Alava.net

Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Añanako gatzaren kontsumoari eta salerosketari buruzko gizarte-gatazkak Erdi Aroaren amaieran

Artikulu honetan, Añanako Gatzaga hiribilduaren eta hura kontrolatzen zuten jaunen –Sarmientotarren– gatzaren salerosketaren gaineko monopolioak Erdi Aroaren azken hamarkadetan sortu zituen gizarte-gatazkak eta gatazka horiek merkatari eta kontsumitzaileei eragin zizkieten kalteak aztertu nahi dira. Horretarako, hiru zatitan banatu dugu testua: lehen zatian, Arabako hiribilduak XIII. mendearen amaieratik zuen “Privilegio de Límites” (muga-pribilegioa) delakoa zer zen azalduko da laburki; bigarrenean, gatzaren joan-etorriak kontrolatzeko arduradunek, gatz-zaindariek, bete zuten eginkizuna aztertuko da; eta hirugarrenean, azkenik, kontrol horrek aipatutako mugen barruan bizi zirenei eragin zizkien galera nagusiak adieraziko dira.

1. Añanako Gatzagaren Muga Pribilegioa (“Privilegio de Límites” delakoa)

Arabako Añanako Gatzaga hiribilduak, Gaztelako Antso IV.ak emandako “Privilegio de límites” izeneko muga-pribilegioa zuen 1293. urteaz geroztik; pribilegio horrek, soil-soilik Gatz Haraneko gatza kontsumitu, saldu edo erosi behar zuten bizilagunen lurraldea finkatu zuen1. Era horretan, XIII. mendearen azken urteetan eta XIV. mende osoan, Gaztelako gatz-mea nagusien arteko istiluak izan ziren, gatz-negozioaren gaineko monopolioaren mugak finkatu nahirik.

Sarmientotarren eskumeneko biribila Añanako Gatzagan

Sarmientotarren eskumeneko biribila Añanako Gatzagan.
Foto: Hegoi Urcelay Gaona.

Diego Gómez eta Gaztelako Leonor –Enrike II.aren iloba eta erregearengandik Añana jaso zuena– ezkondu eta hiribildua Sarmientotarren leinuko bilakatu zen urteaz geroztik, 1375etik, familiako ondorengo buruen kezka nagusietako bat gatza ustiatu eta merkaturatzetik sortutako errentak eta gatzagaren beraren gaineko aginpidea bereganatzea izan zen2.

Helburu hori 1464an lortu zuten, Diego Gómez Sarmiento leinu-buruak, Arabako hiribilduko lehen jaunaren izen berekoak, Añanako gatzagaren gaineko aginpidea eta hango gatzaren salerosketetatik sortutako zergak biltzeko eskubidea eskuratu zituenean Enrike IV.arengandik; hori zela-eta, Gatzagako kondea eta haren ondorengoak, gatzaren joan-etorrien gaineko aipatutako pribilegioen defendatzaile sutsuenak bilakatu ziren.

XV. mendearen azken bi hamarkadetan eta XVI. mendearen lehen erdialdean, aipatutako muga-pribilegioa ez zutela betetzen eta, Gatzagako kondeak eta hiribilduak auzi ugari izan zituzten Gaztelako hainbat hiribildu eta herrirekin: Logroño eta Jubera (Errioxa), Roa (Burgos), Curiel eta Castroverde de Cerrato (Valladolid), Valladolid bera eta Paredes de Nava (Palentzia).

Horrelakoetan, Valladolideko Real Chancillería epaitegiko auzi eta epai ugaritan agertzen denez, Gatzagako kondeak eta hiribilduak ia beti prozedura berbera erabiltzen zuten. Añanako kontzejuaren aginte-agiria zuten gatz-zaindariek, hiribildu bateko gatza aztertu edo mandazainek garraiatzen zutena miatu ohi zuten. Koloreagatik, egituragatik edo zaporeagatik, Añanako Gatzagakoa ez, baizik beste nonbaiteko gatza zela egiaztatu ondoren, pribilegioa urratutako hiribilduko kontzejua edo partikularra auzitara eramaten zuten. Auzipetuek, beren aldetik, “antzina-antzinatik” egokiena iritzitako gatza kontsumitu izan zutela argudiatzen zuten, eta Añanak ez zuela beren pribilegioak inposatzeko inolako eskubiderik. Gatzagako kondearen prokuradoreak, jarraian, aipatutako 1293ko muga-pribilegioa aurkeztuko zuen, eta Atienzako gatz-hiribilduaren aldeko epai bat, hiribildu bakoitzean kontsumitzen zen gatza aztertzeko, gatza eta zama-abereak konfiskatzeko eta kontrabandistei isunak ezartzeko eskubideari buruzkoa. Auzia gatz-hiribilduaren eta hiribilduko jaunaren aldeko epaiaz amaituko zen, auzipetutako hiribilduari aurrerantzean Añanako gatza bakarrik kontsumitzeko eta kondeari eta haren hiribilduari zegozkien kalte-ordainak ordaintzeko aginduz. Kontrabandisten kasuan, epaileek zilegitzat jotzen zuten gatz-zaindariek 600 marabediko isuna kobratzea eta gatza eta abere-tresnak konfiskatzea. Oro har, horixe izaten zen Gatzagako kondearen eta haren hiribilduaren izenean aritzen ziren prokuradoreen «jarduera-protokoloa».

