Fuente: Argia - Gure mendea
Aingeru Irigaray.
Nafarroak izan duen euskaltzalerik handienetariko dugu Irigarai, aitarekin batera. Apat-Etxebarnek (hori zuen ezizena) medikuntza-ikasketak egin zituen eta sendagile lanetan jardun zuen Iruñean. RIEV, Gure Herria, Principe de Viana eta beste zenbait aldizkaritan kolaboratu zuen euskaraz nahiz gaztelaniaz. Mitxelena eta Arrue euskaltzainekin batera Euskera aldizkaria sortu zuen. Eusko Ikaskuntzako kide eta bertako Batzorde Iraunkorreko kide izan zen.
Nafarroan euskara jasaten ari zen atzerakadaz eta euskararen batasunaz arduratuta, ikerketa sakonak egin zituen eta R. Olabide atzerrian egon zen garaian (1941) ordezko euskaltzain izendatu zuten. Olabide hil zenean, 1942an, haren aulkia hartu eta euskaltzain oso bilakatu zen.