Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Lola SARRATEA
Serengeti, masai hitza, (zelai handia) parke babestua da eta 15.000 kilometro karratu dauzka. Munduan animalia basa gehien bizi den tokia da.
Belar bila urtean bi aldiz belarjaleek emigrazio handi bat egiten dute. Urtarrila eta martxoa bitarte Maratik Serengetira, ekaina eta abuztuko artean Serengetitik Marara. Ikusgarria da. Bihotza estutzen dizun horietakoa. Elkarrekin egiten dute bidea belarjaleek, eta horien gibeletik haragijaleek. Hiena, arrano eta haratustelek ere. Burmuinean badirudi GPSa daramatela, batek daki zenbat mila urte, urtea etorri, urtea joan, eta beti bide berdina. Bidean Mara ibaia pasa behar dute eta ikaragarrizko taldeak batera oztopoa gainditzen saiatzen dira, anitzen bizia krokodiloen haginetan akituko baita.
Mara eta Serengeti lurralde bera da. Muga politikoa. Europarrek bulego batean mapa hartu eta arkatza eta kartaboiarekin joan den mendean marra zuzen bat egin zuten, inongo zentzu barik herri bat zatitua gelditu zen. Serengeti Tanzanian eta Mara Kenyan. Alde bitan masaiak bizi dira, “maa” mintzatzen dute, antzinako bizimoduari lotuak oraindik nahiko bizimodu basa daramate.
Animaliak lurraldean mugaz gain bizi dira, euriaren gibeletik ibiltzen dira. Serengetin urtaro euritsuan belarra handitzen ia ikus daitekeela erraten dute. Animaliek euriaren usaina sumatzen dute. Euriaren arabera bizi direlako.
Eguerdi aldera Mara ibaira hurbildu gara, bazkaldu eta ibai ertzean itzuli bat egitea da asmoa. Ibaia urez motel dago, alde bitan krokodiloak zain daude. Badakite zebra eta ñuak heldu direla.
Serengeti parke babestua da eta 15.000 kilometro karratu dauzka. Munduan basabere gehien bizi den tokia da.
Ilustrazioa: Lola Sarratea
Rancher batekin joan gara animalien pausoa ikustera, gizonak errifle handi bat darama bizkarrean.
—Beharrezkoa da? – Galde egin diot, erriflea seinalatuz.
—Bai horixe! Krokodiloak ez dira txantxetan ibiltzen – Erantzun dit gizonak.
—Toki beretik pasatzen dira beti animaliak?
—Ez, ibaian zehar badira gurutzatzeko moduko pasuak baina hau da errazenetakoa.
—Eta, anitz dira harrapatzen dituztenak?
—Beno, bi egunetan ibaia odolez gorrituko da...
Rancheraren erantzunak zirrara dagit. Krokodiloa beha gelditu naiz. Ibaiaren bertze aldian dago, ederra da benetan. Eguzkiak bete-betean ematen dio larru azal ezkatatsua distiratsu eginez. Muturra luzea, ahutzak nagusiak, ahaltsuak, kopetan bi begi aupatuak. Buztaneraino hainbertze luze, sabela eta hankak urpean.
Kaiera atera eta hasi naiz zirriborro batzuk hartzen.
Ez dakit ze egun den, kontua galdu dut. Ez dut jakin nahi ere. Era bat bertze mundu batean bizi naiz. Denboraren zentzua arrotza egiten zait, badirudi mende bat daramadala animalia artean. Haien bizia beharrak jarraitzen, haien munduan sartua. Animalien elkarrekiko loturak, janari kateak, larru apaingarriak, sedukzio jokoak, ume zaintza. Haien aisialdi eta deskantsua... hurbilak egiten zaizkit, neu ere animalia izanik... Eguzkia goiz arratsaldez gorri-gorritzen denean, egunaren hasiera eta amaiera gaztigatuz, animaliak bezala haren arabera bizi naiz. Benetan egote ona hemengoa.
Goizean Kenyan sartzeko paperak egin behar ditugu, dirua aldatu eta zergak ordaindu, supermerkatuan janaria eta edariak erosi, kamioiko upategia gasolinaz bete. Goiza osoa galdu dugu, eta masai bitxi saltzaileen matraka ikaragarria jasan ere.
