Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Dibulgazio-izaerako artikulu honetan, ibilbide laburra egingo dugu Gasteizko hiribildua hainbat mendez babestu duen defentsa-sisteman zehar. Azken urteotan (1998tik 2005era), arkeologiako esku-hartzeak egin dira zenbait gunetan, eta horiei erreparatuko diegu gehienbat. Horrela, defentsa-sistemaren zati eta alderdi berriak ezagutzeko aukera izango dugu. Gaur egun, hiribilduko harresiak ezagutzera emateko ahalegina egiten ari diren arren, badirudi ahalegin hori zati bakarrean ari dela biltzen, eta defentsa-sistema interesgarri horretako beste hainbat gune baztertuta geratu direla.
Erdi Aroko hiribilduetako eraikuntza-elementurik bereizgarrienetakoak harresiak dira. Batetik, gerrako premiei erantzuteko eraiki zituzten, etsaien erasoen aurka defendatzeko, batik bat erreinuen arteko borrokak eta musulmanen inbasioaren mehatxua oso nabarmenak ziren garaian. Bestetik, arrazoi ekonomikoei erantzuten zieten, merkantzien joan-etorriak kontrolatzeko esparrua ezartzea baitzuten helburu, zegozkien zergak aplikatu ahal izateko.
Gasteiz hiribilduak hainbat babes-barruti izan ditu historian zehar. Gasteizen bi hesi eraiki ziren hiru fasetan. Bi hesiek hiri multzo osoa inguratu zuten, egungo Hirigune Historikoaren esparrua eratzeko aukera eman zuten zabalguneekin hiriaren hirigintza osatzen zihoan heinean.
Gasteizko antzinako herrixkari Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregeak 1181ean forua eman zionean ere ba omen zen Susoren Hiribildua zelakoa kokatuta zegoen muinoa inguratzen zuen babes-hesia. Azken azterketen arabera, XI. mendean hasi ziren eraikitzen.
Lehen harresia deituko diogunaren lehen babes-lerroak erabat inguratzen zuen hiribilduaren jatorrizko multzoa, muinoaren goialdean zegoena. Hesia obalo-itxurakoa zen, eta eraikin erlijiosoak zituen mutur banatan: hegoaldean San Migel, zin egiteko ermita, foruaren arabera garai hartan bertan zegoena, eta iparraldean Santa Maria eliza (gero kolegiata eta katedral izan zena).
Hesiaren ibilbidea honako hau zen: Santa Maria elizatik abiatu eta Harategi kantoirantz. Zati horretan, hain zuzen ere, Hedegile kaleko 108 zenbakiko patioan, gaur egun Luís Aranburu Udal Musika Eskola dagoen tokian, 1999tik 2001era1 bitartean guk egindako indusketa arkeologiko batean, 20,30 m luzeko harresi-atala bistaratu zen, 1,70 eta 1,80 m bitarteko lodiera duena. Kontserbatutako garaiera 1,25 eta 1,94 m bitartekoa da. Hesiaren barrualdean, bertikaletik 0,20 m ateratzen diren zokalo edo zapatak aurkitu ditugu hainbat puntutan. Kanpoaldean, berriz, eraikuntza-aparailu bikoitza erabili zutela egiaztatu dugu: hesia osatzen duten harlangaitz gehienak, kareorez hartutakoak, horizontalean daude jarrita, hainbat puntutan izan ezik. Puntu horietan bertikalean daude antolatuta, opus spicatum itxurarekin. Gaur egun, harresiaren bi aldeak ikusten diren gune bakarra da hori, eta hormigoizko estalki batek babesten du. Aipatutako estalkia egunen batean lehengoratu egingo dute, ustez.
1. Lehenengo harresiaren bista, Correria 108, Iparretik.
2. Lehenengo harresiaren bista, Correria 108, Hegoaldetik.
3. Lehenengo harresiaren bista, Correria 108, gaur egun.
Argazkiak: Paquita Sáenz de Urturi.
Harategi kantoiaren eta Villasuso Jauregiaren artean garaieran bistaratzen da kanpoaldeko paramentutik, Frai Zacarias Martinez kaleko eraikinen atzealdea eratzen baitu, nahiz eta ezagutzen ditugun egitura gehienak geroagoko obrei dagozkienak izan. Oinarriaren zenbait zatitan, eraikuntza-aparailu bikoitzen aztarnak aurkitu dira. Zona horretan, lauki-formako hainbat dorrek, hesi osoari sendotasuna eta gotortasuna ematen ziotenak, zutik diraute oraindik.
Badakigu zer ibilbide egiten duen San Bartolome Atearen (Villasuso Jauregiaren ondoan) eta Santa Maria Katedralaren artean, Eskola eta Aiztogile kaleetan zehar. Dena den, ez da ia zatirik bistaratzen.
Inon ez da aurkitu harresia babesteko hobiren bat eraiki zutela egiaztatzen duen aztarnarik. Mendebaldean ez zen beharrezkoa, orografia oso malkartsua baitzen. Ekialdean, ordea, ez da azterketarik egin, eta ezin da ez baieztatu ez gezurtatu halako babesik zegoenik.
1202tik aurrera hiribildua handitu egin zen muinoaren mendebaldeko magalean zehar, eta horregatik eraiki zuten bigarren harresia. Bere eragin-eremua zabalgune horretara mugatzen da, Santa Maria Atean eta San Bartolome Atean harresi zaharrarekin bat egin arte. Hesiak Errementari kale osoa hartzen du luzetara.
Bigarren harresiak elementu berriak ditu aurrekoarekin alderatuta. Batetik, hobi edo sotoa egin zitzaion bere oinean Zapardiel ibaiaren ibilgua aprobetxatuz. Bestetik, Arabako familia garrantzitsuek dorre gotorrak eraiki zituzten hesiaren hainbat puntutan, bereziki ateetan edo ateen inguruan.
Lehen harresiaren hainbat aurri oraindik ere ikus daitezkeen arren, bigarrenaren aztarna bakarrak izena eta San Pedro elizako hondarrak dira. Izenari dagokionez, aipatzekoa da harresiaren ondoko ateei Zerkagoren deitu zaiela orain dela gutxira arte. XVII. mendearen bigarren erdian hasi eta XIX. mende bukaeran osatu zen eraisketa, hiribildura sartzeko ateak desagertu zirenean.
Bigarren harresiaren zati bat, Siervas de Jesus 12an aurkitua, gaur egun
estalia dago.
Argazkia: Paquita Sáenz de Urturi.
Bigarren harresiaren zati bat, Diputacion 18an aurkitua, gaur egun sotoan
ikusgai.
Argazkia: Paquita Sáenz de Urturi.
Ibilbideko hainbat puntutan egindako indusketek (Errementari kalea, 43-45, Jesusen Zerbitzarien kalea, 12 eta Diputazio kalea, 18) trazatua ezagutzeko aukera eman digute. Trazatua ez dator bat kale horietako fatxadaren lerroarekin, 1,5-2 m barrurago baitago, eta eraikuntza-ezaugarriak ere desberdinak dira: esaterako, orri bikoitzeko horma-atala. Babes-sistema horma bakarrekoa ez zela egiaztatu dugu. Horma nagusia (harresia edo hesia) eta Zapardiel ibaiaren hurbiltasuna aprobetxatuz egindako hobi edo sotoaz gain, ingurabide batez babestutako barne-espazioa zegoen, eta Diputazio kaleko 18. zenbakiko lokalaren sotoan zati bat dago oraindik.
