bizkaiko_foru_aldundia

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Gatazka eta memoria euskal literaturan

Izaro ARROITA

Memoriaren booma izan dela diote zenbait adituk, mundu osoan memoria historikoarekiko zabaldu den interesa ikusita. Batez ere, Holokaustoari buruzko nobelen, filmen, eta ikerketen haritik hedatu da. Euskal Herrian, eta marko iberiarrean oro har, nabarmena da memoria historikoarekiko interes hori, 1936ko gerrari eta ondorengo diktadurari lotuta. Pisu handiko gaia da industria kulturalean, azken aldiko hainbat nobelak eta filmek erakusten duen bezala. Eta asko dira, gainera, gerran eta diktaduran isilarazitako ahotsak berreskuratzeko ekimenak.

Ez da ahaztu behar baina, memoria, iraganera begira badago ere, orainetik sortzen dela, momentuko interes eta beharren arabera; memoria baita norbanakoa eta taldea, oraina eta iragana lotzen dituena. Euskal Herrian, orainak nahasia izaten jarraitu du Trantsizio osteko urteetan ere, eta ahots ezberdinek aldarrikatu dute euren hildakoen memoria: gerraren eta diktaduraren biktimek, alde batetik, Estatuko beste lurralde batzuetan bezala, baina baita ETAren biktimek ere, frankismo garaian sortu zen arren, gaur arteko jarraipena izan baitu ETAk.

Beraz, euskal literaturari begiratzen badiogu, literatura gizarte batean ispilu eta aldi berean eragile izan daitekeen aldetik, gerraren eta diktaduraren arrastoak ikusiko ditugu memoria ardatz duten lanetan, baina baita ETAren historiarenak eta oro har euskal gatazkarenak ere. Euskal gizartean oraindik konpondu gabe dagoen gatazkaren oihartzunak entzun ditzakegu memoriari buruzko diskurtsoetan.

Atxagaren Soinujolearen semea

Atxagaren Soinujolearen semean ikus dezakegunez, lotura bat dago gerraren eta diktadura garaiko errepresioaren eta ETAren sorreraren artean.

1980ko hamarkadan, autonomia berreskuratzeari eta erakundetze prozesuari esker sortu ziren euskal literatur sistema sendotzea ahalbidetu zuten baldintzak. Geroztik, asko izan dira gerraz eta gerraosteaz idatzi duten euskal idazleak. Baina batez ere, eta arrazoi sozio-politiko ezberdinak direla medio, 1990eko hamarkadan ekin zion euskal literaturak errealitate historiko politikoa lantzeari, gerra eta diktadura nahiz ETAren historia ardatz hartuta.

Hor ditugu, besteak beste, Jose Agustin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979), Koldo Izagirreren Euzkadi merezi zuten (1984), Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan (1987), Matriuska (1995) eta Gerezi denbora (1999), Martin Ugalderen Itzulera baten historia (1990), Edorta Jimenezen Azken fusila (1993), Luis Mari Mujikaren Loitzu herrian uda-partean (1993), Joan Mari Irigoyenen Consummatum est (1994), Patxi Zabaletaren Badena dena da (1995), Patri Urkizuren Zoazte hemendik (1995), Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak (1997), Anjel Lertxundiren Zorion perfektua (2002) eta Etxeko hautsa (2011), Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango da (2003), Edorta Jimenezen Kilkerren ahotsa (2003), edota Jokin Muñozen Antzararen bidea (2007).

Dena dela, Bernardo Atxagaren eta Ramon Saizarbitoriaren lanak nabarmenduko ditugu hemen bereziki; Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993) eta Soinujolearen semea (2003) eta Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995) eta Gorde nazazu lurpean (2000). Eleberri horietan (eta baita saiakera lanetan eta elkarrizketetan ere) jarrera kritikoa hartu dute bi idazleek Euskal Herriko errealitate historiko politikoaz jardutean, eta, besteak beste, indarkeriaren inguruko diskurtso eta jarrerek izan duten bilakaeraren gaineko hausnarketak eskaintzen dituzte. Esan genezake euskal gizartearen eboluzioa azter daitekeela obra horietan (Frankismoaren azken urteetatik, 60-70eko hamarkadetatik, gaur egunera arte), bereziki, ETAk izan eta galdu duen babes sozialari dagokionez.

