Gabriel Aresti.
Euskal idazlea (Bilbo, 1933 - Bilbo, 1975). Merkataritza ikasketak egin zituen
eta ogibidez enpresa kontularia izan zen. Euskaldun berria, euskara erabat
bereganatua zuen. Euskal poesia modernoaren bultzatzaile eta berritzailerik
nabarmenena. Euskara batuaren bultzatzailea izanik, euskara hori erabili zuen
batez ere bere lanetan. 1954ean hasi zen lanak kaleratzen Guatemalan argitaratzen
zen «Euzko Gogoa»n. Harrez gero aldizkari askotan idatzi zuen:
«Egan», «Anaitasuna», «Olerti», «Zeruko
Argia», «FLV», «BAP», «Arragoa»,
etab. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten. Sari anitz bildu zuen bizitzan
zehar: «Loramendi» (1959), «Orixe» (1963), «Lizardi»
(1966), «José María Iparraguirre» (1968). Antzerkiaren
alorrean, «Toribio Alzaga» saria jaso zuen 1961ean.
Arestiren poesia liburuetan lehena, Maldan Behera, 1960an argitaratu
zen. Lan horrek balio literario handia du: hogeita bat poemek osatua, anitz
dira erabilitako ahapaldiak, literatura klasikoan azaldutakoak batzuk eta
guztiz berriak beste zenbait. Ondoren Harri eta Herri (1964) etorri
zen. Gai berriak zekartzan bertan Arestik: hiriko giroa, langileen arazoak,
zapalduen bazterreratzea, hori guztia poema pertsonal edo autobiografikoekin
nahasirik. Forma aldetik, bertso librea sartu zuen eta hizkera herrikoia erabili.
Arrakasta handia lortu zuen poesia sozialaren sailean sartu behar den lan
horrekin, eta batez ere Blas de Oteroren eragina da nabarmen bertan. Ildo
beretik jo zuen ondoko lanetan ere: Euskal Harria (1967), Harrizko
Herri Hau (1970), Azken Harria (1976). Antzerkiaren alorra ere
landu zuen Arestik: Mugaldeko herrian eginiko tobera (1961), Justizia
txistulari (1965), Madalenaren seme santua (1963), Eta gure
heriotzeko orduan (1964), Beste mundukoak eta zoro bat (1964),
eta Mundu munduan eleberrian (1965). Arlo horretan ere ekarri zituen
gai berriak, bere dramen egitura klasikoa bada ere. B. Brechten eraginez,
didaktismoa nabaria da lan horietan. Itzulpengintzan ere ondu zuen zenbait
lan: Nekazarien dotrina (F. Marcos de Portela); Hamalau alegia
(Tomás Meabe); Lau gartzelak (Nazim Hikmet), Xixtima zoriontsu
bat (Bertold Brecht), Nós (Castelao), Dekamerone
txikia, etab. Arestiren beste alderdi interesgarria euskal kantagintzari
ekarritako lana da. Ez Dok Amairu taldeko kantariek eta batez ere
Oskorri taldekoek poetaren olerki askori jarri diote musika. Bestelako
lan batzuk ere atondu zituen: Barrutiaren Acto para la Nochebuena
eta Beskoitzeko Leizarragaren lanaren zati bat, Euskal protestantismoa
zer zen izenburupean.