“Serengeti ez da hilko”. Bernhard Grzimek eta bere semea bi ameslari ziren. Joan den gizaldi erdi aldera egin zuten klasiko gelditu den dokumentalak horrela dio. Hala bedi. Maabi mendixka gailurretik ikusi eta urrunean galtzen diren zelai horixketan, ematen du munduaren borobila nabari dela.
Bernhard eta Michel zientzialari alemaniarrek Serengeti eta Maran bizi diren animalien elika beharrak aztertu zituzten. Fauna hau bizirik irauteko ehiza behin betirako debekatzea derrigorrezkoa zela argi ikusi zuten. Aginte koloniarren oniritzia lortzen saiatu, eta denbora laburrean lurraldea gobernuak babestu zuen. Bi urte geroago Michel Ngorongoron hegazkin istripu batean hil zen. Arrano bat trabatu zitzaion hegazkinaren helizean. Aita, Alemaniara itzuli eta Frankfurteko Zoologi Elkartea eraiki zuen; Serengeti eta Ngorongoro mantentzeko dirua lortzeko. 1987an bihotzeko bat eman eta Bernhard hil zen, eta bere borondatea izanik, gorpua Afrikara eraman zuten. Aita semea Tanzanian dautza.
Bi ostruka izukor lasterka hasi dira kamioia ikusi eta. Haraxeago basurde mutur handiak muturka zizari bila ipurdia ematen digute.
Idazkaria deritzo. Txoritzar handi bat da. Ehunka daude belai eta zelaitan, beti bakarka eta paseoan, astiro, lurra beha, suge ehiztaria da. Egunean kilometroak egiten ditu, ez da behin ere gelditzen. Zuri beltzez jantzia mokoa gorria du. Ez da polita baina nortasun handikoa, urrunetik ikusten da.
Jirafak larrua nabar marroi gorrixka, buru ttiki, adar motz eta belarri tenteak, haien begi biziak tinko gure kamioia beha gelditzen dira. Zuhaitz adar janez, azpitik gora, eta gora, eta gorago... denboraren poderioz hankak eta lepoa luzatuz joan zaizkie. Txit ederrak dira, batez ere taldean, ipuina ilustrazio bat ematen du. Gustu anitz marraztu ditut.
Parajean milaka ñu eta zebra trostan ipar aldera bazka freskoa bila. Bufalo tropak buru makur, adarren pisua ezin eramanez.
Ilustrazioa: Lola Sarratea
Parajean milaka ñu eta zebra trostan ipar aldera bazka freskoa bila. Bufalo tropak buru makur, adarren pisua ezin eramanez. Urrunean hauts laino uher batean bertze hainbat, lerroka, multzoka, orroka, irrintzika. Bidea moztu digute, eta hantxe gaude lekuko mutu. Ikusten ari garena hitzez ezin baita irudikatu.
Ñua itsusi mortala da, Javier Barden eta Rosi de Palmaren arteko antza dauka. Baina badu lagun polita; zebra, zaldi ttiki marraduna, Euskal Herrian ipar aldeko pottoken antza ematen diot. Elkarrekin egiten dute bidea zebra eta ñuek, zebrek bista ona daukate eta harrapariak ikusten dituzte, aldiz, ñuek ura usaintzen dute.
Antilope mota anitz daude zelai eta larretan. Orys, topi, kudu oribi, gazela, inpala... espezie gehienetan arrak soilik dira adardunak, eta joko-loka aritzen dira emea disputatzen. Sexu jolas ederrak dira horiek, belaian arrak ikusgarri egiten dira, dantza modura jolasten, beraien ar ikurrak nabarmenduz. Bitartean urrixek ez ikusiarena egiten badute ere inguruan gelditzen dira. Jokoa irabazten duenak estaliko ditu taldeko emeak. Umeak edozein parke batean haurrak bezala jostetan ari dira. Naturaren selekzioari jarraituz gotorrenei dagokio espeziaren ugalketa.
Kudu eder bat ikusi dut, erraten didate ez dela erraza kudu bat ikustea, batez ere ehiztari zuriek (Ernest Hemingway barne) joan den gizaldian ia espezia akitu zutelako. Metro pare bat luze, metro eta erdi altu. Gris antza, zazpi bat marra zurik goitik behera gorputza gurutzatzen dio, adarrak, kopetatik gibelat lau itzulian zerurantz oreka perfektuan. Muturra ttikia, ezpain zuri finak, eta begi izukorrak bata bertzeari marra zuri batez juntatuak. Zuhaixka batzuen gainetik jauzi egin eta kudua betiko basoan galdu dut.
Bi egun egin ditugu Serengetin, parkean ez da jenderik bizi, animaliek bere bizia egiten dute askatasun osoan. Gauak luzeak dira, ez naiz beldurtia baina, lehoien orroek, hienen garrasiek, tximinoen oihuek... errespetuz hartzen ditut. Lozakuaren barnean korapilaturik geldi-geldi pasatzen dut gaua. Goiz aldera isiltzen da oihana eta guk hasten dugu eguna. Dendak urratu, tolestu, eta kamioian bildu, gosaldu, kantinplora urez bete eta lehen argi izpiekin abiatzeko egoten gara prest.
Berriz Tanzanian sartzeko paperak egin behar ditugu...
Tanzanian ia ez da autorik ikusten, batez ere erregaia arras garestia delako. Errepideak gurdi-bide modukoak dira. Baina badago bat luzea eta zuena asfaltatua dagoena. Gehien bat turistak bideratzeko erabiltzen da. Zortzi orduko bidaia egin behar dugu eta hauxe hartu dugu. Gidaria giroa alaitzeko mila kontu kontatzen ari zaigu; lehoien sexu ohiturak, masaien bizimodu harrigarria eta horrelakoak...
Batean, urrun, errepidean traba bat dago. Kamioiak abiadura mantsotu eta poliki-poliki gelditu gabe bide ondotik pasatu da. Errepidean mutil bat gorputz behera datza, besoak gurutzean, eskuineko aurpegi mazela asfaltoari atxikia, ezkerreko begia zerua beha. Motoa ondoan iraulia dauka. Hilda dagoela ematen du.
Bidaiariok oihuka, haserre, txoferrari gelditzeko eskatu diogu, baina, honek ezentzunarena egin eta azeleragailuari hanka atxiki eta aitzina jarraitu du. Denok leihotik begira gaude eta pare bat kotxe ikusi ditugu guk egin dugun bera egiten, bat ere ez da gelditu. Giro kiratsean eztabaida handia sortu da kamioian.
Bi egun egin ditugu Serengetin, parkean ez da jenderik bizi, animaliek bere bizia egiten dute askatasun osoan.
Ilustrazioa: Lola Sarratea
Gidariak isilarazi gaitu.
—Ezin dugu deus egin, ez da gure afera.
—Zer diozu!
Dio emakume batek.
—Ezin dugu hor utzi!
Bertze batek.
“Agian zauritua zagok...” ia negarrez diot nirekiko. Harri-harri eginda gelditu naiz, nire ustean mutila laguntza beharrean dagoelako.
—Baliteke azpijoko bat izatea, demagun gelditzen garela, istripua antzerti bat izatea, eta, ezkutuan dagoen mutil talde batek ditugun on guziak ebatsi ondoren, biluz gorrian bidean uzten gaituela. Badakit gogorra dela, baina, Afrikan gaude eta, entzun ongi, hemen biziak ez du deus balio, ez harenak ez gureak. Jarrai dezagun gure bidaia, honetaz ez gara gehiago mintzatuko—. Tinko bere jabegoa adieraziz erantzun digu gidariak.
Denok mutu gelditu gara. Norbaitek garagardo batzuk upategitik atera eta isilean edan ditugu.
Ngorongoron beti da udaberria, naturaren kapritxo bat. Izena masaiek paratu zioten “goron-goro” “tolon-tolon” behien zintzarrien asotsaren oihartzuna adierazi nahian.
Gaur egun ezagutzen dugun bezala duela bi miloi bat urte sortu zen, sumendi baten erupzioa eta gero. Ngorongoroko galgara deritzo, eltze handi bat ematen baitu. Eltzea 2.600 metro itsas mendetik gorako mendi baten barnean dago, zola berriz 1.800 metrotara, 800 metroko alde hori aldapa erroitza da, eta baso lainotsuak estaltzen du, ereinotz, sahats eta aienetan landare bizkarroi ugari badira, eta bertan tximinoak dira nagusi. Aspaldi zaharrean bizi da gizakia eltzean. Hamar mila urteko giza aztarnak aurkitu dituzte. Harrizko azpilak egiten zituzten eta animaliak biltzeko ere harrizkoak ziren etxolak.
Gaur egun masaiak sartzen dira aziendak bazkatzera. XIX. gizaldiaren erdi aldera ailegatu ziren masaiak behiekin bazka bila; idorte handi baten ondorioz parajean belarra urritu zen eta Ngorongoro heze zela ikusirik, bertan bizi zen datoga tribua (hauek ere abeltzainak) bota zuten. Leia ikaragarrizkoa izan zen nonbait; bizi ala hil. Masai herriak ez du ahantzi, eta bere munduan gatazka, mito gelditu da. Gaur egun oraindik masaiek “mangati” (etsai bizkorra) izenez ezagutzen dituzte datogak. Alde biak gerlari galera handiak izan zituzten, eta hildakoak elkarrekin lurperatu zituzten Lerai izeneko baso batean.
Bero ikaragarria egiten du. Ngorongoro kanpokoko aldeko aldapa igotzen ari garela kamioia hondatu zaigu. Ordu pare bat egon gara bide ertzean mugitu gabe. Arriskutsua dela erran digute, lehoiak hurbilean bizi direlako. Guztira bi masai etorri zaizkigu. Beltzez jantziak eta aurpegia zuriz margotua eta ilea luzea daukate. Armatuak daude, gudariak dira, lantza, porra, swahili-ingeles hiztegia eskuetan eta zakua bizkarrean daramatzate. Belarrietan zulo handiak belarritako luzeekin, lepoan ustei koloretsuak, eskumutur eta orkatila kolorezko uhaltxoekin apainduak. Gaztetxoak dira, eta solasean aritzeko gogoarekin, kontatu digute emoran direla. Gudariek maniobretan balira bezala.
Gure masaiak tratanteak ere badira. Argazki bat egin nahi duenari diru saria eskatzen diote. Zakutxoa ireki eta istant batean “top manta” delakoa belarrean zabaldu dute, belarritakoak, eskumuturrekoak, orkatila apaingarriak... bertan paratu eta negoziazioak hasi dira. Mzunguak garenez ahalik eta diru gehien ateratzea da afera.
Konpondu dute kamioia eta bideari ekin diogu.
Hasieran Ngoik egin zituen behiak, gero, Masaiak sortu eta zaintza eta disfruta haiei eman zien. (Masai ustea). Masaien jatorria aspaldi zaharrean galtzen da. Nomadak, behi bazka bila Afrika goitik behera eginak dira mendetan. Basa hutsak, gerrari bihurriak, azkarrak, itxura onekoak, ondoko tribuen beldurgarriak izan dira betidanik.
Maa mintzatzen dute, naiz eta swahili eta ingelesa era ulertu. Multzo edo klanetan bilduak zaharren erranetara egokitzen dira. Ngoi jainkoa gurtzen dute, baina jainkoak ez die araurik agintzen. Behia eta belarra sakratuak dituzte; tribuaren onura guztiak. Belarra eta behi kakarekin egindako etxe ttikietan bizi dira. Etxetxoaren erdian sua, aldean bi gela, bat gizonarena eta bertzea emaztea eta haurrentzako.
Masaiek ez dute altzaririk etxolan, abiatzeko beti prest daude. Zazpi urtero neskatila eta mutiko multzo generazioa erdaindu egiten dute. Gero mutilek gudari edo emoran estatusa hartzen dute, herrialdea defendatu eta lehioi bat iltzea izanen dira beraien bete beharrak.
Masai gazteak lehoi arra hiltzera basora taldean joaten dira, eta ez dira etxera itzultzen lehoia hil arte. Behi bat, haratze batzuk eta ahuntzak eramaten dituzte elikagai. Lehoia bakarrik ikusten dutenean inguratzen dute eta argi-astean lantzekin atakatzen dute. Leia bortitza izaten da, eta hagitz zaurituak izaten dira anitzetan mutilak. Behin lehoia hila trofeo gisa zatitzen dute, burua, lehoiari lantza lehen sartu dionarentzako izaten da, buztana eta hatzaparrak bestentzako.
Mutil taldea herrira itzultzen denean, batzuk odolez blai, jantziak zerrendetan, baina harro eta festa giroan, herrian algarara ederrean harrera egiten diete. Zaurituak sendatu eta besta handi bat prestatzen dute. Neskek belarrekin edaria egin eta, gero, elkarrekin akelarre bat ospatzen dute.
Mutila ezkontzeko prest dagonean, andre gaiak eginen dio etxea, moztuko du ilea, aitak behi batzuk emanen dizkio eta bizi berria hasiko du.
Gizarte demokratiko bat da, gogoratzeko historia handirik gabe, egunean eguna bizi dute, bakartiak eta ausartak, egundaino ez dira menperatuk izan, hil egiten dira espetxeratzen badituzte. Anitzetan izurrite eta lehorteek zigortuak, erdi analfabetoak, baina hala guztiz ere gotor eusten diote bere independentziari.
Animaliak lurraldean mugaz gain bizi dira, euriaren gibeletik ibiltzen dira. Serengetin urtaro euritsuan belarra handitzen ia ikus daitekeela erraten dute.
Ilustrazioa: Lola Sarratea
Gaur egun masaiak erreserbetan bizi dira, Masai Mara, Ngorongoro eta Klimanjaro magalean. Itxura politekoak, larriak, kaska motz, janzkera berezi eta apaingarri koloretsuak eramaten dituzte. Beti gogotsu dantzatu eta abesteko, turistek haien herriak bisitatzen dituzte, eta nire ustean ez beti onerako. Kontsumoaren kolorezko beirak antzinen bezala bertakoen liluragarri direla pentsatu dut, piztiak uxatzeko txorimaloz jantzitako masai baten gerrian apaingarri bezala telefonoa ikusi dudanean.
Ailegatu gara Ngorongoro eltzearen gailurrera, egunez iristea zen asmoa eltzearen zola gailurretik ilunabarrean ikusi ahal izateko baina ezinezkoa izan da. Arratsaldeko seiak dira eta dagoeneko iluntzen ari da.
Belai ttiki batean su handi bat egin eta inguruan dendak paratu ditugu, bitartean sukaldaria afaria prestatzen ari da.
Ngorongoro lurralde babestua da eta masaiek zaintzen dute. Nolanahi ere gobernuaren funtzionario dira. Belai ttiki batean eman digute baimena kanpamendua paratzeko. Dendak ezarri eta su handi bat egin dugu. Sukaldariak afaria prestatzen digun bitartean arropa zikina zaku batean sartu eta masaiei eman diegu garbitzeko. 5 dolar zakurako eskatu dizkigute eta pozik eman dizkiegu, beraz bazuen gure arropak garbitzeko premia. Mutilak su handi bat egin eta lapiko erraldoi batean lixiba egiten ikusi ditut.
“Gaur, uztailak hamaseigarrena du, eta ilargi betea dugu” dio gidariak. Hogeita zortzi egunero osatzen da ilargia Ngorongoron eltzea argituz eta guri suertatu zaigu. Magikoa iruditu zait, ilargi zurixka mendi artean ateratzen ikusi dudanean.
Su inguruan afaltzeko eseri garenerako ilargia gainean dugu.
Txuri, txuri elegante argitzen digu mahia.
Hurbil, argi zurinpean zuhaitzak gizandiak dirudite, noiz zurrumurruka noiz txistuka, kilker abesbatzaren kontzertua jarraitzen.
Umel eta hotz dago. Naiz eta su ondoan, artilezko elastikoa paratu dut.
Ez dut lo egitera joan nahi, ilargia mendi artean galdu arte hemen gelditu nahi dut...
Bat batean harako ezin egona nabari da taldean; neu ere zutik jarri eta saltoka hasi naiz.
“Xinaurri matxinada” – alajainkoa!
Zangoak gora gorputza inbaditu didate xinaurriek.
Talde osoa berdin dabil, hau da saltoka.
Dendetan sartu baino lehen garbitu behar ditugu xinaurriak, eta tximinoak elkarri zorri kentzen aritzen diren antzera, hasi gara denda lagunak bat bertzeari xinaurriak lekutzen.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus