Fuente: Lur Hiztegi Entziklopedikoa
Luis Mariano.
Luis Mariano González García. Irunen egin zituen lehen kantu ikasketak eta 1936an Lapurdira jo zuen Irun frankisten mende geratutakoan. Eresoinka abesbatza eta dantza taldearekin saio batzuk egin ondoren, Bordelera igaro zen arkitektura ikasi nahian, baina kantu ikasketak jarraitu zituen Bordeleko kontserbatorioan eta 1940an Parisa jo zuen. Miguel Fontecha Tuterako musikariarekin ondu zuen ahotsa eta 1941ean hasi zen opereta kantari gisa, Francis Lopez musikagile lapurtarraren eskutik. 1945etik aurrera guztiz ospetsu bihurtu zen Luis Mariano Frantzian, eta disko eta musika-filme asko egin zituen 1950-1970 urteetan. 1970. urtean hil zen Parisen eta Lapurdiko Arrangoitzeko herrian lurperatu zuten.