Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Zumarraga eta Urretxu. Kalebarren, josturaren plaza

Juan AGUIRRE SORONDO

1994an, bota zubi zaharra, eta Kalebarren plaza berria egin zuten. Horren bitartez, Urretxuk eta Zumarragak elkar besarkatu zuten azkenean: auzoen arteko borroka zitalek mende askoan atzeratutako besarkada, egia esan. Balio sentimental handiko elementu bat galduta egin zen bat-egitea, halere.

Zumarragan Zubiaurre eta Urretxun Zubimusu edo Erreten deitzen zuten zubiaz ari gara, horixe baitzen bi herrien arteko igarobide ofiziala Erdi Aroaren bukaeratik. Urola ibaiaren gainetik igarotzen zen, baina, nahi baino maizago, “Jaberik gabeko Lurra” zen, zigortuak beren herri maitetik banatzen zituen purgatorioa. Eta, kontuz!, ez dut metafora bat erabili. Zumarragako eta Urretxuko desterratuek zubia igaro behar baitzuten, zigorra ondoko herrian betetzeko, eta horrek berak asko dio herri bien artean zen amildegi ia metafisikoaz.

Aipatu zubia, gainera, bat zetorren Madrildik Europarako errepidearekin, eta, arrazoi horregatik, badakigu pertsona ospetsu ugari igaro zirela bertatik: santuak (Frantzisko Xabierkoa, Juan de Dios), erregeak (Filipe III.a, IV.a eta V.a, Karlos IV.a, Fernando VII.a, Alfontso XIII.a), erreginak eta printzesak (Valoisko Elisabet, Ana eta Maria Teresa Austriakoak, Maria Estuardo Ingalaterrakoa, Elisabet II.a), nobleak eta balidoak (Joan Austriakoa, Godoy), gerrako heroiak (Zumalakarregi), margolariak (Velázquez), idazleak (Pérez Galdós, Pierre Loti); baita Cesare Borgia eta Napoleon Bonaparte enperadorea ere, eta hortxe bukatuko zen bigarren horren bizitza gorabeheratsua, baldin eta 1808ko azaroko arratsalde hartan Fermin Pildain gerrillaria ez balitz kikildu. Egun hartan, Pildain historiaren bidea aldatzeko zorian izan zen.

Ilustrazioa: Josemari Alemán.

Ilustrazioa: Josemari Alemán.

Zubiaurre zubiaren itzalean ibili zen jolasean txikitan Migel Lopez Legazpikoa, Filipinak konkistatu zituena, eta Zubimusu zubiaren itzalean egingo zuen hamaika aldiz amets Iparragirre koblakariak. Bokazio humanista handiko gizonak izan ziren biak, eta meritu horregatik nabarmentzen dira haien estatuak orain bi herrietako plaza nagusietan.

Berrikuntzak guztiek bezala, eta jadanik gure mendean, Urolako trenbideak auzi ugari piztu zituen Urretxuren eta Zumarragaren artean. Azkenean, ordea, obrak onura ekonomiko handiak ekarri zituen, eta otamotzen (gaitzizena ere partekatzen baitute bi herrietako biztanleek) ardatz sentimentala bilakatu zen. Lurrunaren indarra hasi zen, azkenean, bi herrien arteko hesi tematia desegiten.

Zumarraga-Urretxuko Kalebarren plazak josi du zubiak eta trenbideak sortzen zuten muga. Zubi-bular baten eta errail batzuen formako monumentu bat ipini dute oroigarritzat. Uraren eta bagoien mugimendua dakar gogora, eta, bide batez, historiaren irakaspenak aurkitzera bultzatzen ditu hor jolastuko diren haurrak. Izan ere, dibertsitate aberats batetik idazten da beti historia, baina batasun-grina iraunkor batekin.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media