Egilea

Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Pello Mari Otaño (1857-1910). Zizurkilgo urteak

Joxin AZKUE

Mikela Joxepa eta Pello Mari bikiak jaio ziren, 1857ko urtarrilaren 26an, Zizurkilgo Errekalde baserrian. Badirudi egoera zailean iritsi zela mundura bikotea, sendagileak berak larrialdian bataiatzea erabaki baitzuten: “...bautizado por Jose Miguel de Alegria, cirujano de Villabona...” dio haren bataio-agirian.

Pello Mari bi karlistada handien artean etorri zen mundura. Euskal Herria gerretan erabat nahastu zuen mendearen erdialdera jaio zenez, gizartearen haustura oso gertutik bizitzea egokitu zitzaion.

Bi abizen ditugu Pello Mariri estuki lotuta: aitaren Otaño eta amaren Barriola. Bi aldeetatik eragin nabaria jasan zuen: aitaren aldetik, bertsolaritza, baserria eta lan giroa; amaren aldetik, berriz, liberalen pentsaera eta goi mailako kultura.

Iragorri baserriarekin lotuta egon den Barriolatarrena ez zen edozein familia XIX. mendeko Zizurkilen eta oso paper garrantzitsua jokatu zuten herrian. Aiztondoko inguru hauetan gehienak karlistak ziren arren, Barriolatarrek liberalen pentsaerari jarraitu zioten eta Zizurkilgo jauntxo nagusien aurka etengabe jokatu zuten, San Millan edo Donemiliagatarren kontra, alegia, eta batez ere, horiek izendatzen zituzten erretoreen kontra. Frantzisko Maria Barriola (Pello Mariren aitona) Zizurkilgo Udaleko idazkari izan zen eta amaigabeak ziren bera eta Donemiliagatarren arteko liskarrak.

Izan ere, XIX. mendeko Zizurkilen boterea bi gune gailenen inguruan bildu zen. Alde batetik, Donemiliaga ahaide nagusia eta haren mende zegoen parrokia. Beste aldetik, udala, agintari zibilak eta idazkariak. Ez dugu ahaztu behar Barriola etxekoak herriko idazkari izan zirela urte askotan, eta beraz, aurre egiten zietela San Millandarrei, Donemiliagatarrei.

Otaño familiak osatzen du gure olerkariaren sustraien beste aldea. Pello Mari Otaño Tapia, Errekalde Zaharra, Pello Mari handiaren aitona, Larrauldik Zizurkilgo Errekalde baserrira ezkondu zen Lehen Karlistada aurretik, bertako alaba Maria Mikela Lasa Errotetarekin. Hortik datorkio Errekalde Zaharra deitura.

Errekalde Zaharra bertsolari ezaguna zen bere garaian. Horrela aitortu zuen Pello Mari bilobak:

Ni jaio nintzan Euskal lurreko leku pozgarri abetan,
eta euskera irintsi nuben lenbiziko asnasetan,
amak siaskan nedukanian edo bere besoetan,
kontu politak esanaz beti, kantatuaz batzubetan,
geren aitonak moldatutako itz neurtu ta bertsuetan.

Joan Pello Otaño Lasa zen gure olerkariaren aita, Errekaldekoa bera ere. “...Bi aldiz izanduba nago Amerikan...” zioen berak. Ama, Joana Bautista Barriola Arregi, Zizurkilgo Iragorri baserriko familiakoa. Joan Pellok eta Joana Bautistak bederatzi seme-alaba izan zituzten.

Bertsolaritza giroan hazi zen Pello Mari. Egia, bai. Bertsotan asko zekitenak baitziren Errekaldeko gehienak. Aitona, Pello Mari, Errekalde Zaharra alegia, bertsolaria. Aita, Joan Pello, ere bai. Osaba Joxe Bernardo, zer esanik ez. Baita Bernardo anaia, Mikela amona eta Mikela arreba ere. Hartarako dohaina berez zuena alde batetik, eta horrelako giroan hazia bestetik, “arnasarekin batera bertsoa irensten zuala kozkortu zan Pedro Mari”, Aita Zavalaren hitzetan.

Pello Mariren bizitza bi zati nagusitan bana daiteke inongo zalantzarik gabe: lehenengoan Zizurkilgo urteak jasotzen dira, hau da, 1857an jaio zenetik 1873an Zizurkildik joan zeneraino; bigarrengoan, berriz, Donostian eta Argentinan zendu zen (1910) arte igarotako urteak azaltzen dira.

Errekalden bizi ziren Joan Pelloren aiton-amona, gurasoak, anai-arrebak eta, orain, haren seme-alabak ere. Gainezka, beraz, etxea. Nahiko lagun denak kabitzeko eta guztien urdailak asetzeko. Joan Pellok etxe berri bat eraikitzea erabaki zuen 1860an, Zizurkilgo herrigunetik eta Adunatik zetozen bi bideak gurutzatzen ziren gunean, taberna izateko leku egoki zen batean. Diru askorik ez eta badirudi auzolanean eraiki zutelako jarri ziotela etxeari Karidadeko Benta izena.