Atxagaren Soinujolearen semean ikus dezakegunez, lotura bat dago gerraren eta diktadura garaiko errepresioaren eta ETAren sorreraren artean. Horren adibide da Triku militanteak alkandoran josita daraman tela zatia: Gernikako bonbardaketan hildako izeba baten soinekoaren puska bat, bere borrokaren zergatia gogorarazten diona. Gerra eta errepresioa daude protagonistak, Davidek, ETArekin bat egitea erabakitzearen atzean ere. Bere aitak, falangisten kolaboratzaile zenak, bederatzi herritarren fusilamenduan zerikusia izan zuela jakiten du Davidek nerabezaroan. Eta handik urte batzuetara, Lubis bere lagunik minena hiltzen du poliziak.

Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso

Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995).

Jarrera kritikoa hartuko du ordea azkenerako Davidek, eta erakundea uztea erabakiko du. Iruaingo etxeko gordelekua hartuko du gogoan, garai batean pertsegituak ezkutatzeko erabili zena (Don Pedro falangistengandik ezkutatzeko) eta berak ETAren esku jarri zuena, besteak beste, bahitutako jendea gorde zezaten. David konturatuko da ez duela ulertu bizitzaren lehen legea, “bizitza da handiena”, eta bere burua poliziaren esku uztea erabakiko du. Gizona bere bakardadean eta Hamaika pauso nobeletan ere, erakundearekiko harremana eraman ezin duten pertsonaiak ditugu: Carlosek nahiz Iñaki Abaituak ez dute lortzen ETAri uko egitea laguntza eske joaten zaienean, eta ezetz esan ezin horrek pertsonaiaren auto-suntsitzea ekarriko du.

ETAren historiarekiko jarrera kritikoa ikus dezakegu beraz Atxagaren eta Saizarbitoriaren obran. Baina, gainera, diskurtso nazionalisten birplanteamendu bat dagoela ere esan genezake; euskal literatura XX. mendearen hasieratik nazionalismoari lotuta egon dela kontuan izanda, euskara eta euskal kultura ideologiarengandik askatzeko borondatea agertzen dutela. Behin baino gehiagotan adierazi du Atxagak gehiegizkoa dela zenbait euskal politikariren joera erromantikoa. Saizarbitoria ere euskarari eta euskal kulturari nazionalismoaren zama kentzearen alde agertu izan da. Euskarak urterik zailenak nazionalismoari esker gainditu zituela esan izan du, baina euskarak herritar guztiak behar dituela, ez nazionalistak bakarrik, bizirauteaz gain hizkuntza hedatzea nahi bada.

Ildo horretan, Gorde nazazu lurpean-eko “Asaba zaharren baratza” narrazioa nabarmendu behar da. Protagonistak, Polikarpok, traizio egiten dio aitarengandik jasotako ondareari eta Gernikako itsasadarrera jaurtitzen du Sabino Aranaren hezurtxoa. Uko egiten dio beraz, herentzia nazionalista horri, maiteari esanaz “zu zara nire aberria”. Literatur kritikari ezberdinek adierazi duten bezala, Xabier Lizardiren “Asaba zaharren baratza” poematik hartu zuen Saizarbitoriak narrazioarentzako izenburua. Poeman, euskararen jarraipenari eta berritzeari kantatzen dio Lizardik. Eta esan genezake, Polikarpok herentzia nazionalistari uko egiten dion arren, Lizardik adierazten duen ondare kulturala omentzen duela Saizarbitoriak; bera ere, Trantsizio ostean euskal literatur sistema osatu duten gainerako euskal idazleak bezala, baratza zaharraren fruitu berria dela. Irakurketa honen arabera, euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustua dago beraz, ideologia jakin baten gainetik, Euskal Herriko errealitate historiko politikoaren inguruan hausnartzen duten lan hauetan; eta baita jarrera etiko bat ere, euskal gatazkaren konponbidean, baketzean eta normalizazioan lagunduko duten diskurtsoak gizarteratzeko.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media