Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Egilea: Iñaki Camino Lertxundi
Argitaletxea: Elkar
Orrialde kopurua: 648
ISBN: 978-84-9783-153-6
Ezaugarriak: Euskalkiei buruzko jakin-mina aspaldikoa
da gure artean, eta zorionez lan eder franko ari dira argitaratzen gurean,
bai eskualde jakinetako hizkera aztertzen dutenak, bai Euskal Herri osoko
eremua hartzen dutenak. Liburu honek, berriz, beste ikuspegi bat eskaintzen
dio harago joan nahi duen irakurleari: dialektologiaren alderdi teoriko eta
metodologikoak lantzen dira bertan, hizkuntzalaritzako adar honetako kontzeptu
nagusiak bere luze eta zabalean aztertuz; munduko hainbat mintzairatako adibideak
erabili dira horretarako, baina euskalkien berrigose den irakurlea izan da
batez ere gogoan: nazioarteko eduki orokorrak azaldu arren, metodologiako
orrialdeetan euskal adibideak dira nagusi.
Dialektologiaren komunitate zientifikoan finkaturiko eredu eta ikusmoldeak
baliatu dira lan sendo eta mardul honetarako, eta hainbat iturritara jo du
egileak bere bilaketan; eremu erromanikoan Italia, Frantzia (Okzitania barne),
Espainia, Katalunia, Galizia, Portugalgo argitasunak topatuko ditugu; eremu
germanikoan Ingalaterra, AEB, Alemania, Belgika eta Herbeheretakoak; baita
alderdi greziar, eslaviar eta eskandinaviarreko berriak ere, mundu zabaleko
beste hainbat bazterretako adibideekin batera.
Eremu dialektalak nola sortzen diren jakin ahalko du lan honen irakurleak,
zein eremu dialektal mota dauden, zer den zehazki dialekto bat, nola finkatzen
diren dialekto baten muga geografikoak, nola jokatzen duen hizkuntzalariak
dialektoaren ezaugarri bereziak baliatzean... Hori guztia zehazteko, ikertzaile-inkestatzaileak
datuak biltzen ditu (ahozko elkarrizketetatik, inkestetatik edo liburu zaharretatik,
mintzo garaikidetik nahiz zaharragotik), eta, datu guztiak bildu ondoan, hainbat
erabaki hartzen; jakina den bezala, dialekto bati begira dagoenean nahi ditu
hizkuntzalariak ezaugarri bateratzaileak, zeren bestela, dialektoak bata bestetik
bereizten diharduenean, ezaugarri banatzaile edo zatikatzaileak baliatzen
baititu.
Liburuaren amaieran bi aurkibide datoz: aipaturiko egileena bata, eta lanean
gaindi ageri diren edukiena bestea. Horrez gain, bibliografia zabala topatuko
du irakurleak, hala nazioartekoa nola euskararen dialektoen ingurukoa.
Azken finean, liburu funtsezko eta oinarrizko bat, dialektologiako gai nagusiez
jabetu nahi duten ikerlari eta irakurle ororentzat.
Iñaki Camino Lertxundi (Donostia, 1963)
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Gasteizko Letren Fakultatean, euskaltzain
urgazle eta Euskaltzaindiaren EHHA hizkuntza-atlaseko langile. «Julio
Urkixo» Euskal Filologiako Mintegiaren ASJU aldizkariaren idazkaritzako
kide eta Nafarroako Gobernuaren Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren
erredakzioko batzordekide; Nafarroako Gobernuaren euskalki batzordeko partaide.
Dialektologiako ikerlanak: Aezkoako mintzoa (1997), Goñerriko mintzoa
(1999-2001), hego-nafarrera azpieuskalkia 2003), Nafarroa Behereko euskara
(2004) eta Nafarroa Behereko euskara zaharra (2008). dialektologiako saio
arinagoak: Donostiako euskera (2000) eta Arakil alderdiko mintzoa (2005-2006).
Egungo ikergai nagusiak: dialektologiaren alderdi teoriko-metodologikoa eta
Nafarroa Behereko Amikuze eskualdeko mintzoa.
Alderdi filologikoan hainbat idazkiren argitaratzaile: XVII. mendeko Juan
Beriainenak (1993), XVIII-XIX. mendeetako Aezkoako kristau-ikasbideak (1989-1992),
XIX-XX. mendeetako Jean Hiriart-Urrutiren artikuluak 1995) eta XX. mendeko
Pablo Fermin Irigarai «Larreko»ren artikuluak (1992).