Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

1920ko ezohizko estatistika: Bilboko euskaldunen kopurua, jatorria eta bizilekua

Mikel AIZPURU MURUA, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea

1. Sarrera

Euskararen azterketa historikoak asko aurreratu du azkeneko urteetan, ikuspegi filologikotik bereziki, baita egungo egoera sozialari dagokionez ere. Hainbat lan egin dira euskararen geografia historikoa hobeto ezagutzeko, baina ikerketa horiek ezintasun nabarmena dute: euskal hiztunen azterketa estatistikoa lantzeko datuen gabezia. Bilboko udalerria da arau orokor horren salbuespen ia bakarra.

Izan ere, 1920ko uztailean Bilboko udalbatzak ezohizko erabaki bat hartu zuen: urte horretako errolda egiteko orduan galdera berri bat gehitzea, hiritarrei euskaraz zekiten itauntzea, alegia. Urte eta erdi geroago zabaldu ziren erroldaren datuak. Guk dakigula inoiz ez da egin errolda horren azterketa sistematikorik. Bere aipamena ere oso urria izan da. Aspaldi izan genuen errolda horren berri eta berehala ohartu ginen bere garrantziaz, nahiz eta beste lan batzu gauzatu beharrak behin eta berriz atzeratu bere lanketa.

Gure lana, hain zuzen, datu horien ustiaketa sakona egitea da. Hurrengo orrialdeetan zeregin horren aurrerapen bat aurkeztuko dut. Berau gauzatu ahal izateko Bilboko Udalaren Euskara Sailaren diru-laguntza izan dugu.

2. Bilboko udalaren erabakia, 1920ko udal errolda

1910eko hamarkadan abertzale eta euskaltzaleek hainbat neurri hartu zituzten euskarak lehen mailako tokia izan zezan Bilbo modernoan. Bilboko udalak bi alkate abertzale izan berri zituen, Mario Arana 1916tik 1919ra bitartean eta Gabino Orbe 1919ko uztailetik 1920ko martxora artean. Garai horretan jarri ziren martxan, aldundiaren laguntzarekin, euskarazko irakaskuntza Bilboko udal ikastetxe batzuetan, baita gaueskolak ere eta garrantzitsua zen jakitea zenbat euskaldun zeuden Bilbon, premiak zeintzuk ziren zehazteko eta eskolen eragina neurtu ahal izateko.

Bilbo

“1920ko uztailean Bilboko udalbatzak ezohizko erabaki bat hartu zuen: urte horretako errolda egiteko orduan galdera berri bat gehitzea, hiritarrei euskaraz zekiten itauntzea.”

Azken urte horretako uztailean udal batzarrak oniritzia eman zion errolda egiteko inprimakien erosketari. Zinegotzi jeltzaleek zera eskatu zuen, orri berriak egin behar zirenez, galdera bat gehitzeko, euskaraz hitz egiteko gai ote zen itauntzeko auzotarrei. Bozketaren emaitza galdetzearen aldekoa izan zen, 15 zinegotzik aldeko botoa eman zuten eta 9k aurkakoa (sozialistek eta errepublikazaleek hain zuzen). Bozketaren emaitza urte bukaeran, azaroan, gauzatu zen: errolda egiteko bete beharreko orriak galdera bat gehiago zuen, bilbotarrek euskaraz ote zekiten jakiteko prestatua.

1921. urteko Bilboko udalaren Estatistika Buletinak ez zuen, ordea, aipatu ere egin kontua, erroldaren datuak ematekoan. Oposizioko zinegotziek hutsune horretaz galdetu zutenean alkatearen erantzuna adierazkorra eta hutsala izan zen: datuak hustu zirenean, aurreko urteetako inprimakiak erabili zirenez eta han ez zegoenez euskarari buruzko galderarik, alde batera utzi ziren errolda berrian lortutako erantzunak. 1922ko martxoan Ramon Egia eta Luis Badosa zinegotziek mozioa aurkeztu zuten euskaldunen datuak zenbatzeko, sexua eta bizi ziren barrutiak kontuan hartuta. Hainbat eztabaidaren ondoren, udaleko estatistika saileko langileek hartu zuten bere gain lan hori eta 1922ko uztailaren 14an onartu zuen udalbatzak datuen laburpen-laukia. Beste hainbat konturekin batera onartu zuen udalak kontaketa, Bilbok 1922ko metalgintzako langileen grebaren azken egunak bizi zituela eta Madrileko gorteetan gobernuaren enegarren krisia gertatzen zen bitartean. Ez da, harritzekoa, beraz, hurrengo egunetako egunkarietan hausnarketa gutxi aurkitzea erroldaren emaitzen inguruan.

