Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Elias Salaverria Memoriala. Euskal Herriko artearen historian barne dagoen istorioa

José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA
Mª Pinar MATEY MUÑOZ

Beste ezaguera arlotan gertatzen den bezala, Euskal Herriko Artearen Historian oraindik hasi berriak gara. Ondorioz, orain arte burutu diren lan gehienak gaiari hurbilketak besterik ez dira izan, eta gainera, ikuspegi orokor batetik planteatuak. Arazo hau arte garaikidearen alorrean oraindik konplexuagoa da, benetako historia bat egiteko perspektiba nahikorik ez baitugu. Baina, hala ere, saiatu behar gara, eta Euskal Herriko Artearen Historiaren inguruko ikuspegi orokorrak eskaini behar ditugu gure ezaguera arloak aurrera jarraitu dezan.

Baina bide honetatik aurrera abiatzeko, eta beharrezkoak diren ikuspegi orokorrak osatzeko, begirada zehatzetatik abiatu behar gara; azken finean, Historia guztiak istorioz osaturik daude, eta Artearen Historian ere beste hainbeste gertatzen da, begirada zehatzak beharrezkoak dira ikuspegi orokorrak osatzeko. Baina tamalez, Euskal Herriko Artearen Historian, eta bereziki, arte garaikidearekiko atalean, istorio zehatz gutxi idatzi dira. Egia da hauetako askok ekintza xume eta soilak jasotzen dituztela, baina azkenean historia “handi” guztiak begirada eta istorio zehatz hauetatik jaiotzen dira, eta ondorioz, jaso, bildu eta idatzi beharrekoak dira, denborarekin iragan bihurtzeaz gain, ahaztu ere egin daitezkeelako. Honen guztiaren adibideetako bat da Elias Salaverria margolari lezoarraren omenez bere herrian antolatu zen memoriala edo oroitaldia. 1968an hasiera eman eta 2000. urtera arte iraun zuen memoriala honetan —XXXI edizio ospatu ziren— Elias Salaverria artistaren izenean, urtero pintura lehiaketa bat antolatzen zen Lezo herrian Santakrutzetako jaien ospakizunekin batera. Bertan artelan hobenei sariak ematen zitzaizkien —atal desberdinetan antolatuak—, eta bide batez, herrian artearekin eta kulturarekin lotutako ekitaldi bat egiten zen. Berez, Elias Salaverria Memoriala Lezo herriko Allerru elkarteak sortu zuen, eta edizio gehienetan elkarte honetako kideak ardura lanak hartu zituzten, baina azken urteetan, Lezoko Udalak zuzenean burutu zituen antolakuntza lanak.

El duelo, Elías Salaverría Inchaurrandieta, 1915

El duelo, Elías Salaverría Inchaurrandieta, 1915.

Elias Salaverria Memorialak ez zuen Euskal Herria mailako beste lehiaketen ospea eta oihartzuna lortu; berez, ikerketa hau burutzeko orduan hemeroteka lana egin behar izan genuenean, zaila gertatu zaigu garaiko egunkari eta aldizkarietan memorialaren edizio zenbaiten berri aurkitzea, eta memorialaren inguruko aipamenak egiten zirenean ere, hauek zehatzak eta laburrak izaten ziren, et hainbat datu eman gabe uzten zituzten. Egia da ere, memorialaren asmo eta helburuak, hasiera hasieratik, xumeak eta mugatuak izan zirela; aurrena Gipuzkoako artistei, eta geroago, Euskal Herriko artistei zuzenduta zegoen, eta eskaintzen ziren sariak inoiz ez ziren handiak izan. Baina memorialaren baldintzak aproposak ziren —oinarriak askeak, zabalak eta, ondorioz, erakargarriak— eta urte askotan, gainera, batez ere hirurogeita hamargarren hamarkadan, ez zen memoriala honen antzeko beste lehiaketarik antolatu Euskal Herrian. Ez dugu ahaztu behar memorialaren hasierako urteak ez zirela batere errazak izan euskal artistentzat, garaiko erakunde publiko frankistek ez baitzieten inongo babesik eskaintzen ez artistei ez artelanei, eta garaiko arte merkatua ere ez zegoen batere garatua.

Horregatik, nahiz eta memorialaren oihartzuna murritza izan, honelako ekimen bat garatzea oso garrantzitsua izan zen garaiko artista askorentzat. Berez, Elias Salaverria Memorialaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat izan zen artista ezezagunen artean, egun, ezagunak eta ospetsuak diren beste batzuk aurkitzea, eta orokorrean, aniztasuna nagusi eta protagonista izatea.

Memoriala asmoz eta emaitzen aldetik apala izan bazen ere, bertan eman eta gauzatu ziren ezaugarri asko Euskal Herriko arte garaikidearen historiaren ezaugarri berak izan ziren, eta ondorioz, argi dago begirada zehatzak ere ikuspegi orokorrak antzematen eta aztertzen laguntzen digutela. Ikerketa honen helburua horixe izan da, Elias Salaverria Memoriala ikertzeaz gain, Euskal Herriko Artearen Historian txertatzea, bata bestearen islaren antzera. Horregatik, orain ikerketa honen emaitza den liburuan irakurleak ez du bakarrik memorialaren inguruko informazio zehatza aurkituko, baizik eta baita ere beharrezkoa den testuingurua memoriala hobekiago ulertzeko, eta Euskal Herriko arte garaikidearekiko konparaketa eta hausnarketa egiteko orduan, memorialaren garrantzia hobekiago azpimarratzeko.

Horrela, zortzi atalez eta bederatzi eranskinez osatuta dagoen liburu honetan sarreraren ondoren, ikerketak Elias Salaverria artista lezoarraren ibilbide artistikoa berreskuratzen du, bere ezaugarriak eta garapen estilistikoa deskribatuz, eta bere ibilbide artistikoan bekek, dirulaguntzek eta lehiaketek izan zuten garrantzia nabarmenduz. Era berean, artista gazteei lagundu eta sortzaile ezezagunen lanak plazaratzeko agertu zuen ardura ere erakusten dugu. Liburuaren hirugarren atalean, berriz, memorialaren sorreraz eta testuinguruaz aritzen da, Euskal Herriko 60. hamarkadako testuinguruan txertatuz. Garai honetan Euskal Herriko artearen egoera azalduz eta aztertuz, eta ez bakarrik ikuspegi artistiko batetik, baizik eta baita beste ikuspegiak eta perspektibak ere kontutan hartuz.

Hurrengo atalean, laugarrenean, Elias Salaverria Memorialaren ezaugarriak aztertzen dira, nagusiki edizio desberdinetako oinarriak kontutan hartuz eta oinarri hauen garapena denboran zehar zein izan zen ikusiz. Horrez gain, beste elementu interesgarri batzuk ere azpimarratzen dira, adibidez, antolakuntzan jasandako aldaketak, epaimahai kideen ezaugarriak, margolarien jatorria, artelanen oinarrizko ezaugarriak, erakusketa aretoen zerrenda eta afera, Lezo herrian erakusketen inguruan sortzen zen giroa, e.a.

Bosgarren atalean memorialaren ibilbide artistiko orokorra aztertzen da, hau da, memorialaren garapena eta bilakaera estiloaren aldetik, eta garaiko arte garaikidearekin alderatzen da. Horretarako, atal honetan, memorialean irabazle izan ziren artisten eta lanen ibilbide orokorra errepasatzen da, eta bide batez, konparatu Euskal Herrian arte garaikideak izan zuen bilakaera eta garapenarekin, eta bi bideak zein nolako harremanak izan zituzten aztertuz.

Procesión del Corpus de Lezo, Elías Salaverría Inchaurrandieta, 1912

Procesión del Corpus de Lezo, Elías Salaverría Inchaurrandieta, 1912.

Seigarren eta zazpigarren ataletan memorialaren kategori nagusian saritutako artistak eta artelanak bildu dira. Artistei dagokionez, haien zerrenda emateaz gain, artista guztien oinarrizko datuak eskaini ditugu, eta artista garrantzitsuenen etorrera artistikoa deskribatu dugu. Artelanei dagokionez, sarituak izan ziren eta Lezo herrian kokatuta dauden artelanen inguruko informazioa orokorra eman dugu, eta artelanen inguruan ezinbestekoak diren datuak bilduz.

Ondorioz, azken atala, zortzigarrena, amaiera gisa erabili dugu, gaur egun ere memorialen eta lehiaketen garrantzia azpimarratzeko, oraindik ere artistek, sari gisa, hauen laguntza behar dutelako, eta ondorioz, Elias Salaverria Memorialaren berreskurapena planteatu dugu, baina berriro ere begirada zehatz batetik, arte garaikidearen baldintzak eta testuingurua asko aldatu baitira 1968az geroztik, eta Memoriala berriak guzti hori kontutan hartzen saiatu behar duelako.

Amaiera eta gero, ikerketa borobiltzeko asmotan, liburuari bederatzi eranskin txertatu dizkiogu. Lehenengoak memorialaren bilakaera urtez urte jasotzen du, ikerketan lortu den informazio guztiarekin osatuta; bigarrengoan, datu taula batean oinarrizko datuak laburbiltzen dira honako gaien inguruan: urtea, erakusketa egunak, kategoriak, margolari kopurua, artelan kopurua, epaimahai kide kopurua eta erakusketa aretoa; hirugarrengoan, kategoria nagusian irabazle suertatu ziren artisten eta artelanen inguruko informazioa eskaintzen da datu taula batean ondoko arlo hauetan banatuta: urtea, edizioa, irabazleen izenak, artelanen izenburuak, sariak, epaimahai kiden izenak eta artelanen kokapena; laugarrengoan, datu taula batean baita ere, irabazle lezoarren oinarrizko datuak biltzen dira, hau da, urtea, edizioa, irabazleen izenak eta artelanen izenburuak; bosgarren eta seigarren eranskinetan irabazle gazteen eta haurren datu taulak aurkitzen dira, eta hemen ere oinarrizko datuak eskaintzen dira: urtea, edizioa, irabazleen izenak eta artelanen izenburuak; zazpigarren eranskinean Elias Salaverria Memorialaren inguruan lortu ahal izan diren dokumentu guztiak —zenbait urtetako oinarriak, edo partaide eta irabazleen zerrendekin osatutako diptikoak, adibidez— biltzen dira; zortzigarren eranskinean, memorialean sariren bat lortu zuten eta Lezoko Udalako eraikinetan dauden artelanen argazkiak bildu ditugu; bederatzigarren eranskinean lana burutzeko orduan erabili dugun bibliografia zerrenda eskaintzen dugu; eta azkenik, hamargarren eranskinean, ikerketaren inguruko zenbait aholku eta lan hau argitaratzeko orduan zenbait ohar egileen ikuspuntutik.

Argiataratutako liburuaren inguruko aurkezpen honekin bukatzeko asmotan, ikerketa eta liburu honen egile diren Jose Javier Fernandez Altuna eta Mª Pinar Matey Muñoz, eskerrak eman nahi dizkiegu bai Eusko Ikaskuntzari eta baita Lezoko Udalari ere ikerketa burutzeko beka sortu eta emateagatik, beraien sustapenik gabe ez zirelako honelako lanak burutuko.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media