Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Egilea: Voltaire
Argitaletxea: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010
Orrialde kopurua: 266
ISBN: 978-84-9860-435-1
Ezaugarriak: 1763ko otsailaren 20an, eskutitz hau idatzi zidaten languedocetik:
Tolerantziari buruz idatzi duen lana errukiz eta egiaz beterik dagoela
iruditzen zait, baina beldur naiz ez ote dion mesede baino kalte gehiago
egingo Calas sendiari. Izan ere, gurpilean hilaraztea agindu zuten zortzi
epaileak erresumindu egin ditzake. Berorren liburua sutan erretzeko
eskatuko diote parlamentuari, eta fanatikoek —ez baitira desagertuko—
amorru biziz erantzungo diote arrazoiaren ahotsari (...).
Hauxe izan zen nire erantzuna: Tolosako zortzi epaileek, nahi badute, nire
liburua erretzea agin dezakete; ez dago hori baino gauza errazagorik. azken
batean, Lettres provinciales gutunak ere erre zituzten, eta nire lana baino
askoz ere baliotsuagoak ziren, ezbairik gabe. Norbera libre da gustuko ez
dituen liburuak eta paperak etxean erretzeko.
Nire liburuak ezin die ez mesederik ez kalterik egin calastarrei. Nik ez
ditut sekula aurrez aurre ezagutu. Erregearen kontseilua inpartziala eta irmoa
da, legeek eta zuzentasunak diotenaren arabera epaitzen du, eta frogetan eta
prozeduretan oinarritzen da. Juridikoa ez den idazki batek ezin du inongo
eraginik izan, zeinaren mamiak zerikusirik ez baitu epaitzen den kasuarekin.
François-Marie Arouet, Voltaire (Paris, 1694-1778), argien
Mendeko autorerik ospetsuenetakoa da. Bere idazkera zorrotz eta ironikoa
zela eta, kartzela eta erbestea ezagutu behar izan zituen, botere politikoak
zein erlijiosoak baliatzen zuten sineskeriaren eta fanatismoaren kontra
etengabe borrokatzea izan zelako filosofoaren xede nagusia. Horretarako,
Historiari heldu behar zitzaiola uste zuen, baina arrazoimenaren argiaren
laguntzaz, hau da, teologoek eta erudituek egindako interpretazioak
zalantzan jarriz.
Tolerantziari buruzko tratatua (1763) idazlan berezia da, Calas
kalbinistaren kasu hunkigarriaren defentsan idatzi zuelako Voltairek.
Horretarako, historian zehar eta erlijio-sinesmen desberdinetan barrenean
kontsentitu diren gehiegikeriak eta horien ondorioak —inkisidore zorrotzak,
kofradiakide sektarioak, penitente buruberoak, jaun arbitrarioak, fanatiko
anonimoak— aztertzen dira testu honetan, baita haiei buruz egin diren
interpretazio okerrak ere. Filosofo deista zen aldetik, Naturaren ahotsaren
bidez —prosopopeian— azaltzen du Voltairek tolerantziari buruzko bere
nozioa.