. Baina, ez da egia bere buruaz harro dagoen kolektibo bizi batek balioetan ere eboluzionatu beharra duela?

Ez dut uste balio galerarik izan denik. Nire ustetan gizadiak berezko balio batzuk ditu, hasieratik beretik hor daudenak. Balio horiek aplikatzen diren era da sakon aldatu dena, hots, gizartea aldatu egin da. Nik gerra ondoan ezagutu nuen gabezia gorriko gizarte batetik gizarte aberats batera pasa gara oso urte gutxitan. Ia-ia hezkuntza aukerarik gabeko gizarte batetik, non %80k ikasketak 14 urtetan bukatu eta lan egiten hasten ziren, oraingo gizartera, non %80k ikasketa ertainak edo goi ikasketak egin dituzten. Errotik aldatu da gizartearen osaera. Ondorioz, gizarte eredu hartan eta gaurkoan balioak ezin zitezkeen era berean planteatu.

Balioak hor daude beti. Gaur egun GKEak, boluntarioak, emaitzak ugaltzea, ekologiari edo hirugarren munduari buruzko kontzientzia... dira balio horien agergarri. Gizartearen erreferente handiak, bai, horiek aldatu egin dira: transzendentziaren kontzeptua, erlijioarena, doktrina sozial handien kontzeptua, lurralde-politika edo aberriaren oinarrizko kontzeptuak. Erreferente handi horiek utzi diote indarrean egoteari.

Erreferente handiek bi kontu markatzen zituzten: bizitzan borrokatzeko motibazio bat eta motibazio horren baitan jokabide arau batzuk moldatzeko. Hala, pertsonak motibaturik sentitzen ziren, erreferente horien arabera bizi egitasmo bat markatzen zuten, eta taxutua zuten bizi egitasmo horrekin koherenteak ziren jokabide arau batzuei erantzun zieten. Erreferente horiek guztiak desagertu egin dira: Eliza jadanik ez da gizarte erreferentea eta inork ez du hitz egiten mugimendu sozial handiez, ez eta proletarioen diktaduraz ere. Jendeak erreferentzia datu horiek ez izatea eragin du fenomeno horrek, eta jende hori kontsumismoan eta hedonismoan murgilduz joan da, ustez eta hori bizitzeko arrazoi bat dela. Alabaina, kontsumismo eta hedonismo kontzeptu horiek bizitzaren zati txiki bat besterik ez dute estaltzen, eta ez du gogobetetzen.

Ondorioz, balioen galeraz baino areago erreferenteen galeraz eta gaur arte erreferente izan diren erakundeen egokitu ezinaz hitz egin behar da. Erakunde horiek betierekoak diren printzipioekin geratu dira, baina forma guztiz zaharkituak eman dizkiete, eta gaurko jendea ezin die iraganeko formei jarraitu. Gaurko egoerari doazkion formei jarraitu behar die.

Javier Retegui

Hau da, gure gizartea garai honetan gizarte asegabea da. Asegabetasun horren barrenean, aukeretan sinesteko gai gara?

Dena izan arren, gure gizartea asegabe dago garrantzizkoa den zerbait eskas duelako, pertsona bera gainditzen duen zerbait falta duelako, hots, motibazioa eta izateko arrazoia. Nire iritziz, erreakzionatzeko garaiz gaude, jendeari munduaren eta gizartearen ikusmolde handinahiz hornituriko proiektu handinahiak eta alternatibak eskaintzeko. Bada gaitasun eta adimen nahikoa horretarako, antolakuntza da eskas dena. Alde horretatik, nire iritziz, Innobasquek hondar ale bat ekar diezaioke Euskal Herriari, bai beharrezko erreferente handi horiek markatzen bai eta pertsonen zein erakundeen borondatea orientatuz joaten.

Horrek esan nahi du segur aski dena hankaz gora jarri behar dugula egungo gizartearen egoerari buruzko gogoeta egiterakoan. Horrenbestez, gizarte eredu bera ere zalantzan jartzen ari izango ginateke?

Eredua aldakorra da. Nik esan ohi dut gizarte metamorfosiaren aldian gaudela. Harra tximeleta bilakatzen ari da, eta gizarte aldaketa sakon hori une hauetan gertatzen ari da. Gaurkoaren oso desberdina den gizarte eredu baterantz goaz. Ez dakigu zein diren gizarte eredu berri horren profilak, baina pertsonengan oinarritua izango delakoan nago.

Hierarkia, gizartearen jarraibideak markatzen dituen aginte gisa ulertua, desagertu egingo da gaur arte izan dituen formekin eta funtzionamenduarekin. Lidergoa ez da hierarkia ez aginte bidezko lidergorik izango; pertsonen borondatearen motibatzaileak diren balio, ideia eta irizpide berritzaileei begira dauden neurrian izango da lidergoa, pertsonak ulertzeko ahalmena baitu, bai eta hitz egin ahal izateko erabakimena ere. Lidergo partekatuak eratzeko une guztiz egokian gaude. Lehenago aipatu dugunez, despotismo ilustratua historiatik ezabaturik dago; kultura gutxiko edo gutxi hezitako gizarteetan mamitu daiteke hori, baina heziketaren jabe diren gizarteetan despotismo ilustratuak ez du zereginik. Herria kontuan hartu beharra dago gure ustez egin behar dena gauzatzeko.

Duela gutxi zure ideia bat irakurri ahal izan dugu: “Esentzialismoen aurrean, proiektu integratzaileak”.

Nire ustez, esentzialismoa, batez ere herri baten kontzepzioaren etorkizunari begira, ondoko honetan datza: “Gure herriak esentzia, izaera eta historia bat dauka”. Egitate hori totem bat bihurtu dugu, balio absolutua bailitzan, eta hori oinarri harturik, kontzepzio batez, dogma batzuen bidez eta dogma horiek interpretatzen dituen klase baten bidez etorkizuna aztertzeari ekiten diogu, halako eran non dogma horietan sartzen ez dena, bazterturik geratzen den nazio edo herri baten eta bere historiaren kontzepzioa izan daitekeen horretatik.

Kontu hau agerikoa da. Euskal Herrian jarrera esentzialista argiak ikusten dira, horien arabera Euskal Herriak eskubide propioak dituen erakundea da, horiek iraunarazteko 200 urteko borrokan dihardu, eta egokia da borrokan jarraitzea Euskal Herrian ezarri eta inposatu nahi dugun herri kontzeptuaz aldatzen ez dugun bitartean.

Bizikide ditugunekin beste proiektu batean pentsatzen hastea izan daiteke beste planteamendu bat, eta ez hainbeste izatea, baizik eraikitzea, herri modernoago bat eraikitzea, teknikoki aurreratua eta denok elkarturik sentituko garen herri bat, gizartearen aldetik koherente eta integratzaile izango den herri bat. Herri proiektu handizalea izango litzateke, zeinetan denok norabide berean arraun egiteko gai izango ginatekeen eta esklusibismorik ez legokeen. Herriaren historiaren erroekiko leialtasuna izango litzateke, eta batez ere oinarri horien gainean etorkizuna eraikitzen hasiko ginateke, baina denok barne izanik. Hori da proiektua. Eraikitze eta integratze proiektua, esentzialismoaren kontzeptuaren aurkakoa. Dogmarik gabeko proiektu bat.

Batez ere bi gauza dira kontuan hartu beharrekoak. Lehenik, herrian dagoen heterogeneotasuna edo nortasun sentimenduen aniztasuna, eta gainera emendatuz joango dena, immigrazioa dela medio. Dagoeneko biztanleen parte handi bat immigranteak dira, eta horiek beren eskubideak, beren kultura, beren erroak dituzte. Horiekin guztiekin eraiki behar dugu etorkizuneko herria, guztiak integratuz. Hori errealitate bat da.

Gizarte metamorfosiarena ere errealitate bat da. Ez gaude gizarte estatiko batean, gizarte aldakorra da gurea, historian bizi izan dugunaz bestelako eredu baterantz joango dena. Eredu berri horrek aukera izugarriak eskaintzen dizkigu gizarte desberdin, berri eta indar guztien biltzaile izango dena eraikitzeko.

Javier Retegui

Horrek esan nahi du ‘Estatu-Nazioa’ lehertu egiten dela.

Estatuaren bilakaera kontuan hartuz gero, ikusten dugu bere eskumenak galdu dituela armadan, ekonomian, non dagoeneko ez duen dirua menderatzen, mugak desagertu direla eta nekazaritza eta industria politikak jadanik ez daudela estatuaren mende. Behiala genuen estatuaren kontzeptuak ez du gaur egun bizi dugunaren antzik, batere. Nire ustez, hemendik urte gutxi batzuetara askoz gehiago aldatu behar du, eta gaur tabu diren gai asko posible izango dira orduan. Estatuaren kontzeptua, planteatua den bezala, hankaz gora jarriko nuke nik.

Estatuaz ari garela, batek era batera eta beste batek beste era batera ulertzen duen errealitate batez hitz egiten dugu. Zer da estatua?, muga?, ekonomia? Gaur egun pentsaezina da Europan mugadun estatu bat izan dezakegula, bere ekonomia edo bere dirua duena... Estatua definitzea baino areago gizarte berri hori eraikitzeak kezkatzen nau ni.

Simil batez esanda, sortzen ari den ume bati jarri behar diogun janzkiaz ari gara eztabaidatzen, eta haurra hil dadin arriskua dago, zertaz jantzi behar dugun eztabaidan ari garela. Hortaz, lehenik eraiki dezagun euskal komunitate bat, ekonomiaren aldetik aurreratua, gizartearen aldetik aurreratua eta munduko eskualde aurreratuenen artean kokatzeko gai izango dena, eta gero erabakiko dugu nolako molde juridikoa eman behar diogun denok arduradun sentitzen garen entitate horri.

Kultura alderdiari dagokionez, Euskal Herrian identitate desberdin asko eta identitate kontzeptu asko daude. Nik uste identitate anitzeko gizarte bat bilatu beharra dugula, halako eran non bat Euskal Herriarekin identifikaturik senti litekeen, frantses, espainiar, kolonbiar edo andaluziar sentitzeaz gainera.

Gizarte aurreratu hori eraikiz gero, ‘janzkia’ egiteko moduan izango gara. Gaur egun, erkidego honi era askean, autonomiaz, indarrean lan egiten uztea da eskatuko nukeen gauza bakarra, eta orobat gure gizarteak erabakimena izatea.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media