Hirugarren harresia ezezagunena da. Muinoaren ekialdeko magalean Alfontso X.a Jakitunaren aginduz 1256tik aurrera egindako zabalgune berria babestea zen bere helburua. San Bizente elizaren inguruan lehen harresiarekin zuen loturak eta Santo Domingo auzoko Santa Mariaren inguruan bigarren harresiarekin zuen loturak hiribildu osoa babesteko aukera ematen zuten. Bere trazatua ondo zehaztuta dago Kanpokale Berria kalean zehar, Alfontso X.a erregeak berak eraikiarazitako San Ildefontso eliza izandakoa zegoen tokiraino. Hortik aurrera ez dago garbi zein zen trazatua.
Inguru horretan eraikitako babes-hesia seguruenik aurrekoak baino geroagokoa izango da, XIV. mendekoa. Badakigu Urbinako atea XV. mendearen amaieran han zegoela, eta badakigu Santo Domingo Komentuko eliza, 1524koa, harresiaren trazatura egokitu behar izan zela, baina dokumentuetan ez dago benetako trazatuari buruzko inolako daturik.
Hirugarren harresiaren hondarrak Barnekale Berriaren (Juderia ohia) eta Kanpokale Berriaren artean kokatutako orubeetan aurkitu dira bi esku-hartze arkeologikotan. Beste inon ez da hondarrik aurkitu.
Bere lerroa finkatzeko balio diezagukeen elementuetako bat Erroten Kanala deiturikoa da, XIII. mendearen amaieran egindako eraikuntza-lan interesgarria. Inguru horretan zeuden bi errotak, San Ildefontso eta Santo Domingo, elikatzeaz gain, harresiaren hobia edo sotoa izatea ere bazen bere helburua. Badakigu noiz hasi ziren eraikitzen, Alfontso X.ak Romero Martinez de Vitoriari 1281ean egindako emakida izan baitzen, Olarizu eta Mendiolatik sotora ura eramateko, eta, horrela, hiribildua aberatsagoa eta boteretsuagoa izateko. San Ildefontso eta Santo Domingoko errotak eraikitzeko baimena emateaz gain, haiek erabiltzeko eskubidea hiribilduaren esku utzi zuen soilik.
2006an, bisita gidatuen programa jarri zuten abian, lehen harresiaren eremu bat ezagutzeko: Harategi kantoitik hasi eta Bakardade kantoiraino, alegia. Gerora, bisitaren eremua hedatzeko eta San Migel eliza ere barne hartzeko asmoa dago. Lerro hauen bitartez, batetik, zorionak eman nahi ditugu ekimen horregatik, baina, halaber, beste harresi-atal batzuk ahaztuta utzi izana salatu nahi dugu, eta, bereziki, Luis Aranburu Udal Eskola Musikaren patioko eremua ibilbidean sartu beharko litzatekeela uste dugu.
Oinarrizko bibliografia
APRAIZ, R.: “La muralla del primitivo Vitoria”, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletina, 9. urtea, 2. Koad., Gasteiz, 1953.
AZKARATE, A.; BIENES, J. J.; MARTÍNEZ, J. M.; SOLAUN, J. L.: Excavaciones Arqueológicas, Catedral de Santa María de Vitoria-Gasteiz. Plan Director de Restauración, T. I, Gasteiz, 2001, 150-169 or.
AZKARATE, A.; CÁMARA, L.; LASAGABASTER, J. I.; LATORRE, P.: Catedral de Santa María de Vitoria-Gasteiz. Plan Director de Restauración, Gasteiz, 2001.
BEGOÑA AZKARRAGA, A. de: Arquitectura doméstica en la Llanada de Álava. Siglos XVI al XVIII. Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1986.
BUESA, I. “Nueva Fuera 17 (Antigua Nueva Dentro 34-36)” (Gasteiz), Txostena Arkeoikuska, 2004, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2005, 270-275 or.
BUESA, I. “Herrería 43-45” (Gasteiz), Arkeoikuska 2006, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2007, 274-283 or.
EUSKAL HERRIKO ENTZIKLOPEDIA OROKORRA, LIII lib.; GASTEIZ-BIZKAIA, Auñamendi argitaletxea, Donostia, 2001, 177 or.
FILLOY NIEVA, I.: “C/ Nueva Dentro 22-26 y C/ Nueva Fuera 5-13” Arkeoikuska, 1998, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 1999, 219-227 or.
GIL ZUBILLAGA, E.: “Iglesia de San Pedro”. Arkeoikuska, 2001, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz 2002; 187-192 or.
LORENZO PEREZ DE SAN ROMAN, R.: “Apuntes sobre la evolución de las fortificaciones de la villa de Vitoria (1181-1431)”. Sancho el Sabio 16, 2002, 85-116 or.
PORTILLA VITORIA, M.: Torres y casas fuertes en Álava. (2 lib.) Gasteizko Aurrezki Kutxa, Gasteiz, 1978.
PORTILLA VITORIA, M.: Catálogo Monumental de la Diócesis. Vol. III. Ciudad de Vitoria. Gasteiz, 1971.
PORTILLA VITORIA, M.: Una ruta europea. Por Álava, a Compostela. Del paso de San Adrián, al Ebro. Arabako Foru Aldundia. Gasteiz, 1991.
SAENZ DE URTURI, P.: “C/ Correría 84-88”. Arkeoikuska, 1998. Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 1999, 280-283 or.
SAENZ DE URTURI, P.: “C/ Siervas de Jesús 12 – Herrería 29”. Arkeoikuska, 1999. Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2000, 247-250 or.
SAENZ DE URTURI, P.: “Correría 108 (Vitoria-Gasteiz)”. Arkeoikuska 2000, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz 2001, 222-226 or.
SAENZ DE URTURI, P.: “Correría 66-72 Paseo de Ronda (Vitoria-Gasteiz)”. Arkeoikuska 2002, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2003, 273-279 or.
SAENZ DE URTURI, P.: “Diputación 18 (Vitoria-Gasteiz)”. Arkeoikuska 2005, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz 2007, 192-201 or.
SAENZ DE URTURI, P.: “Avance al estudio de las murallas de Vitoria-Gasteiz a partir de las excavaciones arqueológicas”, Jardunaldietako Aktak. Micaela Portillari omenaldia. Gasteiz, 2007, 415-426 or.
SOLAUN BUSTINZA, J.L.: “La cerámica medieval en el País Vasco (Siglos VIII-XIII)”. Euskal Kultura Ondarearen Bilduma, 2. Ed. Euskal herriko Unibertsitatea. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gasteiz, 2005.
URTEAGA, M.: “Actualidad en las investigaciones de los fosos inundados en las fortificaciones de las villas medievales.” Arkeolan Buletina, 11., Donostia, 2003, 28-31 or.
URTEAGA, M. “Cavas, mincavas o fosos inundados: testimonios arqueológicos de encauzamientos artificiales en los burgos medievales de Gipuzkoa”, La rivière aménagée: entre héritages et modernité. Aestuaria, 2005, 7, 83-89 or.
VAL SOSA, V. del: Calles vitorianas. Gasteizko Aurrezki Kutxa. Gasteiz, 1979.
VELASCO, Ladislao de. Memorias del Vitoria de antaño. Gasteiz 1889. Arabako Foru Aldundiak argitaratua Ediciones de Ayer bilduman.
VIDAL ABARCA, J.: “Escudos en Vitoria, edificios civiles. 1ª parte”. Boletín de la Institución Sancho el Sabio, XXIV, 1980, 5-174 or.
1 Esku-hartze horri eta artikulu honetan aipatzen diren beste batzuei buruzko erreferentziak bibliografia erantsian aipatu eta Micaela Portillaren Omenezko Jardunaldiak deiturikoan aurkezten dugun komunikazioan kontsulta daitezke.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus