Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Ana Isabel UGALDE GOROSTIZA, EHU
2010a urte biribila da Mondragoerentzat, herria sortu ahal izateko hiri gutunak 750 urte beteko dituelako. Eta oroitzeko bada ere, gogoratzeko moduko data dela uste dut.
Gipuzkoa 1200 urtetik aurrera Gaztelakoa izatera pasatu zenetik, konkistatua zantzu guztien arabera, horko erregeen politika hirigintza prozesua areagotzea izan zen, Europako beste edozein erresumatan moduan. Nafarroako errege zen Antso Jakitunak Donostia sortua zuen 1180. urte inguruan eta harrezkero 25 hirigune berri sortuko zituzten Gaztelako erregeek XIV mende amaiera bitartean, hirigune txikiak, hori bai, baina sare inportante bat eratuz hain probintzia koskorrean.
Hasieran, kostaldea urbanizatzea izango zuten helburu (Hondarribia, Mutriku, Getaria eta Zarautz), portuak beti izan direlako gune estrategikoak, merkantzien eta pertsonen joan-etorria bermatzen baitute. Gero, kostaldea barnealderekin lotzen saiatuko ziren, 1256an Nafarroako mugan egongo ziren hiriak sortuz (Tolosa, Ordizia eta Segura) eta ondoren, Bizkaiko Jaurerriko mugan, 1260an, Mondragoe eta 8 urte geroago, Bergara. Hirigintza prozesuak ez zuen etenik izan eta bukaera emango zitzaion XIV mendearen amaieran, jendeak eskatuta, sortu zirenean beste bost hiri.
Hiri hauen antolatzeko modua Foruak ezartzen zuen. Horrela, kostaldeko hiriei Donostiako Forua eman zitzaien eta barnealdekoei, berriz, Vitoriakoa, Mondragoeri eman zitzaiona. Foru biak Nafarroako Antso Jakitunaren garaikoak ziren eta bietan jendea erakartzeko ahalegina egiten zen, baita burges guneak eratzeko erraztasuna eman ere, autogobernuaren bidez jauntxoengandik bereizi eta zuzenenean erregearekin harremanetan jarriz.
Hiri-gutuna garaiko beste edozeinen modukoa da. Jaengo San Esteban de Esnatorafen eman zuen Gaztelako Alfontso X.ak, emaztea eta bi semeekin batera. Dokumentu juridiko hau oso sinplea da, baina nahikoa 1260an Leintze Bailaran aldaketa bortitz bati hasiera emateko, jauntxoen erregimenarekin hautsi baitzuen eta hiri bizimoduari ateak zabaldu zizkion.
Funtsean zioena honakoa zen: hiri berriaren izena Montdragon izango zela, Arressateren ordez, eta Vitoriako Forua izango zela aurrerantzean araua, zuzenbidea, eta haren arabera antolatuko zirela. Baina Foru hori ez zen soilik orduko arrasatearrentzat, gutxi izango zirenak segurutik. Jendea erakarri beharra zegoenez, Foruak ondorengoei ere eragingo zien, hots, a los que agora y son cuemo a los que serán daqui adelante para siempre jamas. Mondragoeko herritar orok izango zituen Foruak aitortzen zizkion eskubideak (pribilegioak, orduko hizkuntza juridikoan), Aretxabaletakoek edo Eskoriatzakoek luzaroan izango ez zituztenak, Oñatiko Kondearen eskumeneko jurisdikzioan baitzeuden; ezta Aramaiokoek ere, Muxika eta Butrongo jaunen pean.
Lehenengo, gorputz juridiko berri bat, ordura artekoarekin hausten zuena. Hiriko biztanleak libreak ziren, ez zeuden jauntxoen esanetara; alkatea aukeratzen zuten, ez zuten soldaduskarik egin behar eta herri lurrak erabiltzeko eskubidea zuten. Gainera, harresiz inguraturiko gunea eraikitzeko eskubidea zuzentzen zuten eta han beste era bateko bizimodua egiteko ere, artisautza, merkataritza eta industriaren garapena sustatuz. Eta berezitasun guzti hauek lortuko zituen Mondragoek 1260ko hiri-gutuna eman ostean.
