Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Abestiaren barnetik. Jesus Guridi eta bere musika

Sabin SALABERRI

Guridiren urtea

Jesus Guridiren urtea izendatu genezake aurtengoa; aurten ospatzen baitugu bere jaiotzaren 125. urteurrena, eta, baita, bere heriotzaren 50. urtebetetzea.

Jesus Guridi Bidaola, Euskal Herriak eman duen musikaririk ospetsuenetarikoa da, zalantzarik gabe. Bera izan zen, Josemari Usandizaga eta Aita Donostiarekin, Frantzian, Belgikan eta Alemanian europar musikaren iturrietan edan ondoren, gure euskal musikari ordezkaritza unibertsala eman ziona. Baina, beste musikarien garrantziaz gain, badu Guridik bere indar berezia: ez dago gure musikarien artean, eta gauza bera esan dezakegu Estatu osoko musikariekin konparatuz, bera adina musika arlo jo duenik: obra sinfonikoak, kamera musika, opera, zartzuela, pianoa, organoa, koru abestiak, herri doinuak, zinemarako musika... eta dena ongi baino hobeto landuta eta bukatuta.

Zoritxarrez, naiz eta hain goi mailakoa izan, ez zaio Guridiri, gure ustez, merezi duen arrera egiten. Bere obren artean, bi edo hiru izan ezik, oso gutxi agertzen dira kontzertu programetan eta grabaketetan. Mila aldiz entzun ditugu bere “Hamar euskal doinu” eta “El Caserío” zarzuelaren zatiak; baina, horretaz gain, ia inoiz ez dira programatzen bere sinfoni, kamera, piano eta organorako lanak. Are gutxiago ikertu izan da Guridik euskal musikaren aurrerabideari eman dion bultzakada.

Familia

Jesus Guridi Bidaola

Jesus Guridi Bidaola.

Guridi 1886ko irailaren 25an jaio zen Gasteizen Florida kaleko 36. zenbakian. Done Mikel Arkaingeru parrokian bataiatua, orduko ohitura zenez, Jesús Luis Formerio izen korapilatsua ezarri zioten.

Naiz eta Gasteizen jaio, lau hego euskal probintzietan oinarritutako sustraiak zituen Jesus Guridik. Aita, Lorenzo Guridi Area, gernikarra zen, eta ama, Trinidad Bidaola Ledesma, Iruindarra. Xabier Guridi, aitona, Arrasatekoa zen, eta amona, Nicasia Area, gasteiztarra; amaren aldetik, ordez, Luis Bidaola, segurarra, eta Celestina Ledesma, Tafallarra. Beraz, lau probintzietako odola zeraman Jesus Guridik zainetan.

Ba zuen, bestalde, musikarako jarduna bere arbasoengan. Birraitona, Nicolas Ledesma, Bilboko Donejakue elizan kapera maisu eta organista izan zen XIX. mendean. Honen alaba, Celestina Ledesma, aitaren musika bideak jarraituz, konposatzailea eta piano irakaslea izan zen; bere senarra, Luis Bidaola, Ledesma aitaginarrebaren ordekoa izan zen Bilboko Donejakue basilikako organoan. Familiaren giroa eutsiz, Trinidad Bidaola, Jesusen ama, pianista trebea zen; eta honek ere musikaria hartu zuen senartzat: Lorenzo Guridi bibolinista nabarmena. Bistan denez, jatorritik zetorkion Jesus Guridiri musikarako joera. Baina nork asma zezakeen orduan, Jesus Guridi izango zela, urteak geroago, Nikolas Ledesma birraitonaren eta Luis Bidaola aitonaren ondorengo Donejakue elizako organoan?

Honelako familian oinarrituta, sinesteko da txikitatik hasi zela musikarako gaitasuna erakusten. Aita eta amarengandik, hau da, etxetik irten gabe, ikasi zituen musikaren lehengo urratsak, bost urterekin pentagramadun paperetan bere lehenengo asmakizunak zirriborratzen zituelarik. Pianorako zuen gaitasun berezia.

Haurtzaroa

Ez zen Gasteizen luzaroan bizi izan. Oraindik txikia zela, familia Zaragozara aldatu zen eta handik gutxira, Madrilera. Lehen eskola hiri horietan jasu zuen Guridik. Baina beste gauzak ikasten zituen artean, ez zuen bere musikarako zaletasuna alde batera utzi. Madrilen, zorionez, Valentin Arin ordiziarra aurkitu zuen armonia maisu eraginkorra. Azkar asko jabetu zituen musika idazteko lehen ikasgaiak eta hamaika urterekin, mutil koskor bat oraindik, ba zituen zenbait obratxo idatzirik. Guriditarrek Madrilen kantari famatu bat, Emilio García Soler, baritonoa, zuten ezagun. Abeslari honek, Guridi haurraren gaitasuna ikusita, abesti bat konposatzeko eskatu zion. Esan eta izan, berarentzat idatzi zuen Jesusek erromantze eder bat. Badirudi García Soler kantariak sarritan abestu ohi zuela Guridiren erromantze goiztiar hura. Ez hori bakarrik: Guridi txikia eraman zuen behin eta berriz “El Apolo” zeritzan antzokira; hantxe jaio zen, ziurrenik, Guridiren antzerki lirikoarekiko joera.

Bilboko “Gelatxoa”

Mende batetik bestera pasatzean, Guriditarrek Madril atzean utzi eta Bilborantz itzuli ziren. Bizkaiko hiriburuan Ledesmaren ondokoa izateak ba zuen zer ikusirik, maisu zaharraren izena miretsia eta gogotan baitzen oraindik Bilbon. Lorenzo Guridik “Arriaga” antzokiko orkestran aurkitu zuen tokia, eta poliki-poliki Guriditarrei hiriko ateak irekitzen hasi zitzaizkien.

Lorenzo Guridik adiskide zintzo bat aurkitu zuen Arriaga Antzokiko orkestran: Lope de Alaña, bibolinista eta Bilboko Laukote Elkartearen fundatzailea. Gizon eraginkor honek Jesus Guridi semebitxitzat hartuz, musika sakonarazten lagundu zion. Bide batez, “Gelatxoa” (“El Cuartito”) zeritzan toki hautatura sartu zuen. Txoko honetan Bilboko kultura munduan mugitzen ziren gizon handienak elkartzen ziren egunero: Zubiria Kondea, Juan Kortazar, Jose Sainz Basabe, Alfredo Etxabe, Xabier Arisketa, Leon Urriza eta abar. Bertan hiriko kultura eta musikari buruzko saioak jorratzen zituzten.

Hamabi urteko mutiko bizkor hura, kultura eta musika giro egokiaz gain, laguntza ugari aurkitu zuen toki pribilegiatu hartan. Hain goi mailako entzuleentzat pianoan geroko konposatzaile handia atzematen zuten zenbait musika-une zuzen eta itxuroso jo zituen: bitxi eder hauek Leipzig-eko “Breitkopf & Härtel” etxeak “Quatorce morceaux” tituluarekin argitaratuko zituen handik urte batzuetara.

“Gelatxoan” mugitzen zen, beste nortasun handiko gizonen artean, beretzat garrantzi handikoa izango zen José Sainz Basabe, arabarra baita. Gizon famatu honek, Guridi mutikoaren nolakotasuna egiaztatuz, babestu eta musika jakintzan lagunduz gain, Bizkaitar Institutuan kontzertuak antolatu zizkion.

Laguntzaile ospetsu hauek eraginda, Bilboko Philarmonia Elkarteak kontzertu bat antolatu zuen 1901ko urtarrilean Bizkaitar Institutuaren areto nagusian. Emanaldiaren bigarren parte osoa Guridirentzat izan zen. Entzuleen artean Resurrección Mª Azkue aurkitzen zen, zeinek guztiz begi onenez hartu zuen Guridi eta egundoko goraipamenak idatzi zituen berari buruz. Aurkezpen kontzertu honen arrakasta sutsua kontutan hartuz gero, bi entzunaldi gehiago antola behar izan ziren: bata Bilbon eta bestea Donostian.

Jesus Guridi Bidaola (erdian) Bilboko Abesbatzarekin 1915. urtean

Jesus Guridi Bidaola (erdian) Bilboko Abesbatzarekin 1915. urtean.

Europako ikastaroa

Denen begikoa, etorkizun handikoa, musikari gazte onartua, Tomas Zubiriaren laguntzaz, Parisera abiatu zen Jesus Guridi 1904an, “Schola Cantorum” zeritzan erakundean musika ikasketak sakontzeko asmoz. Vincet D’Indy ospetsua zen eskola famatu hartako irakasle eta zuzendaria. Bere klaseetan elkarganatu ziren momentu berean hiru euskaldun aipagarri: Azkue, Usandizaga eta Guridi.

“Schola Cantorum” zentroan Guridik pianoa, armonia eta kontrapuntua sakondu zituen; eta, azpimarratzeko gauza, hantxe sortu zen beretzat aurrerantzean lanbide nagusia izango zitzaion organorako zaletasuna. Bere konposaketako azterketa eskolako onena izan zen eta Vincent D’Indy-ren goretsiak jaso zituen; maisuak ikasleen aurrean hiru aldiz jo zuen ariketa pianoan, beste lan guztiak baino askoz hobea zela baieztatuz.

Parisko ikasketak gainditu ondoren, Guridi, Azkue jakintsuak orientatuta, Belgikara iragan zen eta geroago Alemaniara, Joseph Jongen eta Otto Neitzel maisuekin ikasteko asmoz.

Joseph Jongen Bruselasko kontserbatorioko irakasle eta zuzendaria zen eta oso goi mailako izena zuen konposatzaile eta organisten munduan. Berarekin organoa eta konposaketa landu zuen Guridik. Ospe handiaren jabe zen momentu hartan Ysaye biolinista belgikarra, Sarasate nafarraren lehiakidea. Ba dirudi Ysaye berberak Guridi “Elegia” idaztera animatu zuela. Garai berekoak dira “Soka laukote” bat, “Paysage”, “Nostalgia” eta “Fantasia”.

Guridiren hurrengo pausoa Alemaniara izan zen, Kolonian instrumentazioa lantzeko Otto Neitzel irakaslearekin. Benetako aholkularia izan zen Guridirentzat; elkarrekin joaten ziren Munichera, antzokiak ikustera eta Wagner-en operak bere balioan eta benetakotasunean erakartzera.

Etxean berriz

Neitzel-ekin ikasketak burutu ondoren, Guridi Bilbora itzuli zen, non “Gelatxo”-ko adiskideek garaile baten agurra eta harrera eman zioten. “Santos Juanes” elizako organista izan zen lehendabizi, eta gero Donejaue basilikan, Nicolas Ledesma berraitona eta Luis Bidaola aitonaren ondorengoa. “Koral Lagunarteak” zuzendaritza eskaini zion; Guridi gazte oldartsuak abesbatzari indar berria barruratu zion eta errepertorioa handitu zuen, herri abestiekin aberastuz; hobekuntza nabaria izan zen eta lan honen ondorioz, Koralak arrakasta garbia lortu zuen Bilbon eta Madrilen emandako kontzertuetan.

Bide batez, Sainz Basabek, kontserbatorioko zuzendariak, armonia klaseen ardura proposatu zion.

Baina konposaketa zen Guridiren helburu nagusia. Txikitatik erakutsia zeukan dohain berezi hau. Konposaketa bokazioa bilakatzeko asmoz joan zen printzipalki Paris, Bruselas eta Koloniara. Bilbon jarraitu zuen, denborarik galdu gabe, bere sortzaile joera; lurreratu eta berehala jaio ziren konposaketa berriak. Aipatzekoak dira Koral Lagunartearentzat landu zituen “Euskal abesti” sailak.

1908 izan zen oinarrizko urtea Guridi konposatzailearentzat: urtarrilaren 26an Bilboko Philarmonikan “Así cantan los chicos” estreinatu zen. Manuel de Falla maisuaren iritziz, “obra honek, berak bakarrik, autoreari fama hilezina eskuratzea merezi dio”.

Mirentxu

“Mirentxu”, 1910ko maiatzaren 31an Bilboko “Campos Elíseos” antzokian antzeztu zen lehen aldiz.

Lana eta bizitza

“Mirentxu” 1910ko maiatzaren 31an Bilboko “Campos Elíseos” antzokian antzeztu zen lehen aldiz. Guridik 22 urte ez zituen besterik.

Berehala hasi zen gure musikaria “Amaia” operaren sorkuntzan. Hamar urte kostatu zitzaion lana, 1910tik 1920ra. Lan eder hau 1920ko maiatzaren 22an antzeztu zen lehen aldiz Bilboko “Coliseo Albia” antzokian. Arrakasta borobil eta hots handikoa izanik, estreinaldia beste bost emanaldi oroigarritan luzatu zen. Guridik kontuz eta arretaz landu zuen musika: Wagner-engandik ikasitako arau estetikoak erabiliz, pertsonai bakoitzari bere melodia, erritmo eta instrumentaketa lehia biziz egokitu zion. Pentsaera eta egitura zeharo bat datoz obra osoan eta autoreak konposatzaile dramatikoaren behin betiko hospea lortu zuen.

Baina Guridiren bizitza ez zen musikarako bakarrik. 1922ko uztailaren 7an, Fermin deunaren egunean, Julia Ispizua Uribe andrearekin ezkondu zen Gipuzkoan, Lezoko saindutegian. Sei seme-alaba izan zituzten, Guridi maisuari eskainitako omenaldi eta adiskidetasun adierazpen guztien hartzaileak.

Zartzuelak

Gogoratzekoa da “El Caserio” eres-antzerkiaren lehen emanaldi aipagarria 1926ko azaroaren 11an Madrilgo Zartzuela Antzokian. Zein publikoaren hain kritikaren onartzea nabarmena izan zen. Handik bi hilabetera Gasteizen egin zen estreinaldian, 1927ko urtarrilaren 15an, arrakasta ez zen izan deskribatzekoa.

Onarpenaren ondorioz, Guridik beste zartzuela pilatxo bat idatzi zuen: “La meiga” 1928an, “La cautiva” 1931ean, “Mandolinata” 1934an, “Mari Eli” 1936an, “La bengala” 1939an, “Peñamariana” 1944an, eta abar.

Orkestra lanak

Synphoniko arloan Guridik pausoz pauso adierazi zuen bere ahalmena. Ahots sorkuntzak alde batera utzi gabe, 1915ean entzunarazi zuen Bilbon “Leyenda vasca”, eta hurrengo urtean Madrilen “Una aventura de Don Quijote”. Gero jaioko ziren 1927ko “En un barco fenicio” eta beste batzuk. Baina denen artean, “Hamar euskal melodia” da, dudarik gabe, gehien entzuten den obra gaindiezinezkoa. Zoragarrizko lan eder hau Enrique Jordá donostiarrak estreinatu zuen, Madrilgo Orkestra Sinfonikoa zuzenduz, 1941ko abenduaren 12an. Guridik Jordá maisuari aitortzen zion bere “Hamar melodiak” Liadow-en “Zortzi errusiar herri abesti”-en antzekoak zirela... baina material tematikoa askoz hobea zela.

Federico Sopeñak honako hau idatzi zuen: “Herri doinu lerroa ez da inoiz hausten, ez bihurtzen, ezta alferrik errepikatzen; baina orkestra miragarri, alai eta zorrotz batek melodia bakoitzaren esentziaz barneratutako izaera eta tinbrea modu bikainean dakar. Ez da, hain zuzen, folkloriko aitzakiaz mugatutako obra bat; kreatzailearen sustraizko intuizio bakarrak ingura dezake honenbeste lerroan eta giroan. ‘Hamar euskal melodiak’, berriz diogu, espainiar musikaren lehen lerroan daude kokaturik”.

Guridiren orkestra sorkuntza zabal eta azkena “Pyrenaiko Synphonia” izan zen. Jesus Arambarrik estreinatu zuen Bilbon Udal Orkestrarekin 1946ko otsailaren 6an. Lan sakon eta trinko hau, nekez agertzen da kontzertu programetan. Guridik, obraren lehen emanaldia entzun ondoren, luze eta sakonegia zela pentsatuz, partitura arintzeko erabakia hartu zuen. Arambarriri erakutsi zion berriztatzearen zirriborroa, adiskidetasun nabaria baitzegoen bi “Jesus” hauen artean. Aranbarrik erantzun zorrotza eman zion Guridiri: “Synphonia honetan ez da nota bat kentzekorik. Jatorrizko bertsio bete eta osoa errespetatu behar da”. Guridik, naiz eta zuzentze lana alferrik egin zuela pentsatu, gogo onez baitetsi zuen Aranbarriren erabakia.

Jesus Guridi Pablo Aristegirekin, 1951

Jesus Guridi Pablo Aristegirekin, 1951.

Abestiak

Guridik beti sentitu zuen euskal herri abestiaren erakarpen indartsua. Bordes, Azkue eta Donostiaren kantutegiak sakon ezagutzen zituen. Bera ere arduratu zen herri doinu bilakuntzan eta zenbait ale aurkitu zuen Aramaion eta Otxandion. Beste herrietako abestiak errespetatuz, “gure euskal folklorea bezalakorik ez dago bat ere”, aitortzen zuen.

Arreta honen ondorioz, 1932an Bilboko Euskal Editorialak Guridiren “Euskal folkloreko XXII abesti” koadernoa argitaratu zuen. Aita Donostiak laudorioz bete zuen Guridiren koadernoa: “Bere lehenengo argitalpenak ezagutu genituenetik (“Así cantan los chicos” delizioso hura), musikari hau gantzutua, musika biltegi eta armonia tratatuetako errezetetan aurkitzen ez den “quid divinum” bekokian markatuta daramaten artekoa dela sinetsi dugu”.

Luzeegia izango litzaiguke Guridik koroentzat idatzitako titulu guztiak izendatzea. Aipatzekoa da, beraz, “Eusko irudiak”, koro eta musika banda edo orkestrarako. Itsas kutsu nabaria dario obra eder honek. “Boga, boga”, “Hator mutil” eta “Anton Aizkorri” abesti ezagunak entzuten dira bertan. Arozamenak idatzi zuen: “Efektu handiko obra —Guridi theatrala Theatroan pentsatu gabe— orfeoi eta musika banden kontzertuetan beharrezko bukaera zen”.

Ahots eta pianorako ere utzi zizkigun Guridik zenbait obra eder. Aipatzekoak ditugu “Así cantan los chicos”, “Seis canciones infantiles” eta “Seis canciones castellanas”, autorearen gorenenetarikoak.

Organoa eta pianoa

Organoa izan zen Guridiren instrumentu kutuna. Bilboko Donejakue eta gero Madrilgo San Manuel eta San Benito elizetan izan zen organista. Irakasle bezala, Bernardo Gabiola berriztatzaile ondokoa izan zen Madrilgo Kontserbatorioko organo katedradun. Entzutekoa zen inprobisatzen zuenean: denbora pasatzen zitzaion berari eta entzuteko zortea zuenari. Ez zuen organorako asko idatzi. Bereiztekoak dira “Tríptiko del Buen Pastor” eta “Variaciones sobre un tema vasco”.

Pianorako ere idatzi zuen Guridik pieza pilatxo bat. Bere gaztetako lanak Bruselasen argitaratu ziren 1905an, “Quatorze morceaux pour piano” tituloarekin. Gero jaio ziren “Danzas viejas”, “Ocho apuntes para piano” eta “Vasconia”. Hauek denak baino garratzi handiagoa jantzi zuen “Homenaje a Walt Disney” fantasiak. Piano eta orkestrarako konposaketa honek Alicante-ko Udalaren “Oscar Esplá” saria irabazi zuen 1958an. Guridik aitortu zuen: “Txiki eta nagusientzat poesia betea eta delizia den zinema guztiz originalaren egile den Disney-ri, berarenganantz sentitzen dudan mirespen itzelagatik, omenaldi hau eskaintzea nahi izan diot”. Xabier Montsalvatge-k iritzi zorrotzez goraipatu zuen obra hau.

Jesus Guridi kontserbatorioa Gasteizen

Jesus Guridi kontserbatorioa Gasteizen.

Gizatiar eta sentibera

Aurpegi desberdinak ohartu daitezke Guridiren bizitzan eta musika lanetan. Gaztetako agerkundeetan, Europako ikasketetan eta zenbat ekintzatan ausarta azaltzen zaigun gizona, barnerakoia eta sentikorra agertzen zaigu beste hainbat momentutan.

Guridi, gizalegez, naiz eta momentu batzuetan saiatua izan, oso atsegina eta maitagarria zen. Besteak beste, orozgaintasunezkoa da elkarren artean idatzi zituzten gutun ederren bidez ezagutzen dugun Usandizaga-renganako adiskidetasuna. Hain nabariak ez izanik, baita bere famili, ikasle, lagun eta inguruan bizi izan zirenenganako jarrera umil ta goxoa adosten duten adibide asko dira ezagunak.

Konposatzaile arloan, aztertu ditugu, alde batetik, kemen indartsu eta epikoa adierazten duten antzerki eta sinfoniko lanak. Baina hauen ondoan, beste obra asko izpiritu leun eta sentikor baten iragarle dira: haur kantak, ganbara musika, eliza abestiak... Aipatzekoak dira bere soka laukoteak, zein baino zein distiratsuagoak.

Hau zen Guridi gizona, ausarta eta, bide batez, atsegina, epikoa eta sentikorra.

Gasteizko “Seme Kutuna”

Gasteizko Udalak, Gonzalo de Lacalle alkatearen eskutik, hiriaren “Seme Kutun” izendatu zuen Guridi 1952ko urtarrilaren 26an, Pintzipal Antzokiko agertokian. Ondoren, Jesus Aranbarrik zuzenduta, Bilboko Orkestra Sinfonikoak Guridiren obraz osatutako kontzertu bat eskaini zuen. Ekitaldi berean, Federico Sopeña jaunak “Alfono X Jakintsuaren Gurutze Handia” ezarri zion Guridiri.

Emanaldi gehiago ospatu ziren Gasteizen egun haietan Guridiren omenez, kontzertuak eta abar. Besteak beste, Musika Kontserbatorioak “Jesus Guridi” izendapena gehitzea erabaki zuela eta, omenaldi berri bat antolatu zion gasteiztar musikariari.

Guridi pozik sentitu zen bere sorterrian eta sorterriarekin. Honela adierazi zuen bere hunkipena:

“Nire lumatik pentagramara pasatu diren soinu harmoniatsuenak orain laburtu ahal ba nituzke, jainko dardarez bete dezaken akorde nagusi bikainen, biribilen eta ederki ozenenean kondentsatu nahi nituzke hain burutan eta maite dudan Gasteiz honen azken bazter guztiak”.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media