Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Bale jakia (II/II)

Bale jakia

Euskaldunek gehien estimatzen zuten balea “Eubalaena glaciales” balea izaten zen, “balea egokia” esaten zaiona; hala ere, garai hartan “euskal balea” edo “euskaldunen balea” ere esaten zitzaion, eta baleazaleek, berriz, sardako balea esaten zioten, taldean ibiltzeko zuen ohituragatik.

Honako balea hauek osatzen dute Eubalaena familia: Eubalaena australis edo balea egoki australa, Eubalaena japónica edo Ozeano Bareko balea egokia, eta guri dagokiguna, Eubalaena glacialis edo balea egoki glaziala. Azken horrek Norvegiako edo Islandiako uretan igarotzen zuen uda, eta neguan (urritik otsailera) hain hotzak ez ziren Bizkaiko Golkoko uretara etortzen zen. Egokiak ere esaten zitzaien, harrapatzen errazenak zirelako; izan ere, taldean eta oso motel ibiltzen baitira, eta hil ondoren, berriz, ur gainean gelditzen dira hondoratu gabe.1

Baleak egungo animalia handienak dira. 14 eta 20 metro bitarteko luzera izaten dute. Ardatz itxurako gorputza dute eta burua balea osoaren herena izaten da. Isatsaren ordez, arrainek ez bezalako igeriketarako hegala edo isats-hegala izaten dute, gezi itxurakoa izan ordez horizontala delako. Ez du ez belarririk, ez hilerik ere. Balearen sudurrak, aldiz, ez dira usaimenerako erabiltzen, arnasa hartu ahal izateko baizik. Buruaren goiko aldean daude eta ireki eta itxi egiten dira; horrela, balea 20 minutu arte egon daiteke ur azpian (izurdeak bi minutu inguru eta kaxaloteak ordubete arte). Sabelaldean, berriz, bi titi izaten ditu. Baleak 40 eta 100 tona arteko pisua izaten du, horien erdia gantza edo koipea, eta horrek tenperatura egonkorra izaten laguntzen dionez, animalia homeotermoak izaten dira. Ur gezetako baleak badiren arren, gehienak ur gazietakoak izaten dira eta planktona jaten dute. Hiruzpalau urtetik behin balekume bat izaten du.

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.

Balea handienak zere baleak edo balea urdinak (Balaenoptera musculus) izaten dira; 120 tona arteko pisua eta 30 metro arteko luzera izan ditzakete, eta Arktiar eta Antarktiar ozeanoetan bizi dira. Beste familietako bat balea grisei dagokiona da (Eschrichtius robustus), eta horiek 15 metro arteko luzera eta 35 tona arteko pisua izan ditzakete. Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean bizi dira.

Gantza pertz handitan sutegietan egosiz, lumera egiten zen, eta gehien bat argiterian erabiltzen bazen ere, beste eginkizun batzuetarako ere erabiltzen zuten, hala nola, jantziak irazgaitz bihurtzeko, xaboiak eta enplastuak egiteko, etab. Elizkizunetako argietan balearen gantza erretzea, ordea, desegokia zela uste zen; hain helburu sakraturako, finago eta garbiagoak omen ziren oliba-olioa edo argizarizko kandelak erabiltzen ziren. Bale bizarrak malguak eta gogorrak zirenez, malguki modura erabiltzen ziren haizemaileetan, emakumeen azpiko erropetan (hortik datorkie baleak izena garai bateko kortseei), euritakoetan, erlojuetan eta beste makina batzuetan. Balearen hezurrak, aldiz, parren euskarritarako, karea egiteko edota eraikuntzan erabiltzen zituzten. Bale jakia freskoa jaten zen, ketu eta marinatu egiten zen edo gatzunetan kontserbatzen zen (kasu honetan pasta esaten zitzaion).2

Lope Martínez de Isasti historialariak 1625eko Compendio Historial de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa lanean idatzi zuenez:3

“Portura ekarri (balea) eta lehortu ondoren, xerretan zatitzen dute, eta berria bada gatzunetan gordetzen dute frantziarren janaritarako, eta zaharra bada labeetan urtu eta ateratako gantzarekin upel ugari betetzen dute”.

Testu hori oinarritzat hartuta, zenbait egilek4 bale jakia frantziarrei saltzen zitzaiela, eta euskaldunek ez zutela halakorik jaten, uste izan dute, baina guk zalantzan jartzen dugu uste hori. Hainbesteko eskasia zegoen garai batean eta jaki hori gozoa eta proteinetan aberatsa zela kontuan izanik, ulertezina izango litzateke hori. Beste kontu bat da, Isastiren garaian, XVI. mendean, bale jakiaren kontsumoa gure artean gutxitu izana, alde batetik, balea gutxiago harrapatzen zelako, eta, bestetik, merkatuan Amerikatik ekarriko janari berriak azaldu zirelako.

Bale jakiaren hazkurri-balioa hobeto ulertzeko, beste proteina-iturri batzuekin alderatuko dugu5 (100 gramo bakoitzeko datuak):

Produktua Kaloriak Proteinak Koipea A bitamina
Balea 127 23,0 3,0 120
Abelburua 209 18,3 14,4 33
Txerria 346 14,3 31,5 --
Oilaskoa 135 21,0 5,0 40
Izokina 141 20,0 6,0 110

Ikusten dugunez, abelburu-haragia bi aldiz gehiago jan beharko litzateke bale jakiak ematen duen proteina kopurua eskuratzeko, eta txerrikia, berriz, ia hiru aldiz gehiago; horrezaz gain, balearen hezurrak eta kartilagoak ere aprobetxatzen dira, baita balearen esnea ere, yubarta japonieraz, oso elikagarria delako; izan ere, % 50 koipea eta % 13 proteinak dituenez, behi-esnea baino hobea da, behi-esneak, hurrenez hurren, % 4 eta % 3 dituelako.

Japonian kujira esaten diote bale jakiari (lehen isana esaten zitzaion, arrain ausarta alegia), eta oraindik ere badira han bale jakiaz eginiko janariak soilik eskaintzen dituzten jatetxeak.

Era askotara jan daiteke: sashimi edo carpaccio modura —olioz, baratxuriz, maionesaz edo letxugaz, nahierara gatzozpindutako xerra gordinetan—; frijituta; lurrunetan egosia; edota parrillan erreta, arroza eta barazkiak dituen sushi modura; eta hipermerkatuetan izoztua saltzen da.

Bale arrantza gaur egun

NBB Nazioarteko Bale Batzordea 1946an sortu zen. Hasieran 15 herrialde baleazalek sortu zuten, orduko arrantza industrialaren mehatxuaren aurrean, balearen arrantza kontrolatuko zuten legeak bilatu asmoz.

1986ko biltzarrean, bale arrantzaren erabateko atzerapena ezarri zuen, salbuespen bakarrarekin: txosten zientifikoetan oinarritutako harrapaketetara mugatuz, jatorrizko herriek —oraindik ere Groenlandiako, Errusiako edo Alaskako jatorrizko herriekin gertatzen den bezala— beren bizi iraupenerako arrantzatutako baleena, han zere arruntak eta balea nanoak arrantza baititzakete.

2001eko urteroko biltzarrean, Norvegiari balearen arrantza eten zezala eta bale jakiarekin merkataritza-jarduerak burutzeko baimenik ez zezala eman eskatzea erabaki zuen NBBk. Eta Japoniari “arrantza zientifikorako baimen gehiago” ez ematea eskatu zitzaion, izen engainagarri horren babesean bale populazioa gehiegi murrizten ari zelako.

2008an 81 herrialdek osatzen zuten NBB. Ekainean Txileko Santiagon burutu zuen urteroko biltzarrean, “arrantza zientifikoaren” izenpean burututako bale arrantza eteteko eskatu zitzaion berriro Japoniari.

2009an 85 kidek osatzen zuten NBB, eta Portugalgo Madeira uhartean ekainean egindako erakundearen 61. biltzarrean, berriro egiaztatu ahal izan ziren balearen arrantzan jarraitzen duten eta horren aurka dauden herrialdeen arteko desadostasun sakonak.

