Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Juan Jose Elhuyar.
Euskal Herriko zientziaren historian asko dira ia aitorpen profesional edo publikorik jaso gabe bizi eta hil ziren aurkitzaile handien adibideak. Juan Jose de Elhuyar multzo horretan sartu behar da. Espainiak eta elite akademikoak bazter utzi zuten maltzurki eta garraztasun osoz. Eta alde batera utzitako meritua, ez makala gainera, Iberiar penintsulan atzemandako elementu bakarra —egun 115 ezagutzen dira— isolatzearena izan zen: wolframioa.
Elhuyar sendiko lehen semea izan zen Juan Jose eta bere ikasle bizitza Fausto anaia txikiaren aldamenean eman zuen. Hala, goi-ikasketak burutu zituen anaiarekin batera Paris eta Freibergen. Han kimika eta mineralogia ikasi zuten fisika ikasteaz gain, baina batez ere, metalurgiako tekniketan sakondu ahal izan zuten: Erdialdeko Europako meatze eta fundazioetan izan ziren eta bisitaldi horietan meatzeak ustiatzeko metodoak ezagutu zituzten (ikus Elhuyar, Fausto de). Hala ere, Vienan banandu egin ziren. Fausto Bergarara itzuli zen, izan ere, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak pentsioa onartu zion. Juan Jose, aldiz, Suediara joan zen, Carlos III erregearen “espia” gisa.