Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Lan-prekarietatea, bizi-prekarietatea: emantzipaziorako pausoa okertu egiten denean

Izaskun ARTEGUI

Gazte gai-zerrendek hezkuntza, enplegua eta etxebizitza dituzte protagonista. Hiru hauek, aldi berean, emantzipazio prozesuarekin dute zerikusia. Azkenengo hau begiz jo orduko, pentsamendu orokor bat datorkigu berez burura: gazteek ematen duten denbora, harik eta gurasoen etxea utzi arte. Logika, modu errazean azaldua, hauxe da: heziketa-epeak luzatu egin dira; ondorioz eta izate propioz lan mundurako sarbidea atzeratu egiten da; hortaz, etxebizitza eskuratzeko ahalmena beheratu egiten da, diru sarrerak gutxiagotu egiten baitira, etxebizitzen prezioa gora egiten duen bitartean. Ikuspegi soziologikoak zer diosku? Aldaketa esanguratsua bezain garrantzitsua dela aurrean duguna. Aipatutako adierazle guztiak arras aldatu direla eta aldaketa hauen harira, ordea, ez dela oinarrien aldaketarik suertatu: gaztarotik heldutasunerako bidea osatzen zein gidatzen zuten erritualek eraginkortasuna galdu dute, gazteak erreferente zurtz utziz. Lan-egoera ezegonkorrak gazteen autonomia eta independentzia prozesuetan eragiten du, emantzipazio prozesuetan hasi eta bizi-proiektu osoa zeharkatzen dituzten ondorioak sortuz. Gaztaroa, jarraibide zehatz eta jakindako determinazioz betetako denboraldia izatetik, ezaugarri iragankor eta zalantzagarriz betetzen den denboraldia izatera pasatu da. Honen ildotik eta gazte-enplegua dugula medio, egungo gazteen egoerara hurbilduko gara, lan-prekarietate eremu batean hasteak eta langile-identitateetan sozializatua izateak zer suposatzen duen ikusiz.

Kapitalismo berriak ongizate-estatuak eraiki zituen oinarri egonkorrak hondatu ditu. Inguru hau ezaugarritzen duen malgutasunaren ondorioz, lan mundua prekarietatea eta behin-behinekotasunez bete da. 70. hamarkadan hasten den lan-birmoldaketak gogor astintzen du gizartean ezarrita zegoen lan-kontzeptua eta ingurua, ongizate ekonomikoa zein soziala ahalbidetzen zituen eraikuntza sinbolikoak desagerraraziz. Lan-etikan oinarritutako gizartea desegiten da barne-batasuna apurtuko duen dinamika berri bati bidea zabaltzeko. Lanak eskaintzen zuen estabilitatea, linealtasuna, egonkortasuna eta proiekzioa urtu egiten da, eraikitzaile biografiko eta identitarioa bertan behera utziz. Egoera honek sortzen dituen kolektibo kaltetuenen artean gazteak topatzen ditugu.

Enpleguaren behin-behinekotasuna, prekarietatea, langabezia, lanaldi partzialeko kontratuak, obra kontratuak, aldi baterakoak, praktikak, txandaketak, sasi-autonomiak, ezkutuko ekonomia,... egunean egungo gazte enpleguaren ezaugarriak dira, segurtasun ekonomiko gabezia eta lan-identitate finkoaren galera sortzen dutenak, preseski. Lan mundura sartzeko aurkitzen dituzten zailtasun eta oztopoei aurre egiteko asmoarekin, sozializazio meritokratikoak doktrinatutako espediente eta curriculum jantziak jorratzea eskatzen zaio gazteriari, aurreko garaian lan-arrakasta ahalegintzen zuena horixe bera bait zen. Lan-errealitate berriak, ostera, enpleguaren behin-behinekotasuna eta prekarietatearen bitartez, lurretik botatzen ditu esfortzu eta ahalegin guztiak, jasotako irakaspenen eraginkortasuna baliogabetuz.

Foto: CC BY - aabrilru

Argazkia: CC BY - aabrilru

Bien bitartean, gazteek, sozializatuak izan diren bideetan aurrera egin ezean, heldutasunerako sarrera ematen duten erritualak edota etorkizuna proiektatzeko ahalmena ematen dizkieten erabakiak luzatu, atzeratu edo baztertu egiten dituzte, denborak euren bizi-aukerak betetzeko baliabideak emango dizkielakoan. Jasotako sozializazioa arkatz eta egungo egoera orri, plangintza handirik jasaten ez duten biografia kontraesankorrak idazten dituzte behaztopaka. Instituzio sozialek, nolanahi ere, mugikortasun eta erreprodukzio sozial prozesuetan dihardute, bi belaunaldien arteko jauzia finkatuz: aurreko garaiaren eta egungo garaiaren funtzionamendu arauen arteko jauzia, zehazki. Haustura honek, erregelarik ez duen paisaia bat marrazten du, aldakortasuna duena ezaugarri.

