Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Iñaki ARRIETA BARO
Arantza CUESTA EZEIZA
Aitor RONCAL GONZÁLEZ
Digitalizazioak eta internetek erakunde kulturalen lana hankaz gora jarri dute. Zerbitzu berriak sortu eta geure erabiltzaileekin elkarreragiteko bide aparta den heinean, esperientzia kultural eta didaktiko berriatzaileak sortzeko aukera paregabea da. Aldi berean, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure erabiltzaileen beharrak asetzea eta nazioartean ezagutza gizarteratzeko ematen diren joerak haintzat hartzea.
Euskal Herrian ere, eragile kulturalek egindako ikerketa eta argitalpenen bitartez gure kultura ezagutarazteko hainbat ekimen martxan dago.
Lan-ildo horretan, Euskomedia Fundazioak, kudeatzen duen dokumentaziora heleraztea errazteko asmoz, hainbat baliabide eta zerbitzu garatu ditu. Estrategia horren barruan, Europeana europar liburutegi digitalera edukiak gehitzea oso garrantzitsua da.
1990eko hamarkadatik hona, sareko erabiltzaile diren ikerlari eta herritarrei zientzia eta kulturaren inguruko dokumentazioa eskuratzearren bide erraza ahalbidetzeko asmoarekin hainbat joera garatu da. Joera horien guztien helburua zera da: norberaren eta inguruko gizartea hobeto ezagutzea.
Informazio-gune itxiak sortzeko joeraren aurrean —ordain-sari baten bitartez bakarrik kontsulta daitezkeen datu-baseak—, Open Archives ekimenak ikerketa-emaitzetarako sarrera irekiaren alde egiten du, ikerketa zientifikoaren hedapena eta ikertzaileek zientzia-informazioa lortzeko dituzten aukerak hobetzeko asmoz.
Internet beraren garapenak eta informazioa trukatu eta gordetzeko ematen duen aukeraz baliatuta, 1990eko hamarkadan dokumetazio zientifikoa —paper motako artikuluak batez ere— jasotzen duten gordailuak sortu ziren. Aldi berean, doktorego tesien inguruan ere antzerako joera jarri zen martxan, 1994 inguruan ETD (Electronic Theses and Dissertations) kontzeptua sortu zelarik. Budapest (2002) eta Berlineko (2003) adierazpenak joera horiek laguntzera etorri ziren, dokumentazio zientifikorako sarrera irekia sustatuz. Beste ekimen batzuen artean, adierazpen horiek dokumentazio zientifikoa jasotzeko erakunde-gordailuak sortzea bultzatzen zuten.
Open Archives (OAI, Open Archives Iniciative) ekimenak dokumentazio zientifikoaren mugagabeko hedapena ahalbidetu nahi du. Horretarako dokumentuak biltzen dituzten argitalpenen metadatuak elkarri emateko ahalmena duten gordailuak erabiliko dituzte.
Europako OAI gordailuen egoera.
Argazkia: Respository66.
Aldi berean, azken hamarkadan eremu ekonomiko eta politikoko eragileak herritarrei zientzia eta kulturaren inguruko ahalik dokumentu gehien eskuratzeko aukera erraztearen garrantziaz jabetu dira. Eremu pribatuan, Google Books proiektua azpimarratu daiteke, bilatzaile ezagunak 2004ean sortua.
Eremu publikoan, Frantziako Liburutegi Nazionala dokumentazioaren digitalizazioan eta sareratzean lehenetarikoa izan zen. 1997 BNFk Gallica sortu zuen, Frantziako liburutegi digital nazionaltzat jo dezakeguna. Europan hau ez da ekimen bakarra izan. Europar batasuneko eContent (2001-2004) eta eContentplus (2005-2008) programek europar kultura eta hizkuntzen gaineko eduki digital zein digitalizatuen sorrera, erabilpena eta hedapena bultzatu zuten.
Bi programa horien emaitzarik garrantzitsuena Europeana liburutegi digitala izan da. Bertan 1.500 erakundeetatik jasotako 15 milioi dokumentu —liburuak, argazkiak, filmak, eta abar— kontsulta daitezke. Aldi berean, EuropeanaLocal programak Europar Batasuneko lurralde-mailako bilduma digitalak identifikatu nahi ditu.
Eusko Ikaskuntza eta Euskomedia Fundazioak kudeatzen duten dokumentaziorako sarrera irekia errazteko lan egiten dute. Era berean, euskal kultura eta zientziaren inguruko dokumentazioa Europako beste herritarrentzat ahalik eta irisgarriena izatea lortu nahi dute.
Ildo honetan bost urtetako lanaren ondoren, Hedatuz da Euskomediak kudeatutako gordailuetan Europeanara iristen lehena.
Hedatuzeko erregistro bat Europeanan.
Argazkia: Europeana.
Europeanak ez ditu zuzenean edukiak biltzen, horien gaineko metadatuak baizik, hau da, dokumentua deskribatzen eta identifikatzen duen informazioa. Horrela, dokumentuaren ardura hiru mailatan antolatzen da:
Metadatuek Europenara heltzeko burutzen duten bide horretan, oso lagungarria da OAI-PMH protokoloa. Protokolo horren helburua kultura eta zientziaren inguruko dokumentuak eta metadatuak ahalik eta modurik errazenean elkartrukatzea da. Horretarako bi zerbitzari mota definitzen ditu:
Metadatuak elkartrukatzeko aukera honek hainbat webgune indexatzen dituzten bilatzaileak garatzea posible egiten du. Halaber, erabiltzaileei hainbat datu-base edo dokumentu biltegi aldi berean kontsultatzeko aukera ematen die.
OAI-PMH protokoloaren futzionamendua.
Argazkia: Tor Arne Dahl: Making use of XML.
Europeanaren kasuan, jatorrizko liburutegi digitalak data provider lirateke; bateratzaileak harvester-ak; eta Europeana bera, hainbat bateratzaileetako datuak jasotzen ditue harvester berezi bat.
Kudeatzen duen dokumentazioa ahalik eta eskuragarrien egoteko estrategia baten barruan, 2008az geroztik Euskomedia Fundazioak OAI-PMH protokoloarekin bateragarriak diren lau zerbitzu jarri ditu martxan:
Hedatuz izan da Europeanara iristen biltegi hauetan lehena. Orainartean euskal kulturarekin lotutako ekarpenik handiena Sancho el Sabio Fundazioak egina zuen, Euskal Memoria Digitala gordailuko 2.216 erregistroekin.
Orain Euskomedia beste fondoak ere Europeanara eramateko aurrerapausuak ematen ari da. Aldi berean, etorkizunean Uztartuz euskal gaiekin harremana duten gordailuetarako Europeanako bateratzailea izatea aztertzen ari gara. Horrela, Euskal Herrian sor daitezkeen bilgune berrien Europeanarako ibilbidea erraztuko genuke.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus