Fuente: Argia - Gure mendea
Mikel Zarate.
Lezamako Lejarre baserrian jaio eta, berak zioenez, «Bizkaian eta bizkaierazko giroan hazi» zen Mikel Zarate idazlea. Aparejadore-ikasketak egin ondoren apaiztu zen eta Deustuko Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen; Derioko eskolako eta Bilboko Hizkuntz Eskola Ofizialeko euskara-irakaslea zen.
Derioko Seminarioan ekin zion prosa idazteari, 1970ean. Orduan hasi zen bere nobela bakarra “Haurgintza muinetan” (1972an Txomin Agirre Sariaren irabazlea) eta “Ipuin antzeko alegia mingotsak” ipuin-bilduma mamitzen. Baina ez zen prosa landutako alor bakarra. Bi poesi liburu utzi zituen Mikel Zaratek: “Higidura berdez” (Irun Sariaren irabazlea) eta “Bizipenen bultzadaz”. “Bilbo Irrifarrez” eta “Utopiaren fantasiaz” hil osteko argitalpenak dira.
Hizkuntzaren azterketan oinarrituriko lanik ere utzi zuen Zaratek. Derioko Udako Ikastaroetarako prestaturiko “Euskal deklinabidea” hitzaldia 1976an argitaratu zion Leopoldo Zugazak. Eta bi urte beranduago “Euskal Ortografia” plazaratu zuen. Mikel Zaratek kezka handia zuen euskararekin, eta batez ere, bizkaiera eta gainerako euskalkiekin. Kexu zen euskara batuaren «artifizialkeriaz eta herri-euskeren amiltzeaz». «Inongo ez den hizkuntza artifiziala» ez zuen gogoko «etxe barri bat egiten diardugu, baina zaarrean bizi gara oraindiño. Ez daigun, bada, etxe zaarra apurtu, berria eta obea egin baiño leen, bestelan, etxe barik gelditu geintekez».