Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Egilea: Patziku Perurena
Argitaletxea: Alberdania, 2010
Orrialde kopurua: 450
ISBN: 978-84-9868-053-9
Ezaugarriak: “Iruñeko kartzela zaharreko giroa 1750 aldean, hango arratontxuak... Berdabiok ateratako bertso hunkigarriak... Goizuetatik harako bidea, zaldi gainean, lau akusatu griluz lotuekin. Bideko ostatu eta geldialdiak: Leitza, Ihaben, Otsakar... Abereen bazka, jendeen mantenu eta lotako lekuak. Goizuetako eskribau eta alkate zenaren jarrera; herriko testiguena. Inguruko jendearen esamesak: Berdabioko familiaren azken beltza... Elaman Trabukok egindako heriotza...
Gairik gai, elkar edertuz etorriko zaizkizu eszenak txirikordan irudimenera. Zinez esaten dizut: nik hemen esandako guzia hezur hutsa litzateke, zure gogoan ondurik haragitu ezean”.
“Goizuetan bada gizon bat... Hunkigarriak, bertsoak. Eta zenbat aldiz ez ote ditugu kantatu hainbat afalondotan. Izanez ere, horren ederki paratu zizkigun Mikel Laboak, hautspetik atera eta [...]. Goizuetako kanta xahar horren sustrai bila, hasi banintzen hasi, jainko ttikiak bestek ez daki, zenbat buruhauste ibili izanen dudan geroztik, beste hogeiren bat urtez edo, hara eta hona, maitale liluratua bere guzizko maitearen atzetik bezalatsu...”. Halatsu deskribatzen du autoreak ikerketa lan erraldoi honen abiapuntua eta garapena. Aitortu beharra dago liburu honen orrialde bakoitzean antzematen dela autorearen pasioa, grina eta jakin-mina eta asmatu egin duela ageri diren leku eta gertakari ilunez irakurlea liluratzen.
Ez da hau, hala ere, Trabukoren historia tristearen kontaketa hutsa, hori bada ere abiapuntua. Atari eder bat da bestela inongo historia-liburu marduletan ateratzen ez diren herritar xume aspaldi hildakoen grinak, maitasunak eta bizimodua ikasteko, burdinolen inguruko elezahar ilunak ezagutzeko: olajaun eta meatzarien arteko istiluak, noble eta bilau arteko espak, arrazakeriak, amodio eta gorroto kontuak, heriotzak...
Goizueta eta inguruko herri eta auzo, leku eta jendeak dira liburu honetako pertsonaia nagusi, baina aise ikus daiteke Euskal Herri berdeko beste hainbat eta hainbat herri, auzo eta jende Goizueta eta inguruko horien baitan.
Liburu hau irakurtzen duenak ez du modu berean entzungo Mikel Laboa kantari: Goizuetan bada gizon bat...