Manuel Olaizola Uztapide.
Txirritarekin batera 36ko gerra aurreko urte aberatsetako protagonistetariko bat genuen. Gerraz geroztik, bertsolaritzarako baldintzak txarrak baziren ere, Basarri eta Lasarterekin batera bertsolaritza bizirik mantentzea lortu zuen. 1960ko hamarkadan bertsolaritza berriz indartu zenean, kemen handiz ekin zion; plazarik plaza ibili zen eta liburuak ere idatzi zituen prosa herrikoi eta berezi batean: Noizbait, 1964, Lengo egunak gogoan, 1974, Sasoia joan da gero, 1976an...
Txirrita eta Amuriza, Lopategi, Lizaso eta beste hainbaten arteko zubia izan zen. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia hiru aldiz irabazi zuen, 1962an estreinakoz, 1965ean eta 1967an.