Sabino Arana.
Euskal nazionalismoaren eragile eta ideologo nagusia (Abando, 1865 - Sukarrieta,
1903). Santiago Arana itsasontzigile karlistaren semea. Gerra Karlistaren
gorabeherek Lapurdira aldarazi zuten Aranatarren familia osoa 1873. urtean.
Hiru urte geroago itzuli ziren berriro eta batxilerra Urduñako jesuitetan
burutu zuen. 1882an Luis anaiarekin izandako eztabaidek karlismo eta foruzaletasunetik
abertzaletasunera eraman zuten. Garai hartan hasi zen euskara ikasten Willem
Jan Van Eys holandar euskaltzalearen obren laguntzaz. Aita hil ondoren ama
eta anaiarekin batera Bartzelonara aldatu zen eta han Sabinok Zuzenbidea ikasteari
ekin zion. Ama hiltzean (1887) ikasketak alde batera utzi eta Bilbora itzuli
zen berriro. 1886an Euskal-Erria aldizkarian agertarazitako El
proyecto de Academia Bascongada del señor Artiñano lanarekin
abiatu zuen hizkuntza, politika, historia eta literatura gaiez osatu zen obra
joria. 1887an Bizkaiko Aldundiak Bilboko Instituturako euskara katedra atera
zuen lehiaketara aurkeztu zen, Unamuno eta R.M. Azkuerekin batera. 1892an
Bizkaya por su independencia argitaratu zuen, lehen «La Abeja»
aldizkarian kaleraturiko lanez osatua; obra hau dotrina abertzalearen azalpena
da, Bizkaia naziotzat hartuz. Sabinoren iharduera politikoa Larrazabal baserriko
hitzaldiarekin hasi zen, 1893ko ekainaren 3an, Bizkaya por su independencia
liburuaren tesiaren adierazpena eginez, manifestu gisa irakurririk zenbait
lagunen aurrean. Bost egun geroago «Bizkaitarra» hilabetekariaren
lehen alea kaleratu zuen, Sabino artikulugile ia bakarra zelarik. Aldizkari
horretan azaldu zen lehendabizikoz Aranatarrek ezarritako lema: «Jaun-Goikua
eta Lagi-Zarra». 1894ean antolakuntza politikoari ekin zion Euskeldun
Batzokija sortuz. Ikurrina bera garai horretan moldatu zuten Arana anaiek.
Sabino eta haren ideien aurkako esetsaldia areagotu egin zen: 1895eko abuztuaren
28an Larrinagako espetxean sartu zuten; handik 7 egunera agintariek «Bizkaitarra»
galerazi egin zuten, eta irailean bertan Euskeldun Batzokija itxi erazi. 1897an
«Baserritarra» aldizkaria agertarazten du, Teofilo Guiard historigile
ezagunaren zuzendaritzapean; hiru hilabete geroago galerazi zuten aldizkari
hori ere. El partido carlista y los fueros baskonabarros (1897) liburuan
zazpi probintzien arteko konfederakuntzaz mintzatzen zen, Euskal Estatua eratzea
proposatuz. Aber-tzaletasunak, ordea, aurrera jarraitu zuen: 1898ko hauteskundeetan
Bizkaiko ahaldun hautatu zuten Sabino eta ondoko urtean bost zinegotzi abertzale
hautatu ziren Bilbon. 1899an, Luis bere anaiarekin batean, lehen egunkari
abertzalea atera zuen: El Correo Vasco, hiru hilabete iraun zuena.
1901ean Patria astekari berria kaleratu zuen. 1902ko ekainean berriro
espetxeratu zuten eta azaroan asketsi. Urtebeteren buruan hil zen, 1903ko
azaroaren 23an, Sukarrietako etxean, 38 urte besterik ez zituela.
Euskararen alorrean Sabinok eragin handiko lanak burutu zituen. Lecciones
de Ortografía del euzkera bizkaino (1896) izenburua duen liburuan
ortografi sistema berria proposatu zuen, hegoaldean, partez bederen, nagusitu
zena. Egutegi bizkaitarra (1896, 1897, 1898) eta Deun ixendegi
euzkotarra (1910, Eleizaldek argitaratua) obretan Sabinok asmaturiko
izendegia agertzen da, geroztik hain arrakastatsu gertatu dena. Halaber hitz
berrien asmatzailea eta lexiko garbizaletasun berriaren aldeko joeraren aitzindaria
izan zen. Euskaraz gauza gutxi idatzi zuen, haren Olerkijak 1919an
Eleizaldek bildu eta argitaratu zituelarik.