Berehala, 1262an, hiriaren ikur bilakatu zen burdinaren inguruko pribilegio bat eman zien errege berak mondragoetarrei eurek eskatu ostean, izan ere Bazkotan ordaindu behar zioten burdinaren gaineko zerga bat ez pagatzea lortu zuten eta burdina lantzea Mondragoen bertan eta ez beste inon, horretarako beharrezko ziren ikatza eta basoak erabilita. Basoen erabilera izango zuten sarri inguruko jauntxoek eta bereziki Oñatiko kondeak txikoplitxoka aritzeko motiboa, eurenak ala Mondragoerenak ote ziren basook.
Mondragoe oso txiki jaio zen, baina bertako herritar izateak erakarrita, 1353an Udala, Uribarri, Garagartza eta Gesalibarko elizatekoek, baita Oleaga, Erenusketa eta Isasigainekoek ere, bertako izatea eskatu zuten, jauntxo eta ondokoekin higuinduta baitzeuden, haien lapurreta, kalte, gaiztakeria eta barrabaskeriekin.
Egoera berri hau paisaian ere gauzatu zen eta harresidun hiri berri bat egin zuten, leku desberdin batean eta guztiz planifikatua. Orduan sortuko zen gure artean oraindik bizirik dirauen kale kontzeptua, alde zaharrari eta bizimodu urbanoari deitzeko. Hiri berrikoak kaletarrak izango ziren eta inguruetan bizi zirenak, ostera, baserritarrak.
Hiri berria, almendra itxurakoa, hiru kale eta kantoiaz eratu zuten, 170 bat familiarentzako prestatuz, harresiaren barruan, erronda kamino eta guzti. Familia bakoitzari zegokion sail bat, kalera 8 bat metroko fatxada eta barrualdera, sakon, 12 bat metro zituena. Baina herritarren zereginik inportanteena harresia jasotzea izan zen, hil ala bizikoa! Berak ziurtatzen zuen, besteak beste, babesa; ordenamendu juridiko berriaren gunea zen, hiri izaeraren erakusle, kalearen eta baserriaren muga. Makina bat beharleku emango zien murailak! Horretarako, zerga batzuen salbuespena erdietsi zuten, adibidez, 1281 eta 1305ean. 1353an ere Udala eta Ugaran aldekokok eskatu zutenean Mondragoen sartzea, onartu zuten isuna ordainduko zutela Mondragoeko harresia eraikitzeko, atzera egitea erabaki ezkero.
S. Mugicaren Geografía de Guipúzcoa liburuko planoa, 1917 ingurukoa. Erreken jatorrizko ibilguak eta izen desberdinak ikus daitezke, Santa Barbara eta, goialdean, alde zaharra, Aramaio errekaren ondoan. Arrasate ez da agiri.
Nahiz eta erraztasunak eduki hiri berrian bizi izateko, ez zen samurra izan berau betetzea. Asko kostatuko zitzaien baserritarrei ezezaguna zen bizimodu berriari ekitea. Horrelako zailtasunen gaineko kontuak hainbat urtetako dokumentuek ematen dituzte. Esaterako, 1262, 1305, 1326 eta 1332an diotenean se poblarie por y mejor la villa edo para que el dicho lugar se pueble mejor. Baina polito-polito bete zen eta harresietatik kanpora ere errebalak sortu ziren, Erdi Aroko hiri guztien antzera. XV mendetik aitzina Gazteluondo, Zarugalde eta Madalenakoa sarri agertuko dira dokumentuetan. Madalenan XIV mende amaieran San Lazaroren ospitalea eta Magdalenaren elizatxoa ere bazituen legenarra zutenak (lepra) eta pelegrinak han hartzeko. Eta hurrengo mendean, hiru komentu eraikiko ziren: Kontzesinokoa eta Zarugaldekoa, emakumeenak, eta San Frantziskokoa, gizonena. Olarte ere ola leku gisa izango da ezaguna, errekako ura aprobetxatuz burdinolak kokatzako.