Gutxi balitz bezala, gazteei bideratutako laguntzak eskasak edo inolakoak diren herrialdeetan garai hau gehiago konplikatzen dela aipatu beharra dago. Gurean, kasu, emantzipaziorako laguntzak, langabeziarako laguntzak, lanbiderako sarbiderako laguntzak, etxebizitzarako laguntzak,... eskasak dira, erantzukizun hauek guztiak familien eskuetan utziz. Enpleguaren behin-behinekotasunari, lan prekarietateari, enplegu bilaketa edota langabezi tarteei defentsa eza hau batzen badiogu, gazteak egoera ahulean uzten dituen jokalekua ikus dezakegu. Egoera honek euren sozializazio prozesuetan edo gizarteak barneratuta dituen arauetan ikasitako guztia bere planifikazioetan erabiltzera galarazten die. Gazteek, aurrea hartu eta erabaki, estrategia zein ekintza berrien bitartez hutsunea betetzen dute, bakarka, malgutasunez, moldagarritasunez; erabakiak berak iraungitze-data duela eta berrikuste egoera iraunkorrean dagoela barneratuta. Hau guztia arazo pribatu bezala bizitzeak, arazo sistemiko bat norbanakoaren arazo bezala hartzera eramaten ditu, bakoitzak bere ibilbidea bakarka eta zalantzati egitera bultzatuz.

Gazte hauek jasotako sozializazio-arauek aurrez aurre jotzen dute egungo errealitate aldakorrarekin. Egun bizi dugun banakotasun prozesuaren muina bertan topatzen dugu. Sozializazio prozesuan eraikitako bizi-itxaropenak bizitako garairako handiusteak direla konturatu ezean, gazteak, frustrazio prozesu sakonetan murgiltzen dira, euren biografiak segurtasun-gabezia eta arrisku handiko esparru batean eraikiz. Eskarmentua epe motzean eta zatika ematen da. Gazteek, emantzipazio erabakiaren nondik norakoak aztertuta, galera-irabazi balantzea egiten dute. Bai etxean bizi duten egoera etxetik kanpo mantentzea, bai euren bizi-aukerak aurrera eramatea zaila dela ikusita, prozesua luzatzea erabakitzen dute. Euren dependentzia, orduan, gurasoen etxean eta etxe propioan izango luketeen bizi-kalitate mailaren araberako balorazioa da: gurasoen etxean bizi duten maila etxetik kanpo lortzea erraza izanez gero, dependentzia maila baxua izango da; gurasoen etxean bizi duten maila etxetik kanpo lortzea zaila bada, ordea, dependentzia maila altua izango da. Beraz, lortutako estatusa galtzeko beldurrez, gazte hauek, erabakiak luzatu, pausatu edo etendu egiten dituzte. Hala ere, gehienek, ez dute promestutako mugikortasun soziala lortuko.

Foto: CC BY - Cordey

Argazkia: CC BY - Cordey

Ikusi bezala, aldi baterako enpleguak zein lan baldintza prekarioak ez dira etorkizunerako plangintzen lagunik minenak. Kontratu eta baldintza hauek guztiak, gainera, gutxitan eraldatzen dira. Lan eremuan ematen den flexibilizazio prozesuak lan mundurako sarbidea errazten du, baina ez du inongo egonkortasun aztarnik antzematen. Maiz ikusten dira prekarietate, behin-behinekotasun eta langabeziatik igarotzen diren ibilbideak, baina oso gutxitan egonkortasunera bideratzen direnak. Honek, gazteen lan harremanak baldintzatzen ditu, euren bizi-ibilbidea planifikatzeko gaitasuna baldintzatuz: euren enpleguak bezala, euren bizitzak, ez dira ez linealak izango, ezta iraunkorrak ere. Horregatik, lan prekarietatea eta bizi ziurgabetasuna elkarrekin doaz, etorkizun laborala aurreikusteko ezintasunak sortzen duen ezegonkortasunarekin, lan baldintza aldakorrak behartzen duen baliabide urriekin eta orainaldi zail eta etorkizun ezezagun batetik eratortzen den ziurtasun-gabeziarekin. Honek guztiak erabakiak hartzeko ahalmena zaildu egiten du. Segurtasun ezak epe luzerako plangintzak ezerezten ditu, gazteak eta euren balore, jarrera eta portaerak, ezaugarri presentista eta galkorretan kokatuz.

Lan-egonkortasun edota jarraikortasunean oinarritutako bizi-eraikuntza amaitu egin da. Sozializazio esfortzuak bertan jartzeak ez du zentzurik. Prekarietateak gazteen bizi-proiektuak eta heldutasunerako aukerak gainezkatu egin ditu. Egun, beraz, lan prekarietatea, bizi prekarietatea da. Ziurgabetasun ekonomikoa heldutasunerako bidean aurkitzen duten oinarrizko muga da. Heldutasunera daramaten erabaki guztiak (ikasketak, emantzipazioa, etxebizitza, familia,...) ziurtasun ekonomikoaren menpe daude. Erabaki hauek guztiak gazteen eskuetan baino, kanpo-eragileen eskuetan baldin badaude, zelan da posible egoera honen errudunak gazteak izatea? Gaztetasuna gaztetasunetik idaztea, egun bizi ditugun aldaketak (sozialak, politikoak, instituzionalak, ekonomikoak, kulturalak,...) bezain eraldatzailea da. Hasiera batean aurresuposatzen ez zaien sen arrunta erabilita, aurrera egiten dute gazteek. Aurreiritziz betetako diskurtsoak jaurti ezik, gazte hauen bidea erraztea genuke aukera egokia, etorkizuna begi berriz eta gogotsu hartzen eta eraikitzen ari direnak eurak baitira.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media