Pedro Mari Otaño idazlea 1910eko maiatzaren 6an hil zen Argentinan

Pedro Mari Otaño

Pedro Mari Otaño.

Zizurkildarra sortzez, Argentinako Santa Fe probintziako Rosario hirian hil zen. Bertsolari herritarra zen Pedro Mari Otaño, baina oso jantzia, aldi berean, literaturarako joera handikoa. “Limosnatxo bat” edo “Mutil koxkor bat” izenburuen pean idatzi zituen bertsoak bertsolaritzaren historiako sortarik ezagunenetarikoak dira. Baina baita harrigarrienak ere; izan ere, bertsoak indar handiena azken puntuan izaten du, eta harako gorde ohi du egileak ustekabea, azken arrazoia; Otañok, berriz, kontrakoa egiten du: azken puntua beti berdina erabili, eta horrek behartuta errima berbera sei bertsoetan, eta hala ere sinetsi ezinezko indarra eta kalitatea du sorta osoak.

“Zazpiak bat” ere aipagarria da alde askotatik: abertzaletasun politikoak bere formulazioak finkatu baino lehen, euskal idazleen artean zabaldua zegoen Euskal Herriaren batasunaren ideia, hizkuntz komunitatearen sentimentuak ematen duen kontzientziari esker.

Otaño hiru aldiz joan zen Argentinara, eta hezurrak hemen uzteko nahia adierazi arren han utzi behar izan zituen azkenik. Bizimodua atera beharra eta herrimin sakona elkarrekin lotuta etorri zitzaizkion: Argentinako panpan artzain edo Buenos Airesen euskara-irakasle zegoela ere, tristura horri ezin izaten zion aurre egin. Ezin modu ederragoan adierazita dago oroimin hori “Amerikako panpetan” olerkian.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media