Bete zenean, nahikoa leku ez zegoenez denentzako, jatorrizko sailak erdibitu egin ziren, eta 8 m.x12 m.koak izan beharrean, 4 m.x12 m.ingurukoak bihurtu ziren, eta pisuak jasotzen hasi ziren. Ordukoak dira alde zaharreko etxe estuak, ilunak eta luzeak. Hori bai!, aberatsak saiatu ziren etxe handiak mantentzen eta, ahal izanez gero, handitu, ondokoa erosita. Samur frogatu daiteke guztia plaza inguruari begiratu bat emanda.
Erdiko kalea plazatik ikusita. Neurri desberdinetako sailetan egindako etxeak. Ezker aldean ikus daiteke sail erdi bat. Lehenengo planoan, baserritarren traturako prestatutako jarleku eta salmahaiak (Jose Mari Bergaretxeren argazkia).
Honen lekuko da Santxa Hortizek, Peru Gartzia Orokoren arrebak, kantatu ziona Milia Lasturkoren ahizpari XV mendearen erdialdean, etxe handian bizi izan zelako: Gizon txipi sotil baten andra zan / Ate arte zabalean ohi zan / Giltza porra handiaren jabe zan.
Handi ala txiki, etxeak egurrezkoak ziren eta sarri erre zen hiria. Diotenez, 2 ordu nahikoak ziren dena kiskalduta geratzeko. Behintzat ziurra da 1305, 1448, 1477, 1489 eta 1516 ikaragarrizko suteak egon zirela, eta gero ere hainbatetan kiskaldu zen. Hori ekiditeko, 1489an ordenantzak idatzi zituzten, etxeak eta kaleak zelan berriztatu arautzeko. Politak dira ordenantzok eta, gazteleraz idatzita egon arren, Martin Peres eskribauak agindu zion Garcia de Sasieta pregoilariari aditzera emateko tornandolas a la lengua vazcongada. Aurrerantzean tenore bereko hainbat lege eta arau egingo zituzten.
1666ko abenduaren 26an jazotako sutea gogorarazten duen pintura parrokiako Arrosarioko Ama Birjinaren erretaulan.
Hiri zahar hark ez zuen ez herriko plazarik ezta udaletxerik ere. XVIII mendean jasoko zuten eraikin barroko zoragarria eta herriko plaza egin. Mende horretan ere harresiko ateak itxuratu zituzten, arkuak ezarriz haien lekuan. 1780an Gazteluondokoa Beheko Portalera eraman zuten, eta hemengoa gora, hangoa dotoreagoa zelako eta leku berrian luzimendu handiagoa izango zuelako.
Gazteluondoko arkua, 1780an Beheko Portaletik eraman zutena. Gurutzea 1884an ipini zuten eta arkua bota zuten 1907an (Jose Mari Bergaretxeren argazkia)
Lehen esan dugu leku berri batean eraiki zutela hiri berria, garaian hiri gehienak egin ziren moduan. Hasierako biztanle haiek Arrasatetik utzi eta mendiaren beste aldera joan ziren hiribildua sortzera, guk gaur egun Santa Barbara deitzen diogun mendixkaren barrenera. Arrasate, beraz, abandonatu egin zen eta Erdi Aroaren amaieran (XV mendearen akabera aldera) dokumentatuko da burdinola bat, iraungo zuena XIX gizaldian irin fabrika bilakatu arte eta azkena jotzeko, okindegi moduan. Gaur egun, jatorrizko paraje haren arrastorik ia ez dago, guztiz aldatuta baitago.