Balearen arrantzan jarraitzen dutenek, NBB balearen arrantza kontrolatzeko sortu zela argudiatu zuten, eta ez arrantza hori ezeztatzeko; hala ere, “erabaki zehatzetara heltzeko ahaleginak egiteko” konpromisoa hartu zuten denek.

Gogoan izan behar da Bigarren Mundu Gerraren ondoren (gogoan izan Japonia herrialde galtzailetako bat izan zela), baliabide ezagatik jendeak ez abelburuen haragirik, ez arrainik eskuratzeko modurik ez zuenean, balea proteina-iturri merkea izan zela Japoniarentzat (ikus lehen aipatutako proteina-balioen taula eta, Japoniak inportatu beharko zukeen haragi kopurua kontuan izanik, gerra ostean suntsitutako ekonomiarekin hori ezinezkoa zitzaiola ulertu ahal izango dugu).

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.

Hirurogeiko hamarkadan, bale jakia ohikoa izaten zen Japoniako eskoletako menuetan, eta zakurrentzako janari modura ere erabili zuten.

Lehenago, arrantza-herri txikietan bakarrik kontsumitzen zen ohiko metodoak erabiliz arrantzatutako balea. XIX. mendean, prozesu guztia itsasoan burutzen duten faktoria-ontzi modernoak eta arpoi-kanoiak dituzten baleontziak agertu ziren. 1962an, mundu guztian, mota desberdinetako 66.090 bale inguru hil zirela uste da. 1973an, mila laguni inguru lan ematen zieten 6 bale-enpresa zeuden Japonian, bakoitzak ontzi inude bat, bizpahiru baleontzi eta andel-ontzi bat zituela. Urte hartan, bale industria horrek 122.000 tona bale jakiz hornitu zuen biztanleria: 60.500 tona zuzenean saldu, 15.000 eskoletako bazkarietan banatu eta 46.500 ontziratu egin ziren.

1986ko atzerapenaren ondoren, gauzak aldatu egin ziren. Bale jakiaren prezioa bat-batean garestitu egin zen, eta gaur egun abelburu-haragiaren maila berean dago.

Japoniako Baleazaleen Elkarteko txosten baten arabera, 1999ko abenduaren eta 2000. urteko azaroaren artean, Japonian 2.500 tona inguru kontsumitu ziren.

Gaur egun gehiago dira balearen arrantza bertan behera uztearen aldeko japoniarrak, arrantza horren alde daudenak baino.

2008an, 1936 balea arrantzatu ziren, eta horietatik erdiak ontzi japoniarrek harrapatu zituzten.

Europan Norvegia eta Islandia dira NBBren erabakiak errespetatzen ez dituzten eta merkataritza alorreko bale arrantzan modu ofizialean diharduten herrialde bakarrak. Norvegian bale jakia ez da lehen bezain erraz saltzen, eskariak behera egin duelako. Japonian ere murriztu egin da bale jakiaren kontsumoa.

Japonia, Errusia, Norvegia, Islandia, Peru eta Korea baleak harrapatzen jarraitzen dute oraindik ere.

1998az geroztik, balea babestearen aldeko faktore ekologikoa besterik ez zenari, beste faktore berri bat elkartu zaio: zetazeoak begiztatzearekin loturiko turismoa, alegia. Urtean % 3,7 inguruko hazkundea izango omen duen turismo horrek, 13 miloi lagun mugitu zuen 2008an 119 herrialdetan, 1.400 miloi euro inguruko etekinak eta 13.200 lanpostu inguru sortuz.

1 SAILKAPEN ZIENTIFIKOA: Erreinua: Animalia; Filuma: Chordata; Klasea: Mammalia; Ordena: Zetazeoa; Azpiordena: Mysticeti; Familia: Balaenidae; Generoa: Eubalaena.

2 LABURU, Miguel. Ballenas, Vascos y América. Egilearen argitalpena. Donostia. 1991. 24. orr.

3 MARTÍNEZ DE ISASTI, Lope. Compendio Historial de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo. 1972. 155. orr.

4 Mariano Ciriquiain-Gaiztarrok, esate baterako, bere Los Vascos en la Pesca de la Ballena lan interesgarrian. (Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Biblioteka. Donostia. 1961. 158. orr.).

5 Biblioteca digital

 

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media