Resurrección María Azkue.
Resurrección María Azkuek egindako Hiztegia, Cancionero popular vasco eta Euskalerriaren Yakintza lanak, gure entziklopedia bakarra osatu zuten, Izabako donostiarrek entziklopediaren lanari ekin arte. Euskal Herriko zoko-moko guztiak miatu zituen, euskara, folklorea eta bestelako kontuak biltzen. Eginkizun horretan izan zituen kolaboratzaileak zerrendatuz gero, mende honen lehenbiziko hamarkadetan kultur munduarekin zerikusirik zuten herrietako pertsonaien zerrenda genuke.
Nautika ikasketak egin zituen Lekeition, Bilbon batxilergoa, Gasteizen filosofi eta teologi ikasketak eta Brusela eta Kolonian musikarenak. Salamancan apaiztu zen 1888an. Ikasitako guztia baliagarria izan zitzaion, hartu zuen lanposturako. Arana Goiri eta Unamuno lehiakide zituela, Bizkaiko Aldundiak Bilboko Instituturako ireki zuen Euskara katedra eskuratu zuen. Orduantxe ekin zion barnerako bidaiari, Euskal Herriko azken baserriraino eraman zuen txangoari. Batzuentzat garbizalekeriaren bidaia izan zen hura. Gerra zela medio, 1936an eten zen lana.
Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan partaide eta Euskaltzaindiaren sortzaileetakoa, gerra ondorengo Akademiaren biziraupena ziurtatu zuenetakoa dugu Azkue. Bilboko egoitzan egoten zen, Urkijo zaharra eta Krutwig gaztea lagun, hondoratutako ontzi-kapitainaren antzera, deskalabruetan tinko.