3. Zenbaketa berria

Datuen laburpena ez ezik, erroldaren 25.000 orriak esku artean edukitzeko aukera izan dugu. Gure lehen asmoa laburpenean aipatzen ez ziren hainbat uztarketa lantzea zen, baina berehala konturatu ginen beharrezkoa zela kontaketa guztia berriz egitea. Ondorengo orrialdeetan egingo den azterketa, beraz, datuen hustuketa berri baten emaitza da.

Gure kontaketaren arabera, 21.578 euskaldun ditugu 1920ko Bilbon. Kontutan izanik Bizkaiko hiriburuak udalaren estatistika-buletinaren arabera 103.886 bizilagun zituela urte horretan, biztanleriaren % 20,77 zen euskalduna urte hartan. Datuaren garrantziaz jabetzeko nahikoa da erreparatzea 1981ean, urte hartako errolda egin zenean, bilbotarren % 6,38k baino ez zutela aitortu euskaraz zekitenik. Gauza asko, politikan gertatu ziren 61 urte horietan, kulturan, ekonomian eta gizartean, eta gutxik egin zieten mesede euskal hiztunei. Dena den, euskararen galera, ez zen ezinbesteko prozesu bat eta are gutxiago “berezkoa” edo “naturala”. Erabaki pertsonalaren eta eragile sozialen eta politikoen esku hartzearen ondorio baino. Bilakaerak norabide desberdinekoak izan daitezkeela frogatzeko azken datu bat eskainiko dugu: 2001. urtean bilbotarren %15,32k bere burua euskalduntzat zuen eta % 21,15k “ia-euskalduntzat”.

Aztertzen ari garen garaiko egile askok, baita gaurko hainbatek ere, etorkinen garrantzia azpimarratu dute euskararen galera-prozesuan eta interesgarria da ikustea nola zegoen banatuta urte hartan hiriburuko biztanleria: 65.696 lagun Bilbon eta Bizkaian jaiotakoak ziren, 4.676 Araban, 3.317 Gipuzkoan eta 2.613 Nafarroan. Hots, 76.302 ziren euskal jatorriko bilbotarrak, nahiz eta horietako asko gaztelania nagusi zen inguruetan jaio edo aurreko hamarkadetan Bilbora heldutako erdaldunen seme-alabak izan. Talde horri bakarrik erreparatuz gero euskaldunen kopurua dezente handitzen da, % 28,27ra, baina nabarmen jarraitzen du gutxiengoa izaten.

Euskaldunen kopurua honela banatzen da jatorriari dagokionez:

1. laukia: Bilboko biztanleria euskaldunaren jatorria, 1920
JATORRIA KOPURUA %
Bizkaia 9677 45,06
Bilbo 7032 32,74
Gipuzkoa 2723 12,68
Araba 778 3,62
Nafarroa 294 1,37
Burgos 170 0,79
Atzerria + Ipar Euskal Herria 149 0,69
Santander 134 0,62
Errioxa 117 0,55
Madril 46 0,21
Valladolid 46 0,21
Leon 34 0,16
Asturias 30 0,14
Palentzia 30 0,14
Soria 26 0,12
Beste probintziak 196 0,92
Iturria: geuk landuta Bilboko 1920ko biztanleriaren erroldatik abiatuta

Erroldako datuek aukera ematen digute Bilboko euskaldunen bizitokia ezagutzeko eta aztertzeko. Hamar ziren garai hartako Bilboko barrutiak. Honako hau da euskaldunen banaketa bildu ditugun datuen arabera