Ondo legoke Arrasateri buruz zertzelada batzuk ematea, zuzentasun historikoari zor zaion begiruneagatik ez bada ere. Arrasate berbaren etimologiaren inguruan asko idatzi da aspaldian, baina gutxik aipatu dute non zegoen. Zorionez, toponimo moduan gorde dute adinekoek eta doitasun handiaz kokatzen dute Arrasate edo Arrasategain. Dokumentuek berretsi baino ez dute egiten hori eta behin baino gehiagotan agertzen da, baina beti leku izen moduan, sekula ere ez hiriari deitzeko, horretarako Mondragoe zeukaten eta.
Non zegoen, bada, Arrasate? Ez da zaila erantzutea. Goitik, gaurko Santa Barbarako gailurreraino hedatzen zen eta behetik, Deba ibaiak egiten zuen meandroraino, egun desagertua, erreka desbideratuta baitago. Baina, berriro ere zorioneko!, ahalegintxo bat eginda, orain ere antzeman daitekeelako. San Andres auzoa urbanizatzerakoan, errekaren lekuan kale berria egin zuten eta Errebuelta izena jarri zioten. Beraz, honen gainekoa zen Arrasate, 1910etik aurrera Arrasate Pasealekua denaren azpi eta gainak.
1905ko Mondragoeko planoaren xehetasuna. Deba errekaren errebueltaren ondoan (Río Arechavaleta deitua), Arrasate irin fabrika, biribilean sartua. Baita Uribarzubi, Munar eta Etxaluze baserriak ere, denak desagertuak. Goialdean, Santa Barbarako goiko obalua.
Plano zaharretan ikus daitekeen moduan, Aramaiotik eta Aretxabaletatik zetozen bi erreken artean sorturiko lautadatxoan zegoen Arrasate, baina San Andres aldera, ez Uribarri aldera, eta egungo Intxaurrondoraino hedatzen zen.
Hiri berria egiteko, Arrasate barik, muinoaren bestekaldea aukeratu zuten Mondragoe jasotzeko. Arrasate hustu egin zen eta, aurrerantzean soloren bat edo beste, burdinolak eta Gazteluondotik gertu zegoen etxea aipatuko dira bertan dokumentuetan.
Gaztelako erregeak Mondragón jarri bazion egitate berriari, bertakoek Mondragoe bihurtu zuten izena eta hala mantendu dute inongo gatazkarik gabe orain arte, argi bereizita Arrasate eta Mondragoe. Mondragoeren etimologian hizkuntza erromantzea dago, hori ukaezina da, baina Mondragoe izen euskalduna da, euskaldunek euren erabileran sortutakoa, 500 urte behintzat badituena.
Kontserbatu diren Erdi Aroko euskarazko kanten artean ere horrela agertzen zaigu. 1448ko erreketaren ondorengoetan zioten bergararrek pentsatu zutela Erre dezagun Mondragoe. Edo Milia Lasturkoren ahizpak kantatu zuen, haren heriotzaren ostean, Mondragoeri hartu deutsat gorroto.
Gaur egunean, berriz, izen bien arteko mugak eta esangurak guztiz desegin dira. Mondragoe ia desagertu egin da berbetatik eta, bere ordez, Arrasate erabiltzen da, gauza bera balira moduan. Arrasate oso toponimo inportantea da Mondragoeren Historian eta, nire ustez, ezin ditugu nahastu bata eta bestea, gaizki ulertutako garbizaletasunaren izenean. Toponimoek gure-gurea den historiaren berri ematen digute, uste baino informazio handiagoa eskaintzen dute. Izenak altxor aparta dira zer izan garen jakiteko.
1260an eratutako Mondragoe hura ailegatu da 2010era, 750 urteren buruan. Gehiago ala gutxiago gustatu, gogoko izan ala ez izan, hiri-gutun haren ondorengo da gaurko Mondragoe.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus