Lurdes Iriondo Mujika Donostian jaio zen 1937ko martxoaren 27an

Lurdes Iriondo

Lurdes Iriondo.

Euskal kantaria. Urnietan bizi izan zen. Txikitatik izan zuen musikarekiko zaletasuna; ahots gozoa eta garbia zuen Iriondok, eta familia giroan abesti zaharrak kantatzen zituzten askotan. Urnietako txistulari taldean ibili zen, eta Donostiako akademia batean zazpi urtez aritu zen opera eta kantua ikasten. 1964an, aitak oparitutako gitarrarekin hasi zen Cecilio Espada irakaslearekin eskolak hartzen. Aurretik hasia zen bere kantuak egiten; kutsu erlijiosokoak ziren horietako asko, baita euskara eta euskal kulturaren ingurukoak ere.

Jendaurreko lehen emanaldia 1964an egin zuen, Andoainen, ikastolaren alde egin zen kantaldi batean. Arrakasta handia lortuta, Tolosa eta Villabonan abestu zuen gero. 1965ean Aizarnan egiten zen Gazteriaren Egunean kantatu zuen, eta hor ere arrakasta handia lortu zuen. Berehala, Joxemari Iriondo kazetari eta lehengusuaren eskutik, Loiolako Herri Irratirako hainbat kantu grabatu zituen, eta horiek emititzen hasi ziren. Entzuleen hainbat kritika jaso zituen arren, besteak beste gitarra espainolarekin euskaraz abesterik ez zegoelako, oso ezagun egin ziren Lourdes Iriondoren ahots eta doinuak. Handik aurrera, Euskal Herriko txoko guztietan ibili zen kantari. 1965ean, berrogei kantaldi inguru eskaini zituen. 1967an, berriz, 170 kantaldi inguru izan ziren. Orduan izan zituen lehen arazoak zentsurarekin. “Ez gaude konforme”, “Askatasuna zertarako”, “Nire erria” eta gisakoak kantaldietan abesteko baimena jaso behar zuen, eta hainbatetan moldaketak egin.

Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen.

Urtetik urtera Lourdes Iriondoren kantagintza gero eta konprometituagoa ari zen bihurtzen. Honela azaldu zuen bilakaera: “Bear bada, lehenago abestia gauz polit bat bezela konsideratzen zen. Esakizun aundirik gabeko gauz ariñ bat bezela. Gaur berriz, esakizun aundiak ditu herriari kantatzen zaion abestiak. Beste kontzientzi batekin kantatzen da gaur. Herriaren problemak kantatzen dira...”[3]. 1968. urtean, diskoetxe beraren eskutik, beste disko txiki bat eman zuen argitara. Hor zeuden lau kantek argi erakusten zuten urnietarraren bilakaera: “Lin-Pan mendia”, “Askatasuna zertarako”, “Nire erria” eta, batez ere, garaiko ereserki bihurtu zen “Ez gaude konforme”.

2005eko abenduaren 27an hil zen, 68 urte zituela.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media