Horrela hazi zen Pello Mari Otaño, Errekalde eta Karidadeko Benta tartekatuz, bietan zangalatrabaka. Han ezagutu eta entzungo zituen Pello Marik garaiko bertsolari handienen bertsoak. Oso adierazgarriak dira Pello Errotarenak:

Karidadeko Bentan
gu sei bertsolari:
Errekalde zaharra ta
Juan Joxe Udarregi,
Bernardo Zizurkilgo,
Gazteluko Gorri,
Errenteriakua
Xenpelar jaun hori,
ni Astiasukoa
Pello Errotari.

Aparteko harremana izan zuen osaba Joxe Bernardorekin, bertsolari handia hura ere. Pello Marik bizitza osoan mantendu zuen osabarekiko miresmena, eta bere ahaideek diotenez, elkarri botatako eta idatzitako bertso asko galdu dira. Oso ezagunak eta oihartzun handikoak dira Joxe Bernardo eta Pello Mari Otaño osabailobek Errekaldeko oheari bota zizkion bertsoak.

Pello Marik:

Nire osaba, ez baldin badu
eginkizun aundin bat or,
gizon bat dago berorren galdez,
ate ondoraño betor.
Bedorrek ondo dakiena da
agintzen dana dala zor,
bera jaio zan oiaren billa
illoba oraintxen dator.

Osaba Joxe Bernardok:

Nire illoba, esaten dizut
ongi etorri zerala,
jaiotako oia jantziko dizut
gusto aundiz beriala,
arropa zuri ederrenekin,
parpallak darizkiola,
sinistamena eman deizudan
biotzez nai dizudala.

Gordetzen da osaba-ilobaren arteko gutuna. A. Zavalaren ustez, “ziur asko, bertsotan euskaraz inoiz idatzi dan eskutitz bikaiñena eta famatuena”.

Esan bezala, Pello Mari Errekalden jaio bazen ere, haurtzaroa bi etxetan igaro zuen: Errekalden eta Karidadeko Bentan. Barriola eta Otaño familiek Zizurkilgo Donemiliaga erretoreekiko zeukaten herra eta etsaigoa ezaguturik, gerta daiteke Pello Mari lehen ikaskuntzak egitera Villabonara bidali izana. Bertan, esperientzia handikoa zen Joxe Frantzisko Murua izango zuen maisu. Pello Mariren ama ere Villabonan bataiatu zuten.

Lehen ikasketak ez ezik, Sendotza sakramentua ere Villabonan hartu zuen 1863an, Gasteizko gotzain Diego Alguacil jaunaren eskutik. Hartzaileen artean Pello Mari eta bere beste bi senide agertzen ziren.

Bigarren Karlistada lehertu zenean, ordea, ez ziren garai onak iritsi Otañotarrentzat. Liberalak izaki, Zizurkil utzi eta Donostiara joan beharrean aurkituko ziren ziur asko. Ama Karidadeko Bentan geratu bazen ere, familia gehiena Donostian agertzen zaigu 1873an. Bitartean, Pello Mari, gerrara soldadu joan beharrari ihesi, desagertu egin zen. Lehendabizikoz Ameriketara 1875ean iritsi arteko urteak oso ilunak dira olerkariaren bizitzan. Ez dakigu Pello Mari non eta zenekin zen, zein itsas portutan itsasoratu zen. Dakigun apurra, hemezortzi urte zituenean Buenos Airesen bizi zela da. Horrela dio Pello Mariren ezkontza-paperak: “...desde la edad de 18 años ha residido en Buenos Aires...

Mundua ezagutzeko nahiagatik eta soldaduskara ez joatearren seguru asko, Ameriketara alde egin zuen: “Argatik gerok batere kulpik ez gendubela ezertan, txit urrutira joan biarra izandu nuben batetan; oso gazterik arkitu nintzan Ameriketako Panpetan” idatzi zuen. Azken Karlistadan, euskaldun gazte guztiak armadara eraman nahi zituztenez, Pello Marik garbi dio erbestera joan beharrean gertatu zela.

Garai honetakoak lirateke, Aita Zavalaren ustez, Lagundurikan denoi bertsoak. Pello Marik etxeko sukaldean aitari despedidan entzundakoak jasotzen dituela dirudi: “...orain gurutze onen oñean esanak, ondo goguan artu biaitu-zu danak...” Etxetik alde egitera doan gaztetxo bati esaten zitzaizkionak alegia. Joxe Bernardo osabak “...izan Jainko-mendean beterikan pakez, au konpondu artean euskaldunen bidez...” dio bere iloba Pello Mariri bidalitako karta batean. Konpondu behar zen hura Karlistada zen, jakina, eta hura bukatu artean Ameriketan egoteko eskatzen dio ilobari.

Amerikara egin zituen hiru joan-etorrien urteetan bilakaera politiko handia izan zuen Pello Mari Otañok. Etxeko iturri liberaletik edanda, errepublikazale eta foruzale agertu zen bere bizitzan zehar, azken urteetan, Sabino Aranaren eraginez, abertzale bihurtzeraino. Oso adierazgarri da Aranari buruz idazti zuena:

Jaso dezagun bere bandera
egiñ zagun alegiña,
ez dakitenai erakutsiyaz
maisu zanaren dotriña.

Urte horiek, ordea, bigarren lan batean garatu ditu Cesar Arrondo irakasleak.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media