2. Gatzaren joan-etorrien kontrola: gatz-zaindariak

Añanako Gatzaga kontzejuak eta Gatzagako kondeak gatz-zaindarien esku uzten zuten gatzak egiten zituen joan-etorrien kontrola. Gatz-zaindari horien ardura izaten zen ibil zitezkeen kontrabandistak atzemateko bideak zaintzea, haien zama-abereak hartu eta 600 marabediko isuna kobratzea eta Añanako gatzagaren eskumenean zeuden hiri, hiribildu eta herrietan egin beharreko gatz-miaketa eta -azterketak burutzea. Jaurerrien bitartez, Sarmientotarrek zorrotz kontrolatzen zituzten komunikabide nagusiak: Burgos eta Araba lotzen zituena -Pancorbo, Miranda de Ebro, Zubilarra-, Araba eta kostaldeko hiriak lotzen zituena -Gaubea, Losa eta Tobalina- eta Nafarroako muga -Urizaharra eta hango herrixkak, Lagran, Markinez-; horrek nabarmen errazten zuen zaindarien lana, beren eginkizunak bide eta zubi nagusien ondoan kokatutako jaunen dorre eta jauregietatik burutu baitzitzaketen. Horrek argitzen du, halaber, askotan Gatzagako kondearen mirabeak izatea gatz-zaindari lanak egiten zituztenak, gehienetan Mendabiatik gatza ekarri ohi zuten nafarrak atzemanez.

Gatzagako kondearen mirabe eta basailuez gain, kontrolatu nahi zen eremuko bizilagunak ere izan zitezkeen -lan hori egiteko Añanako kontzeju eta funtzionarioen diruak jasotzen zituztenak-, Añanako gatza bakarrik ibil zitekeen Arabako eta Gaztelako eskualdetan, «kanpoko» gatza atzemateaz arduratzen ziren zaindariak.

Gatzagako kondearengandik jasotzen zituzten sariak, esku-dirutan bildutako kopuruak edo beren eginkizuna betetzeagatik har zitzaketen opariak ez ziren gatz-zaindari horien sarrera-iturri bakarrak. Gatzaren joan-etorriei buruzko auzietan galdekatutako lekuko askoren adierazpenen arabera, oso gauza ohikoa zen zaindari horiek erostea, gatza eta zama-abereak atzeman ez zitzaten edota hiribilduetako gatzaren miaketarik egin ez zezaten.

Pedro Ruiz Sarmiento, Burgoseko Santiago Kofradiaren Zaldunen Librua

Pedro Ruiz Sarmiento, Burgoseko Santiago Kofradiaren Zaldunen Librua.

Horrela, bada, gatz-zaindariak pribilegioa eskuetan zutela joan ohi ziren Añanako eskumenean zeuden hiri, hiribildu eta herrietara. Itsas gatza, Nafarroakoa edo beste gatzaga batekoa kontsumituz, hiribilduaren pribilegioak urratu egin zirela egiaztatu ondoren, agirietan ezarritako konfiskazio eta zigorrak burutzeko mehatxua egiten zieten kontzeju eta partikularrei. Horrek herrietan eragin zitzakeen kalteen aurrean, bizilagunek, baita hiribilduetako zinegotziek ere, hainbat diru kopuru eskaintzen zieten zaindariei miaketarik egin ez zezaten. Azken hori, ordea, ez da gaizki ulertu behar; izan ere, ez dirudi zaindariek diru horiek Gatzagako kondeak eta Añanako kontzejuak jakin gabe jasoko zituztenik. Aitzitik, badirudi Arabako gatz-hiribilduaren pribilegioak betetzea, horiek bete beharrik ez izateko ordaintzea besterik ez zela, neurri handi batean.

Hiri eta hiribilduekiko liskarren kasuan, badirudi Sarmientotarrek eta haien hiribilduak eroskeria kopuruak etengabe jasotzen jarraitzea eta, auzitara helduz gero, kalte-ordain handiak jasotzea nahi zutela -Paredes de Nava kontzejuari eskatzen zizkioten ehun mila marabedi esaterako-; gatz-merkatari eta kontrabandistak atxilotzearen arrazoi nagusia, ordea, aipatutako 600 marabediko zigorra kobratzea izango litzateke eta zama-abereaz jabetzea, gatz-zaindariari berari ordaintzeko ere erabil baitzitekeen.

Merkatari horiei oso gatz gutxi, bi lekaritik bost anega bitartean, konfiskatzen zitzaien, eta mando baten edo asto baten gainean eraman ohi zuten gatz-zaindariek atzematen zituztenean. Oso jatorri apaleko jendea izaten zen gehienetan, eta kontrabandora jotzen zuen bere egoera ekonomiko guztiz zailari irtenbideren bat aurkitu nahian. Taldeetan elkartu eta armaz hornitutako gezurrezko gatz-merkatariak, benetako kontrabandista «profesionalak», bazirela egia bada ere, gehiago izaten ziren noizean behin bizibide modura gatz-tratura jotzen zutenak3.

3. Añanako gatza derrigor kontsumitu eta merkaturatzearen inguruko gatazkak.

Miaketak, konfiskazioak, eskaerak, presoaldiak, eroskeriak, epaitegietako auziak... Añanako Gatzagaren pribilegio horiei dagokienez zerbait argi baldin badago, pribilegioa zorrotz betetzeak gizartean sortzen zuen gatazka-giroa da. Hor, funtsean, monopolio horrek kontsumitzaileei eragiten zizkien kalteak zeuden, gatza ezinbesteko gaia izanik, ez baitziren txiki-txikiak izaten.

Lehenik eta behin, kontsumitzaileak kexu ziren Gatzagako hiribilduak gatzez hornitzeko ahalmenik ez zuelako eta ematen ez zien gatza kontsumitzera behartzen zituelako. Gatz-haranaren ekoizpen-ahalmena eta gatzez hornitu beharreko lurralde zabala bat ez zetozenez, hiribilduetako bizilagunak beldur ziren, Añanako gatza bakarrik erosi eta kontsumitu behar izanez gero, hornigairik gabe geldituko ote ziren. Hori zela-eta, Roa, Curiel eta Castroverde kontzejuetako prokuradoreek zera eskatu zuten: pribilegio horiek bete behar bazituzten, Gatzagako kondea derrigor zezatela bere eskumeneko hiribildu bakoitzean alondegi eta gatz-biltegi bana izatea para las vasteçer e proveer con sus tierras e comarcas de toda la sal que oviere nezesario (“beren lur eta eskualdeekin batera behar den gatz guztiaz hornitzeko”).

Beren gatz-biltegietan gatzik ez bazuten, hiritarrek joan-etorri luzeak egin behar izaten zituzten Añanako gatza eskuratzeko, eta, askotan, askoz hurbilago omen zituzten beste gatz-mea batzuk. Arazo larriagoa izaten zuten nekazaritza eta abeltzaintza bakarrik lantzen zituzten herrietan, han ez baitzegoen ez mandazainik, ez mando-errentatzailerik garraioaz arduratzeko.

Arazoa kontsumitzaileen patrikan nabarmentzen zen gehien-gehiena. Orduko lege-murrizketak gorabehera, monopolioak gatzaren prezioa igotzea ekarri ohi zuen nahita nahiez. Eta horri, hiribilduetan miaketarik ez egiteko gatz-zaindariei ordaindu beharreko diru kopuruak eta ordainketa horiek egin nahi ez zituenak jasan beharreko isun handiak gehitu behar zitzaizkion.

1Por o sienpre anduvo la su sal fue fasta el agua del Duero con Canpos et fasta Camero vieio et Camero nuevo et fasta Agreda et Çervera commo raia la frontera de Aragon et de Navarra. Et que andido otrossi por toda la Bureva et tierra de Burgos con su alffoz et Castroxeriz et por Castiella Vieia fasta el agua de Serca. Et quando sal non uvo en las salinas de Rusio, que andido por toda Castilla vieia et aquende Ebro fasta el agua Zadorra et Tolosa et contra la montanna fasta o pudiesse andar (“Hango gatza beti ibili izan den lekuetan, Duero ibaiko Canpos-eraino eta Camero Viejo eta Camero Nuevo-raino, eta Agreda eta Cervera-raino Aragoi eta Nafarroako muga modura. Eta Bureva guztian ere ibili zen, eta Burgosko lurraldean eta bere errebaletan eta Castrojeriz-en eta Gaztela Zaharrean Serca ibairaino, Eta Rusio-ko gatzagan gatzik ez zegoenean, Gaztela Zahar osoan ibili zen eta Ebro ibaiaz hemengo aldetik Zadorra ibairaino eta Tolosaraino eta mendian oinez joaterik zegoen lekuraino”). Antso IV.aren pribilegio hori agiri ugaritan ageri da, batez ere froga modura aurkeztua Valladolideko Real Chancilleríako hainbat eta hainbat epai eta auzi zibiletan. Beste kopia batzuk, Arabako Lurralde Historikoaren Artxiboan, Añanako Gatzaga, 1. Kutxa, 7. Karpeta; edo Archivo Histórico Nacional-en, Nobleak Saila, Frías, C. 242, D. 11, Juana erreginaren baieztapenean txertatua, Burgosen, 1511ko azaroak 26.

2 URCELAY GAONA, Hegoi, Los Sarmiento, condes de Salinas: orígenes y elevación de una nueva clase señorial, Bilbo, EHU, 2009, 388-417 orr.

3 PORRES MARIJUÁN, Rosario, Sazón de manjares y desazón de contribuyentes. La sal en la Corona de Castilla en tiempos de los Austrias, Bilbo, 2003, 21. orr.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media