Lino Akesolo Olivares.
Euskal idazle bizkaitarra (Dima, 1911 - Bilbo, 1991). “Axmutil”, “Basabil”, “Amuxalde”, “Nozebarri” eta “Andoni-Zubero” ezizenak erabili zituen. Donostiako karmeldarren komentuko buru izan zen. Erlijioa eta euskara gaitzat hartuta bizkaieraz idatzi zuen, batik bat. Euskal eta erdal aldizkarietako kolaboratzaile izan zen: Euzko-Gogoa, Olerti, Jesusen Biotzaren Deia, Yakin, etab. Idazle klasiko espainolak ondo ezagutzen zituen eta berauen obrak euskaratu zituen: Cervantes-en El celoso extremeño obrari Agure kezkatia izena eman zion (1930); Santa Teresaren Camino de perfección aita Onaindiarekin euskaratu eta Onbidea izena eman zioten (1963). Euskalkien arteko itzulpenak egin zituen; baita euskaratik gaztelaniara ere (Linguae Vasconum Primitiae, 1966). Euskaltzain oso izendatu zuten, baina berehala uko egin zion aulkiari (1963); Euskerazaintzaren buru, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Batzordeko kide eta “Diccionario Retana de autoridades del euskera”-ren arduraduna izan zen.