2. laukia: Bilboko biztanleria euskaldunaren banaketa barrutika 1920an
  UDAL BARRUTIAK BIZTANLERIA OSOA EUSKALDUNAK %
5 SAN FRANCISCO 11.142 1.117 10,03
6 CORTES 11.280 1.157 10,26
10 HOSPITAL 11.008 1.609 14,62
4 BILBAO LA VIEJA 6.971 1.266 18,16
8 GRAN VÍA 10.911 2.467 22,61
1 CASAS CONSISTORIALES 12.481 2.877 23,05
3 ACHURI 11.390 2.635 23,13
7 ESTACIÓN 8.893 2.395 26,93
2 SANTIAGO 9.925 2.782 28,03
9 SAN VICENTE 9.885 3.273 33,11
  Guztira 103.886 21.578 20,77
Iturria: geuk landuta Bilboko 1920ko biztanleriaren erroldatik abiatuta

Ondorioak

Aldizkariaren toki-mugak tarteko, oinarrizko datu batzu baino ez ditugu azaldu hemen. Azken lerrotan ondorio orokor laburrak azaltzen saiatuko gara.

Lehena oso nabaria da: 1920. urtean Bilboko euskaldunek hiriko biztanleriaren % 20 inguru ziren. Kopuru mugatua da, baina era berean esanguratsua. Batetik zenbait auzotan gutxiengo adierazgarria zelako eta askok esaten dutenaren aurka, garbi adierazten duelako bazela Bilbo euskaldun bat ere.

Bigarrena ere begi bistakoa da: Bilboko euskaldunen ia bi herenak beste nonbaiten jaiotakoak ziren. Ez da harritzekoa, kontuan hartuz gero Bilboko biztanleria osoarekin gauza bera gertatzen zela garai hartan. Erroldako datuek adierazten dutenez Bizkaiko herri guztietatik joan ziren euskal hiztunak hiriburura eta gauza bera egin zuten Gipuzkoako herri gehienetatik askok.

Alde handia dago, azkenik, Bilboko auzo edo barrutien artean euskaldunen presentziari dagokionez. Ibaiaren eskuinaldean presentzia handiagoa dago, bereziki Alde Zaharrean, nahiz eta erdiguneko barruti bat, San Vicentekoa, izan euskaldun gehien zituena.

Orain arte esandako guztiak adierazten du Bilboko euskaldunen betetzen zutela bigarren tokia hiriburuan, baina baita berreuskalduntzeko ahaleginak ez zuela zertan hutsetik hasi. Lehia desorekatua zegoen gaztelania eta euskararen artean, aurreneko hizkuntzak bere esku zituelako ia tresna guztiak, baina ez zen ezinezkoa euskararen iraupena bermatzea.

Esker on

Ustuketa lana burutzeko Itxaso Mallabiabarrenaren, Oihana Iguaranaren, Mirari Azkuneren eta Irati Saenz de la Fuenteren laguntza izan dut. Datuen trataeran Karmele Zarragak lagundu nau. Historia Garaikidea Saileko Mikrofilmazio Laborategiko arduradunak Juan Carlos Perezek, beti bezala, abegitsu hartu gaitu. Mila esker guztiei.

Erreferentziak

BASTERRETXEA, Iziar. “Euskararen egoera Bilbon. Ikuspegi soziolinguistikoa", In: Askoren Artean. Bilboren 700. Urteurrena. Hizkuntza gunea, Bilbo: Universidad de Deusto, 2002.

GONZÁLEZ PORTILLA, Manuel. Economía, población y ciudad, Bilbao: Fundación BBVA, 1995

ECHENIQUE ELIZONDO, María Teresa. “Las lenguas de Bilbao en la prensa local del siglo XX”, In: ASKOREN ARTEAN. Bilbao. El espacio lingüístico. Simposio 700 Aniversario. Bilboren 700. urteurrena. Hizkuntza gunea Sinposioa, Bilbo: Universidad de Deusto, 2002.

INTXAUSTI, Joseba. Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak (Lehen emanaldia), Bilbo: Euskaltzaindia, 2011.

IRIGOIEN, Alfontso. “Bilbo eta euskara”, Euskera, 22, 1977; 385-425

IRIGOIEN, Alfontso. “Bilbo euskal arloan eragile”, Euskera, 28, 1982; 59-62

KINTANA, Xabier. “La agonia del euskera en Bilbao. Diagnosis socio-lingüística 1901-2001”, Bidebarrieta,11, 2002; 60-77

ZUBEROGOITIA, Aitor & ZUBEROGOITIA, Pedro. Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia, Bilbo: Bilboko Udala. Euskara Saila, 2008.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia